OILOA

 

        Gauza berberaz luzeegi pentsatzen dudanean zorabiatu egiten naiz. Bakardadean soilik aurkitzen naiz ondo, hemen goian eserita, zangoak kanporantz dilindan, begiratzen. Harrobi honek harri asko eduki zuen, baina ahitu zitzaion. Ahal dudan bezainbeste txistuka etorrarazten dut ahora, eta hemen goitik, kamioia bila etorri ez zitzaion harri apurtutako azken pilaren gainera aritzen naiz txistuka. Asmatzen badut harri gainera botatzen txistua, aditzen diot erortzen; bestela, ez dut tutik aditzen. Batzuetan, haizearengatik, huts egiten dut. Hemendik goitik txabolen gainaldea, katua teilatu baten gainean eta, eskubialdean, zaborrezko mendia ikusten dut. Zakurra zaunka ari da jadanik. Beti egiten du zaunka ilunabarra bukatzean, eguzkia ezkutatzen delako negarrez ariko balitz bezala. Gure txabola erdikoa da. Gure aitak beti kontatzen du gurea izan zela lehena hemen, eta beste guztiak gurearen inguruan eraiki zituztela. Aitak, oilaloka deitzen dio gureari. Etortzen ziren kamioiak udan hautsa harrotzen eta neguan lokatza zanpatzen. Eta harriak harria ematen zuen. Mundu guztiak esaten zuen. Mendiari atxikitako harriak hiru kolore ahulxe zituen: arrea, horia, eta herdoia. Zakurraren zaunkak datozen aldetik lumaz egina dirudien hodei ertz-urratu bat hurbiltzen zait. Ez naiz etxera itzuliko. Hementxe geldituko naiz bizitzen, haizeak ihartu nazan. Badaude belarrak haizeak ihartu arte hemen goian bizi direnak. Eta beste batzuk haizeak sustraigabetu eta eramaten dituenak. Ama hil bezain laster alde egiteko gogoa eman zidan. Oraindik bizi zela aitak arrats batzuetan esaten zidan: hoa haize freskoa hartzera. Eta ni kanpora atera eta berak ixten zuen atea. Plantatua gelditzen nintzen pixkatean eta gero txabolen artetik gora eta behera ibiltzen nintzen; atsegin zitzaidan barrunbeetan jendea nola ari zen solasean aditzea eta bonbilen argia lehioetan ikustea, laguntasun handia ematen bait zidan. Zaborpilaren aldera abiatzen nintzen eta plater hautsien pusketak bilatzen nituen. Baita xardina latak ere. Plater pusketen ertz zorrotzenak lurrari tinkatuak, kanposantuko bideak eta tarteak ziren. Bideak, nahiz eta saiatu, ez zitzaizkidan batere zuzen gelditzen. Xardina latak zerraldoak ziren: urez betetzen nituen erdiraino, txingurriak harrapatu eta barrura botatzen aritzen nintzen. Lata bakar batez hasi nintzen kanposantua egiten eta pixkana-pixkana handituz joan zen. Aita denbora pixkat pasatzean garrasika hasten zitzaidan garrasi ozen batez: idi bat ematen zuen. Negu partean ez nintzen hara joaten: hotzegi zen, lokaztuegi zen dena, eta ate ondoan gelditzen nintzen. Eta barruan banengo bezalaxe zen: zaratengatik. Euria ari bazuen kotxero-zamarra zaharra jantzi, ohe gisa ere balio zidana, eta burua estaltzen nuen, eta batzuetan aurpegia eta guzti, ezertxo ere ez aditze ez ikustearren. Gau batean ezagutzen ninduen gizon batek, aurretik pasa, eta gelditu gabe bota zidan: hori duk broma mutila!

        Nire amak Matilde zuen izena. Umore txarrez zegoenean begiratzen zidan, artean ahopeka esanez: ez dakit zergatik egin hindugun. Eta aita berandutzen zenean, zopa berriro berotu bitartean esaka aritzen zen ez zekiela zer egiten genuen munduan... Untxi pare bat genuen kaiola behe batean txabolaren aldamenean, leihorik gabeko paretaren kontra. Kiratsagatik. Alanbrea herdoildua zuen; bazeuden bi makila hautsita ere, bi hanka esan nahi dut, eta hauek eutsi zitezen aitak sendotu zituen egur pusketa batekin eta sokaz lotu. Udan, txabola barruraino sartzen zitzaigun untxien kiratsa. Guk jaten genituenak amak hiltzen zituen eta neuk lagundu behar izaten nion. Mortairu-kolpe bat jo lepahezurrean eta behin tontatuz gero zintzilikatzen zituen sarreraren ondoko iltze lodi batetik, eta arrailtzen zizkien zintzurra labanaz. Odola husten zihoakien artean nik ontziari eusten nion. Amak, orduan, atzeko hanken inguru guztia ebakitzen zien eta larrutik tiratu, honi barrena bistan gelditzen zitzaion, oso leuna eta koloretakoa. Belarrien parera iristean larruak ez bazuen aurrerago segi nahi, ondotik ebakitzen zizkion belarriak eta indarrez tiraka hortzetaraino jaitsarazi egiten zion. Gero, kaiolaren gainean zintzilikatzen zuen, lehor zedin. Biguna zegoen bitartean zain gorriez marraturiko harrapakin haren aurrean, euliek mordo beltzak egiten zituzten. Behin batean, ama untxiei aza hostoak ematen ari zitzaizkiela eta, hanka egin zion batek kaiolatik, deabru batek bezala, esaten zuenez. Iluntzera arte ez zuen aurkitu, txabola baten ondoan, azkenetako batean; katuak hilda zen, eta erdia besterik ez zen gelditzen. Bestea, hegoen puntan luma beltzak zituen oilo pintarratu baten truke eman zuen nire amak. Gandorra osoa erortzen zitzaion alde batera eta aurpegiaren erdia estaltzen zion. Papar zarpailekoa zen. Lasai bizi zen untxien kaiolaren barruan, eta errunalditan, egunero arrautza bat ematen zuen. Ni, oiloa jotzen hasi bezain pronto, arrautzaren bila joaten nintzen eta amak esaten zidan arrautza begi aurretik pasatzeko, horrek begiak sano mantenduko zizkidala. Behin, arrautzak hain mehea zuen oskola ze behatzen artean gelditu zitzaidan eta, gorringo, zuringo eta guzti lurrera joan zen. Nire amak kaiola barruan gora eta behera paseatzen zebilela oiloari begiratu eta kaltzioa behar zuela esan zuen. Beste txabola bateko andre batek, igandeetan sepia-hezurra gordetzen zigun, txalupa txuria zirudien. Oiloak mokokatzen zuen hura baina hala ere oskolik gabeko arrautzak hasi zen egiten, eta azkenez oskola xehaturik eman genion, eta jaten zuen, eta asko gustatzen zitzaion. Berriro hasi zen oskolarekin egiten arrautzak baina orduan arrautzak ere jaten zituen, oskolak jaten ohitua zegoelako. Nire aita batzuetan kaiolaren aurrean gelditzen zen pixkatean zutik, eta zorrotz begiratzen zioen: errentan bizi da hau! Ama gaixotu zenean nire txokotik sentitzen nion arnasa hartzen, nire belarriaren parean ariko balitz bezala, eta aldameneko andreek sukarrak sutzen zuela esaten zuten. Eta hil zenean sukarrak berak baino gehiago ahal izan zuela. Bazkariak prestatu, txabola eskobatu eta iturrira ur bila joan, lan guzti hauek gelditu ziren nire gain. Aita burumakur zebilen eta ahoa ez zuen ireki ere egiten. Gauean aditzen nion bueltaka eta gora eta behera zebilela etxean barrena. Egun batean deitzen didan arte eta esaten: hator. Bere aldamenean egin zidan lekua, eta nik egiten nuen lo amak hainbeste urtetan ohe hartan lo eginaz koltxoian oraindik zuloa zegoen aldean. Kostata hartzen nuen lo, bi gauzengatik: ez nekielako lo egiten goian, kotxero-zamarraren gainean lo egiten ohitua nengoelako, eta zuloari beldurra niolako, arnasa hartzera ere ez nintzen ausartzen. Gau batean negar egin nuen. Luzaroan aritu eta gero esnatu zen aita eta: Zer duk? galdetu zidan. Ez nintzen esatera ausartu amaren sukarragatik zuloak erretzen zuela eta beraren gainean lo egingo banu bezalaxe zela, neuk akabatu berri banu bezalaxe, eta berak esan zidan: utzi negar egiteari, bestela kanpora! Atera nintzen eta lurrean hartu nuen lo, gau-izarretan. Biharamuonean bertan aitak oiloa hartu, aizkoraz kaiola apurtu eta afalordu osoa pasa zuen oiloa magalean jarrita zuela: geldi-geldirik, dena goitik behera begiratzen, batzuetan bi begiez, besteetan bakar batez, eta nire aitak ogi mamiak ematen zizkion eta berak jan egiten zituen. Ondoren nire aitak plater bat ur bila bidali ninduen eta edanarazi egin zion, tragoxkada bakoitzean luzatzen zuen lepoa eta nire aita barrez. Arratsalde harrezkero nire aitak oiloarekin egin zuen lo.

        Sei babarrun ale landatu nituen. Hiruna ate-alde bakoitzean. Nire amak halaxe egiten baitzuen urtero. Paretan, untxiak akabatzeko zintzilikatzen zituen iltzea ez ezik, alanbre zeharkatuak ere bazeuden, babarrun landareak bertatik igo zitezen. Itsatsi ziren babarrunak: goraka bultzatzen zuten lurra, eta pittin bat gelditzen zitzaien gainean, txapeltxoa balitz bezala. Erortzen zitzaienean txapeltxoa oiloak jaten zituen landareak. Berriro landatu nituen eta ibaiko kanaberazko hesi bat egin nuen. Hura egiten nuen bitartean begira nuen oiloa. Batzuetan hurbildu, besteetan urruti antzean gelditzen zitzaidan, berun koloreko hanka airean zuelarik. Untxia hil zuen katua txaboletako bakarra zen, eta erdi basatia. Arratoiak harrapa zitzan inork ez zion jaten ematen. Gauez egiten zuen erronda. Egunez teilatuetan egiten zuen lo. Behin harrapatu nuen eta oiloarekin batera sartu nuen txabolaren barrura. Katuaren miaukak eta oiloaren zalapartak ikaragarriak ziren. Isildu zirenean atea ireki nuen; katuak ospa egin zuen eta oiloa gainera jauzi zitzaidan, eta gandorretik zerion odolak zikindu ninduen.

        Ahalegin guztiak egin ditut ea etxetik alde egiten duen, halere alferrik. Txiki, txiki! egiten dio oihu aitak lanetik bueltatzen oraindik urruti xamar dagoela. Oiloak itxaroten du, elkarrekin sartzen dira etxera eta obrako lankide batek erregalatzen dizkion aza hostoak ematen dizkio jateko. Bart freskuran geunden kanpoan. Babarrunak honezkero hazi dira eta loretan daude... Nire aitak oiloa sorbaldan jarri zuen eta ahots finez ari zitzaion: jan itzan loreak, jan itzan. Ondoren eseri zen, afaria presta niezaiola eta tipula bat nahi zuela entsaladan. Ez nuen tipularik, eta abiatu nintzen eskatzera oiloak oskolik gabeko arrautzak jartzen zituenean sepia-ontziak eman zizkigun andrearen etxera. Iluna zen oso eta bero itogarria. Itzuli nintzen hankak arrastaka lurreko hautsean bideak egiteko eta noizean behin gelditu egiten nintzen zeruari begiratzeko, lepahezurreraino nengoelako. Zerua ez zen bestetan bezalakoa: lodia eta behea, gutxi distiratzen ziren izar moduko batzuekin. Gure txabolako izkina bueltatu baino lehenago nire aitaren ahotsa aditu nuen, bateren batekin hitz-egiten arituko balitz bezala. Ikaratu nintzen. Ez nuen esaten zuena ulertzen. Gehixeago hurbildu eta luzatu nuen burua. Nire aitak magalean zuen oiloa, lepondotik pasatzen zion eskua eta ixilka-mixilka ari zitzaion: Matilde, Matilde... Oiloa itzal lasai bat bezala zen. Joan zitzaizkidan etxeratzeko gogoak. Bakarrik egoteko bestetarako ez dut gogorik, ezertan pentsatzeko ere ez, eta txistuka aritzeko.

 

 

 

© Mercè Rodoreda

© itzulpenarena: Maite Gonazalez Esnal

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus