SUIZIDIO BITXI BAT

 

Stephen McCullough doktoreak lehen klaseko konpartimendua zuen Parisetik Genevarako expresoan. Amerikatik ekarriak zituen medikuntza aldizkarietako bati begiratzen ari zen eserita, baina ez zen konzentratzen. Asasinaketa ideiarekin jolasean zebilen. Horrexegatik hain zuzen hartu zuen trena eta ez hegazkina, pentsatzeko astia hartzearren, edo amets egiteko soilik.

        45 urtetako gizona zen, serioa, pisuz gehiegixkoa, sudurra handia eta zabala, bibote nabarra, betaurreko aro marroiak, ilearen hasieran atzeratzen hasixea. Barruko urduritasunak zimurtzen zizkion bekainak, eta gaixoek sarritan pentsatzen zuten beren arazoen ardura zuela hura. Baina kontua zen gaizki ezkondua zegoela, eta nahiz eta Lillianekin eztabaidatu nahi ez —hari erantzutea esan nahi bait zuen horrek— eramanezina zuten beren artean. Atzo Parisen erantzun egin zion Lilliani, eta huskeria batean gainera, ea nork itzuli Rue Royaleko denda batera Lillianek ez zuela behar erabaki zuen poltsa bat. Haserretu egin zen, ez poltsa itzuli behar izan zuelako, baizik eta hamabost minutu lehenago, ahulezia une batean, Genevan Roger Fane bisitatzeko baiezkoa eman ziolako.

        «Zoaz eta ikus ezazu, Steve», esan zion Lillianek atzo goizean. «Hain hurbil zaude orain Genevatik eta, zergatik ez? Pentsa ezazu ze poza emango liokeen Rogeri».

        Zer poza? Zergatik? Dkt. McCulloughek deitu egin zion halere Rogeri Genevako Amerikako Enbaxadara, eta Roger oso adiskide azaldu zitzaion, adiskideegitxo aukeran, eta Genevara joan behar zuela esan, egun batzuetan gera zedila eta bazuela non eduki nahikoa leku. Dkt. McCulloughek gau batez geratuko zela esan zion. Ondoren Erromara joango zen hegazkinez Lillianekin elkartzeko.

        Dkt. McCulloughek gorrotoa zion Roger Faneri.

        Denborak ezertan gutxitzen ez duen gorroto horietakoa zen. Hamazazpi urte lehenago, Roger Fane, Dkt. McCulloughek maite zuen emakumearekin ezkondu zen: Margaret. Margaret urte bete lehenago hila zen Alpeetako bide batean auto istripuz. Gizon txukuna zen Roger Fane, zuhurra, berez bete xamarra, eta oso bizkorra. Zuela hamazazpi urte Roger Fanek, bera, Stephen McCullough alegia, beste neska batekin zebilela kontatu zion Margareti. Gezurra zen erabat, baina Stephenek ezer frogatzerik izan baino lehen, Rogerekin ezkondu zen Margaret. Dkt. McCulloughek ez zuen espero ezkontza horrek iraungo zuenik, baina horrela gertatu zen, eta azkenean Dkt. McCullough Lillianekin ezkondu zen, honen aurpegiak Margaretena gogorarazten bait zion piska bat, baina horretan bestetan ez zuten antzik. Azken hamazazpi urteetan, Dkt. McCulloughek hiru aldiz edo ikusi zituen Roger eta Margaret, New Yorkera egiten zituzten bisitaldi laburretan. Margareten heriotzaz geroztik ikusi gabea zuen Roger.

        Trena Frantziako mendialdea gurutzatzen ari zen honetan, Dkt. McCulloughek Roger Fane asasinatzeak nolako gozamena eman beharko zion zerabilen gogoan. Ordurarte inoiz ez zitzaion bururatu inor asasinatu behar zuenik, baina atzo arratsean bainuan zegoela Paris hotelean, Rogerekin telefonoz hitzegin eta gero, hilketarekin zerikusia zuen ideia bat etorri zitzaion: hiltzaile gehienak arrastoren bat uzten zutelako harrapatzen zituzten, arrasto guztiak desgertarazten ahaleginak egin arren. Hiltzaile askok harrapatzea nahi dute, konturatu zen doktorea, eta polizia zuzenean beraiengana eramango duen arrastoren bat utzi ohi dute oharkabean. Leopold eta Loeben kasuan, esate baterako, haietako batek betaurrekoak erortzen utzi zituen eskenatokian. Baina eman dezagun hiltzaile batek apropos uzten duela dozena bat arrasto, esateko ia-ia nortasun agiria ere bai. Dkt. McCulloughen iritziz, horrenbesteko nabarmentasunak susmo guztiak uxatuko zizkiokeen. Bera bezalako bat izanda batez ere, izen onekoa, ez bortxazalea. Halaber, ez zegokeen inork antzeman zezakeen ziorik, zeren eta McCulloughek ez bait zion ez eta Lilliani ere esan Roger Fanerekin ezkondu zen emakumea berak maite izan zuela. Orduko lagun batzuek bazekiten hori, hori bai, baina Dkt. McCulloughek ez zituen aipatu ere egin ez Roger Fane ez Margaret azken hamar urteetan.

        Rogeren apartamentua serioa eta tristea imajinatzen zuen, eta agian neskameren bat han bueltaka egun osoan, lo bertan egiten zuen neskamea. Neskame batek gauzak nekezago bihurtuko zituzkeen... Eman dezagun ez dagoela lotan geratzen den neskamerik, eta Rogerek eta biek kopa bat edaten zutela egongelan edo Rogeren estudioan, eta orduan juxtu, gabon esan aurretik, McCulloughek paper-harri astun bat hartu edo lorontzi handi bat eta... Gero lasai alde egingo zuen. Oheak desegina beharko zuen, noski, gaua bertan pasako zuela suposatzen bait zen; orduan goiza gaua baino hobea litzateke hilketarako beharbada. Garrantzitsuena lasai alde egitea zen eta pentsatutako orduan. Baina azken batez doktoreak ez zuen ikusten bere burua mataza hura xehetasun handiz antolatzeko gauza.

        Roger Fanen Genevako kaleak Dkt. McCulloughek espero zuen itxura bera zuen —kale estua, bihurria, negozioak eta denda zaharrak batera zeudena— eta ez zegoen oso ongi argitua Dkt. McCulloughen taxia arratseko 9etan hara heldu zenean, baina hain lege errespetazalea den Suiza horretan, pentsatu zuen doktoreak, kale ilunak arrisku gutxi ekar liezaiokete inori. Sarrerako ateak ohizko zarata egin zuen deiari erantzunez, eta Dkt. McCulloughek ireki egin zuen. Banku akorazatu batena bezain astuna zen ate hura.

        «Zer moduz!» Deitu zuen Rogeren ahotsak eskilaretatik behera. «Igo! Hirugarren pisuan nago. Laugarrena zuretzat, uste dut!»

        «Banoa!» Esan zuen Dkt McCulloughek, sarrerako bi alderdietako ate itxien aurrean ahotsa jasotzeko beldurrez. Lehenxeago telefonoz hotsegin zion Rogeri, agindua bait zion bila joango zitzaiola. Baina Rogerek barkamena eskatu eta bilera batean gelditu behar zuela bulegoan esan zion, eta axola ote zion Steveri taxia hartu eta zuzenean etxera joatea. Dkt. McCulloughen susmoa zen Rogerek ez zuela inon geratu beharrik, baizik eta ez ziola geltokira joatearen kortesia agertu nahi izan.

        «Hara, hara, Steve!» Esan zuen Rogerek, Dkt. McCulloughen eskua eraginez. «Gauza handia da zu berriz ikustea horratik. Sartu, sartu. Astuna al da hau?» Roger doktorearen maleta hartzera zihoan, baina doktoreak heldu zion lehenago.

        «Ezta pentsatu ere! Pozten naiz zu berriro ikusteaz».

        Apartamentuan sartu zen.

        Orienteko tapizak zeuden, lanpara dotoreak argi mehea emanez. Dkt. McCulloughek pentsatu baino beteagoa zegoen hura. Rogerek argalxeago zirudien. Doktorea bera baino motzagoa zen, ilea horia eta urria. Aurpegi bigunari etengabe zerion irribarrea. Afalduta zeuden biak eta whiskya edan zuten egongelan.

        «Beraz, Lillianekin elkartzekoa zara bihar Erroman» esan zuen Rogerek. «Lastima luzaroago ezin gelditua. Bihar zu mendira eramateko asmoa nuen, nire lagun bat ezagutu dezazun. Emakume bat», erantsi zuen Rogerek irribarrez.

        «Bai? Lastima. Bihar arratsaldean ordubateko hegazkinean noa. Parisetik egin nuen erreserba». Dkt. McCullough hizketan automatikoki ari zela konturatu zen. Gauza arraroa, edan xamarra sentitzen zen, whisky zurrutada pare bat besterik hartu ez bazuen ere. Egoeraren faltsutasunarengatik zen hori, pentsatu zuen, bera han egotearen faltsutasuna, bere itxurazko adiskidetasuna edo adiskide aidea. Rogeren irribarreak nazka eragiten zion, hain zorionezkoa eta hain behartua era berean. Rogerek ez zuen Margaret aipatu, nahiz eta Dkt. McCulloughek ikusi ez Margaret hil zenez geroztik. Horregatik, doktoreak ere ez zuen aipatu, ez eta doluminik emateko ere. Eta dagoeneko bazirudien Rogerek beste interes femeninoren bat zuela. Rogerek berrogei urte pasatxo zituen, itxuraz dotorea oraindik eta disdira begian. Eta Margaret, emakumeen arteko perla hori, bidean topatu, egon bat egin, eta aldegin zuen zerbait zen, pentsatu zuen doktoreak.

        Doktoreak trenean adina gorroto zion orain Rogeri, baina Roger Faneren errealitatea nolabait ere narritagarri gertatzen zitzaion. Hilko balu, ukitu egin beharko luke, haragiaren erresistentzia sentitu nolabait, hura jotzeko erabiliko zuen objetuaren azpian. Eta zertan zegoen neskamearena? Rogerek, pentsamendua irakurriko balio bezala, esan zion:

        «Goizero garbitzera etortzen den neska bat daukat, hamarretan etorri eta hamabietan joaten da. Zer edo zer egin diezazun nahi baduzu, alkondararen bat garbitu eta plantxatu edo horrelako zerbait, ez egin dudarik. Oso azkarra da, edo izan liteke, eskatzen bazaio. Yvonne du izena».

        Une hartan telefonoak jo zuen. Roger frantsesez mintzatu zen. Aurpegia apur bat aldatu zitzaion, beste pertsonak eskatzen zion zerbaiti baiezkoa ematen ziola. Eta esan zion doktoreari:

        «Traba besterik ez. Zuricherako hegazkina hartu beharrean naiz bihar goizeko zazpietan. Ongietorri gosaria eman behar suhiltzaile bisitari bati. Beraz, adiskidea, zu ohetik altxatu baino lehen joana izango naizela uste dut».

        «Oh!» Dkt. McCullough barrez hasi zen bere gisa. «Sendagileok ez garela dei goiztiarretara ohituak uste duzu ala? Jeikiko naiz noski zu agurtzera, nola zoazen ikustera».

        Rogeren irribarrea apur bat zabaldu zen. «Ederki, ikusiko dugu. Baina ez zaitut horregatik esnatuko noski. Zeure etxean zarela kontu egizu, eta nik utziko diot ohar bat Yvonneri kafea eta opilak presta ditzan. Ala nahiago duzu gosari sendoxeagoa hamaikak aldean?»

        Dkt. McCullough ez zen Rogeren hitzetan pentsatzen ari. Telefonoaren mahaian arkatz eta boligrafotarako marmolezko eustarri errektangular bat ikusi berria zuen. Rogeren kopeta altu eta arrosa samarrari zegoen begira. «A, gosaria», esan zuen doktoreak oharkabean ia. «Ez, ez, Jaungoikoarren. Nahikoa betetzen zaituzte hegazkinean!» Eta orduan Lillian eta bezperako Pariseko eztabaidara joan zitzaion pentsamendua. Etsaigoak kiskalita zeukan. Egin ote zuen inoiz errietarik Rogerek Margaretekin? Dkt. McCulloughi ezin sartu zitzaion buruan Margaret ezleila, gaiztoa, izan zitekeenik.

        «Edozer emango nuke zer pentsatzen duzun jakiteagatik» esan zuen Rogerek, basoa berriz betetzeko altxatuz.

        Doktorearen basoa erdizka zegoen oraindik.

        «Nekatuxea nagoela uste dut», esan zuen Dkt McCulloughek, eta kopeta igurtzi zuen. Burua berriz jasotzean, lehenago ikusi ez zuen Margareten argazki bati erreparatu zion, bere eskubitara zegoen komoda baten gainean. Margaret, hogei bat urte zituela, Rogerekin ezkondu zeneko itxuran, doktoreak hain maite izan zuen garaiko itxuran. Dkt. McCulloughek bapatean Rogeri begiratu zion. Gorrotoa itzuli egin zitzaion, gorputzez ahulduta utzi zuen uhin batean. «Hobe dut oheratu, nik uste» esan zuen, aurrean zuen mahaitxoaren gainean edalontzia arretaz utziz altxatzearekin batera. Rogerek erakutsia zion logela.

        «Ez al duzu brandy piska bat nahi?» Galdetu zion Rogerek. «Leher eginda dirudizu». Rogerek barre egin zuen, zuti-zuti.

        Gorrotoaren uhina berriro gaineratu zitzaion doktoreari. Esku batez marmola hartu, eta Rogerek urrats bat atzera egin ahal izan aurretik, haren atzeaz mazpildu zion kopeta. Kolpe hark hil egingo zuen, bazekien doktoreak. Roger erori egin zen, eta zirkinik ere gabe geldi eta bigun geratu zen. Doktoreak marmola lehen zegoen lekuan utzi, erori ziren arkatza eta boligrafoa jaso, eta beren lekura itzuli zituen berriro; gero sudur- zapiaz marmola garbitu zuen berak ukitutako lekuetan eta baita arkatza eta boligrafoa ere. Rogeri odol piska bat zerion kopetatik. Oraindik beroa zeukan eskumuturra ukitu zion baina ez zion pultsorik aurkitu. Salatik atera orduan eta sarreratik barrena bere gelara joan zen.

        Hurrengo goizean zortziak eta laurdenetan esnatu zen, loaldi kaskar samar baten ondoren. Bere gelaren eta Rogerenaren artean zegoen bainugelan dutxa hartu, bizarra moztu eta jantzi ondoren etxetik irten zuen bederatziak eta laurdenetan. Hall bat zegoen, sukaldea pasata, pisuko ate aldera; ez zuen egongela gurutzatu beharrik izan, eta itxi gabe utzi zuen atetik egongela barrura begiratu izan balu ere, Rogeren gorpua bistatik kanpora geratuko zitzaion. Dkt. McCulloughek ez zuen begiratu.

        Arratsaldeko bost t'erdietan Erroman zen, aireportutik Majestic Hotelerako bidean, hantxe baitzuen Lillian bere zain. Lillian kanpoan zen ordea. Doktoreak kafea eskatu zuen, eta orduantxe konturatu zen maletina falta zuela. Ohean etzan, kafea hartu eta medikuntza aldizkariak irakurtzeko asmotan ibilia zen. Eta orain oso ongi gogoratzen zen: zerbaitengatik maletina egongelara eraman zuen atzo arratsean. Horrek ez zuen batere larritu. Horixe egingo zukeen hain zuzen apropos bururatu izan balitzaio. Izena eta New Yorkeko helbidea maletinaren azalean idatziak zeuden. Eta Dkt. McCulloughen ustetan Rogerek osorik idatzia edukiko zuen bere izena agendaren batean, iritsi behar zuen orduarekin batera.

        Lillian umore onean aurkitu zuen. Gauza asko erosi zituen Via Condottin. Afaldu eta carozza batean abiatu ziren Villa Borghesen barrena, Piazza di Spagna eta Piazza di Populo aldera. Egunkariek Rogeri buruz ezer bazekarten, Dkt. McCulloughek ez zekien. Pariseko Herald Tribune besterik ez zuen erosi, eta goizeko egunkaria zen.

        Hurrengo goizean iritsi zen albistea, bera eta Lillian gosaltzen ari zirela Via Venetoko Donayen. Pariseko Herald Tribunen zetorren, eta lehenengo orrian Roger Faneren argazki bat zekarren, haren argazki ofizial serio bat.

        «Jaungoikoa!» esan zuen Lillianek. «Zu han zinen gau berean gertatu zen eta!»

        Haren bizkar gainetik begiratuz, Dkt. McCulloughek harrimen itxurak egin zituen. «...arratseko zortzietatik goizeko hirurak bitartean hil zen», irakurri zuen. «Hamaikak inguruan agurtu nuela uste dut. Nire gelara joan nintzen».

        «Ez al zenuen ezer entzun?»

        «Ez. Nire gela hall baten bukaeran zegoen. Atea itxi egin nuen.»

        «Eta hurrengo goizean, ez zenuen...»

        «Esan dizut, zazpietako hegazkina hartu behar zuen Rogerek. Joana zela uste nuen nik. Bederatziak inguruan aldegin nuen etxetik».

        «Eta denbora guzti horretan egongelan zegoen!» esan zuen Lillianek harrimen garrasi batez. «Steve! Ikaragarria da hori ordea!»

        Benetan? galdetu zion Dkt. McCulloughek bere buruari. Hain ikaragarria al zen Lillianentzat? Haren ahotsak ez zirudien benetan kezkatua. Emaztearen begi zabalei begiratu zien. «Ikaragarria da noski, baina nik zerikusirik ez dut, Jainkoak badaki. Ez zaitezela kezkatu, Lillian».

        Poliziakoak Hotel Majestic-en ziren senar-emazteak itzuli zirenerako, Dkt. McCulloughen zain beheko sarreran. Suizar polizia sekretuak ziren biak, eta ingelesez mintzatzen ziren. Sarrerako zoko bateko mahaian egin zioten elkarrizketa Dkt. McCulloughi. Lillian, Dkt. McCulloughen eskaeraz, gelara igo zen. Dkt. McCullough pentsatzen aritua zen zergatik ez ote ziren poliziakoak lehenago etorri —hain erraza bait zen Genevatik irtendako hegazkinetako bidaiarien zerrenda aztertzea— baina berehala ohartu zen zergatik. Yvonne neskamea ez zen joan atzo goizean garbiketa egitera, eta Roger Faneren gorpua ez zuten aurkitu beraz atzo arratsaldeko seiak arte, bulegokoak agertu ez zelako kezkatu, eta pisura begira zezan norbait bidali zuten arte.

        «Honako hau zure maleta duzu, uste dut», esan zuen irribarrez ofizial lerden ilehoriak, besapean zekarren manilazko kartazal handi bat irekiz.

        «Bai, eskerrik asko. Gaur konturatu naiz nonbaiten utzia nuela». Doktoreak maletina hartu eta altzoan utzi zuen.

        Bi suizarrek patxadaz begiratu zioten.

        «Oso gogorra da hau», esan zuen Dkt. McCulloughek «zaila zait sinesten». Zain zegoen noiz egingo ote zioten kargua —kargurik egin behar bazioten— eta Genevara beraiekin itzultzeko eskatu. Doktorearen aurrean ia-ia kokilduta ziruditen biek.

        «Zenbateraino ezagutzen zenuen Pane Jauna?» Galdetu zion besteak.

        «Ez gehiegi ere. Urtetan ezagutu dut, baina lagun minak ez gara inoiz izan. Bost urtetan ikusi gabe neukan, uste dut». Dkt. McCullough lasai ari zen mintzatzen eta ohizko tonuan.

        «Fane jauna jantzita zegoen oraindik, ez zen oheratu beraz. Ziur al zaude ez zenuela iskanbilarik entzun gau hartan?»

        «Ez, ezer ez». Erantzun zuen doktoreak bigarren aldiz. Isilunea. «Ba al duzue arrastorik nork egin ote duen?»

        «A, bai, bai» erantzun zuen ilehoriak patxada osoan. «Yvonne neskamearen anaiaz dugu susmoa. Edana zegoen gau hartan eta ez du koartadarik hilketaren ordurako. Bera eta arreba elkarrekin bizi dira eta gau horretan arrebaren giltzekin atera zen; Fane jaunaren apartamentuko giltzak ere tartean zeuden. Ez zen berriro etxeratu ia atzo eguerdirarte. Ivonne larrituta zegoen, eta horregatik ez zen joan atzo Fane jaunarenera, ez zuen sartzerik izango gainera eta. Atzo goizean zortzi t'erdietan telefonoz deitu zuen Yvonnek ez zela joango esateko, baina ez zioten erantzun. Galdeketa egin diogu Anton bere anaiari. Gizon hori desastre hutsa da». Bizkarra jaso zuen.

        Dkt. McCullough gogoratu zen nola entzun zuen telefonoa zortzi t'erdietan. «Baina... zein zen zioa?»

        «A, bekaitza. Lapurreta agian, zer eraman aurkitzeko bezain argi egon izan balitz. Psikiatra edo alkoholiko zentru baterako kasua bait da hori. Fane jaunak ezaguna zuen mutila, eta horrexegatik utziko zion beharbada apartamentura sartzen, edo bera sartu bestela, giltzak bazituen eta. Yvonnek esan zigun Fane jauna hilabetetan saiatu zitzaiola bera eta anaia aparte bizi zitezen. Anaiak jo egiten du eta dirua kentzen dio. Fane fauna anaiarekin hitzeginda zegoen pare bat aldiz, eta jasota daukagu Fane jaunak behin poliziari hots egin behar izan ziola Anton apartamentutik aterarazteko, arrebaren bila joan zen batean. Arratseko bederatzietan gertatu zen hori, eta arreba ez da han egoten inoiz ordu horretan. Ikusten duzu zeinen eginda dabilen burutik».

        Dkt. McCulloughek eztarria garbitu eta galdetu zien:

        «Aitortu du Antonek?»

        «A, berdin dio. Gizarajoa, ez dut uste erditan ere zertan ari den dakienik. Suizan nolanahi ere heriotz zigorrik ez dugu behintzat eta. Denbora nahikoa izango du espetxean lehortzeko ordea, hori bai». Lagunari begiratu zion eta altxatu egin ziren biak. «Eskerrik asko, Dkt. McCullough».

        «Ongi etorriak zarete», esan zuen doktoreak. «Eskerrik asko maletinarengatik».

        Dkt. McCullough maletinarekin gora igo zen bere gelara.

        «Zer esan dute?» galdetu zion Lillianek doktoreari gelara sartu zenean.

        «Neskamearen anaiak egin zuela uste dute», esan zion Dkt. McCulloughek. «Tipo alkoholikoa nonbait, eta badirudi begitan hartua zuela Roger. Desastre hutsa». Kopeta zimurtuz bainugelara joan zen eskuak garbitzera. Bapatean bere buruari gorroto hartu zion. Lillianen hasperen luzeari gorroto zion, haren «a-a» lasaitasun eta pozezkoari.

        «Eskerrak Jainkoari, eskerrak Jainkoari!» esan zuen Lillianek. «Konturatzen al zara zer esan nahiko lukeen zuretzat zu... zu salatu izan bazintuzte?» galdetu zuen ahotsa apalduz, paretak belarriak balitu bezala, bainugelako atera hurbilduz.

        «Bai horixe». Esan zuen Dkt. McCulloughek, eta beldur ikara sentitu zuen odolean. «Gorriak pasa beharko nituzke errugabe nintzela frogatzeko, momentu hartan apartamentuan nintzenez gero».

        «Halaxe da. Ezingo zenuke frogatu errugabea zinenik. Eskerrak Anton horri, dena delarik ere». Lillianen aurpegi luzea piztu egin zen, begiak dizdiraka. «Desastre hutsa. Ja! Zerbait onik egin digu!». Barre txorrotxa egin zuen eta buelta eman zuen orpo baten gainean.

        «Ez dakit zergatik poztu behar zaren», esan zion doktoreak, eskuak arretaz legortuz. «Historia tristea da».

        «Zu salatu bazintuzte baino tristeagoa? Ez zaitezela izan horren-horren altruista. Bestela, gugan pentsa ezazu. Senar batek behinolako maitasun-arerioa hiltzen du, eman dezagun, hamazazpi urte beranduago, ez al da hala? Maitasunaren zuziak bizi eta altu dirau. Atsegin dudala uste duzu hori?»

        «Lillian, zertaz ari zara?» Bainugelatik bekoskoa ilundurik irten zuen senarrak.

        «Ederki dakizu! Zuk uste duzu ez nekiela Margaretekin maiteminduta zeundela? Oraindik ere bazaudela? Roger zuk hil duzula ez dakidala uste duzu?» Lillianen begi grisek basatiaren desafioz begiratu zioten. Burua alde batera okertua zuen, eskuak gerrian.

        Mihia loturik sentitu zuen McCulloughek, paralizaturik. Elkarri begira gelditu ziren, hamabost segunduz beharbada pentsamendua Lillianen hitzek aurrean zabaldu zioten amilaren gainetik tentuz zebilkion bitartean. Berak ez zekien Lillianek oraindik Margaretekin pentsatzen zuela. Margaretena jakin zuen, hori bai. Baina nork iraunarazi zuen historia hura bizirik Lillianen gogoan? Berak agian, bere isiltasunagatik, konturatu zen doktorea. Baina etorkizuna zen garrantzitsuena. Lillianek bazuen orain senarrari buru gainean zer eskegi, hura betirako zerekin kontrlatu. «Maitea, oker zabiltza».

        Lillianek ordea buru eragin batez jiratu eta alde egin zuen, eta doktoreak bazekien ez zuela irabazi.

        Ez zen beste ezertxo ere esan asuntoaz egun osoan. Bazkaldu eta ordubete igaro zuten Vaticanoko museoan.

        Dkt. McCulloughi pentsamendua ordea Michelangeloren marrazkiez oso bestelako gauzetan zebilkion. Genevara joan eta guztia aitortuko zuen, ez gizabidez edota kontzientziak estutzen zuelako, ezpada Lillianen jarrera ezin zelako eraman. Espetxealdi bat baino eramanezinagoa zen hura. Arratsaldeko bostetan telefonoz hotsegitera joateko moldatu zen. Zazpietan hegazkin bat zegoen Genevara. Seiak eta laurdenetan, esku hutsik, gelatik irten eta taxi bat hartu zuen Ciampino aireportura. Pasaportea eta bidaiari txekeak zeuzkan aldean.

        Genevara gaueko hamaikak baino lehenago iritsi zen, eta poliziari hots egin zion. Hasieran, ez zioten ezer esan nahi Roger Faneren hilketaz akusatutako gizonaren gainean, baina Dkt. McCulloughek izena eman eta garrantzi handiko informazioa zuela esan zuenean, orduan bai, suizar poliziak Anton Carpeau non zeukaten esan zion. Dkt. McCulloughek taxi bat hartu zuen Genevatik kanpoko auzoa izan zitekeen alde baterantz. Eraikuntza berri zuri bat zen, inondik ere espetxe ematen ez zuena.

        Han, ikustera joan zitzaizkion ofizial sekretuetako batek agurtu zuen, ilehoriak. «Dkt. McCullough» esan zion irribarrez. «Informazioa duzula diozu? Berandutxo ote den beldur naiz!»

        «Hara. Zer ba?»

        «Anton Carpeauk bere buruaz beste egin berri du, buruaz ziegako horma jota. Orain dela hogei minutu hain zuzen». Etsimen keinua egin zuen.

        «Jainkoa.» Esan zuen Dkt. Mc Culloughek leunki.

        «Baina zer zenuen zure informazio hori?»

        Dkt. McCulloughek zalantza egin zuen. Hitzak ez zitzaizkion etortzen. Eta orduantxe ohartu zen koldarkeriak eta lotsak isilarazten zutela. Bizitza osoan ez zen inoiz hain ahots gabe sentitu, eta bere buruaz beste egin zuen mozkor desastrea baino askoz beherago zegoela konturatu zen. «Ezer ez zen. Gauzak horrela badira, esan nahi dut, bukatu da dena, ez al da hala? Antonen aurkako beste gauzaren bat zen, uste dut, eta merezi al du orain? Nahikoa txarra da» hitzak trabatu egiten zitzaizkion.

        «Bai, nik uste», esan zuen suizarrak.

        «Beraz, gabon esan beharko dut ba».

        «Gabon, Dkt. McCullough».

        Gauaren barrenera sartu zen doktorea, noraezean. Halako hustasun bitxi bat sentitzen zuen, halako ezerez bat, bere baitan, bere umoretan inoiz ezagutu gabekoa. Hilketa planak ondo irten zion, baina trajeria garratzagoak ekarri zituen ondoren. Anton Carpeau. Eta Lillian. Nolabait ere bere burua hil zuen doktoreak, Roger Fane hil zuen bezalaxe. Gizon hila zen orain, hildako ibiltaria.

        Handik ordu erdira, zubi batean zegoen, Leman Lakuko ur beltzetara hegira. Denbora luzean egon zen hegira, eta bere gorpua uretan sartu eta ateraz imajinatu zuen, zarata handirik gabe ura hausten, urperatzen. Hain gotorra zirudien ur beltzari zuzenean begiratu zion, hain gotorra baina hain malgua izango zena, bera heriotzarako irensteko prest. Baina oraindik ez zuen suizidiorako behar adinako ausardia edo etsipena. Noizbait, halere, edukiko zuen, bazekien. Koldarkeria eta ausardiaren planoak noizbait angulu egokian elkartzean. Eta egun hori sorpresa izango zen bai beretzat eta bai bera ezagutzen zuen edonorentzat. Eta orduan, harrizko hormara lotua zuten eskuek atzera bultzatu zuten doktorea, eta alde egin zuen pauso astunez. Gauerako hotelen bat bilatu, eta hurrengo egunean moldatuko zen Erromara itzultzeko.

 

 

© Patricia Highsmith

© itzulpenarena: Koro Navarro

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus