2
Oso misteriotsua izan zen. Soineko arrosa jantzia nuen, arinegia sasoi hartarako, eta oilo ipurdia jarri zitzaidan Quimeten zain kantoi hartan hain luzaz egoteagatik. Pertsiana baten atzealdean, lelo plantan pixka batean egon ondoren, norbait niri begira sumatu nuen, zeren pertsianaren alde bateko zirrikituak zertxobait mugitu baitziren. Quimet eta biok Guell Parkearen ondoan topatzekotan ginen. Atari batetik mutiko bat atera zen, gerrian errebolberra eta eskopeta bat niganantz zuzenduta eta gona doi ukituaz ondotik pasa zitzaidan garrasika, pun, pun...
Pertsianen maratilak askatu zituzten, pertsiana zabal-zabal ireki eta pijamaz jantzitako gizon gazte batek ezpainekin pst! pst! egin zidan, eta behatza kako moduan jarriaz hurbiltzekoa egin zidan. Ziurrago egoteko behatz bat bularrean jarri nuen, neure burua seinalatuz bezala, eta, begiratzen niola ahopeka galdetu nion, ni? Entzun gabe ere ulertu zidan eta buruarekin zoragarria zuena baietz esan zidan, eta kalea zeharkatu eta hurbildu nintzaion. Balkoiaren parean nengoela gizon gazteak esan zidan, hator, kuluxka bat egingo dinagu.
Gorri-gorri jarri nintzen eta jira egin nuen haserre, batik bat neure buruarekin, eta urduri gazte hura nire bizkarrari begira sumatzen nuelako eta jantziak eta larrua bera ere zeharkatzen zizkidalako. Pijamarekiko mutilak ni ez ikusteko moduan jarri nintzen, baina beldur nintzen, zeren erdi ezkutua nengoenez, ikusiko ez ninduena ez ote zen Quimet izango. Zer gertatuko ote zen galdetzen nion neure buruari, lehenengo aldia baitzen parke batean elkartzekotan ginela.
Goizean arratsaldekoaz pentsatuz hankasartze ugari egin nituen. Aztoramenduak ez zidan bizitzen uzten. Quimetek hiru t'erdietan elkartuko ginela esan zidan eta lau t'erdiak arte azaldu ez; baina agian gaizki ulertu eta okerreko orduan joan zena neu ote nintzen beldurrez ez nion ezer esan, eta nola barkazio hitz erditxo bat ere ez zidan esan... Ez nintzen ausartu esatera ere hanketan mina nuenik txarolezko oinetakoekin, zinez beroak, han luzaz zutik egoteagatik, ezta ere mutil gazte batek proposizioak egin zizkidanik... Gorantz abiatu ginen elkarri hitz triste bat ere esan gabe eta gora ailegatzerako hotza pasea eta larruazala ostera beti bezain leuna nuen. Pere-rekin haserretu nintzela nahi nion kontatu, jada dena egina zegoela. Eseri ginen harrizko bazter ezkutu bateko jarleku batean, bi zuhaitz hostotsu artean, behe aldetik zozo bat ateratzen zitzaiena, zuhaitzez zuhaitz txilio zorrotz, urratuxeak boteaz, eta hala pixka batean txoria ikusi gabe egoten ginen eta berriz azpitik ateratzen zen gogoratzen ez genuenean, eta berriz gauza bera egiten zuen. Zuzen begiratzen ez banion ere, zeharka antzematen nion urrutiko etxetxoei begira zegoela. Azkenean esan zidan: txori horrek ez al din beldurrik ematen?
Asko gustatzen zitzaidala erantzun nion, eta berak, txori beltzek, amagandik zuela ikasia, zozoak izanda ere, zoritxarra ekartzen zutela esan zidan. Quimetekin atera nintzen aurreko guztietan, Diamantearen Enparantzakoaz geroztik, ia egunero, burua eta gorputza aurreraka makurtuz, ea Pererekin bukatu nuen galdetzen zidan. Eta egun hartan ez zidan itauntzen, eta nik ez nekien nondik hasi kontatzen esana niola gure artekoa bukatu behar zuela. Eta sentitzen nuela esan izana, zeren Pere gaixoa, piztu eta putz egiten zaion poxpolo bat bezala gelditu baitzen. Eta Pererena bukatua zegoela gogoratzean pena sakon bat sentitzen nuen, eta nire bihotzeko min hark zerbait txarra egin nuela esaten zidan. Seguru: zeren nik, betidanik barru lasaikoa izan arren, Pereri jarri zitzaion begitartea gogoratzean samina sakon-sakonean sentitzen nuen, nire lehengo bakearen erdian lupu habi bat gordetzen zuen atetxo bat ireki balitz bezala, eta samina are mingarriago, lupuak nire odolean barreiatu eta beltz bihurtuta penarekin nahastera irten balira bezala. Zeren Perek, ahots kraskatuz eta begininiak kolore lausotu dardarti batekin, bizitza zapuztu egin niola esan baitzidan. Buztin puska bat, ezereza bihurtu nuela. Eta zozoari begira geundela Quimet hasi zen Gaudi jaunaz hitz egiten, bere aitak tranbeak Gaudi harrapatu zuen egunean bertan ezagutu zuela, bere aita izan zela ospitalera eraman zutenetako bat, Gaudi jaun gaixoa, hain pertsona ona izanik eta, hura bai izan zela hiltzeko modu miserablea... Eta munduan ez zegoela ezer Guell Parkea, Familia Santuaren Eliza eta La Pedrera bezalakorik. Nik erantzun nion aukeran uhin eta tontor gehiegitxo. Eskua alboka jarriz belaunean kolpe bat eman zidan, ustekabean zangoa airean altxarazi zidana, eta baldin eta bere andrea izan nahi banuen hasi behar nuela berari ongi iruditzen zitzaion guztia neuk ere onartzen. Sermoi luzea bota zidan gizon eta andreei buruz, baten eskubideak eta bestearen eskubideak zirela, eta hitza eteteko parada izan nuenean galdetu nion:
Eta gauzaren bat inolaz ere ez bazait gustatzen?
Gustatu beharko zain, hik ez dun ulertzen eta.
Eta berriz sermoia: oso luzea. Bere familiako asko aipatu zituen: gurasoak, kapilatxoa eta belaunikatzeko aulkia zuen osaba bat, aiton-amonak eta Errege-erregina Katolikoen amak, berak zioenez, haiek bai bide zuzena erakutsi zutela.
Orduantxe, hasieran ondo ulertu ez banion ere, beste gauzekin nahastu baitzuen, jaulki zitzaion: Maria gaixoa... Eta berriz Errege-erregina Katolikoen amak eta beharbada laster ezkondu ahal izango genuela ordurako bi lagun etxe bila zituela eta. Eta ipurdiz gora erortzeko moduko altzariak egingo zizkidala, horretarako baitzen arotza, eta bera San Jose eta ni Ama Birjina ginela.
Hau guztia oso pozik esaten zuen, eta Maria gaixoa harekin zer adierazi nahi ote zidan pentsatzen nuen, eta argia itzaltzen den gisan nindoan neroni itzaltzen, eta zozoak aspertu gabe, beti azpitik ateratzen eta zuhaitz batetik bestera, eta berriz azpitik atera, zozo saldo bat balebil bezala.
Egingo dinat armairu bat biontzat izango dena, bi atalekoa, pagoan. Eta etxea ondo osatua dagoenean, haurrarentzako sehaska egingo dinat.
Haurrak bai eta ez gustatzen zitzaizkiola, ilargiaren arabera zela. Eguzkia ezkutatzen ari zen eta iristen ez zen lekuetako itzala urdina zen eta bitxia begira egoteko. Eta Quimetek egur mota desberdinez jarduten zuen isildu gabe, xakaranda zela, kaoba zela, haritza edo artea zirela... Orduan izan zen, gogoan dut eta beti izango dut gogoan, musu bat eman zidan eta musuka hasi eta Jainkoa ikusi nuen goian, bere etxean, hodei puztu baten barruan, mandarina koloreko xerrenda batez inguratua, ertz batean kolorea galtzen hasia, eta Jainkoak besoak, luzeak oso, zabal-zabal ireki, hodeiari ertzetatik heldu eta armairu batean gordeko balitz bezala barrura sartu zen.
Gaur ez geninan etorri behar
Eta lehen musuaren atzetik beste bat etorri zen eta zerua lainotu egin zen. Hodeia han zihoan astiro-astiro, eta beste hodei txikiagoak irten ziren eta guztiak hodei betearen atzetik zihoazen eta Quimetek kafesne gustua zuen...
Eta oihu egin zuen, ixten ari ditun!
Nola dakik?
Ez al dun aditu txistua?
Altxa egin ginen, zozoak izuturik alde egin zuen, haizeak gona hegaldarazten zidan... eta beherantza abiatu ginen xendan behera. Zeramikazko eserleku batean neskatila bat zegoen behatza sudurrean sartuz, eta gero behatz huraxe pasatzen zuen eserlekuaren atzealdeko zortzi puntako izar baten gainetik. Bere soinekoa nirearen kolore berekoa zen eta Quimeti errepararazi egin nion. Ez zidan ezer erantzun. Kalera irten ginenean esan nion, begira horiei, jendea sartzen ari duk... eta ez kezkatzeko, laster irtenaraziko zituztela. Kalean gora gindoazela eta, ba al dakik Pere-rekin bukatu dudala?, esateko puntuan nengoenean, braust gelditu egin zen, aurrez aurre jarri, besoetatik heldu, eta ni parte onekoa ez banintz bezala begirada bota zuen, Maria gaixoa...
Egon nintzen esateko ez zezala sufritu, kontatzeko niri Mariarekin gertatzen zitzaiona... Baina ez nintzen ausartu. Besoak libre utzi zizkidan, berriz nire ondoan jarri, eta aurrera kalean behera, Diagonal-ak Gracia pasealekuarekin egiten duen kantoiraino. Bueltaka ibili ginen etxe-sail baten inguruan. Nire oinek ezin zuten gehiago. Ordu erdi batez hara eta hona ibili ondoren ostera gelditu ginen, berriz besoetatik heldu zidan, orain farol baten azpian geunden, eta noiz esango zain arnasari eusten nion bitartean, amorru bizian esaten dit:
Azkar jaitsi izan ez, bagina, zozoa eta beste kontu haiekin han goian, ez zekinat zer gertatuko zen... Baina ez hadi fio gero, harrapatzen haudan egunean abaildu egingo haut!
Zortziak arte jarraitu genuen gora eta behera, hitz erditxo bat ere elkarri esan gabe, jaiotzez mutu bagina bezala. Bakarrik gelditu nintzenean zerura begiratu nuen eta zeharo beltza zegoen. Eta ez dakit... ondo pentsatuta... oso misteriotsua izan zen guztia.
© Mercè Rodoreda © itzulpenarena: Maite Gonazalez Esnal