ESKUTITZ BAT

 

        Sendagile jauna: ez harritu izkribuz kontatzen badizut gertatzen zaidana. Ez zaitez harritu neurea ez dudan izenez izenpetzen badut. Nahiz eta gaizki egina izan zuri ez harritzeko esatea, nik esango ez banizu ez zenuke zure kabuz asmatuko hau ez dela nire izena. Baina esan egin behar dizut, eta ez dakit zergatik, ez dela neurea. Oso lotsatia naiz eta jendeak beldurtu egiten nau. Urte pare batetik hona izuturik bizi naiz, oilo bat bezala. Patxadan hausnartuko bazenu asmatuko zenuke, agian, nor naizen. Baina nire gaitzak sendatzerik ez balu, ordea, nahiago nuke ez hausnartzea, ez zenezala asma. Halere, asmatzen baduzu, nik, beti, jendeaurrean —zeren zuk asmatu eta agudo jakingo du mundu guztiak— beti ukatuko dut. Eta hor konpon! Kosta egiten zait idaztea, baserriko lanari ez baitzaizkio papera eta luma egokitzen. Baina hain barru-barruan daramat gertatzen zaidana, eta hainbesteraino erotzen nau, ze izkribuz adierazi beharrean nagoela. Nire gaitza sendatzerik ez balego, emaidazu erantzuna ere izkribuz. Egingo al didazu mesede hau eta utziko al didazu eskutitza zure alaba zaharrenaren baserriko bidean, eskubi aldean dagoen olibondoaren enborraren zuloan? Sendatu ahal nazakezula iruditzen bazaizu, joango natzaizu ikustera. Ez diot inori kontatu nire gaitza: zeu izango zara honen berri duen lehena.

        Ez naiz gogoratzen inoiz inolako gaitzik izan dudanik: zaldia bezain sendoa izan naiz eta horrelakoa naiz oraindik ere. Ez, orain ez, lehenago, duela bi urte. Harrezkero zeharo aldatu da dena. Senarra hil zitzaidanean hasi zen guztia. Baina orduan ez nintzen ohartu. Zuk nik bezain ondo ezagutzen dituzu uda bukatzera doaneko goiz horiek, oraindik gorriak baino ez lokartuak: erabat geldiak. Galburuak ez dira jadanik kulunkatzen igitatu dituztelako, eta tximeletak auskalo non dauden!

        Horrelako goiz batean nire gizonak esan zuen pikuak nahi zituela gosarirako. Astebete inguru zuen hasarretu ginela, errentak zirela eta, eta ni erresuminduta nengoen. Pikuak biltzera noa esan, zidan. Pikondoak bazituen ordurako pinporta horixkak, eta pikuak, dama-lepokoak, eztia bezalaxe zeuden gozoak. Batez ere txoriak zerbait mokokaturik zeudenak. Oiloentzat bazka prestatzen ari nintzen bitartean sukaldeko leihotik begiratzen nion eskailera bila nola zihoan eta pentsatu nuen: lehertuko al haiz bertantxe! Atarira baino lehen utzi zuen lurrean otarra. Gero handik irtetean berriro heldu zion, beste eskuarekin eskailera zeraman arrastaka. Antzematen zitzaion zahartzen hasia zela. Ezin dut esan zertan. Agian oinak lurretik nekez altxatzen zituelako, belaunetako jokoa ondo egingo ez balu bezala, edo burua makurtua zuela eta lepondoa loditzen ari zitzaiolako... ez dakit. Edo beti zapuztuta zegoelako, agian. Igo da eskaileratik, pixkanaka, pixkanaka, otarra besotik zintzilik balantzatzen zaiola, eta hara non trabatu zaion eskaileretan! Ezkongaietan, sega eta mahats-bilketa garaian etortzen zenean eta gustatzen hasi zitzaidanean (ni inguruetako aberatsa eta bera pobrea ginen), etortzen ikusi bezain pronto egunon esateko lasai itxaron ordez, dardaraz hasten nintzen: eskuetatik hanketaraino eta hanketatik ezpainetaraino iristen zitzaidan dardara. Ezkutatzen nintzen pikondo enborraren atzean, eta hura pasa arte ez nintzen ateratzen handik. Lan-garaia bukatzen zenean eta jendeak alde egin eta gero, ahizpek adarra jotzen zidaten: ez dun gehiago ikusiko! Oraindik ez dut ulertzen nola ezkondu ginen ere.

        Aitortu behar dizut, ezkondu eta urtebetera oraindik, ondo birjina nintzela, neska osoa. A zer garrasiak kostatu zitzazkidan!

        Goiz hartan, pikondo gainetik eta piku hosto artetik zerua morea zen. Pentsatu nuen: hotzak egon behar dute piku horiek. Hau esan orduko hotzikarez hasi eta bizkarrezurretik goitik behera kilimak korritzen zitzaizkidan, armiarmak bailiran. Eta Jainkoak ematen zigun egun zoragarri hari so egiteari utzi nionean, ikusi nuen nire senarra pikondoaren puntan, txoritzar baten antzera. Eta pentsatu nuen: eroarena ari da egiten, hain goian... Adarrak krask! egin zuen, eta nire senarra, otarra eta pikuren batzuk, guztiak lurrean. Morroia eta seme zaharrena joan ziren jasotzera eta ohean luze jarri zuten: jadanik hila zen. Sendagileak (zure aurretik genuena eta oso gizon jatorra zena) hitz kontsolagarriak esan zizkidan eta baita lur ematera etorri ere. Atera ezazu kontu: alargun, mutilak oraindik koxkorrak eta hainbeste lur lantzeko eta inola ere bertan behera utzi ezin dena. Baina jakinaren gainean nengoen, ez pentsa. Nire senarra gizarajo bat zen. Zu zara galtzak eramaten dituzuna, esaten zidan seme zaharrenak. Ni Marimigel bat nintzela? beharko izan, sendagile jauna, eta ez gustuz. Eta suertea izan genuen, nahi adina gainera. Nire gizona astaputz bat zen, arrazoirik ez zuenean bakarrik egiten zuen garraisi. Eta ez zuen sekulan santan arrazoia izaten. Sosegatuena da beti agintzen duena. Baita irabazten duena ere. Nik uzten nion garrasi egiten. Bera garrasika ari zen bitartean, nik zer egin behar zen pentsatzen nuen, eta agindu: egizak oihu, egizak puska batean, gero zergatik ari hintzen ere ez haiz gogoratuko eta, heure boza entzuteko eta ez bestetarako egingo duk oihu. Ez al zaizu zuri gertatzen andrearekin sesioan ibili eta, inoiz hasaerretzen baldin bazarete behinik behin, bai zuk eta bai berak bukatzen duzuela hasarrearen arrazoiak ez dakizkizuela, eta handik puska batera arrazoi piloagatik zaudetela muturka baina hasierako istiluekin zer ikusirik gabe? Ez dizut denbora gehiegi galarazi nahi. Egun batean Miquelek —nire seme zaharrena, ezkondua zena—, idatzi zidan esanez nirekin hitz egin nahi zuela, egun batzuk ematera joan nendila haienera. Nik ez nuen batere gogorik berak kontatu nahi zidanaz hitz egiteko momentu hartan, eta erantzun nion: joango natzaizue hurrengo batean, hiru egun daramatzat gaixo ohean eta ezin dut, burutik beherako galanta dut eta. Ez zen egia noski, baina aitzakiaren bat behar nuen. Eskutitza bota eta handik pixkatera, ordu erdi bat ez zen pasatuko, buruko mina eta eztarrian hazkura jarri zitzaidan, eta doministikuka hasi nintzen. Berehalaxe oheratu behar izan nuen. Biharamunean ezin nuen jaiki, sekulako gripea nuelako. Zuk noski, baserritarren kontuak direla esango duzu, nire senarra hil beharrez hil zela eta nire gripe hura harrapatu behar nuelako izan zela. Ez erabaki, ordea, bukatu arte!

        Ondorengo hilabeteak lasai pasa nituen, etxeko eta baratzeko harantz-honantzak lanpeturik... Baina egun batean... banentorren azokatik gurdian, bakar-bakarrik eta goialdean eserita. Gidatu beharrik ere ez nuen, zaldia oso zaharra baitzen eta buruz zekien bidea. Egun goibela zen, lainoak lodiak eta oso behean zeuden, mendebal aldetik ia beltzak. Etxera iristeko gogoa nuen afari-merienda ona egiteko. Bidea soroetan barrena zihoan eta lurra lehorra eta arraildua zegoen; urrutitxora, nire eskuinetara, zuhaitz zahar bat, adar hutsetan eta belez beteta, besterik ez zen ikusten. Beleak joan-etorrian zebiltzan, zuhaitzetik hiruzpalauk egiten zuten alde bere gisako hegaldietan, eta berriro itzultzen ziren. Halako batean pentsatu nuen: dena hilda dirudi; beleak geldirik egongo balira, guztiak hilda emango zuen. Zaldia gelditu egin zen eta boza urtu egin zitzaidan eztarrian. Ezin nion ezta arre ere oihukatu eta bai zuhaitzeko beleak eta bai hegan zebiltzanak geratu egin ziren, batzuk adarretan besteak airean. Beldur itzela sentitu nuen barru-barruan. Pentsatzen nuen, zer da bada? Horrelaxe egon nintzen auskalo zenbat denbora, beharbada ordubete, ni hilik gurdi gainean, zaldia ere hilda, eta inguru guztia izozturik. Eta horrelaxe pasatuko nuen bizi guztia, ez dakit zer nolako zirrarak bultzatu ez banindu pentsatzera: hegan egin dezatela! Zuhaitzeko beleak, orain bat gero bestea, adarretatik hanka egiten hasi ziren, airekoak sakabanatzen eta zaldiak berak ere ibiltzeari ekin zion. Handik luzarora eta lo hartu aurretik horretan pentsatzen baldin banuen, oilo ipurdia jartzen zitzaidan eta bihotza estutzen. Baina hori ez da ezer: zaude.

        Eguberri biharamunean, San Esteban eguna hain zuzen, beleen arratsaldetik hilabete pasea zela, jaiki nintzen, jantokira joan eta beheko sua piztu nuen. Mutilak ukuilura eta neskak Agustinarekin txitategiko lastoa aldatzera joanak ziren. Kanpoan gau-beltza zen artean, ikuiluko leihoen argia eta oilategiko zirrikituarena beste argirik ez zen ikusten. Tostada bat egiteko gura etorri zitzaidan. Baratxuri atal batekin igurtzi nuen ogi xerra, gatz pittin bat bota eta olio txorrotada batez busti. Olioa izoztua zegoen eta sutondoan eduki behar izan nuen apur bat. Gutxitan bezala kolorezko oldarrez igotzen ziren garrak tximinian gora. Urdina eta gorria elkartzera eta aldentzera ari ziren jolasten eta egurraren zartakadek San Joan gau bihurtzen zuten sutegia. Sutondoan eseri eta ogi xerrari kosk egitera nindoala begiratu nion, esan nuen nire artean: ez zain asko erre! Garrik goren eta gorriena hasten da niregana alderatzen, haize bolada batek makurrarazi bailuen, labanaz ebakita bezala bereizi zen azpitik eta, batere dardaratu gabe kokatu zen ogi xerran; kontu handiz egin zuen nire behatz puntak ez erretzeko, behar zen bezala ogia erre eta berriro itzuli garramagana, oihutxo bat egin zuen, eta pozez, biribildu zen tximinian gora. Zer esaten didazu?

        Aspertuta nengoen gau batean, pentsaketan ari nintzen zein gazterik gelditu nintzen, tamalez, alargun. Luze nengoen etzanda eta gora begira. Leihoa zabalik nuen eta barruraino sartzen zitzazkidan lasto, hosto eta uda usaina, nahasian. Eskua sabeletik ari nintzen pasatzen eta hiru aldiz beterik izana nuela otu zitzaidan. Betea, tinkoa eta distirantea, eta sabela beterik nuenean nire aurpegia ere distiratzen zen. Gizonarekin izandako armoniak ez baitziren, izan ere, munta haundikoak eta ohean lasaitzen ziren umore txar guztiak. Bada begira, sinetsiko duzu ala ez duzu sinetsiko: begiratzen ez nintzen ausartzen baina begiratu gabe nabaritu nuen nire ondoan puzten ari zela izara ohe barruan. Nire ondoan baten bat balego bezala. Eta esku bat sentitu nuen sabela laztantzen zidala, nirea ez zen esku bat. Goiz erdian lurrean luze aurkitu ninduten korde gabe. Nire onera etorri nintzenean nahastuta nengoen, magnolia lore bat bezain horia eta begietan nerbioetatiko zerbaitek, neure borondatez kontra, begiak itxi eta irekiarazten zizkidala.

        Alaba familia egiteko zen, bere lehengo erditzea zen hura. Ostatua zuten Tossan eta etxean nahi adina lan noski. Haurra jaio bezain pronto, neskatila sendoa eta oso maitagarria, beste gela batean aparte, nirearen ondoan, ipini zuten. Nirearen eta bere gurasoen artean, hain zuzen. Hormak arrosa kolorez zeuden margotuak, pentsamendu lore andana batez inguraturik goialdean. Bazeuden gela berean komodina, bolanteak zintzilik eta oihal loredunez jantzitako sehaska bat. Gero, leihoaren kontra mahaitxo bat lumatxa eta guzti, bertan neskatila jantzarazteko, bi aulki ere bai, eta sehaska beraren ondoan besaulki dotore bat. Bertantxe egiten nituen nire lo kuluxkak. Egun batean ekaitza ari zuen... Neskatila larriturik zegoen lo. Besotxoak mugitu eta, noizean behin mainak ere egiten zituen. Kanpoan tximistak eta euri jasa ari zuen. Eta trumoiak mundu akabera diruditen horietakoak. Ura klaskatzen zen leihoen kontra, norbaitek baldekadak jaurtiko balitu bezala. Leihoek kisketa botea zuten eta barruratzen zen argia ahula zen. Sehaskaren aurrean eta bi lorontzi artean semearen txikitako argazkia zegoen. Ni, burua besaulkiaren kontra jarrita, pentsatzen ari nintzen. Orduko kontuetan eta lehengoetan ere bai, hutsa, horixe. Pentsatzen ari nintzenik ere ez dut esaterik, euriak distraitzen baininduen. Neure bizitzako pasarteak ikusten nituen, baita semearenak ere, eta guztiak zatika. Urte batetik bestera, eta egun bateko ordutik saltoka beste eguneko ordu berberera. Semearen argazkiari begiratu nion, eta itzal artean besoa altxatzen zuela iruditu zitzaidan. Baina momentu hartantxe neskatilak sehaskan negar egin zuen eta ni ez nintzen erabat ohartu. Gogoratzen naiz tximista egin zuela ere, eta nolakoa gainera! Seguru nago teilatu gaina ukitu zuela. Uzkurtu egin nintzen trumoiaren zain. Nire mutila, txikitan, tximista ikustean, neure gonapera, korrika etortzen zitzaidala gogoratzen nintzen, eta azkenean eta bat-batean trumoia lehertu egin zen. Ba al dakizu nolakoa zen hura? Bada, tximistaren atzetik berandutzen diren horietakoa, eta gero, piztia zaurituak bailiran zerutik arrastaka doazela diruditenetakoa. Eta orduantxe haurtxo bat agertu zen itzal ilunetatik. Gonatik heltzen ari zitzaidan une berean erraina sartu zen guztiz izutua. Haurtxoa ezabatu zen baina nire errainak ikusi zuen. Zer egiten du haur honek hemen? Irudipenak ikusten zituela esan nion. Eta sinetsi zidan. Eta berak sinetsi eta gero neuk ere sinetsi nuen.

        Eta orain dator bereziena. Itsasoa gogoko dut nik. Tossan nengoeneko azken egunetan hondartzara joaten nintzen paseatzera afalondoan, behin lana aurreratuz gero. Godolara joaten nintzen olatuak ikustera. Arratsalde hartan, hitz egin nahi dizudan arratsaldean, olatuak..., ez dakit nola esan..., apal antzean ziren. Hondar gainean etzan nintzen: gau epela eta geldia zen; loak hartu ninduela uste dut. Atsedenaldi bat egiteko begiak itxi nituenean, den dena beltza geratu zen, baina gero, esnatzen ari nintzen bitartean betileen zirrikituetatik, pittin bat bakarrik irekiaz, ilargiaren argia sartu zitzaidan. Ilargia... Jainkoak berak betiko jarri berria balu bezala zen, gauaren eta itsasoaren artean. Nire baratzako sagar lore guztiez egina bezala. Erdi lo nengoen bitartean, so eta entzun egiten nuen eta iruditu zitzaidan lurrak berak neure begiez begiratzen zuela eta neure sentimenduz sentitu. Haragizkoa ez banintz bezala edo mundua ni neu bainintzen. Eta ezertan pentsatu gabe, hitz soilak besterik ez baitzitzazkidan bururatzen: loreak, sagarrondoak, sagarrondo txuriz loratuak, loreen zuritasuna, lore zuri eta sagarrondokoa, loreak lurrean sakabanaturik... Eta bururatu zitzaidan polita izango litzakeela sagarrondo bat ikustea itsasoaren erdian bertan. Halako batean geratu egin ziren olatuak eta bihotza saltoka hasi zitzaidan. Uretako olatuak baretzean neure bihotzeko odolezko olatuak mugitzen balitzaizkit bezala. Erdi eseri nintzen pixkana-pixkana, ukabilak hondarrean iltzaturik eta begiak kristalezko bi bala bezain borobilak, zeren, sendagile jauna, itsasoko barru aldean ura borborka hasi baitzen. Gluk, gluk, gluk, ari ziren, gluk, gluk, jaiotzen eta hiltzen jolasean, eta ur azalean uzten zuten zauritik loreak eta loreak hasi ziren ateratzen. Azkenez, denak elkarrekin sagarrondo bat osatu zuten. Egizu kontu: sagarrondo bat loretan uda bukaeran eta itsasoaren erdian. Sukarra nuela pentsatzera iritsi nintzela esango banizu, egia hutsa esango nizuke. Ez nuen ezertan pentsatzen... Begiratu besterik ez nuen egiten, eta nekez lurretik altxa eta itsas ertzeraino joan nintzen. Hantxe zegoen sagarrondoa ur lau eta tinkatuari iltzeturik, ni hurbiltzen eta hurbiltzen hasi nintzen... Oin azpietan seda neukan. Ura ere, sedazkoa zen. Eta sagarrondoa zain neukan, zatoz, zatoz, zatoz, esango balit bezala. Gertu nengoela besoa luzatu nion, loreak, nahiz eta haize izpirik ez egin kulunkan ari ziren, hasperenka, bizirik zeuden, benetakoak ziren. Haietako bat ukitzera iritsi baino lehen sagarrondoa, loreak, eta idazten dizudan honako hau, hondoratu ginen eta garrasi egiteko betarik izan ez banu, eta semea zeharo larriturik nire bila etorri izan ez balitz —ordu franko neraman etxetik kanpoan eta—, ez nizuke hau zuri kontatzerik izango. Baserritarra bainaiz, eta zer eta igerian, egia esan, sekula santan ez dut jakin nik.

        Inon diren guztiak pasatu zaizkit niri, banaka batzuk bakarrik kontatzen dizkizut. Guztiak kontatuko banizkizu, ez nuke inoiz bukatuko. Nire martirioa zera da: pentsatzen ere ez naizela ausartzen, aiene batean bizi naizela. Lotu nahi nituzke pentsamenduak lokarri batekin, estu-estu eta ito arte, edo, zuk orain bezala, nire istorioak sinetsiko dizkidan norbait aurkitu, ahal izanez gero, sendatuko nauena. Asko hausnartu dut, gau ta egun, ordu askotan zehar, eta etengabe. Izuturik nago, zeren hainbeste ordu hausnarketan pasa eta gero iritsi bainaiz, uste dut, neure gaitza zein den ezagutzera: sorgina naizela uste dut.

 

 

© Mercè Rodoreda

© itzulpenarena: Maite Gonazalez Esnal

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus