XV

 

        — Noiz eta bart lo egin behar kanpoan —esaten zidan—, galdetu eta ez hengoenean, ia atakea eman zidaan. Non hengoen bart?

        Ni zeharo beste gauza batean ari nintzen pentsatzen, eta bera ere horretan ari zen pentsatzen, baina hain zegoen asaldaturik ezen nitaz hitz egiten baitzuen. Gerora bakarrik jakin ahal izan nuen nola gertatu zen. Eta gehiegi ere jakin nuen. Goiz horretatik Carletto ere ez zen gauza bera izan. Ia, ia guri ere beldurra sartu zigun.

        Goiz hartan Giulianella bere etxera joana zen. Carletto atera irten, eta Giulianellak negarrez besarkatu zuen. Luciano lotan zegoela lauzpabost joan, etxea hankaz gora jarri, gero janzteko agindu eta atxilotu egin zuten. Giulianella oraindik gure etxean zegoen berriak jakiteko; denok atxilotu gintuztela uste zuen.

        — Ahantz ezak —esaten diot Carlettori.

        — Pentsa hire etxera deitu, eta Marinak ez hintzela itzuli esan didanean. «Kalean harrapatu ditek», oihu egin dik Dorinak. «Denak harrapatuko ditiztek. Baita hi ere». Eta lasterka egin diat hire bila.

        — Auskalo zer egin duen Lucianok —esan nuen.

        Baina Carlettok eskuak ikaratan zeuzkan. Ez zen bukatua. Giulianellak zioenez orri batzuk aurkitu dizkiote, eta Lucianok hitz egiten bazuen ondo jaioak geunden.

        — Gizajoa —zioen Carlettok—, ikusiko duk nola joko duten eta hitz eragingo dioten.

        Neurekiko pentsatu eta isilik geratu nintzen. Zera esan nahi izango niokeen. «Ikusi duk?», baina pena eman zidan eta esan nuen: —Oraindik kanpoan hago—. Hitz egiten denean ezer ematen ez duen gauza bat da presondegia.

        Orririk ba al zuen galdetu nion Carlettori eta esan zuen: —Ez—. Gero gelan zehar zebilen eta gelditu eta oihu egin zuen: —Madarikazioa!

        — Zer duk?

        — Dorinaren senarraren liburuak zeudek.

        Orduan etxera ez zuela itzuli nahi esan zidan. —Ez ditek gauez bakarrik atxilotzen. Ibilian zehar harrapatzeko zain egotea gerta litekek. Edo teatroan agian. Edo harrapaketa bat egin nahi ditek emakumeekin.

        Nahi zuena esaten utzi nion eta pentsatzen nengoen. Carlettok ihes eginez gero, denak ohartuko ziren. Hutsaren truk arriskatzen zuen bere burua. Zer gertatu zen jakin beharra zegoen; zergatik harrapatu zuten Luciano eta ez bera. Bazitekeen Lucianok beste adiskide batzuk izatea ere. Kafetegiko ikasle eta abokatuak esate baterako.

        Gelan harat-honat zebilela, neure burutapena esan nion Carlettori. Momentuz ez zuen erantzun. Zurbil eta asaldaturik zegoen. Gero gelditu eta esan zuen: —Ez al duk ulertzen orri horiena? Harrapatu baditek norbaitek hitz egin duelako duk. Eta berak ere hitz egingo dik, kalean nagoela ez baldin bazekik.

        Torinotik ibiltzen nintzen garaiaz gogoratu nintzen, mozkorrak harrapatzen eta zenbat eta gehiago edaten nuen hainbat eta gehiago pentsatzen nuen gauza askotan eta estufa gaineko ura bezala neukan odola. Berak bezala, ez nintzen geldi egoteko gauza eta bakarrik hitz egiten nuen. Beti, gau eta egun, gauza hura neukan begien aurrean.

        — Ni ez nauk hemendik mugituko —esan zuen Carlettok—. Inork ez zekik hemen nagoenik.

        — Astirik baldin badiat, liburu horien bila joango nauk etxera —esan nuen orduan—. Auskalo zer ari den pentsatzen Dorina.

        Baratzean gera zedila esan eta alde egin nuen. Plazan dena lasai zegoen. Igo nintzen eskaileratan gora, esan beharra dut, astiro-astiro, eta lehenik atso zaharraren etxean sartzeko zorian nengoenean, alderen alde zabaltzen da beste atea eta entzuten dut: «Pablo». Denak zeuden, Dorina, Giulianella, nire atsoa eta amona. Giulianella lur joago ikustea espero nuen. Urduri samar baizik ez zegoen. Amona zebilen aspergarri, beti atzetik. Liburuez fardel bat egiteko esan nion bat-batean Dorinari. Carlettori beldurra sartu zitzaiola eta ez zegoela zereginik azaldu nuen gero.

        — Joan egin behar dik, alde egin behar dik —zioten emakumeek.

        — Eta Fabrizio, harrapatu al dute Fabrizio?

        — Bai zera!

        Zerbait egitearren alde egitekotan geratu ginen. Aski zen Erromatik kanpora ahaide batzuen etxera joatea. Dorina dendara joan zen berarekin hitz egin eta geratzeko. Nik liburu fardelarekin batera eraman nuen Giulianella eta esaten nuen: «Tiberrera botako ditut».

        Hori egin beharrean kafetegi batera sartu ginen, Giulianella ibiltzez nekaturik baitzegoen. Orriei buruz ez zegoela ziur esan zidan. Paperak eramanak zituzten, musika piezak, makinaz idatziriko gauzak, baina agian aktore paper bat besterik ez zen. Hizketan ari zen bitartean begiak gorriturik ikusten nizkion. Ez zen bere nebaren kontra hasi, ez zen inoren kontra hasi. Joko zutenaz ziur zegoela besterik ez zuen esan. — Jaun bat sartzen dutenean —esan zidan— ongi tratatzen ditek. Gu, ordea, komunistak bezalakoak gaituk.

        — Agian, hala gaitun —esan nion.

        Hark ozta-ozta barre egin zuen, eta teatrora joaten al nintzen galdetu zidan. Hiru falta zirela azaldu behar zitzaion nagusiari.

        — Liburuak ditinat. Etxera nioan. Elkar ikusiko dinagu.

        Lan egiten duena bakarrik jotzen dutelakoa egia ote zen pentsatzen aritu nintzen bidean. Jaunei baino guri beldur handiago izatea besterik ez genuen behar. Joko hartaz zerbait ulertzen hasia nintzen.

        Carletto eta Dorina, ohean eseririk, oraindik eztabaidan ari ziren. Gina atean zegoen itxaroten eta Pippo enkarguak egitera bidaltzeko adina buru izan zuen.

        — Zerbait gertatu dun —esan nion belarrira pasatzean.

        Hark ez zuen erantzun eta burua makurtu zuen, gorri-gorri eginik, nire aurpegiaren gain.

        Carlettok alde egin behar zuela uler zezan ohe gehiagorik ez zegoela ikusi beharra izan zuen. Azken finean, orri haiek ez zeudela esan nion, lasai egon behar zuela, Luciano jatorra zela. Dorina Fabriziorekin jakinaren gainean jartzera joan zen, eta Carlettok kopan pare bat jan zuen han atzean. Ixteko esan nion Ginari eta neurekin eraman nuen. Elkarrekin joan ginen aurrealdeko tabernara.

        Arratsean Dorina eta Fabrizio heldu ziren, eta jende asko ikusia zuten eta toki guztietan patxada zegoen. Atean deitzen zuten bakoitzeko, Carletto zen leihatilara lasterka egiten zuena. Landara joatea alferrik zela adierazi genion: polizia bila bazebilkion, han ere harrapatuko zuen. Carlettok ulertu zuela ikusi nuen baina ez zuen atzera egin nahi ohoreagatik. Azkenean Dorina eta fardelarekin alde egin zuen, eta Fabrizio bere teatrora itzuli zen.

        Hala, egunak pasa ziren eta ez genuen berriz elkar ikusi. Arratsaldero, Pippok alde egitean, Ginaren begiak zain neuzkan. Lehenago zakar eta lehor hitz egiten zuen; une horretan etsipenez begiratzen zidan. Hurbiltzen banintzaion eta zerbait esan, eskuak hartzen zizkidan. Behin edo bestetan geratu nintzen gauez.

        Ekaina zen, eta pena ematen zuen kartzelan zeudenengan pentsatzeak. Zergatik haiek eta ez gu? Ez dakit zergatik, gauez jotzen zituztelakoaz sinetsirik nengoen. Joan nintekeen kale guzti haietan zehar, Ginarekin gaua pasa, goizaldera etxera itzuli —presondegiko beste haiek ez nuen burutik kentzerik lortzen. Zenbat eta hozkirriago egin eta zenbat eta jende alai gehiago izan kalean —Tiberren zehar, lorategietan, kafetegien aurrean— hainbat eta gehiago nozitzen nuen. Arratsaldean bizikletaz ostera bat egiten nuenean kanpoaldetara joaten nintzen, auzategi urrun eta lasaienak bilatzen nituen; ezin nituen hiri erdiko bidegurutzeak jasan, hango beroa eta auto eta jende-zarata, asfalto distiratsu eta kiratsua. Piazza Venezia hurbil zegoen, eta kiratsa eta ahots hura sumatzen nuen. Eraikuntzei eta kazetei begiratuz sentitzen zen. Gainean zeramaten oinezkoek. Kantoiari bira eman eta erdiko kalexka haiek sastegiak ziren. Noizdanik pixa egiten ote zuten han erromatarrek? Lungaratik pasatua nintzen kartzela ikustera. Eta han ere eguzkitan egosten ari zen usain hura. Trattorian Giulianellaren bila ibili nintzen baina ez zen ageri. Ez nekien non bizi zen, ezta jakin nahi ere. Fabrizio topatu nuen eta itxarotea hobe zela esan zidan. Giulianella kartzelara joaten zen gauzak eramatera, eta argi zegoen jarraitzen zutela. Hobe zen agirian ez ibiltzea.

        Guzti honek barregura kentzen zuen. Inor ez zegoen, Gina eta Marina izan ezik. Bizikletaz irteteari utzi, eta dendan egoten nintzen. Eta azkenaren buruan Marina zaharra ez zen aspergarria. Bera arduratzen zen Dorinaren bi alabez, amonarekin batera. Ginak ere ulertua zuen ni neure gisara egina nintzela, eta utzi egiten zidan joaten eta etortzen eta bera arduratzen zen negozioaz. Ez zuen ezer aldatu nire portzentaje kontuetan. Biharamunean egin zuen saioa —mantendu egin nahi ninduen. Baina halako moztadez egin zuen non barre egin nuen behingoz: —Andre maitea —esan nion—, ohea negozioan sartzea nahi al dun? Pablo naun eta soldatapean lan egiten dinat. Zer arraio.

        Han aurrealdera joaten nintzen miluak jatera. Gero gitarrari eskua ezarri eta kaxoi batean esertzen nintzen. Tailerreko lana aurrera zihoan. Batzuetan motorren bat etortzen zen eta motor bat ukitzeko aukera izaten nuen. Kapital bat edukiz gero, hedatzeko unea zen. Ginak ulertzen zituen gauza hauek eta jarraitzen ninduen. Gauez itzarturik egoten zen hori pentsatzen. Nik honekin eta harekin hitz egiten nuen, neure kontuak ateratzen nituen; baina benetan etorkizunean sinesten ote nuen, ez dakit. Lucianoren goizetik zerbait gertatua zen. Airean igartzen nien zerbait bazegoela. Ezin zezakeen iraun baina burutada bat baizik ez izatea espero nuen. Batzuetan larria ere sartzen zitzaidan. Ginarekin ere ez nintzen lasaitzen.

        Hark denetik egiten zuen pozik egon nendin, ordu erdi batez berari entzuten ohe hartan geratzeko. Oraindik ezkongabe zegoenekoaz hitz egiten zidan, mendi haien bestaldetik zuten negozioaz, non bere aitak itzaintzan eta erremintaritzan lan egin baitzuen, eta bertara ni bezalako gitarra jole bat joaten omen zen. Arropak garbitu eta konpondu nahi izan zizkidan. Entsaladak egiten zizkidan piperminez eta okelaz. Eta gau batez erdi zakar eta negarti semerik ezin zuela izan esan zidan, operatu egin zutela-eta. Esan zuen: —Ez duk ezeren beldurrik izan behar —eta beregana erakartzen ninduen. Sekula ez dela jakiten esan nion.

        Ekaina zen eta Tiberrera joateko asmoa nuen. Baina ez nengoen lasai. Etxean egon nahi izango nukeen denbora guztian berririk iristen bazen berehala jakiteko. Eta Dorinak derrigor itzuli behar zuen halako batean. Eta Fabriziok zerbait esango zidala agindua zidan. Agian honela hobeto zela pentsatzen nuen batzuetan. Ez nukeen berriro inor ikusiko, ez nukeen berriro gaizki pentsatuko. Uda hura tailerrean lan eginez pasako nukeen. «Torinon bat eta beste bat desberdina Erroman», marmar egiten nuen. —Hago nirekin —esaten zuen Ginak gau horietan. Gaitz erdi, esan nion neure buruari, beti hegapean nago.

        Egun batean liburu fardel hari ezarri nizkion eskuak. Ez nituen Tiberrera bota. Zahar eta likinak ziren. Denbora pasa begiratu nien eta Ginari esan: —Norbaitek galdetzen badin senarraren gauzak ditun—. Frantsesez eta beste hizkuntzaz idatziak zeuden. Biharamunean zubitik behera bota nituen. Baina italieraz idatziak neuretzat gorde nituen. 15eko gerratea eta Fascioaren historia eta Erromarako martxa nolakoak izan ziren kontatzen zuten. Han barruan zeuden sozialistak eta gainerako guztiak, nekazariak, langileak, metalurgikoak, ekintza eskoadrak. Kartzelaratu eta jo, hoberenak hil eta herriko etxeei su eman zieten faxistek. «Hara, hara —nioen—, egunkariak irakurri eta italiar herria bakarrik aitatzen da». Faxisten ordaintzaileak beti jauntxoak ziren, eta eskoadristak beraien semeak. Amorrua ematen zuen nola lau nagusik hainbeste langile izorratu zuten irakurtzeak. «Eta Carlettok oraindik haiengan fidatu nahi du —nioen—. Eta Luciano haien erruz giltzaperaturik».

        Gauero beste zati bat irakurtzen nuen, ate ondoan pausoak gelditzen zirenean bihotza taupaka nuela, eta halako liburu bat ezin nezakeela bota ulertzen nuen. «Baina, Carlettok irakurri ote ditu? —pentsatzen nuen—. Ba ote liteke?» Bazen Erroma ala Mosku izenburuko beste bat, eta hori ere Erroman nengoelako irakurri nuen. Inork ezin nintzakeen giltzaperatu liburu honengatik. Ez zuen Erromaz hitz egiten. Errusian jendea kartzelan hiltzen zela, etxebizitza bakarrean hamar bizi zirela, emakumezkoek kale bizimodua egin eta abortatu egiten zutela kontatzen zuen. —Hemen Erroman martxa egin diten, eta berdin gertatzen dun —esan nion Ginari. Hark begi haiekin jan behar ninduen denbora osoan, ezaguna zuen arriskua, eta nik noiz musukatuko zain egoten zen.

 

 

 

© Cesare Pavese

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Cesare Pavese - Burkidea" orrialde nagusia