12
Andre Enriquetak hartzen zuen haurra lepoan, Antoni deitu genuena, eta oihuka esaten zion, gaztaina! gaztainatxoa! Umeak barre egiten zuen eta otarrainak ikus zitzan altxatzen zuen eta izu aurpegia jartzen zitzaion berehala. Eta bru... bru.. adurra zerion. Quimet zangoa zela eta berriz kexuka hasi zen, inoiz baino min handiagoa zuela, ezen orain erreduraz gain, aldiz barruan aldiz hezurretik kanpoan sentitzen zuena, beste alboan ziztadak ematen baitzizkion, gerri aldera. Kirioren bat joa daukat, zioen. Egun batean andre Enriquetak esan zidan osasuntsu eta sendo aurkitu zuela, eta nik esan nion gauak aiene batean lo harm ezinik pasatzen zituela martirizatua.
Oraindik sinisten al diozu? Larrosa bat musu bakoitzean eta begiak diamantearen pare ditu eta.
Astelehenetan lixiba gehiena ikuz nezan, Quimeten amak umea zaintzen zidan. Ez zitzaiola gustatzen bere amak umea zaintzea, ondo ezagutzen zuela, eta egunen batean, txibista-lotze eta deslotze hura zela medio, umea utzi mahai gainean eta lurrera eroriko zitzaiola, urtebete egin gabea zela berarekin gertatu zitzaion bezala. Arratsalde askotan, umea lepoan hartuta, panpinak ikustera joaten nintzen, hantxe zeuden: musu bete, kristalezko begiak ondo barruraino sartuak, suduroa eta beheraxeago ahoa iriki antzean, beti barrez eta zoratzen; eta goialdean kopeta, disdirantea, adats erroetan itsasteko zuten goma lehorragatik. Batzuk zeuden kaxa barruan etzanda, begiak itxita eta besoak bere kasa, gorputzaren ondoan luze utzita. Besteak kaxa barruan baina zutik eta begiak zabalik, eta han zeuden guztietan pobreenak zirenak ere, etzanda edo zutik egonda ere beti begira zeudenak. Urdinez jantzita, arrosaz, farfail kiribildua lepoaren inguruan, eta atzealdean txibistak gerritik zintzilik, eta azpikogona tarlatanaz harrotzeko. Txarolezko oinetakoek distira zuten argitan; galtzerdiak ziren zuriak, teink jasoak, eta belaunak zangoetako haragia baino kolore zerbait biziagoan pintatuak. Hantxe beti, hain panpoxak, dendaren apaletan, erosi eta eramateko zain. Beti han panpinak, portzelanazko aurpegia eta pastaz osatutako haragiarekin, ondoan zituztela hautsa kentzeko luma sortak, koltxoiak jotzeko hagak, orkatz-larru benetakoak eta orkatz-larru gezurretakoak: guztia hule dedan.
Gogoratzen naiz usoaz eta inbutuaz, zeren Quimetek usoa etorri bezperan inbutua erosi baitzuen. Usoa goiz batez, jangelako leihoa irekitzean-ikusi zuen. Hego bat zauritua eta erdi hilik zegoen, eta odol tantoak ixuriak lurrean. Gaztetxoa zen. Sendatu nuen eta Quimetek gurekin gordeko genuela esan zuen, kaiola bat jarriko ziola galerian jangelatik ikusi ahal izateko: kaiola bat palazioa izango zena: balkoi korritua, teilatu gorria eta ate krisketaduna eta guzti. Eta uso hura haurraren poza izango zela. Eduki genuen gurekin egun batzuetan galeriako burdinazko barandari hankatik lotuta. Cintet etorri zen eta libre utzi behar genuela esan zuen, seguru auzokoren bat izango zela jabea, bestela hego odoldu batekin ez zeukala hegan egiterik galeriaraino. Igo ginen terrazara ingurua arakatzeko, begiratu ere egin genuen behin ere begiratu izan ez bagenu bezala, eta usategi bakar bat ere ez genuen ikusi. Cintetek, mutur okertuarekin, esaten zuen ezin zuela ulertu. Mateuk zioen onena usoa akabatzea zela, animaliarentzat hobe zela hiltzea lotua eta gatibu bizitzea baino. Orduan Quimetek galeriatik terrazako ganbarara aldatu zuen eta beste zerbait egitea otu zitzaion: palazioa egin beharrean usategi bat egingo ziola eta aprendizaren aitak, uso haziketan zebilena, uso ar bat salduko zigula ea gurea estaltzen zuen ikusteko.
Tailerreko mutila azaldu zen barruan uso bat zeraman otar batekin. Hirugarrena arte ez zuen estaltzea lortu. Uso aurkituari Kafe deitu genion, hego baten azpian kolore horretako ilargierdi bat zuelako. Emeari Maringa jarri genion. Kafe eta Maringak, entzerratuak terrazako ganbaran, ez zuten kumerik egiten. Arrautzak errun bai, kumerik ordea ez zen ateratzen. Enriqueta andreak txarra zela arra eta hobe botatzen bagenuen. Nork daki nondik etorri den, zioen. Eta bazitekeela uso mezularia bazka xaxagarriz elikatua izatea, hegan ondo goitik joan zedin. Andre Enriquetak esandakoa Quimeti kontatu nionean, hobe zuela ez sartzea besteen asuntoetan esan zuen, nahikoa lana zuela gaztainak erretzen. Quimeten amak zioen usategi bat egiten bagenuen, ezin genuela imajinatu ere egin bataz beste zenbatean aterako zitzaigun. Ez dakit nork aholkatu zigun asunak biltzeko, sortaka sabaitik zintzilik jarri eta, ondo xehetuak, ogi bustiz nahastuak, emateko usoei; indar handia emango ziela eta arrautza usodunak jarriko zituztela. Andre Enriquetak kontatu zidan nola ezagutu zuen andre italiar bat, Flora Caravella deitzen zena, bere garaian emagaldua izandakoa, eta zahartutakoan terrazan beste hainbat Flora Caravellaz eta baita usoekin ere etxe bat jarri zuela, entretenitzeko. Eta baietz, arrazoi zuela Quimeten amak asunak janarazi nahi izatearekin, eta asunen kontua ez zidala Quimeten amak esan erantzun nionean, berdin zaio, esan zidan, nornahik esan dizuela ere, arrazoi du. Eta uso zauritua eta inbutua izan ziren etxera batera sartu zitzaizkigun bi gauzak, zeren usoa aurkitu genuen egunaren bezperan Quimetek inbutua erosi baitzuen, ardoa garrafoitik botilara pasatzeko, zuri-zuria, ertz urdin ilun batez, eta kontu handiz ibiltzeko esan zidan, zoritxarrez lurrera erortzen bazaizu, mailatu egingo da eta.
© Mercè Rodoreda © itzulpenarena: Maite Gonazalez Esnal