VI
Egun haietan, gogoan dut, bat-batean esnatzen nintzen; Lindagan pentsatzen nuen eta alboan neukala iruditzen zitzaidan. Baina gero ohean geratzen nintzen begiak itxirik eta beste zerbaitetan pentsatzen nuen; ezinegon handiz eta haur bat bezala nengoela iruditzen zitzaidan, txakurra baino bakartiago, zerbait txarra egin banu bezala eta itxaropenik gabe. Ez nuen irteerarik, ez nintzen neure buruari entzutera ausartzen, ez esnatzea eta ustekabez hiltzea nahi izango nukeen. Egunen batez Linda alboan izango banu hartuko nukeelakoa ere ez nuen aski. Pena hartzen nion neure buruari; horixe zen kontua. Mahaiaren gainean haurra biluzik utzi eta gero ama eta arrebak etxetik alde egiten dutenean bezalaxe zen. Neure burua ezkutatu eta larritu egiten nintzen.
Nekea zela uste nuen. Ia beti, ohe hartatik ez mugitzean, Amelio bezala ezindurik nengoela imajinatzen nuen eta ezin nuela berriro irten, batek begiak itxi eta itsuarena egiten saiatzen denean bezala. Gero makuluekin nenbilela sentitzen nuen, erdi hilik. Zangoak ukitu eta Lindagan pentsatzen nuen, Amelio desestali zen egun hartan pentsatzen nuen. «Ederra egin dut» nioen. Hormaren kontra puskatuko nukeen gitarra. Beste bat izan eta desagertzea gustatuko zitzaidakeen.
Goiz batez Genovara joan ginen autoan. Etxean esan nuen laneko arazoengatik nindoala, jendea ezagutzera —norbaitek entzun nahi zidala—, eta gitarra gauzatan norbaitek entzutea dela kontua. «Zergatik ez daramak gitarra? —esan zidaten—. Bidaia astuna duk», esaten zuen amak. Ehuneko billete bat sartu zidaten patrikan. Grisez jantzi nintzen, tapakiarekin, eta pozik alde egin nuen.
Linda gorri eta katarroarekin zegoen; manta pilo baten azpian estalirik egin zuen bidaia. Ni aurrean geratu nintzen Lubranirekin eta esku bat luzatu nion gidatzekoan. Noizean behin itzuli eta begirada bat botatzen nuen. Lubranik esan zuen: —Ez duk galduko, hago lasai—. Eguzki ederrak eta hotz lehorrak kaminoari kantarazi bezala egiten zioten. Neu ere ahopean kantatzen hasi nintzen, eta lehen geldialdian kafeak ordaindu nituen. Berriz igotzean, Lindarekin sartu nintzen atzean.
— Carletto zain al zegon? —galdetu nion.
— Beharko. Txakur txikirik gabe zegok.
Carletto hau aktorea zen, Lindak jantziak eramaten zitueneko teatroan garai batean lan egin zuena. Gaztea eta begikoa eta bikaina izan behar, nonbait. Lubranik esaten zuen: —Bizkorregiak inozo bihurtzen dituk—. Ahopean galdetu nion Lindari: —Zenbat jende ezagutzen dun? —Asko —esan zidan—, nik ez diat inor galtzen. Guztien adiskidea nauk.
Kontu handiarekin nenbilen sekula egin nuen bidaiarik luzeena zela haiei aditzera ez emateko. Zer nuen ikusia, zer nuen ezaguna ordura arte? Non nintzen izana? Egun batzuetan, mundu honetan zenbat jende dagoen pentsatzean, inork ezagutzen ez dituen gizajo ederrak ere, hor zehar joateko egundoko gogoa sortzen zitzaidan, tren batean salto egitekoa eta ia oihuka hasten nintzen. Zereko gitarra!, nioen. Zereko estankoa! Amelioren bizimodua egin. Guztien bizimodua egin.
Novo ondorengo muinoetan gelditu ginen zangoak luzatzeko. Denboraldi batez eguzkitan geratu nintzen, aire libreagoa zegoen. Landareak ere txikiak eta bihurriak ziren, inoiz halakorik ikusi gabe nengoen. Lindak galdetu zidan: —Non gaudek?
Gosez eta pozik iritsi ginen. Lubrani kafetegi batean jaitsi zen Carlettoren bila. Eguzkiz, jendez eta kez beterik zegoen. Kafea hartzen zegoela, Lindari galdetu nion: —Non zegon portua?—. Hark esan zidan: —Uraren ondoan.
Bazkaltzera irten ginen ondoren eta kale baten barrua hutsik zegoela ohartu nintzen, zerua zirudien muino baten atzetik ikusirik. Halako hura —kolore lausoa zen. «Honen behe?», pentsatu nuen. Harritzen ninduen joan-etorrian zebilen jendeak alde hartara begiratu ere egiten ez zuela. «Nolakoa den jendea —esaten nuen neure kasa—, Genovan bizi direnik ere ez dakite.»
Jatetxean, kalexka bateko txoko epelean, Linda berriz ere umore onera etorri zen. Gogotik jaten zuen eta atsegin zitzaidan hura jaten ikustea. Lubranirekin ez dakit zer nolako berezitasunak bilatu zituen; kameralaria eraman-ekarri hutsa zen; hoberenean harako Carletto hura heldu zen.
Konkorduna zen, denaz barre egiten zuen eta aulki bat eskaini genion. Begitxo eta portaerarengatik mutiko bat zirudien; esan zigun: «Eta hau nor da?», Lindak eskua luzatu zionean. Gero elkar ezagutu zuten eta konkorduntxoak ukitu besterik ez zuen egiten.
Elkarri loreak bota zizkioten: hark Linda hazi zelako, honek Carlettok dirua irabazten zuelako. Bitartean harentzat ere jatekoa ekarri zuten, eta aldizka jan eta aldizka erre egiten zuen, eta barre ere bai —katua bezain urduria zen.
Denbora luzea pasa da, jendea ezagutu dut, Carletto barre egiteari uzten ikusia dut, baina atzo izan balitz bezala gogoratzen dut ordukoa. Ez dakit zergatik, Genovakoa zela sartu zitzaidan buruan; begi argiak zituenez gero, beraietan ere itsasoa ikusten nuen.Baina jo egiten nuela eta nor nintzen esan ziotenean, bizkor baino bizkorrago ulertu ninduen eta esan: —Meridianan lan egin dut.
Buru handia zuen eta ile kizkurra. Barre egin ordez, burlati irribarre baizik ez zuela egiten konturatu nintzen. Ez zuen esaten: «Neureak eta bost ikusia naiz», baizik eta «badakizue nolakoa den». Lubraniri begia keinatu eta esan zion: — Jan ezak, ez zaik gaizki etorriko eta.
Konkorduna zen, bihurritua, malgu bat zirudien. Gaztetan Lindarekin kidez kide ibilia zela pentsatzeak, liluraturik nindukan entzutean. Ordaindu egingo nukeen Linda umetan nolakoa zen jakitearren. Honek esaten zuenez, aurrera eta atzera ibiltzen zen kaxa handia besoan harturik, eta behin aguretxo batek geldiarazi zuela esateko: «Zatoz nire etxera, karameluz beteko dugu»; atean beti mutilkoteren bat egoten zela neskaren batentzat txarteltxo bat eta lau txanpon ematen zizkiona, baina gero baiezko erantzuna nahi izaten zuela. Lindak barre egiten zuen hau kontatzean. Beste bat zen, Linda zen; zer arazotan ibilia zen jakin nahi nuen nik. Eta Carlettok, zigarroa errez eta mastekatuz, esan zigun zerbait. —Hik, Lubrani —zioen—, hamaika gauza egin duk, hau ez ordea. Ez huen lortu Lindak porrot egiterik. Esadan, Linda, zenbat aldiz esan zinan dantza egin behar huela, kantatu egin behar huela, izen bat lortu behar huela?
— Parisa eraman nahi ninduela ere esan zidan.
— Lotsagabe hori.
— Tauletara abiarazi nahi nian —esan zuen Lubranik—. Heuk ere bahekien. Eta gaur egun ere litekeena duk.
— Barkatzen diagu desfloriatu nahi izana. Ez da ezer. Barka iezaion, Linda. Baina berriz ekiten bazion bargasta baino mantendua izatea hobe dela argitu behar zionagu.
— Gogoan diat —esan zuen Lindak—, neroni ere ikara sartzen zidala.
— Hamabost urterekin ez hintzen erori. E, Lubrani, burua bere lekuan zuen batekin topo egin huen gero. Denekin ez zian balio.
Lubranik likoreak eskatu zituen, eta bere golkorako barrezka ari zen. —Ez ezak lardaskeria gehiegi esan —ohartarazi zion—. Linda Pablorekin zegok.
Orduan galdetu zuen Carlettok nor nintzen ni eta gero esan: —Ni Meridianan hasi ninduan.
— Sekula ez diat kantatu —esan nion—, ez nauk tauletarako egina.
— Sinesten diat —esan zuen berak—, Vanchigliakoa naizela eta adiskide guz-guztiak Torinon ditudala esan nahi diat. Gaztetan filarmonika jotzen nian.
— Eta orain konpainia eratu duk —esan zuen Lindak—. Ongi al dihoakik?
— Badakin nola izan ohi den —esan zuen. Ordurako banekien San Remon kontratu bat galdua zuela, barregurengatik. Mantendutako emakume bat eta jaunskilo bat tartean zebiltzaneko historia bat. Denak kontra jarri zitzaizkion, sindikatuak eta polizia, eta udazken osoan zehar alde batetik bestera ibilia zen. —Itsaso guztia kurritu dut Santiraino —esan zigun. Txamarra eta aurpegia distiratsu zituen. Beti irribarre burlatia egiten zuen ahoan bi zimur zituelako. —Badakin nola izan ohi den —esan zion Lindari—. Oraingoan ematen dugun errebista urdeenak idatzi din. Juduak ere sartu zizkigun.
— Pozten nauk ikasten ari haizelako —esan zion Lubranik, guri begiratuz—, komediantearena egitea duk hirea. Konkorraz baliaraztea eta komediantearena egitea.
— Hi bai, baliatzen haiz gure konkorraz —esan zuen Carlettok—. Noiz eramango gaituk Torinora?
Honela hasi ziren kontratuaz hizketan, eta Lubrani beste bat zen. Zigarrokina utzi eta edatekorik ez zigun zerbitzatzen. Lindak begiak sabaian zituela erretzen zuen. Carlettok bakarrik jarraitzen zuen saltoka, guregana bihurtuz, intxaurrak mastekatuz. Handik pixka batera paseo bat ematera etorriko al zen galdetu nion Lindari.
— Benetan al zioen aktoresa izan behar dunala? —Mendi-bidea zirudien kalexka batean gora gindoazen. Lindak barre egin zuen, sudurra zimurtuz. —Lubranik esaten zian. Hori zozoa.
Neskato zen garai hark amorrua ematen zidala esan nion orduan.
— Zer nintzela uste huen?
— Zerbait emango ninan hi lehenago ezagutu izateagatik. Hik jende asko ezagutzen zunan. Benetan ez al zunan nahi izan?
— Nola kantatuko nian ba ez zekiat eta? Ez nagok txolindurik.
— Orduan ikusten dun arrazoia dudala gitarra ez jotzean.
Balkoi moduko ibiltoki batean bukatzen zen aldapa. Atzean, muino bat ikusi nuen, dena eskaileraz eta etxez beterik. Eta aurrean, itsaso apala, lehen bezala.
— Baina hik badezakek —esan zuen Lindak. Itsasoa ikusi eta bera ere gelditu egin zen.
— Erre dezagun zigarro bat —esan zuen gero, barandan.
Piztu nion eta begira egon ginen.
— Hau eguna! —esan zuen Lindak—. Atzo elurra, gaur eguzkia. Ba al dakik Carlettok amorrua ematen didala?
— Elurra ari duenean, itsasoa ez al dun kolorez aldatzen? —esan nuen.
Linda eta biok barre egin genuen.
— Zineman bakarrik ikusi dinat —esan nuen. Bazen lorategi usaina zerion epeltasuna.
— Hau al dun itsaso usaina? —Gero esan nion: —Ondo leloa dun Carletto hemendik baldin badoa.
Lindak esan zidan: —Atsegin al zaik Carletto?
— Aizan —esan nion—, uda honetan itzuliko gaitun. Dirua behar dinat. Zerbait egin nahi dinat hirekin egoteko. Emadan lan bat heure jostunekin, edozer gauza. Bidaian ibiliko naun, trena hartu. Ameliok egin din, nik ere egin zezakenat. Hirekin egon nahi dinat gau eta egun.
Lindak barandaren kontra musu ematen utzi zidan; ez zidan ahorik eman, begiak ukitzen utzi zidan.
— Goazeman kafea hartzera —esan zuen ahapeka.
Kafetegian Carlettori buruz ekin genion. —Gizajo bat duk —esan zidan—. Popatik bidal dezaten lortzen dik, kapritxoz. Lubrani berari ere dena aurpegira botatzen ziok. Ongi baino hobeki zegoan, eta ez jauna, Fascioarekin sartu behar.
— Baina orain berriz lan egiten din.
— Hasten duenak, bukatua dik. Aizak —esan zidan besotik heldurik—, sekula ez ezak ezer egin Fascioaren kontra. Emadak hitza.
Begiak galdurik zituen. Ez dakit txantxetan egiten zuen. Neronek ere barre eginez lasaitu nuen.
Gero kalexkara itzuli ginen. Botilen artean eserita aurkitu genituen, eta plater bat bete argazkirekin.
— Nor duk hau? —zioen Lubranik.
— Halako neska.
— Ez dik zangorik.
— Neuk ere ez.
Utz zezatela eta paseora joan gintezela esan zuen Lindak. Carlettok maltzurki egiten zuen barre: —Gure bila etorri haiz. Dirua balio dugun seinalea dun hori. Nik emana hartu beharra dun.
— Utz iezadak Dorina ikusten —esan zuen Lindak.
— Leku hartan aurkitu ditun —esan zuen Lubranik.
Carlettok ez zuen orduan hitzik egin, burlati ari zen barrezka. Zutik jarri, erretratuak bildu, Linda eskutik hartu eta niri esan zidan: —Musika pixka bat entzungo al diagu? —Lindak ongi zeritzan. Nik Lubranigana itzuli eta esan nion: — Joango al gaituk?
Denok Lanciara igo ginen; ni Lubraniren alboan. Ibiltoki hartatik sartu eta denboraldi batez itsasoari inguru egin genion. Atzean, ezer gertatu ez balitz bezala Carletto berriketan ari zen; jeneroz aldatu eta barietateak egin nahi zituela, aspaldian bezala, kontatzen zion Lindari. Lubranik esan zuen: —Egundoko poza emango hidake!
Itsasoari begira zegoen areto batean gelditu ginen. Beiraduretatik eguzkia eta ura ikusten ziren. Harritu ninduen, Torinon bageunde bezala, jendea dantzan aritzeak.
Lubranik esan zuen: —Hitz asko hik, atera ezak Linda dantzara eta ikusiko duk.
— Bazekiat Lindak hortzak erakusten dizkiala —erantzun zion Carlettok—, baina Lindak bere lekuan dik burua.
Begia keinatu zidan, zutitu eta dantza egingo al zuen galdetu zion Lindari. Zirrara eragin zidan Lindak laztandu zuen bizkar konkor hark. Jendea begira zeukaten. Amelio ere elbarritua zela bururatu zitzaidan.
Lubranik esan zuen: —Eta guk edan dezagun, adiskide maitea.
Carletto eta Linda barrez itzuli ziren. Ikusia zuten neska horail bat txamarra beltzarekiko mairu batekin dantzan eta zioten: «Biek batera kafe ebakia egingo dute».
Dantza egin nuen Lindarekin eta dantzakoan esan nion: —Atsegin zaidan Carletto.
Belategian, kikara artean, berriro agertu ziren argazkiak. Lindak berriro pasarazi zituen. Nik nabaria nuen kristalean zehar ura harri handi batzuen kontra lehertzen, plomuan itsasoaren gainean. Argazkiren bati begiratu nion. —Honako hau —esaten zigun Carlettok. Garaia, gizen samarra zen, larruzko abrigu eta guzti azalaren gainean, maleziaz. —Hauxe da Dorina—. Lubrani ere aztertzen ari zen. Lindak esan zuen: —Eragiozue errejimena.
Eta Carlettok: —Ez dakit, zenbat eta gutxiago jan, gehiago gizentzen da.
— Denak ez, denak ez —zioen Lubranik puruaren ke artean. Aktore baten argazkia hartu zuen. —A, hi haiz— esan zuen begiratu gabe.
Lindak eta biok begiratu genion. Beltzez jantzirik, dotore, dantzari orrazkerarekin, aurrerantz makurturik zegoen. Ez zuen Carlettoren antzik ere. —Itxura bikaina du —esan nion.
Linda barrezka ari zen. —Zer uste duk? Hik bakarrik duala ala?
Bera eta Lubrani neska talde bati buruz eztabaidan ari ziren. —Ofizioz aldatu diren bi falta zaizkidak.
— Zenbat kobratzen ditek? —esan zuen Lubranik.
Azken finean, Carletto baizik ez zuen nahi. Berak, Carlettok, esaten zuen:
— Baina hator guri entzutera.
— Hi haiz hi. Aurkitzen dituk emakumeak. Edonon zeudek.
Kristalean zehar itsasoaren gaineko amildegiari begira nengoen. Orkestra entzun eta udakoan pentsatzen ari nintzen. Gitarra bururatu zitzaidan. Lindarekin, gauerdian, hondartzetara joan, eta ukitzea, besarkatzea, berarekin bakarrik egotea gustatuko zitzaidakeen. Tapakia galdu zuen gau hartan, bakarrik zegoen itsas ertzean. Udara iristea lortuko banu bederen...
Carlettok esan zuen: —Interesaturik nagoela esaten diat. Ezin zitzakeat hain erraz utzi. Ulertu nahi al duk? —eta maltzurki barre egiten zuen. Eta Lubranik: —Froga egina duk. Hik komediantearena baizik ez duk egin behar eta horretaz baliarazi. Jaten duzue, bai ala ez? Hortxe zegok kontua. Jaten ez baduzue, errua zuena duk.
Carlettok esan zuen: —Polita da errebista. Egunkariei ere gustatu zaie... —Egunkariak atera zituen.
Lubranik purua zanpatu eta ingurua begiratu zuen. —Ez al duzue dantza egin nahi? —esan zidan—. Zer ordu da?
Dantzaldi hartatik itzuli ginenerako, gauza egina zegoen. Lubrani luma estaltzen ari zen eta Carletto basoa aztertzen. Autoaren ondoan agurtu genuen elkar. Hala esan zigun: —Ongi izan—, airoski. Lindak esan zion: —Hator bizkor—, emakumezkoek duten alaitasunarekin eta gero manta artean sartu zen. Honelaxe alde egin genuen eguzkipean eta azkena ikusi nuen gauza errautsezkoak ziruditen muino murritz haiek izan ziren.
© Cesare Pavese
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu