8

 

        Eta egin zuen aulkia. Gau asko pasa behar izan zituen planuak taxutzen eta ohera jada lo nengoela etorriz. Esnatzen ninduen eta zailena oreka aurkitzea egiten zitzaiola esaten zidan. Mateu eta Cinteti ere kontatzen zien, eguraldi txarreko igandeetan, etxean gelditzen ginenean. Bitxia zen oso: bazuen zerbait aulkitik, zabuka egiteko ere balio zuen eta besaulki gisa ere bai; diseinuak denbora asko eraman omen zion. Mallorquina omen zen. Zurezkoa goitik behera. Kulunka txikiak egiten zituen. Kojin bat egin beharko niola esan zidan. Edo bi; bat esertzeko eta bestea burua jartzeko. Baina aulki hartan bera bakarrik eser zitekeela.

        Hau gizonezkoen aulkia da, esan zidan. Nik ez nion kasurik egin. Argizaria larunbatero eman behar niola, jarraitu zuen, zurari berezko distira atera eta abardurak luzi zitezen. Aulkian esertzen zenetan zango bat bestearen gainean jartzen zuen. Erretzen bazuen, kea botatzean, begiak pixka bat ixten zituen, eztitan urtutzen bailegoen. Andre Enriquetari kontatu nion.

        — Inori ez zion kalterik egiten. Hobe din denbora eserita pasa motorrean eroarena egiten haino.

        Eta Quimeten amarekin erne ibiltzeko eta erneago senarrarekin, inolaz ere ez uzteko nire pentsamenduak igartzen, zeren besteei trabak jartzeko soilik bizi diren horietako bat baldin bazen, hobe nuela nire puntu ahulak ezkutuan gordetzea. Nik erantzun nion Quimeten ama, emakume gajoa, txibistak egiteko zaletasun xelebre hura zela eta, zertxobait estimatzen nuela. Baina andre Enriquetak txibisten ohitura hura iruzur egiteko trikimaina zela, egiaz zena baino inozoagoa zela pentsa genezan. Nolanahi ere, adieraz niezaiola nire maitasuna, hartara Quimet, bere amak estimatzen ninduela ikustean, nitaz harro sentituko zela.

        Euria ari zuelako ateratzen ez ginen igandeetan, Mateu eta Cintet ez zetozenetan, arratsalde osoa ohean pasatzen genuen, zura ezti koloreko eta zutoinak borobilak elkarren gainka jarriak zituen hartan. Otordu garaian aurreratzen zuen:

        — Gaur ume bat egingo dinagu.

        Eta gorriak pasarazten zizkidan. Andre Enriqueta aspalditik ari zitzaidan erdi esaka, gustatuko litzaiokeela ezkonberri gana nola joan zen entzutea. Baina ez nintzen ausartu, ezkonberri gaurik egin ez genuelako. Gurea ezkonberri astea izan baitzen. Ordua iritsi arte, bera biluztu bitartean, esan liteke ordurarte ez nintzela ondo ohartu. Bazter batean nengoen eseria, mugitzera ausartu gabe, eta esan zidan: nire aurrean biluzteak lotsa ematen badizu, irten egingo naiz, edo bestela, ni hasiko naiz lehenengo, ikus dezazun ez dela hainbesterainokoa. Ilajea baso itxurakoa zuen, buru koxkor hartan landatua. Txarola bezain distiratsu. Orraziarekin kolpeka orrazten zuen, kolpe bakoitzaren ondoren beste eskuaz ileak lisatuz. Orrazirik ez zuenean behatzak zabal-zabal jarriaz egiten zuen, azkarazkar, esku bat besteari segika ari bailitzaion. Ez bazituen orrazten, ile sorta bat kopeta zabal eta estu samarraren gainera erortzen zitzaion. Bekainak zituen sarriak, adatsa bezain beltzak, arratoi-begi txiki eta bizi batzuen gainean. Begien ertzak beti zituen bustiak, olioz ukenduak bezala eta oso itxura polita ematen zioten. Sudurra ez zeukan ez zabalegia ez zorrotzegia, ezta tentea ere, hori ez bailitzaidake batere atsegin izango. Masailak beteak zeuzkan, gorrixkak uda partean eta gorri bizi-biziak neguan, eta belarri bana alde bakoitzean goitik zertxobait irtenak zirenak. Eta ezpainak beti piztuak zituen, eta beteak, behekoa lodixkagoa. Hitz egin edo barre egitean hortzen kateatxoa ikusten zitzaion, bakoitza bere zuloan ondo kokatua. Nerbiorik ez zitzaion nabaritzen lepoan. Eta sudurrean, esan bezala ez sobera zabala ez zorrotza ez zena, zulo banatan hilo finezko sare bat zeukan hautsa eta hotza galerazteko. Zango meheen atzealdean bakarrik, sugeak bailiran, zainak puztutzen zitzaizkion. Gorputza argala zuen eta behar zuen lekuan betea. Bulargaina sendoa eta gerria estua. Oina estu eta luzea, oinazpia txapala eta oinutsik zebilenean orpoarekin zapaltzen zuen. Ondo egina zegoen eta nik esan egin nion, eta nigana poliki jiratuz, hala iruditzen al zain?, erantzun zidan.

        Nire txokoan beldur ikara sentitzen nuen. Behin ohean sartu zenean, niri exenplu ematearren esan zidanez, neroni hasi nintzen biluzten. Betidanik izana nintzen une haren beldurrez. Esana baitzidaten joan lorezko bidetik joaten dela baina malkoenetik dela etorrera. Eta iruzurrera alai eramaten zaituztela... Txikitatik entzuna nuen urratzen zaituztela. Eta ni beti urraturik hiltzeko beldur latzarekin bizi nintzen. Emakumeak, zioten, urratuak hiltzen dira... Ezkondu orduko hasten dira komeriak. Eta ez badira ondo urratzen, emaginak labanaz edo botila mutur batez hausten die, eta hala gelditzen dira betiko, josiak edo urratuak, eta horregatik nekatzen dira lehenago emakume ezkonduak zutik egonez gero. Eta tranbea jendez gainezka doanean hau dakiten gizonezkoek eserlekua uzten diete, eta ez dakitenak, berriz, ez dira zutitzen. Negarrez hasi nintzen eta Quimetek burua izaren artetik atera zuen eta ea zer gertatzen zitzaidan eta nik egia aitortu nion: urratuta hiltzeko beldurrak nago. Eta barrez hasi zen eta baietz, noiz edo noiz holakorik gertatua zela, Bustamante erreginarekin alegia, bere senarrak, lana erraztearren, zaldi batek ireki zezala deliberatu zuela eta hil egin zela ondorioz. Eta berak barre eta barre. Horregatik ezin nion andre Enriquetari deskribatu nire ezkonberri gaua, zeren, ezkontza egunean bertan, biok etxeratu orduko, Quimetek dendara janaria erostera bidali ninduen, gero atea giltzaz itxi, eta ezkon gauari astebete iraunarazi zion. Andre Enriquetari Bustamante erreginarena kontatu nion, eta baietz, hura beldurgarria izan zela, baina are okerrago zela lurperatua eta ondo lurperatua zegoen bere senarrak —euriteen urak ondo bustia ordurako eta malbak hazten urteak zeramatzana—, berari egiten ziona: ihes egin nahi zuelako ohera gurutzatua lotu. Eta nire ezkonberri gauarena jakin nahi zuelako temosa jartzen zitzaidanean, ahalegintzen nintzen beste gairen bat ateratzen, eta bere gogoa barreiatzeko irtenbide on bat aulki kulunkaria izan zen. Eta beste bat giltza galduaren ixtorioa.

 

 

 

© Mercè Rodoreda

© itzulpenarena: Maite Gonazalez Esnal

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus