HAUR GOILAREA

 

Claude Lamm, Ingeles Literatura eta Poesia irakaslea, hamar urtez egona zen Columbia Unibertsitateko fakultatean. Gizon moztaka eta loditzeko joera zuena, ile beltz oso motz moztuaren erdian soilgune bat, ez zirudien unibertsitateko irakaslea, negozio gizontxo bat baizik, unibertsitateko irakasleak jazten direla uste zuen jantzien atzean ezkutatua, —ukalondotan larru pusketak dituzten tweed jaka onak, plantxatu gabeko franelazko prakak eta edonolako oinetako garbitu gabeak—. Columbia Unibertsitatearen ekialde eta hegoaldean pilakatzen diren apartamentu eraikuntza handi eta tristeetako batean bizi zen; eraikuntza iluna, errauts kolorekoa, igogailu kaskar batekin, eta usain zahar eta berrizko nahasmendu bat haren barruan. Claude Lammek eguzki gabeko, bost gelatako apartamentu hura are ilunagotua zuen itota bait zeukan sofa heze itxurakoz, liburuz, aldizkariz eta eraikuntza klasiko eta paisaiazko argazkiz, zeinetaz sentimendu handia zuela esan, baina ez zuen.

        Zazpi urte lehenago Margaret Cullenekin ezkondu zen; pertsona aspergarri kolore gabeko horietako bat zen, New Yorkekoak ezik beste edonongoa iruditu, eta gero, sinestezina bada ere, jatorriz New Yorktarra gertatzen den horietakoa. Berrogeita hamar urte zituen, Claudek baino zortzi gehiago, halako baretasun ageriko bat eta inferioritate etsimenezko itxura. Margareten aita ezagutzen zuen beste irakasle baten bitartez egin zuen Claudek Karen ezaguera, eta amatasunerako halako joera inkonszienteren bat zuelako ezkondu zen berarekin. Baina Margareten andre itxuraren azpian halako haur izakera ezkutatzen zen, Clauderentzat bereziki molestagarria. Sukaldaritza eta jostetik kanpo —ez zituen ez bata ez bestea ondo egiten—, eta etxea gobernatzea izenda litekeen irudimenik gabeko ohitura alboratuz, Margaretek ez zuen beste inolako interesik. Noizbehinkako gutun trukatzea izan ezik, zeinekin mahaian ozen irakurriz aspertzen zuen Claude, utziak zituen garai bateko lagunak.

        Claude bostak aldera etxeratzen zen arratsalde gehienetan, tea hartu eta arratseko lana eta irakurketak antolatzen zituen. Seiak eta laurdenetan izotzik gabeko martini bat edan eta arratsaldeko egunkaria irakurri ohi zuen egongelan, Margaretek afari goiztiarra prestatzen zuen artean. Arkume txuletak edo haragi errea afaltzen zuten, Margaretek gogoko zituen gazta eta makarroiak sarritan, eta Margaretek Claudek ezagutu zuen gauean erabili zuen zilarrezko haur goilareaz nahasten zuen kafea, goilareari kirten muturretik helduz, katiluaren behea iristearren. Afalondoan, estudiora erretiratzen zen Claude —liburuz jositako zuloa zen, larruzko sofa beltz bat zuena, bertan lorik egiten ez bazuen ere—, lanak irakurri eta zuzentzera, eta bere jakinmin zabala iratzartuko lukeen zerbaiten bila liburuen artean.

        Bi astez behin edo, Shakespearen espezialista zen Millikin irakaslea, edo George irakasle laguntzailea eta emaztea afaritara gonbidatzen zituen. Urtean hiru edo lau aldiz, dozena bat ikasleri irekitzen zieten apartamentua, irakurketa eskola berezietarako; ikasleak etorri eta Dundee pastela jan eta tea hartzen zuten. Margaret kojin batean eseri ohi zen lurrean, eta noski, mutil batek bestearen atzetik bere eserlekua eskeintzen zion. «Ez, ez, eskerrik asko!» protesta egin ohi zuen Margaretek, ohituraz kontrako apaltasunez, «oso eroso nago hemen. Lurrean esertzeak neskato bat bezala sentiarazten nau berriro!» Eta mutil gazteei begiratzen zien neska gazte bat ematen zuela esatea espero balu bezala, eta Clauderen haserrerako esan ere esaten zuten batzuetan. Margareten neskato jarrera hura gizonezkoen artean ematen zen beti, eta Clauderi barregarria gertatzen zitzaion ikusten zuenean. Claudek erraz eta kontrolatu ezinik egiten zuen barre, zigarro-euslea hortzen artean ipintzen zuenean, edo sudurraren alderdi bat hatz erakusleaz igurtzitzerakoan. Claudek begi arre biziak, susmakorrak zituen. Ez zuen aurpegian ezaugarri gogoangarririk, baina ez zen hura halere errez ahantz litekeen aurpegia. Lehenik antzeman eta gogoratzen zen gauza aurpegiaren ezinegona zen, zerbait ezkutatu beharra. Te horietan ere Margaretek haur goilarea erabili ohi zuen, eta elkarrizketarako aitzaki bihurtzen zen gehienetan. Halakoetan Claudek utzi egiten zion entzuteari.

        Claudek ez zuen atsegin gazteek bere emazteari begiratzeko zuten modua: desilusionaturik, gupida apur batez, serio beti. Claude haien aurrean lotsatu egiten zen emazteaz. Polita eta alaia izan behar zuen, arimako ninfa, Donne eta Sidneyren maitasun poemekin bat etorri behar zukeen aurpegi ederra. Ba ez zen halakoa.

        Claude eta Margareten ezkontza neskamearekin ezkontzearekin konpara zitekeen, lotura emotiboengatik izan ez balitz; izan ere, gizonak pasioz gorrotatzen bait zuen bere emaztea eta pasioz behar era berean. Haur batena litzatekeen gorrotoa zion, sumindura pertsonal, bizioso batekin. Berari adinako gorrotoa zien emazteak berarekiko zituen ama-ardura hutsik gabeko haiei, bere arropak garbitzera eramatea, adibidez; horretarako besterik ez zuen onartzen, bazekien, eta horrexegatik zeukan Margaret bere ninfaren ordez. Gaixorik egon zenean negu batean eta Margaretek gau eta egun zaindu zuenean, barre egin zion sarritan atzetik, gorrotoz, haren debozioa benetan gorrotatuz. Bere ama ere gorrotatu zuen Claudek, eta hura ere, zabarkeria eta umore txarreko boladen artean, maitasun eta atentzio itogarria erakusteko gauza izan zen. Baina gorrotoa adierazteari asko hurbiltzen zitzaion, astean behin edo sarriago besterik gabe esaten zuenean:

        «Winston dator gaur arratsean tarte baterako». «Hara», erantzuten zuen Margaretek ahotsak dardar egiten ziola. «Beno, pentsatzen dut nahiko duela mahats pastel zati bat beranduago. Edo agian haragi sandwich bat».

        Winstonek oso atsegin zuen Clauderen etxean jatea. Hobeto esana, goseak zebilen beti. Winston Mendebalde Hirurogeita hamabiko harri ilunezko etxe bateko benetazko ganbara batean bizi eta gosez benetan hiltzen ari zen poeta zen. Clauderen ikasle izana zen hiru urte lehenago, ikasle guztiz prometagarria; bere pentsamendu disdiratsu eta erasokorrak hain menperatu zituen ikaskideak ezen eskola haiek nekez izan ziren Claude eta Winstonen arteko elkarrizketak baino. Claudek oso atsegin zuen Winston, eta Winstonek berarekiko zuen atseginak oso satisfetxo zeukan. Hasiera-hasieratik modu bitxi eta atsegin batean zirraratu zuen Claude Winstonen irribarrea harrapatzeak, baita begi keinuak ere, erotasun dizdira begietan Winstonen hitz zaparradaren erdian eskolan. Columbian zegoela, zenbait poema argitaratu zuen Winstonek poesi eta literatur aldizkarietan. «Samindu Trumoitsuak» izeneko poema bat idatzi zuen, graduatu gabeko ikasle baten bizitza eta noraezarik gabeko errebelamenduaren satira; poema honek, Clauderen ustez, Elioten karreran «Prufrok»ek izan zuen leku bera har zezakeen Winstonenean. Poema hura argitaratu zuten nonbait, baina ez zioten jaramon handirik egin.

        Claudek Winston urrutira iritsiko zela espero izan zuen, eta berari ohorea eman. Baina bertso liburuska bat besterik ez zuen argitara eman unibertsitatea utzi ondoren. Zer edo zer gertatu zitzaion Winstonen pentsamendu jario errazari. Zer edo zer gertatu zitzaion Karen adoreari unibertsitatea utzi ondoren, inspirazio iturriak lehortzen ari balitzaizkio bezala hogeitalau urtetako gorputzaren bizitasun eta saparekin batera. Winston errail bat bezain argala zegoen orain. Argala izan zen beti, baina eroria zegoen orain, zintzilik zeraman burua gizon oker eta sumindu baten moduan, eta begiek, bekain gogor eta zuzenen azpian, antsiaka, areriotasunez eta pozik gabe begiratzen zuten. Clauderi lotzen zitzaion, tratu txarra hartutako umeak begikotasuna eta adorea inoiz eman dion pertsona bakarrari heltzen dion egoskorkeria berberaz. Orain poema luze baten forma zuen nobela batean ari zen Winston lanean. Zati bat emana zien argitaratzaileei urte bete lehenago, baina ez zioten diru aurrerapenik eman nahi izan. Claudek ordea atsegin zuen poema, eta Winstonen jarrera zen, Joan daitezela pikutara beste guztiak. Claude konturatuta zegoen Winstonek berarekiko zuen lotura emozionalaz, eta Winstonekiko berak zuen menpekotasuna ezkutatzen moldatzen zen, jarrera babesle eta gainetikakoa erabiliz. Claudek Margaretekiko zuen aiherkundeak halako patxada aurkitu zuen, Winstonek, argi erakusten zuenez, Margareten adimenari zion mesprezuan.

        Arratsalde batean, ohi baino beranduago etorri eta egongelara sartu zen Winston Clauderen agurrari erantzun gabe. Claude baino buru t'erdi luzeagoa zen, baita makurturik ere, ile ilun beltzarana euri eta haizeaz nahasia, sakeletan iltzatuak zituen eskuez eutsia berokia gorputz mehean. Mantso, eta Margareti begiratu bat gabe, egongelatik barrena Clauderen estudio aldera joan zen.

        Claude haserretu egin zen pixka bat. Berak ezagutzen ez zuen portaera zen hura.

        «Aizu, gizona, utzi al diezadakezu dirurik?» galdetu zion Winstonek estudioan bakarrik geratu zirenean; Clauderen harrimenezko marmarioaren gainetik jarraitu zuen gero: «Ideiarik ere ez duzu zenbat kostatu zaidan hona etorri eta dirua eskatzea, baina nola edo hala egina dago». Hasperen luzea egin zuen.

        Batere ez zitzaiola kostatu sentitu zuen berehala Claudek, eta jota egotearen itxurak egitea besterik ez zela hura. «Badakizu behar zenuenean beti utzi izan dizudala dirua, Winston. Ez horrela larritu. Eser zaitez». Claude eseri egin zen.

        Winston ez zen mugitu. Haren begiek ohizko ankerkeria agertzen zuten, baina halako eskaera eramanezin bat ere bazuten, berea duena eskatzen duen haurrarena bezalakoa. «Diru asko esan nahi dut. Bostehun dolar. Lanerako behar dut. Bostehun dolarrek sei hilabetez iraunaraziko didate, eta horrela liburua etenik gabe bukatu ahal izango dut».

        Claudek kopeta zimurtu zuen apur bat. Winstoni dirua utziz gero, ez zuen berriro ikusiko. Dagoeneko berrehun bat dolar zor zizkion Winstonek. Unibertsitateaz geroztik Winston ez zela inoiz ezertan hain interesatuta ibili bururatu zitzaion Clauderi. Eta bapatean eta modu trajikoan, Winstonek ez zuela inoiz liburua bukatuko ere bururatu zitzaion, artegatasun eta amorrazio horretaz beteta ibiliko zen beti Winston, liburua bukatu ezinaren ondorioz.

        «Lagundu egin behar didazu azkeneko honetan, Claude». Esan zion Winstonek eskaera tonuan.

        «Utzi pentsatzen. Utziko dizut bihar ohar bat. Zer derizkiozu, adiskide?»

        Claude altxa eta mahaira hurbildu zen zigarro baten bila. Bapatean gorroto zion Winstoni diru eske egoteagatik han. Beste guztiak bezalaxe, pentsatu zuen saminduraz Claudek. Ezpainak dardar egin zion zigarro-euslea hortzen artean jarri zuenean, eta Winstonek ikusi zuen, bazekien Claudek. Winstoni ez zitzaion inoiz ezer falta. Zergatik ez zen arrats hau beste guztiak bezalakoa izan, pentsatu zuen Claudek, Winston bere zigarroak erretzen, oinak mahai gainean jartzen, Winston barrez eta berari barre eraginez, Winston bere irakaslea miresten irakaskuntzari ematen zion guztiarengatik!

        «Babo hori» esan zuen Winstonek ahots gogorrez. «Irakasle harroputz putaseme hori. Adimenaren hondatzaile eta kastratzaile hori».

        Claude seko gelditu zen bere lekuan, Winstonengandik erdizka jiratuta. Winstonek buruhezurretik oinetaraino sartzen zion makila izan zitezkeen hitz haiek. Winstonek ez zion inoiz horrela hitzegin, eta Claudek ez zekien, literalki, nola hartu hura. Claude ez zegoen Winstonekin erreakzionatzen ohituta besteekin egiten zuen moduan. «Utziko dizut ohar bat horretaz bihar. Pentsatu besterik ez dut egin behar, nola eta noiz», esan zuen laburki, hain ongi ordainduta ez badago ere, postuari errespetua zor zaion irakaslearen duintasunez.

        «Barka iezaidazu», esan zuen Winstonek, burua makurtuz.

        «Baina Winston, zer gertatzen zaizu?»

        «Ez dakit». Winstonek aurpegia estali zuen eskuekin.

        Claudek bapatean pena sentitu zuen, desilusioa Winstonen ahulezia ikustean. Ez diot Margareti hau jakiten utzi behar, pentsatu zuen. «Eser zaitez». Winston eseri egin zen. Botilatik botatako whisky baso txikia desesperatuki behar zuen medizina balitz bezala edan zuen Claudek. Gero Winstonek bere txorimalo zangoak zabaldu zituen Clauderen parean eta Claudek aurrekoan utzitako liburuaz zer edo zer esan zuen, poesi kritika liburua. Claudek eskertu egin zion gai aldaketa. Winston begiak erdi itxita zituela mintzatzen zen, bere buru handia noizean behin hitzak azpimarratzeko mugituz, baina Claudek erdi itxitako betileen artetik ikus ziezaiokeen Winstoni halako interes, hunkipen dizdira bat, bere buruari buruzko nolabaiteko espekulazioa: Winstonek interes handi eta bere-berea zuen hura, soma zezakeen eguzkiaren izpi biziemaileak balira bezala.

        Beranduago, kafea, sandwichak eta pastela hartu zuten Margaretekin egongelan. Winston asko animatu zen, eta Mexikoko Jalapa hirian gertaturiko gela baten bilaketaren historiarekin entretenitu zituen, bere buruaren nahaspilatik espero ez den jostailu bat bezala ateratako historia: Winstonen hitzek istorioa mugiarazi eta bizitza propioa ematen zioten. Winstonez harro sentitzen zen Claude. «Ikusi nola libertitzen naizen ni nire estudioaren ate atzean, zu zeure pentsamenduaren espetxean arrastaka zabiltzan artean», esan zezakeen Claudek ozen Margareti begira zegoela Winston apreziatzen ote zuen jakitearren.

        Hurrengo egunean Claudek ez zion Winstoni idatzi. Susmoa zuen diruz ohi baino larriago ez zebilela, eta krisi hura besterik gabe pasako zitzaiola Winstoni bolada batez elkarren berririk gabe egonez gero. Bigarren arratsaldean, haur goilarea galdu zuela esan zion Margaretek Clauderi. Etxe guztia arakatu zuen haren bila, esan zuen.

        «Hozkailuaren atzera eroriko zen beharbada», sujeritu zion Claudek.

        «Mugitzen lagunduko zenidala espero nuen».

        Irribarre bat agertu zen Clauderen ezpainetan hozkailua hormatik kanpora balantzatzen zuen artean. Goilarea galduta egotea espero zuen. Berrogeita hamar urtetan gordetzeko altxor inozoa zen hura, unibertsitateko liburu-kondarrak baino inozoagoa, eta Margareten aitaren mahai gainean egona zen urre koloreko haur zapatatxoa Margaretek haren heriotzaren ondoren hain era desegokian eskatutako hura baino ere inozoagoa. Margaretek oharkabean zakarrontzira bota eta betirako etxetik kanpo izatea espero zuen Claudek.

        «Hautsa besterik ez», esan zuen Claudek, zoruko eta hozkailuaren alanbreetako hauts gris finari hegira.

        Hozkailua hasiera besterik ez zen izan. Clauderen laguntzak inspirazioa eman zion Margareti. Arratsalde horretan sukaldea irauli zuen, egongelako altzari guztien azpian begiratu, eta baita bainugelako medizina kutxan eta arropa zikinaren saskian ere.

        «Ez dago etxean», esaten zion Clauderi galduta bezala. Beste egun batez horrela ibili ondoren, utzi egin zion bilatzeari.

        Claudek aldameneko emakumeari gertaturikoa kontatzen aditu zuen Margaret.

        «Gogoan izango duzu, noski. Uste dut kafea hemen hartu genuen batean erakutsi nizula behin».

        «Bai, gogoratzen naiz. Lastima».

        Margaretek kioskoko gizonari ere kontatu zion gertatutakda. Clauderi mingarria gertatzen zitzaion oso, gozoki-lerroetara hegira zegoela, lehen hitzegitera ere ausartzen ez zen gizonari kontaketan aritzea Margaret; «Atzo ordaindu nahi nizun kontua, baina distraiturik ibili naiz. Aspaldiko oroikarri bat galdu dut: oso maite nuen zilarrezko pieza. Haur goilare bat».

        Orduan, «zilarrezko pieza» hitzekin, konturatu zen Claude. Winstonek hartu zuen. Balioren bat zuela pentsatu bide zuen Winstonek, edo maleziaz hartu bestela. Etxean egon zen azken aldian gorde ahal izan zuen eskutan. Claudek barre egin zuen bere artean.

        Claudek aspalditik zekien gauza txikiak lapurtu ohi zituela Winstonek: kristalezko paper-harri bat, hondatutako txiskero bat, Clauderen argazki bat. Orain arte, Clauderen gauzak aukeratu zituen Winstonek, arrazoi sentimentalengatik, Clauderen ustez. Winstonek berarekin lotura homosexuala edo ote zuen susmoa zuen Claudek, eta entzuna zuen homosexualek zerbait hartu ohi dietela estimatzen dituztenei. Gerta zitekeen beraz Winstonek bere gauza intimoetatik bat edo bi hartzea; seguraski fetitxe bihurtzeko gero?

        Beste hiru egun pasa ziren goilarea agertu gabe, eta Winstonen berririk gabe. Margaretek gutun batzuk idatzi zituen gau horietan, eta Claudek bazekien goilarea galdu zitzaiola zioela denetan, eta barkamenik gabeko axolagabekeria zuela hori. Guztiei esan beharreko bekatu izugarri baten aitorpena zirudien. Areago, guztiei kontatu beharra zuela ematen zuen, «Hementxe nago, deskontsolaturik». Kontsolamendu hitzak aditu nahi zizkien, halako gauzak edonori gertatzen zaizkiola-ta esaldi lagungarriak aditu nahi zituen. Beste emakumeek eskeinitako sinpatia, gutiziaz irensten ikusia zuen Claudek. Eta Margareten larritasuna , Staten Islandeko ahizparen gutuna irekitzeko eran ikusi zuen Claudek. Margaretek mahaian irakurri zuen gutuna, eta goilareaz ezer esaten ez bazuen ere, umorea hobeagotu zion Margareti, ahizparen ez aipatze hori barkamen garantiaren bat balitz bezala.

        Leonard George eta Lydia bere emaztea afaltzera etorri ziren arratsalde batean, eta Margaretek goilarearena kontatu zien. Lydia, zozoa dudarik gabe baina hutsaz hizketan trebea, hitzegin eta hitzegin aritu zen, zeinen kezkagarria den hasieran gauza maiteak galtzea, eta zein garantzi eskasekoak diruditen gero. Margareten aurpegia gero eta lasaiago agertzen zen, azkenean irribarre egin zuen arte. Afalondoan, berak proposatu zuen, «Beno, nork nahi du bridgean ibili?»

        Oraingoan Margaretek ezpainak apur bat margotzen zituen afaltzera esertzen zirenean. Hamar bat egunetan gertatu zen guztia. Haur goilarearen galera aitortzean jasotzen zituen ezinbestezko barkamenek, bera eta heldutasunaren arteko mugak hausten zituztela zirudien. Claude pentsatzen hasia zen ez zuela berriro ikusiko lotsa keinu nazkagarri hura, mutil gazteak noizbehinkako bileretara etortzen zirenean. Winstoni eskerrak eman beharko zizkion horregatik, pentsatu zuen. Winstonen eskua estutu eta etxea haur goilare madarikatu hartatik libratzeagatik eskerrak ematea pentsatzeak libertitu egiten zuen. Erne ibili beharko zuen ea nola egin, Winstonek ez bait zekien berak haren lapurreta txikien berri bazuenik. Baina beharbada bazen Winston konturatzeko garaia. Claude oraindik minduta zuten Winstonen azken bisitaldiko diru eskaera eta zakarkeria harrigarri haiek. Bai, Winstonek bide zuzenera etorri beharra zuen. Goilarearen berri bazuela adieraziko zion Winstoni, eta baita hirurehun dolar utzi ere.

        Winstonek ez zuen oraindik deitu, eta Claudek ohar bat idatzi zion, gauean afaltzera gonbidatuz eta hirurehun dolar uzteko prest zegoela esanez. «Goiz etorri eta hizketalditxo bat izan dezakegu afaldu aurretik», idatzi zion Claudek.

        Winston irribarrez iritsi zen, eta alkondara zuri garbi bat zeraman. Baina lepo txuriak aurpegiaren gristasuna, masailetako itzalak azpimarratu besterik ez zuen egiten.

        «Gogor lanean?» Galdetu zion Claudek estudiora sartzerakoan.

        «Nola ez ba», esan zion Winstonek «Jakek metroan egiten duen bidaiari buruzko orrialde pare bat irakur ditzazun nahi dut». Jake Winstonen liburuko pertsonaia nagusia zen.

        Winston irakurtzen hastekotan zela, Margaret agertu zen whisky, izotza eta limoiekin, eta kanape erratilu batekin.

        «A, Winston», hasi zitzaion Claude Margaretek alde egin zuenean. «Eskerrak eman nahi dizkizut azkeneko aldiz hemen izan zinenean zuk egindako —uste dut— mesede batengatik».

        Winston begira gelditu zitzaion. «Zer zen hori?»

        «Ikusi al zenuen haur goilareren bat, zilarrezko haur goilare txiki bat?» Galdegin zion Claudek irribarrez.

        Winstonen begiak zuhurtu egin ziren bapatean. «Ez. Ez, ez nuen ikusi».

        Winston errudun zen, eta larriturik zegoen, ikusi zuen Claudek. Claudek barre egin zuen lasai. «Ez al zenuen zuk hartu, Winston? Ikaragarri poztuko nintzateke zuk hartu bazenu».

        «Hartu? Ez, noski ez nuela nik hartu». Winston cocktail bandeja aldera abiatu eta gelditu egin zen. Clauderi hegira haserre zegoen, gorputz okerra tinko.

        «Beno, begira» zergatik hasi zen hizketan Winstonek cocktail pare bat edan aurretik? Clauderi Winstonen urdail hutsa etorri zitzaion burura eta bere hitzak han ari zirela erortzen iruditu zitzaion. «Begira, Winston, badakizu oso lagun nauzula».

        «Baina zer da hau?» galdetu zuen Winstonek, eta oraingoan ahotsak dardar egin zion, eta bere errua ezkutatzeko erabat ezindua zirudien. Buelta erdizka eman eta atzera egin zuen berriz, erruak oinak zolura lotuko balizkio bezala.

        Claudek burua atzera bota eta osorik edan zuen basoa. Irribarrez esan zion, «Badakizu badakidala gauza batzuk hartu dizkidazula. Ez zait batere axola. Areago, pozik nago zuk hartu nahi zenituelako». Sorbaldak jaso zituen.

        «Baina zer gauza? Hori ez da egia, Claude». Winstonek liburutegiko itsaskontxaren gainean ipini zuen bere esku zabala. Zutik oso tente zegoen orain, eta bazen zer edo zer, militantea ia, haren gorputz luzean eta Clauderi zuzendu zion begirada minduan.

        «Winston, edan ezazu zerbait». Orain berriz, nahiago zuen Claudek horretan hasi ez balitz. Jakin beharra zuen Winstonek halakorik ez zuela onartuko. Beren adiskidetasuna suntsitu egin zuen beharbada, hutsaren truke. Barkamena eskatzen saiatu beharko ote zuen pentsatzen ari zen, txantxetan aritu zelako itxurak egin.

        «Edan zerbait», errepikatu zuen.

        «Baina ezin didazu lapurretarik leporatu!» esan zuen Winstonek tonu izutu batean. Eta bapatean gorputza dardarka hasi zitzaion.

        «Ez, ez, oso oker zaude», esan zuen Claudek. Gela poliki gurutzatu zuen mahaiko kutxatilatik zigarro bat hartzeko.

        «Baina hori da esan duzuna, ez al da hala?» Winstonen ahotsa hautsi egin zen.

        «Ez, ez da hori. Orain eser gaitezen, edan, eta ahaztu ezazu». Claude deskuidoan bezala mintzatzen zen. Baina bazekien aita agintari batek bezala hitzegiten ziola halere. Agian Winstonek ez zuen goilarea lapurtu: azken finean, Margaretena zen. Agian Winstonek erruduna balitz bezala erantzuten zuen beste gauza batzuk hartu zituelako, eta orain bazekien Claude konturatu zela.

        Hori izan zen azkeneko pentsamendua, faltsu eta agintari gertatzen zela, goilarea desagertu izan zitekeela Winstonen eskutan ez baina bestela, atzetik zetorkion urrats arinaren aurretik, haizea zeharkatu zuen burrundara baino lehen, eta buruaren atzekaldea jo zion kolpe suntsitzaileak besoak jasoarazi zizkion, azken mugimendu huts, ikarati batean.

 

 

© Patricia Highsmith

© itzulpenarena: Koro Navarro

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus