BIDAIARI ETA
MAITASUNARI BURUZKO KOADERNOA
HA/4
(1) Alba, hamazazpi urteko neskatxa birjin eta beltzarana, liburuz beteta sartu zen hauek gordetzen zituzten gelara, eta estrapozo egiteko gertu egon zen eskuetan bat zuela bere onetik aterata kanpora zetorren Didacekin. Mutikoak, gelditu, eta esan zion:
-- Begira zer aurkitu dudan...
Pilotoaren eskuliburua zuen izenburutzat eta bere barneko orrialdeak hegazkin motorren irudiz beterik zeuden. Albak gainbegiratu bat eman zion.
-- Zer berezitasun du, bada?
-- Hegan ikas genezake berarekin.
-- Eta zertarako genuke?
-- Ez al zenidan esan behin Prat-en aireportua dagoela?
-- Bai.
-- Eta egoera onean dauden hegazkinak eta kotxe asko egongo direla bertan... Zergatik ez goaz ikustera?
(2) Eta biharamunean hara abiatu ziren, haztamuka antzean, neskatxak ere ez bait zekien oso ongi non aurkitzen zen; herrian entzundako apurra, besterik ez.
Eguerdi aurretik aurkitu zuten eta egongelak, ez oso eroriak, gorpuz eta maletaz beterik zeuden, baina kanpokaldeko ate bat zeharkatu eta zelaian sartu ziren. Bost hegazkin zeuden pistetan eta beste bat edifizio ondoan lur jota; aireratzen arituko zen platertxo hegalariak agertu zirenean.
Osorik zegoenetako batek ere hegaldia hastear egon behar zuen, ia eserleku gehienetan eskeletu bat bait zegoen segurtasun uhalaz lotua, baina gainerako lauak hutsik zeuden. Nahiz eta horrenbeste denboran inork zaindu gabe kanpoan egoteak bere itxura zatartu, bazirudien denak egoera onean aurkitzen zirela.
(3) Eta asmo hura, edo amets hura, hantxe amaitu zen. Gogoeta une batek, egunen batean aireratzea lortuz gero zer arrisku zituzten ikustarazi zion Albari eta esan zuen:
-- Hegaldi bakar batek erabakiko luke guztia. Hau ez da kotxe bat: izorratzen bada, gelditu eta kito. Eta ez da nahikoa motorrak martxan jartzea, gidatzen jakin beharra dago eta gero lurra hartzen. Teoriazko ezagupenaren eta praktikaren artean alde handia dago, Didac. Inor ez da sekula lehendabizikoz aireratu erakuslerik gabe.
-- Lehen hegazkilariari ez zion inork erakutsi, Alba --kontrajarri zuen mutikoak, herabe.
-- Egia da; baina orduko aparailuak xinpleagoak ziren eta ez dut uste haiek menderatzea zaila izango zenik. Konturatu al zara zein mamutzar ikaragarriak diren?
Didacek baietz egin zuen.
-- Eta pentsa, hiltzen bagara, erabat bukatu dela dena.
-- Horrela lagatzea iruditzen zaizu, orduan?
-- Bai, Didac, hobe dugu.
(4) Eta penaz, hala ere, era horretan behin betirako hondamendia orokorra ote zen ala non edo non oraindik norbait bizirik geratzen zen jakiteko aukera izango zutelako, aparailu extralurtar haien ondorenak zinean hartzeko eginkizunean aritu ziren.
Liburuei esker, bazekiten gutxi gorabehera nola lan egin eta, azken batean, ez zuten inolako arte lanik burutu nahi, errealitatea zintzotasunez adierazten zuten irudiak soilik eskeini baino, eskola-liburuek aipatzen zituzten antzinako zibilizazioekin gertatu bezala, biharko gizonek hogeigarren mendea deitu zitzaionaren hondarretan zegoen munduari buruz aierurik egin behar ez izateko.
Orduan erabaki zuen Albak, hastapenetan aurkitzeak barregura ematen zion Didacen onespen sutsuarekin, kronologia berri bat ezartzea.. Hirugarren Aroa izenarekin bataiatu zuen eta hondamendia gertatu zen hurrengo egunetik aurrera aginduko zuen.
(5) Eta hilabete luze bat eman zuten hiriaren mutur batetik bestera ibiltzen, beraientzat jadanik ohizkoa zen amezkaiztozko paisaia aluzinagarri haren irudi ahalik eta osatuena jasotzeko, panoramika zabaletan batzuetan eta lehen planuetan besteetan. Tibidabora, Vallvidrerara, Muntaya Peladara eta Montjuicera igo ziren eta handik, bi makinen objetiboek, aidean baleude bezala, milaka eta milaka kilometro hondakin erretratatu zituzten. Egun eguzkitsuetan eguratsa garbi zegoen beti, gizonen lantegietatik etorritako lardaskeriarik gabe, gutxi gorabehera beraiek ezagutu ez zuten antzinako garai haietan izan behar zuen antzera.
Portura ere jeitsi ziren eta Can Tunis-etik hasi eta oraindik txaboladi batek zutik zirauen Camp de la Botaraino, irudi mordoska bat hartu zuten, kasik idilikoak, mugitzen ez ziren ontzi eta txalupak, ur bareak, kamara haiek berek eskaintzen zituzten hiriko ikuspegien aldean erabat bestelakoak.
(6) Eta egun haietako batean, Bartzelonetan filmatzen ari zirela, bigarren egitasmo handia sortu zen, Didacen buruan hau ere, eta zera oharterazi zion bere adiskideari:
-- Entzun... yate batean, ibili gintezke, ezta?
-- Abioia bezain arriskutsua ez litzatekeela esan nahi duzu?
-- Horixe bera. Eta harekin ere eman geniezaioke munduari bira.
-- Astiro.
-- Astiro, noski. Ez al da asmo bikaina?
Albak baietza eman zuen eta onartu ere bai Diposit eta Rebaix arteko kaietan loturik zeuden ontzi txikietakoren bat ikustea, erbestekoak gehientsuenak matrikuletako portuen izenei kasu eginez gero. Denborak ere bere arrastoa utzi zien eta batzuek egur ustelak zituzten, hala nola hondora zeramatzaten ur iragazketak, baina beste batzuk, hobeto istinkatuak beharbada, baliagarriak izango zitzaizkien seguraski, motorrak nola edo hala martxan jartzea lortzen bazuten.
-- Begira, hauxe egingo dugu... --esan zuen neskatxak--. Uda aldera berriro eguraldi ona egin arte zain egongo gara eta horrela prestatzen joateko astia izango dugu. Bitartean, dokumentalarekin jarraituko dugu.
(7) Eta Bartzelonari buruzko ikuspegi nahiko osatua zutela iruditu zitzaienean, barnekaldeko herrietara ibilaldiak egiten hasi ziren, milaka kotxe eta kamioi poliki-poliki txatar bilakatzen ari zireneko errepideak filmatuz, bere metalezko egituraren zirrizturen batean kaltetuak gertatzeagatik eroritako zubiak, hilotzek zeramatzaten traktore eta nekazal-makinak ageri ziren lurrak, belarrak hartutako bideak, eguzkiak eta izozteek arraildutako asfaltuak, etxe apal eta hondakin gutxiko basauriak, azkenerako belarrez beteko ziren herri zanpatuak...
Ez zuten Montserrateko amildegiak ikusi gabe geratu nahi izan eta patxadaz, jeep-ean eta oinez, bira osoa eman zioten mendiari, auzoko herriak, hauek mendean hartzeko gertu zeuden basoak, herdoiltzen ari ziren trenbideak, betidanik egin zuen bezala ura harriz harri jauzika zetorren errekatxoak erregistratzen zituen pelikula metro mordoa hartzeko ahuntz biren gisa igotzen hasi baino lehen.
Sarritan kanpoan ematen zuten gaua eta jeep-ean bertan lo egiten.
(8) Eta nola geroz eta gehiago urruntzen ari ziren, egun batean, etsi-etsian, eta gutxi gorabehera hiriratzeko erabili zituzten bide berberetatik, Benaurara itzultzea erabaki zuten.
Kaleetan barrena sartu ziren oraingoan eta urtegiak erabat hutsik zeuden mendi muinora ere igo ziren, panoramika zabal batekin hasi eta segidan laburragoekin jarraitzeko, orain anonimoak ziren eskeletu, leher egindako denda, hondoa jotako horma, gapirioak oraindik agerian zeuden bazterrak edota kolokan zeuden sabai pusketen zatikako irudiak hartu baino lehen.
Denbora gehiago eman zuten bizi izan ziren aldameneko bi etxeetara iristen eta, une batez, izkutatzea erraza izan zitzaien zirrara berpiztu zuten beraiengan, jadanik ez bait ziren bapatean dena galdu zuten bi ume haiek, artean ezer ez ziren neska-mutil batzuk baizik, eta beraien historia hasiera eta ez bukaera izateko erabakia hartu zuten unean hasi zen.
Margaridaren etxean sartzerik ez zuten izan, erori berria bait zen; ezta janariak eskuratu zituzten dendetariko batzuetan ere; bai, ordea, errebaleko garajean, non Albak komunera jo zuen zuzenean eta hantxe amaitu zuen zine erreportaia bere ahizparen laguna izandako neskatxaren irudiarekin, ontzi gainean erorita zegoela.
Behar bada, berak uste baino zirrara handiagoa egin zion, une hartan bere burua ankertzat bait zeukan.
(9) Eta basoko haitzulora joan ziren, gau hartan hantxe lo eginaz, eta masiara, zerri itxurako izaki harengandik ihesi joan ziren lekura. Hilobiak ikutu gabe jarraitzen zuen eta etxea ere laga zuten bezalaxe zegoen, aterpe barruan udazkenarekin batera alde egindako enaren habia ugari ikusten zirela salbu.
Nola basoko haitzuloa bere inguruko urjauziarekin batera, hala masia dokumentalean sartu zituzten. Erbesteko izaki hura lurpetik ateratzea ere pentsatu zuten une batez baina nazka apur bat ematen zien eta laga egin zuten. Erdi usteldurik egongo zen ordurako eta gehien interesatzen zitzaizkien ezaugarriak kamaraz hartzerik ez zuten izango.
Hurrengo egur ean, itzulerari ekin zioten, orain astiroago, bidean ikusten zuten oro filmatzen bait zuten, pelikularik gabe geratu ziren arte.
(10) Eta berriro Bartzelonara heldu ondoren, Albak errebelatuari buruzko «errepaso ikastaldia» deiturikoa egin zuten eta lehen argazkia atera zuten makina lortutako estudio hartako ganbara ilunean ehundaka metro pelikula alferrikaldu zituzten pare bat dozena apartatu baino lehen, eta hauek lehortu ondoren argitara begiratu zituztenean, sekulako jauziak eman zituzten pozez gainezka. Dokumental osoa erakuskari hura bezala irtenez gero, pozik egon zitezkeen; ez zegoen ia irudi gandutsurik.
Latorrizko kaxatan gorde zituzten zinta guztiak; ongi itxi, zirrizkuak estaltzeko argizari geruza bat eman eta liburutegi-gelara eraman zituzten. Albak egindako kalkuluen arabera, gutxi gorabehera, hamabostetik hogei ordura bitarteko projekzio baterako materiala behar zuen. Pentsamendu horietan zebilela, zera esan zuen:
-- Inoiz egin den filmerik luzeena behar du izan.
(11) Eta negu hartan, hiriko kaian loturik zeuden eta itxuraz nahiko maneia errazak ziren ontzi guztien azterketa sakon bat egin zuten. Handiegiak zirenak edota konponketa asko eskatzen zituztenak berehala baztertu zituzten. Beraz, txikienetan eta hobekien mantentzen zirenen artean jarri zuten ardura. Eta jadanik egina zuten biren aukeraketa, nahiz bien artean zalantzak izan, atoiuntzi batekin topo egin zutenean. Bere gainean zabaldutako lonazko oihalak eta berekin zeramatzan sorospen untzi biek aditzera ematen zutenez, portuko zerbitzu ofizialetakoa zen. Planuaren arabera Sant Beltra-ko kaia zenaren mutur batean zegoen, arinki kulunkatuz, eta oihala baztertzean inolako kalterik jasan gabe zegoela ikusi zuten. Barruan ez zegoen inor.
Albari txikiegia iruditzen zitzaion eta esan zuen:
-- Kontuan har bidaia luze bat egiten badugu, gauza pila bat eraman beharko dugula eta hemen ez da ezer kabitzen.
Baina Didacek, zeinak batzuetan bazirudien ezaguera misteriotsua zuela tutik ere jakin behar ez zuen gauzei buruz, zera eritzi zion:
-- Hauxe komeni zaigu guri, zingo gutxi du eta. Honelako ontzi batekin itsas bazterra begien bistatik galdu gabe abiatzen bagara, eta hala egin beharko dugu, ez dugu hondoa jotzeko arriskurik izango.
Albak bereari eutsi zion:
-- Eta eraman beharko dugun guztiarekin, zer?
Burua igurtzi eta pentsakor geratu zen une batez mutikoa.
-- Badakit! Arraun txalupa bat erantsiko diogu eta atoiuntzian sartzen ez den oro jarriko dugu bertan.
Burutapen on bat izateaz gain, era horretan, errekinik gabe geratu edo hondora joanez gero, ordezko itsasontzi bat ere bazutela bururatu zitzaien gero.
(12) Eta ohizko eginkizunak alde batera utzi gabe, oraindik urrun zegoen irteera hartarako prestatze lanetan hasi ziren. Nautika Eskola zaharrera jo zuten lehenik, itsasketari buruzko liburu ugari bait zegoen bertan, eta haien bidez ontzi bat gidatzeko era eta itsasoz eginiko espedizio batek dituen zailtasunak teorikoki zertxobait ezagutzeko aukera izango zuten. Gauza asko ez zituzten ulertzen, teknikoegiak zirelako, baina, azken batean, oinarrizko ezagupen batzuekin aski zuten. Edonola ere, frogatu egingo zituzten abentura hasi aurretik.
Motorrarekin ere arazoak izan zituzten, pentsatzen zuten bezala, ez bait zebilen. Geroago ere, Didacek desmontatzen eta berriro montatzen, bazterrera ezer utzi gabe, xehetasun eta pazientzia guztiarekin, egun mordoa aztertzen eman ondoren, ez zen martxan jarri. Zorionez, moeta bereko bi atoiuntzi gehiago zituzten eskura eta bietako baten motorrak nahi izan ez bazuen ere, bestea berehalakoan jarri zen martxan.
(13) Eta jarraian itsasuntzia istinkatu zuten, kanpotik berria bezala utzi zuen pike geruza eder bat emanez. Barnekaldea ere garbitu zuten, oso zikina bait zegoen eta brankan atoiuntziak eramango zuen izena margotu zuten: Benaura.
Orduan, ipar-lurraldeetako matrikula zeraman iate batetik jeitsitako txalupa txiki eta arin bat hartu, atzera uretara bota puztu zedin, eta ur iragazketak konpondu ondoren, istinkatu egin zuten eta almazen batetik ateratako lokarri berri batekin kaira lotu, atoiuntziaren inguruan.
Ordutik aurrera, astean behin portura itzultzen ziren motorra olioztatu eta ea ongi zebilen ikustera. Albak zein Didacek lema harturik, biontzat bait zen interesgarria ontzi txiki hura eramatea, barratik irten eta urak bare bazeuden, itsasoan barrena abiatzen ziren, bizpahiru kilometrotan. Halaxe egoten ziren gehienetan, negu hartan giro ona eduki bait zuten, euri lasai eta haize arinekin.
(14) Eta ekintza eta proiektu guzti hauek zera esatera bultzatu zuten Didac egun batean:
-- Zenbat eta gehiago pentsatu, hainbat eta ziurrago nago ez dela inor bizirik geratzen. Gelditzen ziren bakarrak hilik behar dute... Zeren, txaluparena edo hegazkinarena haiei ere bururatu behar zitzaien, ezta?
-- Agian bururatu zitzaien, baina ez zuten ez txaluparik ez hegazkinik...
-- Geuk ere ez hasieran, eta mugitu behar izan dugu.
-- Baliteke airez edo itsasoz beste nonbaitera joatea ere. Guk ikusi ez izanak ez du ezer esan nahi.
-- Agian ez... Eta zer egingo genuke beste norbait aurkituz gero?
-- Hori ere haien esku legoke.
Eta horretaz pentsatzen geratu ziren, zitekeena bait zen beste haiek, bizirik egonez gero, ikusitako hondamendiak eta egunero baldintza gogorretan borrokan aritu beharrak burutik nahastuta uztea; hori, irautea beste helbururik ez zuten animalia huts bihurtu ez baziren... Egia zen beraiek ez zutela zuhurtasunik galdu eta egoera berriari aurre egiten jakin izan zutela, baina bi ziren eta oso gazteak eta horrek bazuen bere garrantzia.
-- Armak baditugu, zorionez --erantsi zuen.
(15) Eta orain, batetik negua zelako eta bestetik laister joan egingo zirelako, baratza lagatzen hasi ziren, orain hurrena atsegin alditxo batzuk eman bazizkien ere. Jakiak gutxitu beharrean gehitu egiten zirela ikusteak ere bazuen eraginik bere axolagabekerian; kanpora irteten ziren bakoitzean beteta bueltatzen ziren eta garai hartan arroz eta azukre zakuz betetako almazen bat aurkitu zuten; bazeuden kafe aleak ere eta horrek argindarrik behar ez zuen ehotzeko errota bat bilatzera behartu zituen.
Harrigarria badirudi ere, arropak aldatzera sartu ziren jantzidenda baten atzekaldean aurkitu zuten. Bakarrik geratu zirenetik bere buruari baimendutako lehen emakume gutizia izan zuen han Albak: mukizapi bat bezain txikia zen bikini batetaz maitemindu zen eta probatzerakoan, neurrira egina balego bezala geratzen zitzaiola ohartu zen. Uda guztian noizbehinka ordu batzuetan garbitzeko bakarrik erantziko zuen.
(16) Eta nahiz arrazoi honegatik nahiz besteagatik etxeratzen zituzten liburuek beharrezkoa zitzaien lekua kentzen zietenez, kanpamendura beste roulotte bat eramateko erabakia hartu zuten orduan, liburutegi bihurtzeko asmoz. Dozenaka zituen camping bat aurkitu zuten Esplugues inguruan eta denetan handienarekin geratu ziren. Kanpotik borobil antzekoa zen eta irakurketarako zaletasuna zuen jendearena izan bide zen, ulertzen ez zuten hizkuntza batean idatzirik zeuden hogeitabost olerki liburutik gora aurkitu bait zituzten bertan, eta eskuizkribu bat, itxuraz bukatu gabea; baliteke beraz bertan olerkariren bat bizi izatea.
Erabat hustu; moilatik hartutako oholekin, pilaka bait zeuden, apalak egin; mahai zabal bat, bi aulki, kinkea eta estufa bat jarri, eta negu amaiera hartan ikasgela gisa erabili zuten.
(17) Eta zuhaitzak jadanik loretan zeudela eta udaberriaren lehen berotasunak nabarmentzen hasi zirenean, nahiz gauez oraindik hozkirri egin, bidaiaren aurretikako lehen prestaketei ekin zieten. Luzea izango zenez --hilabete batzuk beraien ustetan--, sagar zimurrez betetako bi otartxo, urdaiazpiko bat, egoera onean ziruditen kontserba lataz betetako kaxa bat, zakutxo bat arroz, beste bat babarrunez betea eta gazta borobil bat, ia Benauratik ihes egiteko erabili zituzten gurdien gurpilak bezain lodia eta oso gogorra, sartu zituzten itsasontzian.
Honi, urez betetako bonbila batzuk eta ongi hornitutako botikin bat ere erantsi zizkioten, armak eta munizioak ahantzi gabe. Arrantzurako tresneria, behar adina tabako, sukaldean erabili beharreko ontziak eta, atzera pelikula gehiago eskuratzea lortu zutenez, zine-kamara biak ere gogoan izan zituzten. Txalupatxoa errekinez bete zuten. Hain arriskutsua zen espedizio hartan beren buruak inoren eta ezeren laguntzarik gabe aurrera ateratzeko gauza izan nahi zuten.
(18) Eta dena ontzi barruan zeukatenean, oraindik beste egun oso bat bota zuen Didacek motorra zehatz-mehatz begiratzen. Arratseko azken orduetan, zama harekin nola ibiltzen zen ikusteko, txalupatxoa lotu eta, berak bakarrik, portua aldez alde zeharkatu zuen. Albak, moilatik, urgaineko lerroa nahiko goian zeramala ikusten zuen, alde horretatik arazorik ez izateko moduan, baina mutikoak, itzultzean, oso aurpegi luzea zekarren.
-- Memeloak gara! --esan zuen--. Ez dugu gogoan izan ordezko piezak beharko ditugula agian!
Biharamunean eskuratu zituen, bazterrera botatako motorren artetik, eta ontzira eraman ondoren, azken proba egin zuten atoiuntziarekin. Oraingoan, biak barruan zirela, portutik irten eta Gava ingururaino joan ziren. Itsasontziak, lastak oraindik egonkortasun gehiago zemaion itxurarekin, behar zuten lekuraino eramateko gauza zela erakutsi zuen.
(19) Eta hiru egunen buruan, biharamunean eta biharamun hurrengoan ez bait zuten eguzkirik izan eta haiek egun argi batean irten nahi, janaritegitzat erabiltzen zuten kamioiaren atzekaldea asmo horrekin eskuratu zuten oihal lodi batekin estali, zomorrorik eta txoririk sar ez zedin roulotteko ate eta leihoak itxi eta Bartzelonara itzuli ziren jeep-ean.
Ibilgailua kaiko almazen batean laga zuten eta eguzki dizdiratsu baten azpian, eguerdia inguru, uste baino gehiago luzatu bait ziren, eskoileraren babesa utzi eta Didacek, bere onetatik erabat aterata, ipar-ekialdeko bandan jarri zuen ontzia. Behin lehorretik bi kilometrotara egon zirenean itsasertzaren pareko norabidea jarraitu zuten eta aurrera zihoazen eran, Albak, mapa baten laguntzarekin, ahots goraz aipatzen zituen hiri eta herriak agertzen ziren bata bestearen atzetik: Badalona, El Masnou, Premix eta Vilassar de Mar, Cabrils, Mataro... Etxeak garai samarrak ziren leku guztietan zaborrez betetako paisaia ia uniforme bat kontrajartzen zitzaien errepideetaruntz zihoazen landare multzoei eta erabat bakarti zeuden hondartzen edertasunari, bainu hartzailerik edo arrantzalerik inoiz egon ez balitz bezala eta mundu hartan beraiek bezalako inor bizi ez bailitzan.
Arenys-eko portua iatez eta bestelako itsasontzi txikiz beterik zegoen eta hondartza askotan hondarrean erorita zeuden txalupak ikusten ziren, eta desagertutako arrantzaleek konpontzeko zabaldu bide zituzten sare ikaragarriak ere bai nonbait. Hondakinek baino ere tristura handiagoa ematen zuten, agian beraientzat gauza berri bat zelako.
(20) Eta Tossa parera heltzean, ez zuten haitzek hartutako itsas bazterraren erakargarritasunari uko egiten jakin. Barnekaldetik hertsirik zeuden bazterrak ageri ziren ilaran, soilik itsasora irekiak, eta urak barrura sartzeko ausardiarik ez zuenez, barrenak miazten zituen bere mingain urdinekin. Hondorik ez jotzeko ongi begiratuaz, ukabila bezain txikia zen kalatxo batetik berrogeitamar metrotaraino hurbildu ziren; aingura jaurti eta txalupa harturik, hondartzaraino jarraitu zuten. Hara heldu baino askoz lehenago Alba ur epeletan oldartu zen eta badiara zekarten uhinen besoetan utzi zuen bere burua.
Tokiaren edertasunak txunditurik baleuzka bezala, erretzen zegoen hondarrean zilipurdika ibili ziren bi aberekume gisa; atzera uretara itzuli eta nahi adina eguzki eta aparrez asebete ziren, iluntzean lotan bertan geratzea erabaki zuten arte.
(21) Eta gau hartan, atoiuntzira bila joan eta kalatxoaren lekurik baztertuenean, haitzen kontra, zabaldu zituzten manta biren artean, Didacek ahoa neskatxaren belarri ondoan jarri eta zera esan zion ahapeka:
-- Alba, ez al duzu uste honez gero gizon egina nagoenik?
Neskatxak, berriz, itxita zeuzkan begiak ireki, bere gainetik zeukan manta baztertu eta zera xuxurlatu zuen:
-- Bai, Didac.
Mutikoa jeikitzera zihoan unean besarkatu eta bere azpira irristatu zen, izarrarteak argitzen zuen aurpegia berari begira jarrita zuela; mutikoa ere Albari begira zegoen eta zera esan zuen:
-- Maite zaitut, Alba...
Neskatxak eskua hartu eta gogor estutu zion, begiak lausotzen zitzaizkion bitartean. Eta orduan, berari buruz altxatu zen, mutikoa beregan sar zedin.
Amaitu zutenean, korrika egin beharra izan zuten, jadanik oinak bustitzen zizkien itsasgoratik iheska.
(22) Eta biharamunean itsasoa urdinagoa zen eta zerua argiagoa, nahiz biek beharbada ezbeharreko bat egin zuten uste berekoak izan, ez bait zen komeni neskatxa haurdun geratzea, oraindik bidaia hasi besterik egin ez zutenean. Baina zoriontsuegiak ziren horretaz kezka handirik izateko eta beraiek konturatu eta nahi gabe, bata bestearen besoetan zeuden beti, inork erakutsi ez zizkien hitzekin elkarri gogoa piztuz eta gauaz, edo berdin egunaz ere, hondartza anonimo eta abandonatuetan, itsasoaren bakardadea eta lurraren bakardadearen erdian, elkar maitatuz.
Presarik gabeko egunetan zehar, Cote d'Azur-etik gora Lioneko golkorantz igotzen joan ziren, beraiek bakarrik bere hitzekin, edo urte batzuk lehenago portu barruan barkuak gidatzen zituen abilezia berarekin orain ur libreak zeharkatzen zituen itsasuntziaren motorrak bere tuf-tuf monotonoarekin apurtzen zuten bakardadearen erdian.
Hondartza sakon batzuetan eskeletuak zeuden oraindik itsasgora heldu ez zen lekuetan eta argazkiak ateratzen zizkieten eta han aurrean, pasealekuen gainean zeuden etxeei ere bai, berdegunearen erdian erorita garaiak baziren, edo zutik oraindik, gutxi kaltetuak, eraikuntzak planta bakar batekoak baziren.
Leku haren eta beraiek utzi zutenaren artean ez zegoen inolako ezberdintasunik.
(23) Eta goiz batez, Niza parean zeudela, bikinia odoletan zuela esnatu zen Alba eta poza eta pena hartu zituen batera, funtsean ez bait zen gogaituko haurdun geratu izan balitz, eta, ez zegoela ikustean, bera edo Didac antzu ote ziren beldur izkutua izan zuen. Baina sexua gaitzat zeukaten liburu asko zeuzkan irakurrita eta bazekien lehenbiziko harremanek ez zutela fruiturik berak uste edo gaztetxoago zelarik sinisterazi zioten bezain sarri ematen. Bazitekeen mutikoaren adinak ere horretan eraginik izatea.
Didacek, Albak zituen beldur txikien gain ezertxo ere jakin gabe, irribarre egin zion.
(24) Eta itsasketa lasaia izan zuten beste bi egunen buruan, egunez itsasoa sutan jartzen zuen eguzki geroz eta beroagoa lagun zutelarik beti, La Spezia-tik aurrera aurkitzen ziren; hantxe zeuden bere urertzeko lorategi handiak eta Manarolako etxeak, haitz eta guzti karta joko baten antzera zanpaturik, eta hara non irudi bakarti bat antzematen duten hondartzan. Aspaldian bizirik ikusten zuten lehenengo pertsona zen eta hain ezustean harrapatu zituen, ezen pozez gainezka baino gehiago izututa begiratu bait zioten elkarri.
Katalejuen bidez segurtatu ahal izan zutenez ez zebiltzan oker; zinez gizon bat zen, baina orduan, enfokatzerakoan, atzekaldetik bakarrik ikusi zuten; zuhaitzei itsatsirik zeuden eraikuntza batzuei buruz zihoan korrika, ihesi bezala, sekulako oihuak emanaz. Han desagertu zen, bazterrera hurreratzeko asmoz itsasuntziaren banda aldatzen ari zirenean. Bi minutu beranduago lehorreratu ziren, armak hartuta eta Albak bularren parean lotu zuen alkandora bat zeramala gainean.
(25) Eta hondartzara heldu ondoren, zain egon ziren oraindik une batean, zalantzan eta gizona berriro agertuko zen uste osoarekin, baina denbora aurrera zihoan eta ez zen azaltzen. Agian beldurra zien.
Azkenean, bada, bera desagertu zen leku aldera hurreratu ziren eta txabola itxurako baten ingurura helduak zirelarik, ahots batek beraiek ulertu ez zituzten hitz batzuk oihukatu zituen harrizko gordeleku baten atzetik. Esanahia, ordea, argia zen, suzko armak beraiengana zuzendurik zeuzkaten hiru gizon bait zeuden han.
Non ezkutatu ez eta mauserrak erabiltzeko astia izan baino lehen hilko zituztenez, lurrera erortzen utzi zituzten eta zeuden tokian geldi geratu, Albak beste eskuaren ahurrean heriozko borobila gorderik zuela. Bihotza arrapalada zoroan zebilkion eta, bapatean, tranpa batean erori zirela ohartu zen.
(26) Eta ezezagunek, hogeitamar bat urteko bi gizon oso bizartsuak, eta ergel itxura zuen beste gazteago bat, hirurak batere arroparik gabe, gordelekutik irten eta hurreratu egin zitzaizkien zertxobait, Alba bezalako neska batek beraiengan sortzen zuen berotasuna izkutatzeko ahaleginik egin gabe, oso bestela baizik, gazteena masturbatzen ari bait zen.
Beste biek, ia indarkeria erabiliz, hitz batzuk esan zizkioten elkarri, Didaci begiratzen zioten bitartean. Argi zegoen bera hiltzeko asmoa zutela neskatxaren bila joan baino lehen eta Albak ez zuen ixtant batez ere pentsatu: jaso zuen besoa agudo eta bere eskutik tupustean atera zen izpi sortak kixkalita utzi zituen, hiltzera zihoazela ohartzeko betarik eman gabe.
Mauserrak berreskuratu eta, astirik galdu gabe, lehenik txalupara eta ondoren atoiuntzira itzuli ziren.
(27) Eta Albak agian bospasei ordu eman zituen geldi-geldi, hitzik egin gabe; ezta Didacek hitzegiten zionean ere. Gero, ezer esan gabe, uretara jaurti eta igerian egin zuen denbora luzean, mutikoak, berehala abiadura gutxitu zuelarik, gertutik jarraitzen zion bitartean. Berriz ere itsasontzira igo zenean, zera esan zuen:
-- Goazen etxera, Didac. Ez dut inor gehiago hil nahi.
Mutikoak argudio honekin erantzun zion:
-- Baliteke berriro egin beharrik ez izatea. Andrea dutenak ere egon daitezke.
Alba begira geratu zitzaion, irri mingarria egiten zuen lehenengo aldia izanik.
-- Gizonik ez duten andreak ere egon daitezke.
Orduan ni izango naiz enbarazo egingo diena. Didac isilik geratu zen.
(28) Eta gau hartan, inguru haietan beste norbait bizitzea zail samarra bazen ere, hala lo nola goardia txandaka egin zuten, lehorreratu gabe. Atoiuntzia kulunkan zebilen, itsasertzetik kilometro batera beharbada, motorra itzalita, zeru ilunaren azpian eta lur are ilunago baten aurrean, eguna argitzearekin batera berriro bere itxura negargarria erakutsiko ziena.
Alba, goardian bait zegoen orduan, ilunpetatik sortzen ziren haitz eta hondartzei so egon zitzaien eta hain nahigabe handia sentitu zuen, ezen min hartzen bait zuen bihotzean. Urez inguraturik eta mutikoa, manta batean bildua, bere oinetan lokarturik zegoela, beste uzkurraldi bat jasan zuela iruditu zitzaion eta agian handik mutikoak ere ez zuela aterako.
Baina gero, Didac esnatu zenean, amodioa lehenbizikoz egin zuten gauaz geroztik mutikoaren aurpegiak zuen adierazpen samur eta argi antzeko harekin, atsekabeturik zeukan tristura hura eztiagoa, eraman errezagoa egin zitzaion; izan ere, inor hil bazuen, bere gizona bizirik ateratzeko izan zen.
(29) Eta pentsamendu hark hainbeste min egin zionez, handik pixka batera, aise sinesterazi zion Didacek behin hain urrun helduz gero, gaizki egingo zutela jarraitzen ez bazuten. Esan zion:
-- Eta norbait ikusiz gero, edo norbait dagoela adierazten duten arrastoak, ez daukagu gerturatu beharrik. Bidaiatzeagatik besterik ez, Alba. Ez al duzu gogoko itsasoan bizitzea, barkuan ibiltzea?...
Lehorrak ere erakartzen zuen, ordea, agian arriskuak izango bazituzten ere, baina ez zen ausartu ezer esatera handik aste betera Napoli inguruan egon ziren arte; eta Albak, mutikoa harritu antzean utzirik, onartu egin zuen, agian bere amak urte batez, geografiako album bat erregalatu eta hiri hartako zenbait argazki agertzen zirelako, haien artean gogoan zuen asko gustatu zitzaion gaztelu batena.
(30) Eta gaztelua, l'Orvo-koa izatez, han zegoen oraindik, baina ez argazkian ikusten zen bezain ongi, dorreetariko bat erorita bait zegoen eta bere hondakinek txalupatxo batzuk estaltzen zituzten; beren osotasuna arriskuan jartzen zuten zenbait arraildura agerian zituzten harresien inguruan lotuta egon bide ziren. Ausarki, ordea, hondakinetan gora igo ziren, Vesubio eta inguruko uharteak goragotik ikusteko.
Geroago, hirian zehar norabide zehatzik gabe zebiltzala, museo batekin egin zuten topo. Brontzezko piezak, mosaikoak eta, batez ere, txiki-txiki egindako altzari zahar pila bat zegoen han sakabanaturik. Venus bat zatekeen emakumezko baten estatua txiki bat hartu zuten. Handik hurbil, etxe bateko habe-arte batean, kalexka hark izandako izena zeraman errotulua zegoen eskegita: Michelangelo.
Albak aberastasun guzti haiek eta halabeharrez galduko ziren beste hainbat gogoratu zituen, malenkoniaz.
Gizonaren ondoan, bere ondarea galduko zen.
(31) Eta itsas-golkotik irten zirenean, Ischia-rantz desbideratu ziren, non gau bat soilik igaro nahi eta lau egun eman zituzten, kalak, inguruetako uharte koskorrak, mahastiz estalitako muinoak, laranjaondo sailak eta La Spezia-ko abentura tamalgarria erabat ahantz erazi zieten pinu baso txikiak miatuz. Badietako ura urdin-urdina zen eta hain zen gardena, ezen bazirudien arrainak kristal garbi-garbi baten ostean zebiltzala igerian. Hain libre eta hain fidakor ikusten zituzten, ezen amua botatzera ere ez ziren ausartu, urperatzen zirenean eta elkarren atzetik besarkatuz zebiltzala ateratzen zituzten oihuekin behin baino gehiagotan izutu bazituzten ere, kolore biziko mirari hark, zeru, lur eta itsasoaren arteko harmoniak mozkortu balitu bezala.
(32) Eta oraindik mozkortuta, botan behera jarraitu zuten, Messina-ko itsasarteraino, non Gioia Tauro eta Palmi bitarteko hondartza batean geratu ziren, zer egin ezean: edo Joniko aldera jarraitu edota Siziliako kostaldera abiatu. Albak Venezian zeukan jarrita bere gogoa, zinean maiz ikusi zituen hango kanalak erakargarriak bait zitzaizkion; baina mapak zioenez, oso goian geratzen zen, Adriatikoaren uztaian. Hainbeste urrunduz gero, agian udazkenak atzemango zituen eta nork jakin neguak ere...
Azkenean, itsasartea gurutzatu eta Taorminarainoko bidaia egin zuten. Oraindik elurrez estalita zegoen Etnaren gailurra ikus zitekeen handik. Antzinako monumentuek apenas kalterik jasan zuten eta teatro greziarraren hondakinak plater hegalarien erasoaren aurretikoak izan bide ziren. Mendiaren maldan kokatu ziren, altzifre batzuen artean eta ez ziren handik astebetean mugitu.
Hemen ere, zeruaren eta itsasoaren urdina errukigabea zen eta edertasunez jantzitako lur hura, izpirituaz nagusitzen zen zorabio antzeko batekin, pozez gainezka ageri zen behin eta berriz. Paisaiak, urtaroak, bakardadeak, uren eztanda lizunak, orok ematen zuen zentzumenak aske uzteko gogo paganoa eta gogo hori nahitanahiez bete beharra zegoen. Ez zuten ezetzik esateko bat ere gogorik.
(33) Eta Taormina atzean utzi zutenerako urte sasoia nahiko aurreraturik zegoen; beraz, zuhur jokatzekotan atzera Bartzelonarako bidean jarri beharra zeukaten. Ongi neurtu zituzten bi egun lasaitan, lehorretik ez urruntzearren kosta ingurutik Capriraino joan ziren, non bazter, kala eta haizpeetan barrena sartu eta berezkoa zen harrizko zubi ikaragarri bat aurkitu zuten, inoiz ikusi ez bezalakoa.
Geroago, hondartza koxkor batean lehorreratu ziren, Anacapri-ko bidearen azpian. Itsas-izarrez beterik zegoen eta, alde guztietan bezala, sekulako txori aldra. Haiek ziren, beraiek biekin batera, denboran zintzilik bezala zegoen paisaia hartako izaki zaratatsu bakarrak.
Horrenbeste edertasun bihotza hunkitzeko modukoa zen eta Albak, doinu arrotz batekin, zera esan zuen:
-- Eta hondamendi hau gertatu ezean ez genuela inoiz ikusiko!
Didacek bere iritzia eman zuen:
-- Beharbada bai, handiagoak izatean.
Baina handiagotzean Didac langile gaixo bat izango zela pentsatu zuen Albak eta bera... zer izango ote zen bera?
Hilotz pilo handi baten gainean zoriontsu ziren segurtasun beldurgarria izateak estutzen zuen.
(34) Eta geroago, Tarchinia-tik gertu zeudela, bidaia guztian izandako lehen ekaitzak berrogeitazortzi orduz kala batean babestera behartu zituen, eta itsasuntzirik gabe geratzeko gertu egon ziren, motorrarekin burrukan zebiltzan olatuek hondarra jo erazi ziotenean. Itsasketa kontuetan hasi berriak izaki itsasontziari eusteko hondarrean esolak sartzea bururatu zitzaien eta eutsi egin zioten, zorionez, baina gero, ekaitza baretzean, hain goian geratu zitzaienez, ezin zuten berriro uretara itzuli. Biharamunera arte ez zuten ikusi beraiek ezin zutena itsasgorak egiten zuela.
Zama kendu eta beren ondasunak lehortzen jarri behar izan zituzten, zopa eginda bait zeuden. Baina ez zuten inoiz beldurrik izan; bidaian zehar hainbeste itsasontzi ikusi zituzten, ezen, arraunean bada ere eta sarri geratuz, bazekiten, nola edo hala, etxera helduko zirela.
(35) Eta ondoan zeudenez, etruskoen nekropolisa ikusteak merezi zuela pentsatu zuen Albak. Hogei bat kilometrotara zegoen, maparen eskala zehatza bazen bederen, baina ez zuten museotik aurrera jo, hantxe ilundu bait zien, beste zenbait gauzaren artean berreraikitako hilobiak, sarkofago mordoa eta hondamendiak kaltetu gabeko edalontzi grabatudunak ere bazeuden lekua aho zabalik ikusten zuten bitartean; izan ere, museoak ez zuen hormak bitan banatzera ere iristen ez ziren azaleko arraila batzuk beste kalterik.
Nitxo antzeko batean egin zuten lo eta biharamunean itsasora itzuli ziren; kezka apur bat ematen zien atoiuntzia hainbeste denboran bakarrik lagatzeak.
Albak, Napolin egin zuen bezala, ez zuen botin apal bat eramateko tentazioari uko egiten jakin. Bi hartxabal hartu zituen oraingoan, non etruskoek zentauroak eta beste zenbait animalia izugarri grabatu zituzten.
(36) Eta hurrengo egunean, Pionbino parera heltzean, itsasertza utzi eta Elbako irlaraino hurbildu ziren. Albak eskolan ikasitako historiako gaiekin lotzen zuen oraindik, baina han konfinaturiko enperadore baten oroimena ezabatu egin zen, lehorreratu eta hemen ere Ischia edo Taorminaren antzeko miraria errepikatzen zela ikustean. Arrantzale herri bat ikustera joan ziren, non etxeak zutik zeuden, baina agudo amaitu zuten ikustaldia, toki hura eskeletuz beteta bait zegoen. Bi besterik ez zeuden, ordea, oso itxura zaharreko eliza ikusgarri batean.
Biharamun goizean, uraren hein berean zegoen Porto Azurro-ko baso batean gaua eman ondoren bazihoazela, Alba, filmatzen ari zelarik, pelikularik gabe geratu zen.
(37) Eta berriro La Spezia igaro eta Genova-ra hurbiltzen ari zirenean, jakiak ez zirela iritsiko ohartu ziren, ekaitzaldian olatuek janari pila bat eraman bait zieten.
Beraz, oraindik ikutu gabeko itsasontziz betea zegoen portu batean atrakatu eta lurraren kontra zanpaturik bezala zeuden hondakin pila baten artean aurrera abiatu ziren, inon denda batera sartzeko zulorik topatu gabe; bazirudien ez zela sekula bat bera ere egon. Baina dendek ukatzen zietena Garibaldi ibilbideko jauregi batek eman zien. Sekulako etxea zen; aurrekaldea eta bere kontra zegoen teilatuaren zati bat bakarrik zituen lurrean.
Sukalde ikaragarri bati zegokion atzeko partean bi gorpu baztertu behar izan zituzten, janarigela bateko sarrera oztopatzen bait zuten. Gela hau bi puska desberdinetan zatiturik zegoen. Txikienean etxean egindako mermelada eta kontserban jarritako fruta ontzi mordoska ederra zegoen, eta bestean foie-gras tarrotxo, Albak etxean ikusi bezalako koipe pitxar, gazta, pasta-pakete, gurin, aluminiozko paperean bildutako hestebete eta abarrez parra-parra beterik aurkitzen ziren apalak. Denak ez zeuden, ordea, egoera onean.
Ohe bateko izarekin zakuto antzeko batzuk egin eta egoera onean zeuden bidariak eraman zituzten. Biharamunean oraindik beste bidaia bat egin zuten kontserbak garraiatzeko.
(38) Eta, kaxoirik ikusteke eta arasarik aztertzeke utzi gabe, goitik behera arakatu zuten jauregian liburutegi bat zegoen, zenbait milaka libururekin, batzuk oso zaharrak, pergaminoz eginak eta fraideek garai batean bezala margotuak, eta beste batzuk inprenta garaikoak, azti, deabru, emakume orraztu gabeak eta infernuko zeremonietan parte hartzen zuten pertsonaia makurrak agertzen ziren irudi harrigarri eta beldurgarriekin. Grabatu haiek, hain zaharrak ikusten ziren eta hain erakargarriak, ezen Albari min ematen bait zion laga beharrak.
Arropak uzteko erabili bide ziren zumezko bi otar errektangular betetzea erabaki zuen, eta apalak hustutzerakoan, beste liburutegi bat aurkitu zuen atzean. Aurreneko liburuak gainbegiratzean arnasarik gabe geratu zen. Ehunen bat liburu erotiko ziren, harrigarriro enkoadernatuak, kalitatezko paperean inprimatuak eta, guztiak, sinistezinezko irudiz beteak. Marrazkigileek, bakoitzak bere izaeraren arabera, fantasiarik oparoena, edota xehetasun txikienaren aurrean atzera egiten ez zuen errealismo antsia bat jarri zuten marrazki haietan.
Berehala konturatu zen bere gaian liburu baliotsuak zirela eta oraindik bera baino ahozabalago zegoen Didacen laguntzarekin, beste bi otar gehiago bete zituen. Amaitzerakoan eta lau joan-etorritako garraiatze lanei hasiera ematean, barre egiten zuen, iraganean debekaturik egon ziren liburuak etorkizunerako gordetzen ari zela pentsatuz.
(39) Eta jauregitik azken kargamentuarekin irteterakoan, emakume batekin egin zuten topo tupustean. Lotarako atorra itxurako bat zeraman jantzita, luzea, zikina eta hain zarpaildua, ezen bularra ere agerian bait zuen: nazka ematen zuten bi titi huts eta erori. Bakarrik zegoen eta ez zitzaion armarik ikusten, baina beraiek, bien artean zeramaten otarra berehala erortzen utzi eta sorbaldan zintzilik zeramatzaten mauserrak hartu zituzten.
Emakumeak, keinu mehatxagarri hura igarri ez balu bezala, hitz bat esan zuen, bambina, irribarre egin zuen ez galdua ez lagunartekoa zen aurpegiarekin, irribarrez ari zela jakingo ez balu bezala, aihen antzeko esku bat luzatu zion Albari, eta orduan, ikutzerik lortu gabe, aurpegia aldatu, buelta erdi eman eta, besterik esan gabe, korrika hasi zen.
Atzetik jarraitu zioten, urruti samarretik eta armak beti gertu zituztela, beste inor agertuta ere, baina berak jauzi bat egin eta harri pila baten atzean izkutatu zen. Hara heldu zirenerako desagertuta zegoen. Gero kantari ari zela entzun zuten.
Zaborrek eratzen zuten harpe antzeko batean ze goen, non nahas-mahasean zeuzkan arropekin egindako ohatze bat eta kantari ari zen bitartean kulunkatzen zuen sehaska bat besterik ez zegoen. Ohe barruan hezur batzuk zeudela igartzen zen; hain txikiak ziren, ezen gehienaz ere urte pare bat edukiko zuen haur batenak izan bide ziren.
Alba eta Didacek buelta hartu eta bakean utzi zuten; garbi asko zegoen emakumea burutik egina zegoela.
(40) Eta ez zuten uste berriro ikusiko zutenik baina orduan, portutik irtetera zihoazenean, Benauraren motorra hutsegiten hasi zitzaien, behin eta berriz, trabaren batetik libratzeko eztulka ari balitz bezala, eta azkenean gelditu egin zen.
Bertantxe begiratu zioten, zer hondatu zitzaion jakitea artean lortu gabe, eta bi ordu beranduago egoera berdinean edo oraindik okerragoan jarraitzen zutela ikusirik, ordu pare bat baino askoz gehiagorako argitasunik ez bait zitzaien geratzen, lehorrera itzultzea erabaki zuten eta han igaro zuten gaua.
Biharamunean goiz erdirako konponduta zeukan arazoa Didacek, oso arazo xinplea azken batean, gastaturik zegoelako jokorik egiten ez zuen pieza batena bait zen erru guztia. Bere lekuan ordezko berri bat jartzea nahikoa izan zen, atzera lehen bezala ibiltzeko.
Bazkal ondoren, berriro bidaiari ekitekotan zeudela, han, agian berrogeitamarren bat metrotara, emakumea zegoela ohartu zen Alba eta Didaci jakin erazi zion. Honek, buelta eman eta segurtasunik gabe, zera esan zuen:
-- Zer uste duzu? Zerbaiten bila ote dabil? Agian gurekin batean eraman dezagun?
-- Ez dakit...
Hurrera zedila adierazi zioten keinuka, baina berak han jarraitzen zuen geldi, beraiei begira, Albak «goazen hara» esan zuen arte.
(41) Eta emakumeak, beregana zetozela ikustean, atzera egin zuen eta hondakin artetik ibiltzen hasi, baina oraingoan poliki-poliki, hain zuzen ere atzetik segi ziezaioten nahi balu bezala. Noizbehinka itzuli egiten zen, bere atzean jarraitzen zutela ziurtatzeko.
Aurreko egunean ikusi zuten harpe hartaraino eraman zituen eta beraiek heldu zirenerako hezurtxoak kulunkatzen ari zen. Handik pixka batera gelditu egin zen, Albarengana joan, eskutik heldu eta, erdi arrastaka, sehaska ondora eraman zuen. Orduan, era goxo batez, titi bat hartu zion. Neskatxak atzera egin zuen, bapatean. Bitartean, Didacek zera galdetu zuen:
-- Zer nahi du?
Emakumeak berriro keinu bera egin zuen, baina oraingoan ez zion ikutzerik izan, Alba, buelta hartu, eta harpetik kanpora bait zihoan, Didacek sekula ikusi ez zion bezalako aurpegikerarekin. Bere atzetik kanpora irten eta berriro:
-- Zer nahi zuen?
-- Ez al duzu ulertu? Hezurtxoei titia ematea!
Didac begira geratu zitzaion harri eta zur; atzera barrura begiratu zuen. Emakumea sehaska kulunkatzen ari zen bere alboan zutik jarrita.
(42) Eta ordu bete beranduago, Didac pentsakor batek lema hartu eta itsasoan zeuden berriro. Nekeza egiten zitzaion inor hiru urtetik gora hilik zeraman haur bati titia eman nahi izateko eran erotu zitekeela sinestea.
-- Ziur al zaude, Alba?
-- Zergatik heldu zidan bularretik, bestela? Ni ikutzeko gogoa zuelako?
-- Ez, noski... Normalak, orduan, gu bakarrik gaude.
Neskatxak, haserreturik, honela erantzun zuen:
-- Ez, ezta gu ere. Normala iruditzen al zaizu hamabi urte besterik ez eta emakume batekin lo egitea?
Eta nik zurekin lo egin nahi izatea?
Didacek, inolako zalantzarik gabe, bota zion:
-- Bai! Erabat normala! Garrantzizkoa ez da adina. Eta neskatxak amore eman behar izan zion; azken batean, berak ere horrela pentsatzen bait zuen.
(43) Eta dagoeneko Frantziako itsasertzean zeudela, ekaitza atera eta Toulon-en egon behar izan zuten sei egunez. Oraingoan, ordea, erauntsia iragartzen zuten seinaleak, oso landuak, antzematen jakin zuten, eta tximista eta trumoi hots ikaragarriarekin botatzen hasi zenerako, portuan gordeta zeuden.
Erakunde ofizialen bateko egoitzak egon bide ziren etxe batean babestu ziren, baina ez zuten oso ongi aukeratu, zeren iluntzean urez puztuta zegoen sabaiaren zati bat erori eta igeltso puska batek lokian zauritu zuen Alba.
Euri jasa itxi eta amorratu baten erdian atoiuntzira abiatu zen Didac korrika eta botikinarekin itzuli. Edifizio bereko beste gela batera aldatu eta zabala baina azalekoa zen zauria garbitu ondoren, gasaz eta esparadrapuz bildu zuen. Jarraian, altzari puskaz sua egin zuten hartzabal gainean, mutikoa erabat bustita bait zegoen eta larrugorrian hotza egiten zuen.
Ekaitza urrundu arte ez zioten laga itzaltzen.
(44) Eta zain zeuden bitartean bat etorri ziren biak honetan: bidaia, zenbait unetan beren ametsak hankaz gora bota bazituen ere, ez zela guztiz baliorik gabekoa izan. Orain bazekiten ez zutela beste inoren laguntzarik izango. Nahiz eta lurreko biztanle bakarrak ez zirela frogatutzat eman, ikusitako ezerk ez zituen bizirik geratu zirenekin bat egitera bultzatzean. Albak esan zuen:
-- Beraz, beste inor ez balego bezala jokatu beharko dugu. Egiten genuena eginaz jarraituko dugu.
-- Baina horregatik ez gara datorren udan irten gabe geratuko. Polita iruditzen zait alde batetik bestera ibiltzea...
Albak baietsi egin zuen, isil antzean, beste zerbait pentsatzen ariko balitz bezala, baina mutikoak ez zion kasurik egin, ongi bait zekien Alba ez zela bera bezain ibiltaria.
(45) Eta nola giroa kanpora irten eta hiriko bazterrak miatzeko egokia ez zen, ia sei egun osoak suak hauts bihurtzen zituen mahai eta artxibategiz beterik zegoen etxetzar ofizial haren barnean eman zituzten. Alde batetik besteraino ikusi zuten, hori bai, baina ezustekorik ez zeukanez, ekaitza baretu baino lehen aspertu ziren.
Ia ustegabean gertatu zen hori, euri jasak atertu eta kristalik gabeko leihoetatik urre antzeko argitasuna sartu, sua ikutu eta korrika kanpora irten arazi zien arratsalde batean. Haizea ikaragarri hezea zen eta zerumugan eguzkia, orain hodeirik gabe, sartalderuntz zihoan. Ortzadar ikaragarri batek zeharkatzen zuen zerua, bi munduren arteko zubia bailitzan. Hondakin artean dizdizka beira zati pila bat zegoen eta behean, kaian, atoiuntzia ura txorrotaka zerion txalupatxo kaxkar bat besterik ez zen.
Alde egiteko beranduegi zen eta gau hartan oraindik ere suaren ondoan egin zuten lo.
(46) Eta goiz aldera, Albaren egun batzuetako isiltasunak bere ibiltari izateko gogo ezarekin zerikusirik ez zuela jakin zuen Didacek. Esna zeuden biak, ordu haietan, itzalita zegoen suak berotzen ez zuenean, sarri egoten ziren bezala eta mutikoa berpiztera jeiki zen.
Albaren ondora itzultzean, laztandu egin zuen eta Albak besarkatu zuenean, bere gainean etzan zen. Orduan neskatxak zera esan zion belarri ondora:
-- Gauza bat jakin nahi al duzu?
-- Bai.
-- Haurdun nagoela uste dut.
Mutikoak, txunditurik, atzera egin zuen.
-- Noiztik?
-- Zu ez zara konturatu, baina duela bi aste baino gehiago izan behar nuen hilekoa...
Eta ezpainak kilikaduraz gainezka zituela, musu eman zion. Ondoren zera errepikatu zion:
-- Haurdun utzi nauzu, Didac.
(47) Eta biharamunean, berriro itsasoan, mutikoak ez zion begia sabeletik kentzen, nahiz eta Albak barrez zera esan:
-- Oraindik ezin liteke ezer ikusi, hain agudo.
Baina Didac txoraturik zegoen han, sabel hartan, berea izango zen, berak sortu zuen haur bat erneko zelako. Oso bestelakoa zen hura edo, luzaroan egin zuten legez, gerorako asmo bati buruz aritzea. Dagoeneko umea hazten ari zen, oraindik gorabeherarik ez zuen sabelaren barruan, eta horrek dena aldatzen zuen.
Antsiaz eta liluraz begiratzen zion, bada, berak honako hau esateaz kasik harrituta:
-- Bai, lehengo berbera naiz, Didac!
-- Ez horixe!
-- Zergatik?
-- Ez dakit... Izan ere orain, egia denean, ezin dut sinetsi haur bat egin dizudanik.
Albak barreari ematen zion berriro.
-- Egin didazu, bada. Eta gehiago ere egingo didazu, askozaz gehiago, Didac!
(48) Eta hain poz ikaragarria hartzen zuten, ezen, bere buruarekin bakarrik pentsatuz, ez ziren ia ohartzen nondik nora zebiltzan ere. Nahitanahiez, beti ume haren gainean hitzeginez amaitzen zuten eta batzuetan seriotasun handiz mintzatzen ziren, mutikoak zera esan zuenean bezala:
-- Asko zaindu beharko duzu orain zeure burua; ez dizut lagako lan gogorrik egiten.
Eta beste batzuetan, alaitasun hark esamesetan aritzera bultzatzen zituen, barre algarak egiteko gero haien kontura, nahiz eta funtsean egia apur bat eduki, Albak zera oihukatu zuenean bezala:
-- Biztanlez bete behar dugu lurra! Ohartzen al zara zer lan daukagun oraindik egiteko?
-- Noski; hasi besterik ez gara egin!
-- Eskerrak atsegin zaigula, ezta?
Mutikoak besarkatu egiten zuen.
-- Horixe da gehien atsegin dudana, Alba!
(49) Eta oro alaitasun eta hitz zuhur zertan izan ez zegoenez, eztabaidaren bat ere izan zuten, huskeria bategatik; goiz batez, mutikoak Albari, haurrari kalterik ez egitearren, igerian egitea debekatu zionean bezala. Honela mintzatu zitzaion:
-- Busti zaitez hondartzan pixka bat, nahi baduzu. Albak, iseka eginaz:
-- Pixka bat? Oinak, agian?
Didac haserretu egin zitzaion gauzak hain arin hartzeagatik eta gogoratu zion azken batean aita bera zenez, erantzunkizun bat ere bazuela. Oraingoan haserretu zena Alba izan zen:
-- Noski; ni arduragabe bat naiz, ezta?
Erantzunaren zain egon gabe bere burua uretara jaurti zuen eta handik hogei minutura itzuli eta mutikoak erretolikarekin jarraitzen zuelarik, kexu agertu zen:
-- Seme-alabek elkartu egiten dutela zioten herrian, baina ikusten denez guri ostera gertatzen zaigu, mutiko.
Gero, ordea, mutikoak erantzunkizunari buruz esan zuena gogoratu zuenean samurtu egin zen eta Albak berak egin nahi izan zituen onezkoak.
(50) Eta eguraldia erabat aldatzen ari zen orain, edo hala zirudien behintzat; eguzkiak ez zuen hainbeste berotzen, egunak askoz laburragoak ziren eta, eguerdiko orduetan izan ezik, jantzita ibili beharra zeukaten. Sarritan euri itxura hartzen zuen eta alde batetik bestera saldoka zihoazen hodeiez beteta egoten zen zerua, eta horrek nahastu egiten zituen. Behin baino gehiagotan lehorreratu ziren presaka zerua ilunegi jartzen ari zelako, eta egunero, badaezpada ere, eguzkia jarri baino lehen amarratzen zuten babesean zegoen lekuren batean.
Beraz, orain bidaia uste baino astiroago zihoan baina, hala ere, ez zitzaien gehiegi axola. Benetazko itsasozale bihurtuta zeuden eta udazkenean sartzearekin hartzen zuten penarik handiena zen, Bartzelonara helduz gero ez zutela plaiara jeisterik izango.
(51) Eta haietako gau batean izutu egin ziren, handik ez oso urrutira zoritxarrekoak ziren zaunka amorratu batzuk behin eta berriro entzun zituztenean. Lo zeuden biak eta nahi gabe eskua beti ondoan lagatzen zituzten armetara luzatua zutela esnatu ziren. Didacek zera esan zuen ahapeka:
-- Zakurra dirudi, ezta?
Egun urrun hartatik ez zuten hilik ez zegoen bat bera ere ikusi eta, agian horretxegatik, arraza betirako desagertua zela uste zuten. Orain, ahausi haiek, benetan zakurrarenak baziren, hankaz gora botatzen zituzten beren usteak.
Gaua beltzegia zen begiek, iluntzean ikusi zutenez, beraien eta iluntzean ikusi zuten errepide baten artean zegoen lur ordeka txikia baino haruntzago ezer igartzeko eta iluntasunean ez ziren behin-behineko gordelekua uztera ausartzen. Beraz, zelatan egotera mugatu ziren, baina animaliak ere ez zirudien beraiengana hurbildu nahi zuenik, usainik hartu bazien bederen.
Zaunka jarraitu zuen, tartean isilune laburrak eginaz, harik eta eguna urratu baino lehentxeago erabat isildu zen arte, eta alde egin bide zuen, eguzkia irtetean egindako miaketa txikiak ez bait zuen inolako ondoriorik eman.
Geroago ere, kosta ondotik, begiak zerbait mugitzen ote zen begira jarrita zihoazela, ez zuten ezer entzun, ezta ikusi ere. Ezin zuten sinistu, ordea, hura entzumenaren ziri sartze bat izan zenik; biek entzun zituzten ahausiak eta irudipena izateko gehiegi iraun zuten. Didacek zera esan zuen, eta seguraski arrazoi izango zuen:
-- Ongi pentsatuta, denetik zerbait geratu bide da; gizonen antzera, animalia banaka batzuk, nahiz eta gutxi izan...
(52) Eta ez zuten beste bizidunik ikusi handik bidaia bukatu artean. Orain Rte-tik aurrera zihoazen eta muga egon zen lekura gerturatzen ari ziren. Orain ez zegoen mugarik inon eta Albak barrea eragin zion burutazio marjinal bat izan zuen:
-- Ba al dakizu, Didac, agiririk ez daukagula?
Mutikoak ez zion ulertu, agian sekula agiririk izan ez zuelako; gazteegia zen oraindik eginerazten zituzten agintariak zeudenean.
(53) Eta arratsean, akanpatzera zihoazenean, Albari lehen esandakoarekin zerikusia zuen beste gauza bat bururatu zitzaion oraindik:
-- Gure haurra ez da inongo erregistrotan ageriko... Zer iruditzen zaizu jaiotzen denean bati hasiera ematen badiogu?
Baina mutikoak ez zekien erregistroa zer zen ere eta azaldu beharra izan zion. Neskatxak zera gaineratu zuen:
-- Atsegina zaigun izena jarriko diogu eta inork ez du ezer esatekorik edukiko.
Zeren bere jaioterrian santuen izenak bakarrik onartzen bait ziren eta inork ezin zezakeen izen berririk asmatu.
-- Baten bat pentsatu al duzu?
Baina ez, Didac ez zen oraindik izenaren gainean pentsatzen jarri.
(54) Eta buruan bueltaka erabili behar zuen, zeren hurrengo egunean, eguerdi aldera, denborak atzera egin eta berriz uda minean baleude bezala berriro erre egiten zuen eguzkiaren pean axolagabeki itsasoan aurrera zihoazelarik, esaten du:
-- Mutila izan ala neska, izen bera jarri al diezaiokegu?
-- Baietz uste dut.
-- Zure ustez zer izango da?
-- Nola nahi duzu jakitea, Didac? Agian mutila eta neska izango dira!
Mutikoa begira geratu zitzaion eta, gero, irribarre egin zuen.
-- A, bada, ongi egongo litzateke, aizu!
Baina Albak ez zuen horrela uste, bere familian ez bait zen inoiz bikirik egon. Galdetzen dio:
-- Zein izen pentsatu duzu?
-- Mar.
Albari egokia iruditu zitzaion; polita izateaz gain, beraien hizkuntzan berdin balio bait zuen harrak zein emeak izendatzeko.
(55) Eta bi egun gehiago eta berriro Tossan, beren bizitza mugatu zuen herrian zeuden, zeren Albak gogoratu bezala, lau hilabete lehenago haur batzuk zirela lehorreratu ziren bertan eta berriro itsasoratzean, andre eta gizon bihurturik zeuden. Eguzkia bere goienean zegoen unean gelditu ziren eta oraingoan ere Albak igerian heldu nahi izan zuen hondartzara. Giro onarekin jarraitzen zuten eta ura, une hartan, epela zegoen.
Didac, txalupa lotu ondoren, Albarekin elkartu zen biak batera igerian egin edo urazalean etzanda egoteko. Orain ez zen haserretzen neskatxak ariketa hura egiten zuelako; zenbait egun lehenago izandako haserraldiaren ondoren, pentsatu zuen nehork ezin zezakeela jakin Albak baino hobeto zer zen berari komeni zitzaiona eta zer ez: bera zen umea barrenean zeramana.
Hondartzan, bikinia kendu eta sabela ikutu zion betiko keinu samurrarekin eta galdetzen dio:
-- Ez al duzu sentitzen oraindik?
Neskatxak irribarre egin zion, ukatuz, eta mutikoa aldendu egin zen apur bat, berari begira, hondarrean etzanda zegoen neskatxari, eta azala bere saihets mugiezinetara irristatzen ziren edo bere titien borobiltasuna zeharkatzen zuten ur tantez beterik zuela. Gero esaten dio:
-- Gaurko eguna urteurren baten antzekoa da, ezta?
Albak, isil-isilik eta irribarre aldakor batekin, baietz adierazi zion. Didac belaunikatu eta bere gainera okertu zen eta, zain egoten zitzaion guztietan bezala lodiagotzen ari zirela ziruditen eta erdi irekiak zituen ezpainetan musu eman zion.
Baina luze joan zen oraindik amodioa egin zionerako.
© Manuel de Pedrolo © itzulpenarena: Jokin Lasa