18
Sukaldea jangelaren ondoan zegoen eta galeria aldera jotzen zuen honek ere eta suaren gainean tximinia-kanpai antigoaleko bat zegoen, baina nola sukalde antigoaleko tximinia-kanpai hura ez zuten erabiltzen, gasez kuzinatzen baitzuten, kedarrez betea zegoen; izan ere, euria hastear zegoenean kedar pikorrak jausten baitziren sutegira. Jangelako bazter batean kristalezko ate bat zegoen, trantsito batera eramaten zuena, eta trantsito erdian armairu antigoaleko bat ere bai, garaia eta zabala, eta etxea ixilpean zegoenean, pipi serenata berebizikoa zen han. Armairu hura pipien bazka zen. Batzuetan goizean goizik ere entzuten zitzaien, eta hala jakinarazi nion etxekoandreari:
Zenbat eta agudoago jan hobe!, erantzun zidan.
Gero armairuaren trantsitotik aurrera joan eta, alkoba ere bazen egongela berritua zegoen, eta kendua zuten bi gelak bereizten zituen kristala eta arku soila gelditzen zen horman. Egongela eta alkoba ere bazen areto hartan kaoba beltzeko beste armairu bat zegoen, ispilua pikorrez josita. Sabaia ukitzen zuen leihopean doi-doi, jangelako leihoa bezala beste aldetik sar nendila esanaz andrearen ahotsa atera zen aldetik alegia, beste armairu bat, hura ere ispilu pikorkatuarekin, eta, alde batean, garbitoki berri bat nikelezko kanilarekin. Alkobaren alde banatan, sabairaino, liburuz beteriko apalak zeuden, eta atzealdean liburu-armairu bat, behealdea zurezkoa eta kristalezkoa gola, eta kristalezko bat zirtzilatua zuena.
Andreak esan zidan bere alabak pitzatu zuela, haur zurbilaren amak, egun guztia gure atzetik genuen umearenak, eta Erregeek umeari ekarritako errebolber batekin tiroka ari zela pitzatu zuela: errebolber bat, gomazko bentosa zuena. Nonbait alabak, txoriburu bat izaki, mahai gaineko hari elektrikotik dilindan zegoen argiari eman nahi zion, baina huts egin eta argiari eman beharrean armairuaren goialdeko kristala jo eta pitzatu egin zuen.
Zer nahi duzu... esan zuen etxekoandreak.
Eta alkobaren erdian mahai bat zegoen, plantxak egindako erreguneak zituen oihal batez estalia, non andre ile urdinekoaren senarrak (etxe hartan lan egiten zuen bakarra eta nik egin nuen denbora guztian apenas ikusi nuena) gauetan irakurtzen baitzuen. Mahai hura, plantxatzeko mahaia zen. Bai garbitokiaren pareta bai leiho ondokoa lizunduta zeuden, izan ere, etxeko sotoa zenez, euria ari zuenean paretan behera labaintzen zen ura. Ondoko gelan, pipien armairua zegoeneko trantsitoaren buruan, andreak ate txiki bat ireki zuen: bainugela.
Neron-en bainera deitzen omen zioten. Karratua zen eta Valentziako baldosa aski zaharrekin egina, eta oso halamoduz zeuden jarriak, eta baldosa zartatu ugarirekin. Etxekoandreak esplikatu zidan bakarrik uda betean erabiltzen zutela, eta bakarrik dutxa, zeren bainuontzi hura betetzeko itsasoa hustu beharko baitzuketen. Eta bainuontziaren gainaldean argi hitsa ikusten zen, beirazko leiho ttiki batetik zehar sartzen zena eta leiho ttiki hark goiko atarira jotzen zuen, gomazko paper puxketez hesiak oharra itsasia zeukan aldera, eta leiho ttipi hura lantzean behin altxatzen zuten, airea berritu zedin, eta altxatua edukitzearren euskarri gisa kanabera zati bat jartzen zioten. Nik galdetu nion zer gertatuko zen umeak tapa altxa eta nagusiren bat bainatzen ikusiz gero. Eta etxekoandreak, ixo! esan zidan. Eta sabaia eta Valentziako baldosaren arteko tarteak, baldosarik gabea alegia, gela eta alkobako pareten antzera lizuna zeukan, bertatik begiratuz gero kristalak adina distira botatzen zuena. Baina okerrena zen, esan zuen, bainuontziak husteko denbora asko behar zuela, kaleko isurtegia bainuontzia baino altuxeago zegoelako eta, batzuetan, isurtegiak hurrupatzen ez zuenean, beraiek baldez eta trapuz jo eta ke xukatu behar zutela. Orduan beheko plantara joan ginen, bizitzak ere bazirenak, eskailera mehar batez gora; eskaileraren erdian, lorategiko atexka aldera leiho bat zegoen; eta etxekoak goian zeudenean leiho hartatik oihukatzen zioten ate joka ari zenari, ohartxoa gomazko paperez itsatsia zeukan hesitik sar zedila esanaz... Eta eskaileraren erditik pipien armairuaren gainaldea begiztatzen zen, hautsez estalia. Eta etxeko atarira irten ginen, haurra ere gure atzetik. Han topatu ginen zur iluneko eta erliebez jositako kutxa batekin eta burdinak goraka zeuzkan aterki tankerako aterki-ontzi batekin ere, arropaz eta sonbreiru zaharrez gainezka. Quimetek kutxa hura ikusi izan balu xoratu egingo zen berehala, eta halaxe adierazi nion etxekoandreari, eta gainaldeko marrazkitik hatza pasatuz andreak galdetu zidan:
Ba al dakizu zer adierazi nahi duen?
Ez andrea.
Gainaldearen erdi-erdian neska eta mutil bat ageri ziren, buruak bakarrik, sudur aski lodikoteak eta beltzen moduko ezpainak zituztenak, elkarri begira; eta etxekoandreak, betiko zera adierazi nahi du, esan zuen, eta erantsi zuen, maitasuna. Eta umeak barre egin zuen.
Barruratu ginen gela batera, kanpoaldera balkoi bat zuena, hain zuzen, etxekoandreak lorategiko atetik sar nendila esanez hots egin zidan leihoaren gainean gelditzen zen hartara. Hura ere egongela zen alkoba berritu batekin. Bazituen piano beltz bat eta tertziopelo arrosazko bi besaulki koxkor eta altzari bat oso hanka bitxikoa: luzangak, zaldi batenak bezala, eta etxekoandreak aitortu zidan hanka haiek berak arotzari propio eginarazi zizkiola altzariari kaxoi ttipiko kutxa bat nakarezko zati landuez eutsi ziezaioten, eta esan zuen fauno hankak zirela. Alkoban zegoen ohantzea antigoalekoa zen, urre kolorekoa, eta aurrean, alde banatan, kolumna bakar bat zuen. Ohe-buruan, kapilatxo batean, eskuak loturik eta begitartean oinazea antzematen zitzaion zurezko Santo Kristo bat tunika urregorriko batez estalia ikusten zen. Señorak esan zidan gela hura matrimonio gaztearena zela, baina nagusiek senarrak eta berak hau da, matrimonio zaharrak, han egiten zutela lo, bere alabak, hainbeste kotxe gora eta behera eta hainbeste zaratarekin nahiago zuela atzealdean lo egin, non lorategiaren sosegu guztia baitzegoen. Santo Kristoa zegoeneko ohe ondoan pasoko atexka bat zegoen, leihorik ez zuen gela ttipi batera jotzen zuena, euli-sare urdina zeukan ohe batekin: gauza gehiago ez zen kabitzen han, eta atzetik genuen umearena zen. Atera ginen etxeko egongela nagusira. Berehalaxe begiz jo nuen kutxa bat, urreztatua goitik behera, urre kolorekoa eta urdina behealdean inguru guztian, eta goian kolore askotako ikurrak zeuzkana, eta Santa Eulalia bat zutik alde baterantz zerbait makurtua, esku batean San Antonio-liliari eusten ziola, eta ondoan herensuge bat isatsa zuhaitzik gabeko mendi bat baino goraino kiribildua, ahoa alderik alde zabalik, hiru gar antzeko hiru suzko mihi zituena. Nire ezkongaietako kutxa, esan zuen andreak, gotikoa. Kutxaren aurrean balkoi bat zegoen, sabaia ukitzen zuen jangelako leihoaren parera ematen zuena. Eta eskubi aldean, haurraren gelatik atera eta hantxe, beste balkoi bat goiko galeria ukitzen zuena, estali gabea. Ezin zidan erakutsi gazteen gela, berez zaharrena zena, alaba ohean zegoelako. Eta andrea eta haurra hanka puntetan ibiltzen hasi ziren eta neroni ere bai. Galeria estaligabera atera ginen, etxebizitzak ere baziren beheko plantarenera, eta lixiba jotzeko harraska eta putzuaren gainetik zegoen eskaileratik gora zementuzko patiora jaitsi ginen, boloz betea beti haurrari han jolastea gustatzen zitzaiolako. Etxeko andreak esplikatu zidan bere alabak ohean egon beharra zuela gaitz bat zeukalako, eta esplikatu ere esplikatu zidan zer gaixotasun zuen, kamelien ontziak lekuz aldatu nahi izatetik zetorkiola. Lekuz mugitu eta biharamunean odola galdu zuen. Alabaren giltzurrunetako bat eskuan eduki arte sendagileak gaitza nondik zetorkion ez omen zeukan jakiterik. Eta guzti hau sendagileak, etxekoa ez beste batek, etxekoa oporretan baitzegoen, sarrera nagusiko marmolezko eskaileren parean zeudela esan omen zien, Valentziako zeramikazko bainuontzira jotzen zuen kristalezko leihotxoaren ondoan. Eta nik alde egin baino lehen, lorategiko atea kaletik nola irekitzen zen erakutsi zidan. Behe aldean burdina xafla bat zeukan ateak eta goian hesia, baino nola haurrek zikinkeria asko botatzen zieten, behin untxi hil bat eta guzti, suhiak, txabusinadun gizonak alegia, hesia barrualdetik egurrez estali zuen: hesia eta xafla zuloa bakarrik ikusten zitzaion. Ate hau kanpotik ireki behar zen, giltza emanda ez zegoenean, ze giltzaz bakarrik gauetan ixten zuten, xafla kenduz, eskua egindako zirrikitutik sartuz, eta tira eginez kate baten muturrean zegoen eraztunetik, paretan iltzaturiko gantxo batera lotua. Erraza zen oso, baina jakin egin behar. Eta etxeaz hain zehatz-mehatz hitz egiten badut oraindik buruhauste bat bezala ikusten dudalako da, ahots guzti haiekin, deiadar egiten zidatenean nondik zetozen behin ere jakiten ez nituenak.
© Mercè Rodoreda © itzulpenarena: Maite Gonazalez Esnal