POLIKI, POLIKI HAIZETAN

 

Edward (Skip) Skippertonek haserre izugarrian emana zuen bere bizitza gehiena. Berezkoa zuen. Jenioz oso bizia izan zen gaztetan, eta heldutasunean eramanezina zitzaion jendearen mantsotasuna, efikaziarik eza edo zozokeria. Orain berrogeita hamabi urte zituen Skippertonek. Emazteak bi urte lehenago utzi zuen, hasarraldi haiek eraman ezinik. Bostoneko unibertsitate-irakasle bat ezagutu zuen, Skippertonengandik dibortziatu uztargaiztasunaren izenean, eta irakaslearekin ezkondu. Skippertonek garai hartan hamabost urte zituen bere alaba Margareten zaintzea lortzea erabaki zuen, eta baita lortu ere, abokatu bizkorrak erabiliz eta emazteak beste gizon batengatik utzi zuela esanez. Dibortzioa eta hilabete batzuk geroago, bihotzekoak eman zion Skippertoni, egiazko kolpea semi-paralisi batekin, baina sei hilabetetan harrigarriki errekuperatu zen; halere sendagileek abisua eman zioten.

        «Skip, hil ala bizikoa da. Erretzeari eta edateari utzi, eta oraintxe bertan, edota gizon hila izango zara zure hurrengo urtebetetzea baino lehenago». Bihotzeko espezialistak esan zion hori.

        «Margareti zor diozu», esan zion bere sendagileak. «Erretiroa hartu beharko zenuke, Skip. Diru asko daukazu. Zeure naturaren kontrako bizibidea duzu, arrakasta handia izan duzula onarturik. Baina geratzen zaizun bizitza garrantzitsuagoa da, ezta? Zergatik ez nezakari aberats bihurtu, edo antzeko zerbait?»

        Skipperton jestio-aholkularia zen. Negozio handitan zebiltzanen artean ezaguna zen oso. Bere kasa egiten zuen lana. Desagertzekotan zeuden entrepresek berarengana jotzen zuten berregituratu, berritu, eta zulotik irtetzeko. Skipek aholkatutako guztiek aurrera egiten zuten.

        «Joan eta ipurdia agerian uzten diet» zen Skipek bere lana deskribatzeko zuen dotoreziarik gabeko modua, horretaz galdegiten ziotenean, gutxitan gertatzen zen gauza, nahiago bait zuen ezkutuko papera jokatu.

        Skippertonek Maineko Coldstream Heights erosi zuen, baserri moderno bat zuen zazpi akretako landetxea, eta Andy Humbert izeneko herriko gizon bat hartu zuen maizter bertan bizi eta lan egiteko. Aurreko jabeak salgai zituen makina batzuk ere erosi zituen Skippertonek, ez guztiak ordea, ez bait zuen erabateko nekazari bihurtu nahi. Ariketatxo batzuk egitea gomendatu zioten doktoreek, eta inolako ardurarik ez edukitzea. Bazekiten Skipek ezingo zituela lehen laguntzen zituen negozioekin harremanak erabat eten, ezta nahi ere. Noizean behin egin beharko zuen bidaiaren bat Chicago edo Dallasera, baina ofizialki behintzat erretiratuta zegoen.

        Margaret bere New Yorkeko eskola pribatutik Suizako barnetegi batera bidali zuen. Skippertonek ezagutzen zuen Suiza eta atsegin zuen, eta banku-kontuak zituen han.

        Skippertonek utzi egin zion edate eta erretzeari. Sendagileak harriturik zituen bere kemenak, baina bere-berea zuen hori, egun batetik bestera gelditzea, soldadu bat bezala. Orain mastikatu egiten zituen pipak Skipek, eta astean bat apurtzen zuen. Beheko bi hortz ere puskatu zituen, baina Bangoren forratu zizkioten altzairuz. Skipperton eta Andyk ahuntz pare bat hartu zuten belarra motz edukitzeko, eta Skipek erosi zuenean ume egiteko zegoen txerri bat, eta hamabi txerrikume zituena orain. Margaretek gutun filialak idazten zituen, Suiza atsegin zuela eta bere frantsesa oso ongi zihoala esanez. Gorbatarik gabeko franelazko alkondarak zeramatzan orain Skippertonek, bota motz lokarridunak eta basagizon jakak. Apetitu hobea zuen, eta hobeto zegoela onartu behar izan zuen.

        Buruhauste bakarra —eta Skippertonek baten bat behar zuen normal ibiltzeko—, aldameneko soro batzuen jabe zen gizona zuen, Peter Frosby delako bat, ez bait zion honek lur pusketa bat ere salduko Skippertonek hiru bider beren prezioa eskeinita ere. Soroa Coldstream izeneko erreka txiki batera jeisten zen; hark mugatzen zituen Skippertonen jabegoaren zati bat eta Frosbyrena ifar aldetik, eta Skippertoni ez zitzaion hori axola. Hurbilen zuen ibaiaren zatian zegoen interesatua, Coldstream Heightsetik ikusten zen hartan. Skippertonek arrantza iharduntxoren bat egin nahiko zuen, paisaiaren zati honen jabe zela, eta bazituela ibai-eskubideak esan ahal izatea. Baina Frosby zaharrak ez zuen inor nahi bere errekan arrantzan, esan zioten Skippertoni ajenteek, nahiz eta Frosbyren etxea errekatik gora egon eta Skippetonen bistatik kanpo.

        Peter Frosbyren ezezkotik astebetera, etxera gonbidatu zuen Frosby. «Elkar ezagutzeko besterik ez... bizilagun gisa», esan zion Frosbyri Skippertonek telefonoz.

        Ordurako lau hilabete zeramatzan Skippertonek Coldstream Heightsen bizitzen.

        Skippertonek eskura zituen bere whisky eta brandyrik onenak, puro eta zigarroak —berak disfrutatu ezin zituen guztiak—, Frosby iritsi zenean, hautsez beteta zegoen baina halere berria zen Cadillac batean; mutil gazte bat zetorren gidari, eta Frosbyk bere seme Peter bezala aurkeztu zuen.

        «Frosbytarrek ez dituzte beren lurrak saltzen», esan zion Frosbyk Skippertoni. «Lur bera eduki dugu hirurehun urtez ia, eta ibaia geurea izan dugu beti.» Frosbyk, gizon argala baina oraindik indartsua, begi gris hotzak, gutiziaz bota zuen puroaren kea eta hamar minutu beranduago bukatu gabea zuen lehenengo whiskya. «Ezin ulertu zertarako behar duzun».

        «Arrantza apur bat», esan zuen Skippertonek, irribarre atseginez. «Nire etxetik ikusten da. Uretan ibiltzeko agian, udan». Skippertonek Peter gazteari begiratu zion; aitaren atzean besoak gurutzaturik eseritza zegoen. Skippertoni Andyk baino ez zion laguntzen, nahikoa morroi ona, baina ez bere dinastiakoa. Skippertonek edozein gauza (bizitza ez beste) emango zukeen esku batean whisky on bat eta zigarro eder bat bestean edukitzeagatik. «Lastima», esan zuen azkenean Skippertonek. «Baina onartuko duzula uste dut eskeintzen dudan prezioa ez dela txarra: berrehun dolar dirutan berrehun yardatako ibai-eskubideen truke. Ez dut uste berriro halakorik izango duzunik zeure bizitza osoan.»

        «Ez nago neure bizitzan interesatua», esan zuen Frosbyk irribarre arin batez. «Seme bat daukat hemen».

        Semea ilea iluna eta sorbalda indartsuak zituen mutil ederra zen, aita baino luzeagoa. Besoak oraindik ere gurutzatuak zituen bularraren parean, aitaren ezezkako jarrera ilustratu nahiko balu bezala. Zigarro bat pizteko une batez besterik ez zituen askatu, eta berehala itzali zuen. Berak eta aitak alde egiterakoan irribarrez esan zuen:

        «Lan ederra egin duzue Heightsetan, Skipperton fauna. Lehen baino itxura hobea du honek orain».

        «Eskerrik asko», esan zuen Skipek pozik. Izan ere, larruz tapiztaturiko haltzari onak ipini zituen, gortina luze lodiak, eta latorrizko suburdinak eta suhatzak tximiniarako.

        «Antzineko estiloko ukitu politak», komentatu zuen Frosbyk, Skippertoni kunplimendu eta burla arteko balantza iruditu zitzaion tonuan. «Txorimalo bat ikusi gabea genuen beharbada ia nire garaiaren aurretik, uste dut».

        «Antzineko gauzak atsegin ditut, arrantza bezala», esan zuen Skippertonek. «Artoa hazi nahian nabil. Norbaitek esan zidan egokia omen dela lur hau artoarentzat. Hor egon behar du txorimalo batek, ezta, arto sail batean». Ahalik eta atseginen saiatzen zen hitzegiten, baina odola irakiten zeukan. Mandoa bezain tematia Maineko gizon hori, Frosby, bere arbaso indartsuek berarentzat lortu zuten akre-ehundaka batzuen gainean eserita.

        Frosby gaztea zilarrezko marko batean sarrerako mahai gainean zegoen Maggieren argazki bati begira ari zen. Hamahiru edo hamalau urte zituen argazkia egin ziotenean, baina ile luze ilunez inguratutako aurpegi lirainak sudur eta kopeta ongi ebakiak erakusten zituen, egunen bateau emakume eder bat bihurtuko zuen irribarre arina. Maggiek ia hemezortzi urte zituen orain, eta Skipen esperantzak baieztatzen ari ziren.

        «Polita neska», esan zuen Frosby gazteak, Skippertonengana itzuliz, aitari begira gero, sarreran bait zeuden hirurak oraindik.

        Skippetonek ez zuen eser esan. Bilerak porrot egin zuen. Ez zegoen halakotara ohitua Skipperton. Frosbyren begi grisberdeskei begiratu eta esan zuen: «Beste ideia bat daukat. Demagun konponketa bat egiten dugula, nik bizi naizen artean alokatzen dizut lur hori, eta gero zuregana itzuliko da berriro, edo zure semearengana. Urteko bostehun emango dizut. Nahi al duzu berriro pentsatu?»

        Frosbyk beste irribarre izoztu bat erakutsi zuen. «Ez dut uste, Skipperton jauna. Eskerrik asko halere».

        «Zure abokatuarekin mintza zintezke horretaz. Nik ez dut inolako presarik».

        Orain ahopetik egin zuen barre Frosbyk. «Abokatuek" adina dakigu guk hemen legeaz. Geure lur-mugak ezagutzen ditugu behintzat. Poztutzen naiz zu ezagutzeaz, Skipperton jauna. Eskerrik asko whiskyarengatik eta, agu r».

        Inork ez zuen eskurik luzatu. Cadillaca mugitzen hasi zen.

        «Zerri madarikatu horiek», marmariatu zion Skippertonek Andyri, baina irribarrez ordea. Jokua zen halerebizitza. Batzuetan irabazi, besteetan galdu egiten da.

        Maiatzaren hasiera zen. Aurreratua zetorren artoa eta Skippertonek hiru edo lau kimu berde eta indartsu landatu zituen lur ilun ongi irauli hartan. Poztu egiten zuen horrek, Amerikar indiarrekin pentsarazten zioten, Maya zaharrekin. Artoa! Eta berak eta Andyk orain aste pare bat elkarrekin egin zuten benetazko txorimalo bat zeukan. Makil gurutzatuak jaka zahar batez jantzi zituzten, eta beheko bi makilak goraka giltzatzuak praka marroiez, lastozko txano batek, goiko muturrari heldua eta iltze batez segurtatua, osatzen zuen irudia.

        Skip San Franciscora joan zen aeronautika konpainia baten bost egunetako operazio batera, zeina lege auzi batek gelditua zuen, eta sindikatoek eta kontratu arazoek izu-izu eginda. Skipek langabetu gehiagorekin utzi zituen, hiru lehendakariorde kanpoan, baina baita itxura hobean utzi ere, eta berrogeita hamar mila jaso zituen lanarengatik.

        Arrakasta hori eta Maggie ekarriko zuen uda hurbila ospatzeko edo Frosbyren ehize-zakurretako bat hil zuen Skippek txori bat harrapatzeko ibaia gurutzatu bait zuen eta bere lurretan sartu. Bere gelako leihoan zain egona zen lasai-lasai, bai bait zekien armen hotsarengatik ehizean zebiltzala. Skipek binokularrak eta distantzia handiko riflea zituen. Kexa zedila Frosby! Pasa dena pasa da.

        Skip poztu egin zen is Frosbyk, zakurra zela eta, epaitegira eraman zuenean. Andyk lurperatu zuen zakurra, Skippertonen esanetara, baina Skippertonek berehala onartu zuen hilketa. Eta epaia Skippertonen aldekoa izan zen.

        Frosby haserreak zuri-zuri eginda utzi zuen. «Legea izango da baina hori ez da gizabidea. Ez da leiala».

        Eta zeinen ederki Frosbyk hori esatea!

        Skippertonen artoa txorimaloaren hanka gainetaraino igo zen, eta baita gorago ere. Skipek ordu luzeak ematen zituen bere gelan, eskura katalejoak eta rifle kargatua, Frosbyren zerbait bere lurretan noiz agertuko zain.

        «Ez niri jo», esan zion Andyk irribarre urduri batez.

        «Arto sailaren ertzera disparatzen duzu, eta hortxe ibiltzen naiz ni belar garbiketan, badakizu».

        «Nire bista oker dabilela uste duzu?» erantzun zion Skipek

        Handik egun batzuetara frogatu zuen Skipek bere bista ez zebilela batere oker, ibaiaren alderdi honetako belarretan txori edo sagu baten atzetik zebilen katu gris bat akabatu zuenean. Tiro bakar batez egin zuen. Jakin ere ez zekien ziur Frosbyrena ote zen katua.

        Tiro honek Frosby gaztearen dei pertsonal bat eragin zuen hurrengo egunean.

        «Galdera bat egiteko besterik ez da, Skipperton jauna. Tiro bat entzun genuen atzo aitak eta biok, eta gauean gure katuetako bat ez zen jatera etxeratu, ez eta gaur goizean ere. Ba al dakizu ezer horretaz?». Frosby gazteak ez zuen eseri nahi izan.

        «Nik hil nuen katua. Nire jabetzatan zebilen».

        «Baina katua. Ze kalte egiten zuen katuak ba?» Gazteak irme begiratzen zion Skippertoni.

        «Legea legea da. Jabetza jabetza da».

        Frosby gazteak burua mugitu zuen. «Gizon gogorra zara, Skipperton jauna». Gero joan egin zen.

        Peter Frosbyk epailearengana jo zuen berriro eta epaileak adierazi zuen, ingeles lege zaharrak eta baita ere amerikarrak ziotenez, katuak berez direla geldigaitzak, zakurrak ez bezala lotu ezinak. Multa handiena, bostehun dolar, eman zion Skippertoni, eta etorkizunean riflea hain erraz ez erabiltzeko abisua.

        Disgustatu egin zuen horrek Skipperton, nahiz eta multaren eskasiari barre egin ziezaiokeen eta baita egin ere. Beste gauzaren bat, benetan molestagarria bururatuko balitzaio, zerbait benetan esanahigarria, bigunduko zen agian Frosby zaharra, eta gutxienez ibaiaren zati bat utzi, pentsatu zuen Skipek.

        Baina gatazka ahaztu egin zitzaion Margaret etorri zenean. Skipek New Yorkeko aireportuan jaso zuen, eta Maine aldera abiatu ziren. Skip baino luzeagoa zirudien, beteagoa, eta larrosak zituen masailetan. Ederra zen neska, benetan!

        «Sorpresa bat duzu etxean», esan zion Skipek.

        «Umm... zaldi bat agian? Aurten saltatzen ikasi dudata esan nizun, ezta?»

        «Bai» Eta esan zuen Skipek, «Ez, zaldia ez».

        Skipen sorpresa Toyota gorri bihurgarri bat zen. Gogoratu zitzaion behintzat gidatzen erakutsi ziotela Maggieri eskolan. Hunkitu egin zen, eta lepotik heldu zion Skipi.

        «Zoragarria zara, aita! Eta, aizu, oso itxura ona duzu!»

        Margaret bi astez egona zen Coldstream Heightsen Aste Santuan, baina zainduagoa zirudien orain etxeak. Gau erdi aldera iritsi ziren bera eta Skip, baina Andy jeikita zebilen oraindik telebistari hegira zelaiko bere etxetxoan, eta hura agurtzera joan zitezen insistitu zuen Maggiek. Skip saritua sentitu zen Andyren begiak neska ikusi eta zabaltzen ikusi zituenean.

        Hurrengo egunean saiatu zuten Skip eta Maggiek auto berria. Hogei bat milatara zegoen hiri bateraino joan eta bertan bazkaldu zuten. Arratsaldean, berriro etxean, arrantza-kainaberarik ote zuen galdetu zion Maggiek aitari, soil bat besterik ez, errekan saio bat egiteko. Skipek era guztietako kainaberak zituen noski, baina ezinezkoa zela esan behar izan zion, eta agertu ere agertu zion arrazoia; agertu zion halaber errekaren zati bat erosten ahalegindu zela.

        «Frosby halakoxearen semea da», esan zion Skipek. «Ez du ezertxo ere emango».

        «Ez dio axola, aita. Bestelako gauza ugari dago egiteko».

        Maggie pasioan ibiltzea atsegin zuen neska zen, irakurtzea edo etxean endredatzea, gauza txikiak txukurtzea ederrago agertu zitezen. Halakoetan aritzen zen Skip telefonoan zegoen artean, ordubetez edo batzuetan, Dallas edo Detroitekin hizketan.

        Skipperton harritu egin zen egun batean Maggie bere Toyotan arratsaldeko zazpiak aldera iritsi zenean, hari batetik zintzilik hiru amuarrain zekarzkiela. Oin hutsik zegoen, eta praken bueltak bustiak zituen. «Nondik atera dituzu?» galdetu zion Skipek, bere kainaberetako bat hartu eta bere esanen aurka arrantzan ibilia zela errekan pentsatu bait zuen lehenik.»

        «Han bizi den mutila ezagutu dut», esan zion Ma ggiek. «Gasa erosten ari given biok, eta berg aurkeztr zitzaidan: nire argazkia ikusi zuela etxean esan du. Eta kafea hartu dugu gas estazio ondoan dagoen tabernan».

        «Frosby mutila?»

        «Bai. Ikaragarri atsegina da, aita. Aita ez da izango atsegina agian. Dena den esan dit Petek, «Etorri arrantzara nirekin arratsaldean», eta joan egin naiz. Aitak gorago errekara arraiak botatzen dituela esan dit».

        «Ez dut nahi, benetan, Maggie, ez dut nahi zu Frosbytarrekin elkartzerik!».

        «Bi besterik ez dira». Maggie goibeldu egin zen. «Juxtu-juxtu ezagutu dut aita. Oso etxe ederra dute, aita».

        «Tratu gaitzak izan ditut Frosby zaharrarekin, esan nizun, Maggie. Zuk semea lagun egitea ez da gauza propioa. Egidazu uda honetan mesede hori, Maggie panpoxa». Horrela esan ohi zion alabari hurbildu nahi zitzaionean, alaba beregana hurbilerazi nahi zuenean.

        Hurrengo egunean, hiru orduz egon zen ia Maggie etxetik kanpora, eta Skip ohartu egin zen. Herrira joan behar zuela zapatilak erostera esan zuen, eta zapatilak zeramatzan etxera itzultzean, baina bost milatako bidaia egiteko zergatik behar izan ote zituen hiru ordu pentsatu zuen Skipek. Esfortzu handia eginez, ez zion ezer galdetu. Larunbat goizean Keensporten dantzaldi bat zegoela esan zuen Maggiek, eta joan egin behar zuela.

        «Eta norekin zoazen susmoa dut nik», esan zion Skipek, bihotza kolpeka hasten zitzaiola adrenalinaz beterik.

        «Bakarrik noa, aita, zin egiten dizut. Neskek ez dute jada laguntzailerik behar. Bakerotan joan naiteke, baina ez naiz joango. Praka zuri batzuk ditut».

        Dantzaldi batera joatea ezin ziola debekatu konturatu zen Skipperton. Baina ederki asko zekien Frosby mutila bertan izango zela, eta Maggierekin elkartuko zela seguraski sarreran. «Poztu egingo naiz berriro Suizara itzultzen zarenean».

        Bazekien Skipek zer gertatu behar zuen. Urrutitik ikus zezakeen. Bere alaba guztiz maitemindurik zegoen, eta neskak hori gainditzea besterik ezin zuen espero, ezer ez gertatzea eskolara itzuli aurretik (beste hilabete oso bat), ez bait zuen etxean giltzapetuta eduki nahi. Ez zuen alabaren begitan inozo agertu nahi, ez eta hain sinplea zen Andyren begitan, legea inposatuz alabari.

        Maggie oso berandu etxeratu zen gau horretan, eta hain isilik ezen ez zuen Skip esnatu, nahiz eta zutik egona zen goizeko ordubiak arte, alaba aditzeko asmotan. Gosaritan, fresko eta dizdiratsu zirudien Maggiek, Skipen harrimenerako.

        «Frosby mutila dantzaldian izango zen noski atzo gauean?». Maggiek, bacon eta arrautzetan murgildurik, esan zuen, «Ez dakit zer duzun haren aurka, aita: bere aitak ez dizulako saldu nahi aspalditik beren familiarena izan den lurra!»

        «Ez dut baserritar baldar batekin maitemintzerik nahi! Eskola on batera bidali zaitut. Prestakuntza baduzu, edo gutxienez halako zerbait ematen saiatu naiz!

        «Ba al zenekien Petek hiru urte egin zituela Harvarden eta ingeniaritza elektronikoko ikastaro bat ari dela egiten postabidez?»

        «Hara! Eta ordenadore-programakuntza ikasten arituko da noski? Takigrafia baino errazagoa!»

        Maggie zutitu egin zen. «Hemezortzi urte beteko ditut datorren hilean, aita. Ez dut inork esatea nahi nor ikus dezakedan eta nor ez».

        Skip ere zutitu eta oihu egin zion. «Ez da nire edo zure klaseko jendea».

        Maggiek alde egin zuen gelatik.

        Hurrengo egunetan, suminduta ibili zen Skipperton eta bi edo hiru pipa hautsi zituen. Ohartu zen Andy ezinegon hartaz, bazekien Skippertonek, baina ez zuen komentariorik egin. Andyk lanik gabeko orduak bakarrik pasatzen zituen, huskeriak ikusten bere telebistan. Skip Maggieri zer esango aritzen zen burutaziotan, bere soroetatik pasioan zebilela, txerriari eta txerrikumeei hegira, Andyren baratze txukunari begira, ezertxo ere ikusi gabe. Irtenbide baten bila zebilen Skip, gauzak bere bidera eramango zituen eta negoziotan beti aurkitu izan zuen arma klasearen bila. Ezin zuen Maggie Suizara bidali, nahiz eta udan eskola irikia egon etxea itzultzeko urrutiegi zuten neskentzat. Eskolara ez itzultzea mehatxu egingo balio, beldur zen Maggieri ez zitzaiola axolako. Skippertonek apartamentu bat mantentzen zuen New Yorken, eta bertan lo egiten zuten bi neskame, baina bazekien Maggie ez zela hara joatearekin konforme agertuko, eta Skipek ere ez zuen New Yorkera joan nahi. Interesatuago zegoen eskenatoki hurbilean, gatazka zeto

        Hurrengo larunbatean, Keensporteko dantzalditik astebetera, ezertara ailegatu gabea zen Skipperton, eta leher eginda zegoen. Larunbat horren arratsaldean dantzaldian ezagutu zuen Wilmers izeneko baten etxera festa batera zihoala esan zuen Maggiek. Skipek telefonoa eskatu zion eta Maggiek sarrerako telefono-agendan zirriborratu zuen. Ez zebilen oker Skip hura eskatu zuenean, igande goizean itzuli gabea bait zen Maggie. Skip zazpietan jeiki zen, katu bat bezain urduri eta oraindik haserre bizitan zegoen bederatzietan, igande goizean hots egiteko ordu egokia zela hura erabaki zuenean, hain luze itxarotea asko kostatu bazitzaion ere.

        Mutil gazte baten ahotsak erantzun zion baietz, Maggie han egona zela, baina goiz samar aldegin zuela.

        «Bakarrik zegoen?»

        «Ez, Pete Frosbyrekin zen».

        «Hori zen jakin nahi nuen guztia», esan zuen Skipek, odola aurpegira zihoakiola sentituz, hemorragia balitz bezala. «Oi! Itxadon! Nora zihoazen badakizu?»

        «Hori bai ezetz».

        «Nire alaba bere autoan joan zen?»

        «Ez, Peterenean. Maggieren autoa hemen dago oraindik».

        Mutilari eskerrak eman eta telefonoa utzi zuen dardarka, baina dardar hura nerbio eta giharre bakoitzetik zetorkion energiak sorrerarazten zuen. Telefonoa hartu eta Frosbyren etxeko zenbakia markatu zuen.

        Frosby zaharrak erantzun zuen.

        Skippertonek nor zen esan eta bere alaba han ote zegoen galdetu zion.

        «Ez, ez dago hemen, Skipperton jauna».

        «Zure semea hor al dago? Zera nahi nuke...»

        «Ez, ez dago ba hemen orain».

        «Zer esan nahi duzu? Hor zegoela eta joan egin dela?»

        «Skipperton jauna, nire semea bere erara moldatzen da, bere gela dauka, bere giltza... bere bizitza. Ni ez naiz...»

        Skippertonek bapatean eskegi zuen telefonoa. Odoljario gaitz bat zuen sudurrean, eta odola mahai ertzera isurtzen ari zen. Toaja busti baten bila joan zen azkar.

        Maggie ez zen etxeratu ez igande arratsaldean ez eta astelehen goizean ere; poliziari berri ematearen kontra zegoen Skipperton, bere izena eta Frosbyrena loturik agertzearen pentsakizunak eraginda, poliziak haren semearekin aurkituko ote zuen beldur. Astearte goizean, argibidea iritsi zitzaion Skippertoni. Maggieren gutun bat jaso zuen, Bostonen idatzia. Berak eta Petek ezkontzeko ihes egin zutela zioen, eta «eszena gogaikarriak» galeraztearren.

        «... bizkorregi dela pentsa badezakezu ere, elkar maite dugu eta ziur gaude horretaz. Ez dut eskolara itzuli nahi, aita. Hemendik aste betera edo jarriko naiz zurekin harremanetan. Mesedez, ez saiatu ni aurkitzen. Ama ikusi dut, baina ez gaude berarekin. Nire auto berri polita uzteko pena izan nuen, baina autoa ondo dago.

        Maite zaitut beti,

        Maggie. »

        Bi egunetan Skipperton ez zen etxetik atera, eta ez zuen jan ia. Hiltzear sentitzen zen. Andy kezkatua zuen oso, eta azkenean berarekin hirira joan zedin konbentzitu zuen Skipperton, gauza batzuk behar bait zituzten. Skipperton joan egin zen, gorpu tente bat bezala gidariaren alboan eserita.

        Andy botikara eta harategira zihoan artean, autoan eserita gelditu zen Skipperton, begiak pentsamenduek lainotuta. Orduan espaloitik hurbiltzen ari zen figura batek begiak ernetu zizkion Skippertoni. Frosby zaharra! Ibilkera indartsua zuen Frosbyk bere adinerako, pentsatu zuen Skipek. Tweedezko traje berria zeraman, fieltrozko txano beltza, eta puro bat zuen eskuan. Skippertonek Frosbyk ez zuela autoan ikusiko espero zuen, baina ikusi egin zuen.

        Frosbyk ez zuen pauso arin hura gelditu, irribarre besterik ez zuen egin, bere irribarre txiki gorrotagarri, ezpain-fin hura, eta burua apur bat makurtu zuen, esanaz bezala...

        Bai, Skippek bazekien zer esan nahiko zukeen Frosbyk, zer esaten zuen irribarre zikin hark. Odola irakiten zuen, eta Skipek garai batean zenera itzuli zela berriro sentitu zuen. Aldameneko espaloian zegoen, eskuak sakeletan eta aparte oinak, Andy berriro agertu zenean.

        «Zer dugu gaur afaltzeko, Andy? A zer apetitua dudan!»

        Gau hartan, ez larunbat gaua bakarrik, baita hurrengo eguna ere libre hartzeko, nahi bazuen, konbentzitu zuen Andy Skippertonek. «Ehuneko pare bat emango dizkiat parrandatxoren baterako. Irabazia duk». Skippek ehun dolarretako hiru bilete jarri zizkion Andyri eskutan. «Har ezak astelehena ere, nahi baduk. Moldatuko nauk».

        Larunbat arratsaldean aldegin zuen Andyk Bangorerako autobusean.

        Frosby zaharrari hotsegin zion orduan Skipek. Erantzun Frosbyk, eta Skippertonek esan zion, «Frosby fauna, gauzak daudenean daude eta, tregoa bat egin dezagun garaia da. Ez al duzu uste?»

        Harritua zirudien Frosbyk, baina igande goizean hamaikak aldera hizketara joatekotan geratu zen. Cadillac berean iritsi zen Frosby, bakarrik.

        Eta Skippertonek ez zuen astirik galdu. Atea jotzen utzi zion Frosbyri, iriki, eta barrura sartu bezain azkar, burura joan zitzaion Skip rifle baten kulatarekin. Sarreraraino eraman zuen gero Frosby arrastaka egin beharra bukatua zegoela ziurtatzearren: sarrera tapizatu gabea zegoen, eta Skipek ez zuen odolik nahi alfonbretan. Gozoa zitzaion mendekua Skipi, eta irribarre egin zuen ia. Arropak kendu zizkion, eta prest zituen hiru edo lau zakutan bildu zuen gorpua. Frosbyren arropak erre zituen gero tximinian; su txiki bat zuen han jadanik txinpartaka. Frosbyren erlojua, kartera eta bi eraztun kajoi batean utzi zituen beranduago desagertarazteko.

        Plana aurrera eramateko erabakia zuen egun argia zuela garairik egokiena, gaua baino hobea, ezen erabili beharko zuen argiren batek inoren atentzioa deitu bait zezakeen. Horrela, beso batez Frosbyren gorpua inguratu eta zelaian barrena txorimalorantz eraman zuen arrastaka. Milia erdi baino gehiago hartu zion garraioak. Skipek soka eta laban bat zeramatzan atzeko sakeletan. Bota zuen txorimaloa lurrera, gurutzera heltzen zuten sokak moztu, Frosby praka eta jaka zaharrez jantzi, poltsa bat lotu buru eta aurpegiaren inguruan eta buruan txano bat jarri zion estu-estu. Txano hark lotu gabe ez zuen iraungo, eta horixe egin zuen Skipek txanoaren hegoa labanaz zulatu ondoren. Gero, poltsak hartuta etxe aldera abiatu zen aldapan behera, atzera begiratuz sarritan bere lan hura miresteko eta sarritan irribarre eginez. Txorimaloak ia lehengo itxura bera zuen. Jende askok zaila dela uste duen arazo bat konpondua zuen berak: gorpuarekin zer egin. Gainera disfrutatu ere egin zezakeen hari begira goiko leihotik binokularrekin.

        Poltsak tximinian erre zituen Skipek, eta zapaten zolak ere errauts fin bat bihurtzeraino erreak zirela ziurtatu. Errautsak hoztu zirenean, botoiak eta gerrikoaren hebila bilatu zituen eta handik atera. Sarde bat hartu zuen, zerritegiaren atzekaldera joan eta kartera lurperatu zuen (paperak ordurako erreak zituen), baita erlojua eta eraztunak ere, hiru bat oin sakon. Belar legorra zuen zati bat zen hura, ahuntzentzat ez beste ezertarako erabili gabea, lorategi lanetan inor arituko ez zen lekua.

        Gero Skipek aurpegia eta eskuak garbitu zituen, roastbeef zerra lodi bat jan, eta autoan pentsatzera jarri zen. Hamabi t'erdiak ziren ordurako. Skipek ez zekien Frosbyk morroiren bat ote zuen, bazkaritarako zain zukeen norbait, baina seguruagoa zen bazuela pentsatzea. Frosby ikusi ezinak galerazi egin zion Skipi etxe hartako gorabeheren berri galdetzea Maggieri. Sartu zen Skip Frosbyren autoan, hatz-arrastoak kentzeko sukaldeko zapi bat zeramala orain atzeko sakelean, eta sarritan igaroa zuen baso baterantz gidatu zuen. Errepide nagusitik baso haietara bidexka bat zihoan, eta hara abiatu zen Skip. Jainkoari eskerrak, ez zen inor ikusten, ez basa-gizonik, ezta picknickera zihoanik ere. Skipek autoa gelditu eta atera egin zen, bolantea garbitu zuen, giltzak ere bai, atea, gero atzera egin zuen oinez errepide aldera.

        Ordubete baino gehiago eman zuen etxeratzeko. Makila bat aurkitu zuen, garai bateko ibiltariek erabili ohi zutenetakoa, pentsatu zuen Skipek, eta naturazalearen edo txori-ikusle baten moduan abiatu zen poliki, pasatzen ziren auto eskasek ikus zezaten. Ez zion ez eta auto bati ere begiratu. Igande arratsaldea zen oraindik.

        Arratsalde horretan hotsegin zuten herri-poliziek zazpiak aldera, eta etorri ote zitekeen galdetu zioten. Bai horixe, esan zien Skippertonek.

        Botoiak eta gerrikoaren hebila atereak zituen sutako errautsetatik. Ordubata t'erdiak aldera emakume batek hotsegin zuen, Frosbytarren etxetik deitzen zuela esanez (Skipek neskametzat hartu zuen), Frosby jauna han ote zen galdetzeko. Frosby jaunak eguardia pasatuxea zela aldegin zuela esan zion Skipek.

        «Etxera zuzen itzultzeko asmoa ote zuen Frosby jaunak, zer uste duzu?» Galdetu zion Skippertoni polizia lodikoteak. Sarjento edo antzeko graduren bat zuen polizia hark, iruditu zitzaion Skippertoni, eta beste polizia gazteago bat zuen lagun.

        «Nora joan behar zuen, edo antzekorik ez zuen esan» erantzun zion Skippertonek. «Eta ni ez nintzen konturatu noruntz abiatu zen autoa».

        Poliziak baiezko keinua egin zuen, baina ikus zezakeen Skipek halako zerbait esatekotan zebilela: «Frosby jaunaren neskameaz badakit zu eta bera ez zinetela primeran konpontzen», baina ez zuen ezer esan, Skipen egongela begiratu besterik ez zuen egin, aurreko eta atzeko lur-sailei begiratu urduri bat eman, eta Joan egin ziren bi poliziak.

        Gau erdi aldera ohe ondoko telefono dei batek esnatu zuen Skip. Maggie zen, Bostondik deika. Berak eta Petek bazekiten Peteren aita desagertua zela.

        «Aita, goizean zu ikustera joana zela diote. Zer gertatu zen?»

        «Ez zen ezertxo ere gertatu. Adiskide arteko elkarrizketa batera gonbidatu nuen, eta halakoxea izan zen. Izan ere, aitaginarrebak gara orain. Maitea, nola jakingo dut ba nik nora noan den?»

        Frosbyri buruz gezurretan aritzea oso erraza zitzaiola konturatu zen Skip. Barne-barnetik emozioek abisatu eta neurtu egiten zioten egoera hura, eta zuzen jokatu zuela adierazi Skipi, bidezko mendekua zela hura. Frosby zaharrak bere semea kontrolatu ahal izan zuen baina ez zuen egin. Alaba kostatu zitzaion hori Skipi, horrela ikusten bait zuen guzti hura Skipek, Maggie galdua zuela. Etorkizuneko baserritar bat bezala zekusan alaba, eta adimen estuasuna, Frosbytarren heredentzia, noizbait kanporatuko zuten haur batzuen etorkizuneko ama.

        Hurrengo egunean iritsi zen Andy, astelehenean. Entzuna zuen historia herrian, eta poliziak autoa basoan aurkitu zuela ere esan zuen Andyk. Skipek harrimena adierazi zuen autoarena entzutean. Andyk ez zuen ezer galdetu. Eta txorimaloa deskubrituko balu? Diru piska batek isilaraziko zuela Andy pentsatu zuen Skipek. Arto guztia moztua zegoen han, behe-artaburu batzuk besterik ez ziren geratzen, txerrientzat. Skippertonek berak moztu zituen astelehen goizean, Andy txerri eta ahuntzekin zebilen artean.

        Skippertonen plazerra arto sailari zelatan egotea zen orain, bere goiko gelatik eta Iox binokularrekin. Atsegin zuen ikustea haizeak nola mugitzen zituen Frosby zaharraren gorpuaren inguruan artolastoak, atsegin zuen harengan pentsatzea, uzkurtzen ari zela, haizetan legortzen momia bat bezala. Poliki mugitzen, poliki haizetan, Nixonen laguntzaile batek lehendakariaren arerioez esan ohi zuen bezala. Frosby ez zen mugitzen, baina zintzilika zebilen, edonork ikusteko moduan. Belatzarrik ez zen agertu. Belatzarren beldur ibilia zen Skip. Kezkatu zuen gauza bakarra, behin, arratsalde batean eskolume batzuk ikustea izan zen, bidetik barrena eskubi aldera zihoazela (bide horren azpitik zihoan Coldstream erreka), eta txorimaloa seinalatuz. Leihoaren kontra estutuz, besoak bi alderdietan irme, binokularrak ahalik eta seguruen egon zitezen, Skipek haur txikietako bi barrezka ikusi zituen. Eta ez al zion batek sudurretik heldu? Ez ba! Txorimalotik ia milia batera zeuden eta! Oraindik ere, gelditu egin ziren, batek ostikada bat eman zuen, besteak buruari eragin eta barre egin zuen.

        Nola desiratu zuen Skipek umeek ziotena entzutea! Hamar egun ziren Frosbyren heriotzaz geroztik. Esamesak etengabe sortzen ziren, autoan eramateko hartu zuen norbaitek diruarengatik hil zuela Frosby zaharra, sekuestratu egin zutela eta erreskate-eskaera bat irits zitekeela oraindik. Baina eman dezagun eskolumetako batek Frosby txorimaloaren barruan zegoela esaten ziola aitari, edo edonori. Horrelakoxe gauzak pentsa zitzakeen Skipek txikitan. Horregatik haurren beldurrago zen Skip poliziarena baino.

        Eta polizia itzuli egin zen, detektibe sekretu batekin. Skippertonen etxea eta soroak miatu zituzten; berriki mugitutako lur zatiaren bila, pentsatu zuen Skipek. Horrela bazen, ez zuten batere aurkitu. Skipen bi rifleak begiratu zituzten eta kalibrea eta serie zenbakiak hartu.

        «Ohizkoa besterik ez, Skipperton jauna», esan zion detektibeak.

        «Bai, ulertzen dut», esan zuen Skipek.

        Arratsalde horretan bertan Maggiek hotsegin zuen eta Frosbytarren etxean zegoela esan zion, eta joango ote zen etxera aita ikustera.

        «Zer ba? Zure etxea da hau!» erantzun zion Skipek.

        «Ez dakit inoiz zer nolako tenorean ibiliko zaren, edo zer nolako hasarralditan», esan zion Maggiek iritsi zenean.

        «Nahikoa tenore onean, uste dut», esan zion Skippertonek. «Eta zoriontsu izango zarela espero dut, Maggie, egindakoa egina dagoenez gero».

        Maggiek ohizko bakero urdinak zeramatzan, zapatilak, ohizko jertzea. Nekeza gertatzen zitzaion Skipi ezkonduta zegoela sinestea. Eseri egin zen, eskuak lotuta, behera hegira. Orduan begiak jaso eta esan zion:

        «Pete kezkaturik dabil oso. Ez ginen inoiz astebetez geratuko Bostonen, jakin ez bagenu polizia ondo jokatzen ari dela hemen. Frosby jauna, zer, deprimiturik al zegoen? Petek ez du halakorik uste».

        Skipek barre egin zuen. «Ez! Primeran zegoen. Pozik ezkontza eta guzti horrekin». Zain zegoen Skip, baina Margaret isilik zegoen. «Frosbyrenera al zoaz bizitzera?»

        «Bai». Maggie zutitu egin zen. «Gauza batzuk hartu nahi nituzke, aita. Maleta bat ekarri dut».

        Alabaren hoztasunak, tristurak, mindu egiten zuten Skip. Bisita egitera sarritan etorriko zitzaiola edo esan zuen, ez bera joateko haiek ikustera ordea; joan ere ez zen joango Skip.

        «Badakit zer dagoen txorimaloan», esan zion Andyk egun batean, eta Skip itzuli egin zen, binokularrak eskutan, eta Andy atean zegoela ikusi.

        «Bai? Eta zer egin behar duk?» galdetu zion Skipek, edozertarako prest. Erne jarri zen.

        «Ezer ez. Ezer ez». Erantzun zion Andyk irribarrez.

        Skipek ez zekien hura nola hartu. «Dirutxoren bat nahiko duk noski, Andy? Oparitxo bat isilik egoteagatik?»

        «Ez, jauna», esan zuen patxadaz Andyk, buruaz ezezkoa eginez. Haizeak zimurtutako aurpegiak irribarre arin bat erakusten zuen. «Ez naiz horrelakoa».

        Zer egin behar zuen Skipek? Dirua atsegin zuten gizonekin ohituta zegoen, dirua eta dirua. Andy bestelakoa zen, egia esan. Ondo da, hobeto orduan ez bazuen dirurik behar, pentsatu zuen Skipek. Merkeagoa zen. Andy sinets zezakeela ere sentitu zuen. Gauza arraroa zen hura.

        Hostoak indarrez hasi ziren erortzen. Santu Guztien eguna zetorren, eta Andyk sarrerako atea kendu zuen badaezpada ere, kuntzetatik atera besterik ez, umeek lapurtuko bait zuten bestela, esan zion Skipi. Andyk ezagutzen zuen bailara. Ez zuten kalte handirik egiten haurrek, baina bihurrikeria edo oparia izan ohi zen etxe guztietan. Skip eta Andyk xox ugari eskura edukitzea ziurtatu zuten, arto gozoa, regaliza baita kalabaza pare bat ere leihotan, Andyk moztutako aurpegiekin, etor zitekeenari tenore propioan zeudela erakustearren. Baina Santu Guztien gauean ez zuen inork Skipen atea jo. Festa bat zegoen Coldstreamen, Frosbytarrenean, haizeak beren aldera jotzen zuelako eta musika entzun zitekeelako zekien Skipek. Alabarengana gogoratu zen, dantzan, ondo pasatzen. Maskarak, jantzi bitxiak eramango zituen jendeak beharbada. Kalabaza pastela natarekin izango zuten, asmaketa jokuak, altxor bilaketa beharbada. Bakarrik zegoen Skip, lehenengo aldiz bizitza osoan. Bakarrik. Scotch baten beharra zuen, baina agindutakoari eustea erabaki zuen, eta erabaki ondoren, zertarakoa galdetu zion bere buruari. Eskuak komodaren gainean jarri zituen eta bere aurpegiari begiratu zion ispiluan. Zimurrak ikusi zituen sudurraren alderdietatik aho aldera, zimurrak begi azpietan. Irribarre egiten saiatu zen, eta faltsua zirudien irribarre hark. Alde egin zuenispilutik.

        Une horretan, argi izpi batekin konturatu zen. Leihotik kanpora zen, aldapan gora zihoan zelaian. Prozesio bat —halaxe zirudien, zortzi eta hamar bat pertsona— bere zelaian barrena zihoan, linternekin, zuziekin edo biekin batera. Irme geratu zen amorruaz, beldurraz. Bere lurretan zebiltzan! Ez zuten eskubiderik! Eta umeak ziren, konturatu zen. Ilunpetan ere, prozesioko zuziei esker ikus zezakeen helduenak ziratekeenak baino askoz figura laburragoak zirela.

        Skip jiratu egin zen bizkor, Andyri deitzeko asmotan, baina berehala erabaki zuen hobe zuela ez deitzea. Behera joan zen korrika eta bere linterna indartsuena hartu zuen. Ez zen arduratu jaka iltzetik hartzeaz gaua freskoa bazen ere.

        «Ei!» deiadar egin zuen Skipek, yarda batzuetan korrika joan eta gero. «Alde nire lurretatik! Zertan zabiltzate hor?»

        Umeak txorakeriaren bat kantari zihoazen, oso abesti altua, inork entonatzen ez zuela, garraisi bizian abestutako kanta basati bat besterik ez zen. Skip «txorimalo» hitzaz ohartu zen.

        «Txorimaloa erretzera goaz...» antzeko gauzaren bat. «Ei, hona! Alde nire lurretatik!» Skip erori egin zen,belauna jo, eta berriro altxatu. Haurrek entzun zioten, ziur zen Skip, baina ez ziren gelditu. Ez zion inork inoiz ordurarte desobeditu, Maggiek ezik, noski. «Alde nire lurretatik».

        Aurrera egin zuten umeek argi laranja bat buruan eta gorputzean beste bi zituen beldarra bailiran. Azkeneko bi haurrek aditu zioten Skipi, atzera itzultzen ikusi bait zituen, eta korrika gero besteekin elkartzeko. Skipek korrika egiteari utzi eta gelditu egin zen. Bera baino hurbilago zegoen orain beldarra txorimalotik, eta ez zen aurrea hartzeko gauza izango.

        Hori pentsatzen ari zela, zarata bat entzun zen. Garrasi bat! Beste garrasi batek, izua eta poza nahasturik, kantua hautsi zuen. Histeriak irten zuen. Neskato batena zitekeen eztarriak zakur txilibituarena bezain garraisi zorrotza bota zuen. Umeen eskuek gorpua ukitu bide zuten, hezurra beharbada, pentsatu zuen Skipek.

        Skip bere etxe aldera abiatu zen berriro linterna beheraka zemarala. Nolabait ere, polizia baino okerragoa zen hura. Ume guztiek esango zieten gurasoei aurkitutakoaren berri. Skipek bukaera iritsi zitzaiola ulertu zuen. Negozio gizonak, gizon asko ikusi zituen bukaerara iristen. Leihotatik salto egin zuten gizonak ezagutzen zituen, gehiegizko dosiak hartu zituztenak."

        Riflera jo zuen berehala Skipek. Beheko egongelan zegoen. Muturra ahoan ipini eta gatua estutu zuen.

        Umeak zelaitik behara joan zirenean, txinpartak bezala bidearen bila segundu batzuk geroago, hilda zegoen Skip. Tiroa entzuna zuten haurrek, eta beraiei tiratu nahi ziela pentsatu zuen haietakoren batek.

        Andyk entzun zuen tiroa. Berak ere ikusi zuen prozesioa zelaian barrena eta entzun zuen Skip garrasika. Gertatu zena ulertu zuen. Telebista itzali, eta etxe nagusira abiatu zen poliki. Poliziari hotsegin beharko zion. Horixe zen egin beharrekoa. Eta poliziari txorimaloaren jantzi barruan zegoen gorpuaz tutik ere ez zekiela esatea erabaki zuen. Izan ere, aste bukaera horretan kanpoan egona zen eta.

 

 

© Patricia Highsmith

© itzulpenarena: Koro Navarro

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus