VENEZUELA'TIK

 

Zeruko Argia astekarirako idatzia

 

        HAUTESKUNDE.— Ez ikaratu,irakurle, hitz durunditsu hori irakurtzean. Badira euskaraz horren antzeko beste hitz batzuk, gure herriak darabiltzanak, euskal arima eta haragiz oratutako gure herri apalak: EMAKUNDE bat, emakumezkoak berriketan jarduteko elkartzen diren ostegunaren izena; GIZAKUNDE bi, gizonezkoak txurruterako eta beren jardunetarako biltzen diren egunarena, eta OROKUNDE hiru, gizon, emakume, neska, mutil, zahar eta gazte, dantzaldi eta beste jolasetarako elkar-batzen diren egunarena. Hauteskunde beraz, orokunde bezala, herriko agintariak aukeratzeko gizon eta emakumezkoak batzen diren eguna duzue. Ni mutikoa nintzenean zabal zebilen hitz hori noiznahi izan ohi genituen herri-agintari aukeratzeak eta, baina goitik beherako sindikatoak sortu zirenez gero ezta batere harrigarri halako hitzok euskal herrietan entzun ere ez egitea. Hauteskunde hain zuzen, behetik gorako agintari eta ordezkariak izendatzeko eguna duzue.

        Horixe egin dugu hemen Venezuela'n abenduaren lehenbizikoan: Lehendakari zaharrak bost urte bete zituelako, lehendakari berri bat eta lege-batzarrerako agintariak aukeratu ditugu beste bost urterako. Baina ez uste halako gauza erraza izan denik hauteskundeok egitea, ez horixe. Urtebetean ondo berotu dizkigute belarriak irrati, telebista, zinema, eguneroko, iragarki (anuntzio), propaganda ikaragarri baten bitartez: milioika bolibar eralgi dituzte paper eta zabalkunde hutsean lehendakaritzarako (presidentziarako) aurkeztu diren ZAZPI kandidatuek. ZAZPI BEKATU NAGUSIAK bailiren, aberri osoaren barne-muinak inarrosi dituzte euren prediku eta atergabeko eskaintzekin. Hala ere, komunistek ez zuten inola ere nahi hauteskundeak egiterik. Castro'ren mirabeak bizkor ibili dira oztopoak oztopoen gain ezartzen, eleziorik egin ez zedin. Gobernua hankaz gora bota eta herriari beldurra eta sarrakioa hezur muinetan sartzeko ahalegin guztiak egin dituzte eta modu guztietara jokatu dute: erreketak, erailketak, lapurretak, hots, bidegabekeria guztiak eginez. Neroni ere hauteskunde egun aurrean hauxe gertatu zitzaidan: tirrin, tirrin, gauerdian urrutizkinak hots, jaso entzungailua eta «no vote» entzun nuen hariaren beste alderditik. Ez zidan erantzuteko betarik eman, bestela bereak eta asto beltzarenak entzungo zituen.

        Hurrengo egunean goizean goizetik jaiki eta mezatara joan nintzen; ondoren zegokidan tokira nire botoa ematera. Harrituta gelditu nintzen han aurkitu nuen jende piloarekin. Kosta zitzaidan boto-eltzera iristea, hainbeste jenderen artean. Eta hori Venezuelako herri guztietan gertatu zen. Inoiz baino boto gehiago bildu ziren aurtengo hauteskundeetan. Argi erakutsi du herriak ez duela ezertxo ere nahi Castrozale eta komunistekin eta bai benetako demokraziarekin, gizonaren eskubideak eta askatasuna zaintzen dakien agintaritzarekin. Ondo dakit horko izparkariak hemengo hauteskundeekiko berri ikaragarriz beteta etorri direla, hala ere bakerik ederrenean eta askatasunik handienean eman genituen geure botoak venezueldar guztiok. Hauxe da egia bakarra, eta gainetikoa gezurra edo aiherkunde hutsa, ezta zail jakiten zergatik.

        Leoni jauna atera zen garaile, orain arte izan dugun lehendakariaren alderdikoa, gizon baketsu, otxan eta erabat jatorra. Egia esan, ez zen nire kandidatoa: nirea Caldera jauna zen eta da, kristau-demokrata, gizon gaztea, zintzoa, jakituna herri-agintari batek behar lituzkeen dohain guztiekin hornitua. Ez du irabazi, baina bigarrengo gelditu da lege-batzarrean hamar senatore eta berrogei diputaturekin. Caldera gabe ezingo du inork ere Venezuelan gobernatu, oraingo honetan behintzat. Pozgarria benetan kristau-demokratak hartzen ari diren indarra Hego-Ameriketako herrialde askotan: Perun, Txilen, eta abar. Hauxe da izan ere etorkizuneko alderdia, komunismoari behar bezala erantzun diezaiokeen alderdia gizarte-eskubideak aintzat hartuaz: komunista gorri edo kristau-demokrata: zirt edo zart, hemen ez dago bitarterik. Aberats okitu bat, Uslar alegia, tartean sartu ez balitz bere burugabeko kandidatura ustelarekin, hor-hor ibiliko ziren Caldera eta Leoni. Dirudunek eta laikoek, ez nahi ba kristauek irabazterik, ez eta hortiko apaiz eta lekaide askotxok ere... Komunismoa ez da garaitzen dirua patrikan eta bankuetan metatuz, langile eta behartsuen artean zabalduz baizik. Eta Venezuela aberats hau, erromes eta behartsuz beterik dago. Mixeria handienean bizi dira maila apaletako jendetxoak; mixeria bikoitza, moral eta materiala, dotrina hilgarrientzat girorik egokiena. Eta giro hori garbitu nahi lukete kristau-demokratek, beherengo mailatik hasita, familiatik bertatik hasita alegia. Eta zerbait egingo dute noski.

        Jakina, Castrok ez du etsiko eta oraindik istiluren batzuk sortuko ditu, baina nire ustez bost urterako bakea eta erosotasuna iritsi ditu Venezuelako herriak bere jokabide ederrarekin. Hala nahi dakiola Jaunari. Eta Betancour lehendakariaren izenak bizkor iraungo du Venezuelako historian: berari zor dio herri honek hauteskundeak egin ahal izatea, baita beste bost urterako behinik behin, demokrazia iraunkortzea ere lehendabizikoz herri honen historian, herriak hautaturiko lehendakari batek herriak berak hautatutako beste lehendakari baten eskuetan agintaritza jarriko du legez eta bidez.

 

Caracas, 1963-12-24.

 

 

© Andima Ibinagabeitia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus