19
Quimetek esan zidan lanera atera nahi banuen nire gauza zela, berak berean jarraituko zuela, usoak aurrera eramateko ahaleginetan. Eta aberastu egingo ginela usoak saltzen. Enriqueta andrearengana joan nintzen, kontatu nahi nion nire nagusiak izango zirenekin hitz egindakoa. Eta hara nindoala, kaleak, betikoak ziren arren, estuak iruditzen zitzaizkidan. Mutila, etxean sartu eta zuzen-zuzen otarrainak ikustera zuzendu zen. Andre Enriquetak haurren kontua berak egingo zuela esan zidan, eramango zituela Smart-eko kantoira eta han edukiko bere ondoan aulkitxo batean eserita. Baina Antonik, dena ulertzen zuen mutila izaki, zegoen aulkitik ziztu batean jaitsi eta, berak etxean gelditu nahi zuela bota zuen. Andre Enriquetari esan nion agian mutikoa baietz, lortuko zuela eserita edukitzea, nahi zuenean oso zintzoa baitzen, baina Rita, ume gaixoa, txikiegia zela goiz osoan kalean egoteko. Rita elkarrizketaren marmarioarekin magalean gelditu zitzaidan lo, mutikoak berriz aulkian jarraitzen zuen otarrainetara tinko begira. Xirimiria ari zuen. Ez dakit nola baina beti-beti, andre Enriquetarenera joaten nintzen bakoitzean, euria egiten zuen. Euri tantak korrika ari ziren arropa esekitzeko sokatik zehar; batzuk, puztuenak, luzatu egiten ziren, malko bihurtu eta behera erori.
Sotoko etxe hartan lanean hasi nintzen egunean bertan, a zer broma!, baxera erdia bakarrik garbitua eta hara non urik gabe gelditu nintzen. Txabusinarekiko gizona, señorak deituta, etorri zen sukaldera, oso modu finez iturria ireki eta tanto bat bera ere ez zetorrela ikusi zuenean esan zuen gora zihoala, terrazara, zer gertatzen zen begiratzera, ezen nola depositoa ez zuten erabat tapatzen ur gehiegi jaisten ote zen ikusi ahal izateko tarte bat uzten baitzuten, noizean behin hostoren bat edo beste zuloan bertan gelditzen zen. Etxekoandreak bitartean jangelako hautsa ken nezala agindu zidan. Eta burura etorri zitzaidan nire umeak etxeko jangelan entzerratuak neuzkala, zeren Quimetek iritzi zion andre Enriquetak ezin zituela zaindu, ez zela ardura hartarako gauza, auskalo burua nora joango zitzaion eta mutikoak bere ondotik ihes egin errepidera eta zapalduta bukatuko zuela...
Eta hautsa trapuz kentzen nuen bitartean etxekoandreak zioen luma-sortak hautsa harrotu besterik ez duela egiten, eta jiratu orduko ostera kendua zenuen lekura itzultzen dela bere alaba jaitsi zen, agur egin zidan, eta oso itxura osasuntsuko aurpegia aurkitu nion. Etxekoandreak gero pertzakada bat ur igotzeko agindu zidan, sabaia ukitzen zuen leihoa garbitzeko; zoruaren parean zegoenez eta kamioiak eta gurdiak etengabe pasatzen zirenez, beti hautsez zegoen, eta euria ari zuenean, lohiez; zipriztina han eta zipriztina hemen eta ni beti dantzan. Txabusinadun gizonak terrazatik jaitsi eta etxeko sarrerara irteten zen eskailera meharretik, oihuka urik ez zetorrela esan zuen, ez zela depositoko gauza baizik ura ez zela igotzen kaleko sarreran itoaldi bat gertatu zelako. Orduan etxekoandreak putzutik pertzakada gehiago igotzeko esan zidan, platerak garbitzen bukatzeko, nahiz eta putzuko urak erreparoa ematen zion, zeren buruan sartua baitzeukan inoiz norbait itotzeko asmoz bertara bota zutela. Baina agian bi edo hiru egun pasa arte ez zela inor konpontzera etorriko eta ezin genuela hainbeste egun plater zikinekin egon.
Eta hala, pertzakada batzuekin lortu nuen platerak, nik garbitu ahala etxekoandreak uretan pasatzen zituenak, garbitzen bukatzea. Alaba desagertu zen. Ni oheak egitera joan nintzen. Lorategi aldeko eskaileretatik abiatu nintzen, harraskaren gainaldetik. Umea iturrian jolasean zebilen, inork ikusten ez zuelakoan uretara eskukada bat hondar bota zuen eta orduan ikusi ninduen. Zuri-zuri, begiak geldi, harrizkoa balitz bezala gelditu zen. Aurrealdeko gelako ohea egiten ari nintzela, leiho parera jotzen zuen balkoiarena, lehenengo egunean lorategiko atetik jo nezan ahotsa atera zen hartatik alegia, etxekoandreak deiadar egin zidan bainugelatik, eta ahotsa sarrerako tranpatik atera zen. Ireki nezala gasaren armairutxoa, txartel tolestatu bat aurkituko nuela barruan eta uzteko bistan lorategiko atetik deitzeko esaten zuen ohartxoaren aurrean, bestela urarena konpontzera etorri behar zuen gizonak buelta osoa eman beharko zuela, eta hain buelta luzea eman beharragatik haserretu egingo zitzaigula. Aurrean jarri behar zen txartela, fundaren aldetik mantentzen zela zutik, prestatua zegoela propio oharra jarri behar zen bakoitzean kentzen eta ostera itsasten ibili beharrik ez izateko. Txartel zuria kristalaren eta letreroaren artean pasa nuen eta ondo kokatu zen ertz tolestatuan. Eta andrea igo zen ea ulertu nion ikustera eta bide batez erakutsi zidan burdin-hesiko kristalak nola askatzen ziren xafletatik, krisket batzuk altxata, era hartan aise garbitzen zirela eta nola krisketak maiz hautsak gogortuta egoten ziren eta halakoetan mailukadaz altxa behar derrigor. Oso praktikoa zela kristalak burdin-hesitik askatze kontu hura, bestela, kristalak garbitzeko behatzak burdinen artetik sartuaz ezbehar bat gerta zitekeen. Eta esan zidan ere hesia Sants auzoko errementari batek egina zela, berea Sant Gervasikoa bazen ere. Baina Sants-ekoari suhiak ziria sartu ziola, kontratista-buru zela esanda eta egiten ari zen auzune baterako berrogeita hamar hesi beharko zituela, eta hartutakoa mostra gisa erabiliko zuela. Kontu hura Sant Gervasiko errementariari esan ezin zion gauza zela, ondo ezagutzen zuelako eta jakin bazekien errentetatik bizi zela. Eta hesi hura musu truk atera ziola eta errementaria oraindik ale asko noiz eskatuko zain egongo zela. Etxeko nagusia ez nuen gehiago sentitu etxera sartzen, lorategitik sartzen zen, nonbait. Ordaindu zidaten eguerdian eta etxe aldera abiatu nintzen kaleetan barrena korrika, eta Kale Nagusia zeharkatu nuenean, gutxi falta izan zitzaidan tranbe baten azpian bukatzeko, baina ez dakit zein aingeruk begiratu ninduen arrisku hartatik. Haurrek ez zuten bihurrikeriarik egin. Rita lo zegoen lurrean. Eta mutikoa, ni ikusi orduko, negar zotinka hasi zen.
© Mercè Rodoreda © itzulpenarena: Maite Gonazalez Esnal