SAREA

 

Telefonoak —bi telefono dotore, horia bata, bestea malba kolorea— orduerdiro edo jotzen zuen Franen apartamentu txikian. Hain maiz jotzen zuen, orain urte betez geroztik hain zuzen Fran Sarearen Ama Nagusi ez ofiziala zelako.

        Sarea New Yorkeko lagun talde batek osatzen zuen; elkarren moralari eutsi ohi zioten telefonoz hotseginez, adiskidetasun eta solidaritatearen ziurtasun etengabea emanez batak besteari, etsaien aurka, lagun ez zirenen, lapur zitezkeenen, bortxatzaile eta estafatzaileen aurka. Elkar ikusi ere ikusten zuten sarritan, eta haietako askok besteren etxeko giltzak zeuzkaten, eta horrela mesedeak egin zitzaketen, hala nola zakurrak atera, katuei jaten eman, landareak ureztatu. Garrantzitsuena batak bestea sinets zezakeela zen. Sareak, bizi-aseguru poliza bat taldeko baten alde erabili zezakeen, eta erabili ere egin zuen behin, gauza asko aurka izanda ere. Taldeko batek hi-fi eta telebista ekipoak konpon zitzakeen. Beste bat sendagilea zen.

        Fran ez zen ezer berezia, emakume bulegaria zen, baina edonor kontsolatzeko prest egon ohi zen beti, eskuzabala zen bere denborarekin, eta guzti honetaz gainera, orain ez zen lanean ari, eta horrek esan nahi zuen inoiz baino denbora gehiago zuela. Hamar hilabete lehenago maskuritik operatu zuten, eta horri esteetako kiste batek jarraitu zion berehalaxe, berriz ere operatu behar izan zutelarik; gero aspalditik zuen bizkar hezurreko arazoa (lekuz kanpoko diskak) agertu zitzaion berriro, eta oraingo honetan korse ortopediko bat erabili beharra zuen, baina ez zuen beti eramaten. Franek berrogeitamazortzi urte zituen, eta galdua zuen garai bateko bizitasun hura. Ezkongaia zen eta hamazazpi urtez «Consolidated Edison»erako aritua zen lanean, harpidetza sailean (praktikan ordainketa sailean). Con Edekoak ongi ari ziren jokatzen berarekin, gaisotasun ordainketei zegokienean, eta ospitale-laguntzarako sistema ona zuten. Con Edek lanpostua gordetzen zion, eta Fran lanera itzultzeko gauza zen orain, baita bi hilabete lehenagotik ere, baina denbora librea izatera zaletu zen. Eta atsegin zuen oso, jotzen zuenean, telefonoa erantzuteko gauza izatea.

        «Bai? A, Freddie! Zer moduz zaude?» Fran kuzkurtuta esertzen zen, emeki hitzeginez, norbaitek entzungo ote zion beldur balitz bezala, telefono arina kulunkatuz larruzko aberetxo bat bailitzan, edo agian hizketan ari zen lagunaren eskua. «Bai, ondo nago. Zu benetan zaude ondo?»

        «A, bai. Eta zu ere bai?» nolabait ere Sare guztiak hartua zuen Franen ohitura hura, partaideak ondo zeudela bitan ziurtatzea. Freddie artista komertziala zen, eta estudio eta apartamentu bat zituen Mendebalde-34. kalean.

        «Bai, ongi. Aizu, entzun al zenituen polizi sirenak atzo gauean? Ez, sua ez, polizia» esan zuen Franek.

        «Zer ordutan?»

        «Goizeko ordubiak inguruan. Aizu, norbaiten atzetik zebiltzan atzo! Sei auto edo izango ziren txinpartak bezala Zazpigarrenean barrena. Ez al zenituen entzun?» Freddiek ez zuen entzun eta alde batera utzi zuten gaia. Franek jarraitu zuen. «Aizu, euri itxura du gaur, eta erosketa batzuk egitera irten beharra daukat...»

        Eskegi zutenean, bere gisara hizketan jarraitu zuen Franek. «Zertan nenbilen? Jertzea. Behin urberritu dut, berriro ere egin behar dut... Zaborrak erregailura bota...». Jertzea bainugelako konketan urberritu zuen, estutu zuen ondo, eta gomazko pertxa batean, dutxan zabaldu berria zuenean, telefonoak hotsegin zuen. Franek jantzigelan hartu zuen telefonoa, bainugela eta jantokiaren artean, Marj zela entzun (berrogeitabost urteko emakumea, oso ondo ordaindutako lana zuena Macy-n erosketa arduradun bezala) eta esan zuen, «E, Marj, entzun, jantzigelako telefonoan bait nago, egon hor eta egongelan hartuko dut.»

        Telefonoa mahai gainean utzi eta egongelara joan zen, herrenka eta apur bat makurtuz, gaixo zebilenetik ohi zuen bezala. Orain bakarrik bazegoen ere, ohiturak jarraitu egiten zuen, konturatu zen, eta askoz hobeto, zeren eta Con Ed-ek aseguru-ajentea bidaltzen bait zion espiatzera eta galdetzera noiz uste ote zuen izango zuela berriro lanera itzultzea. «Kaxo, Marj, zer moduz zaude?»

        Hurrengo telefono deia postabidez lan egiten zuen Ekialde-42. kaleko kirol almazen batetik zetorren. Franek zer edo zer entzuna zuen hartaz. Astelehenean hastekoa zen lanpostu bat eskaini zioten kontabilitate sailean, asteko berrehun eta hamar dolar garbi, pentsio eta ospitalizazio eskubideak aparte.

        Fran larritu egin zen piska bat. Nola lortu zuten bere izena horiek? Lan bila ez zebilen. «Eskerrik asko. Benetan eskertzen dizut» esan zuen Franek kunplituki «baina Con Ed-era itzuliko naiz sendatu bezain azkar.»

        «Uste dut soldata hobea eskeintzen dizugula guk. Pentsatzea izango duzu beharbada» emakumezko ahots bigunak jarraitu egin zuen. «Kupoa betea dugu, eta zu bezalako pertsona nahiko genuke.»

        Berehalakoan desagertu zitzaion harrokeria Frani. Ez ote zion gorde Con Ed-ek lanpostua? Con Ed-ek entrepresa horri hotsegin ote zion soldata adinakoa zen gaixotasun-diruaren zama gainetik kentzearren?

        «Eskerrik asko berriro» esan zuen Franek «baina uste dut nahiago dudala Con Ed-enean jarraitu. Hain izan bait dira atseginak nirekin.»

        «Hori bada zure iritzia...»

        Telefonoa eskegi zutenean urduri samar geratu zen Fran. Ez zen ausartzen Con-Ed-i hotsegiten gertatzen ari zenaren berri zuzenean galdetzeko. Gogora ekarri zuen, egin ahalak eginez, aseguru inspektorea azkenekoz etorri zeneko giroa. Zoritxarrez, ahaztu egin zitzaion zita zuela berarekin lau t'erdietan, eta zain egon behar izan zuen ordubetez ia. Bizi-bizi etxeratu zen, Connie, bere adiskideetako bat, lagun zuela; kamarera aritzen zen gauez, eta egunak libre izaten zituen batzuetan. Arratsaldeko filme batean egonak ziren. Inspektorea sarrera nagusian zutik ikusi zutenean (beheko sarreran ez zegoen haltzaririk, dena lapurtu bait zuten, kateaz paretara lotu bazituzten ere), Fran makurtu eta herrenka hasi zen. Ondo zihoala uste zuela esan zion, baina oraindik ez zela gauza zortzi ordutako lanerako, astean bost egunez. Inspektoreak zuen liburu batean sinatu behar izan zuen, hark ikusi zuela adieraziz. Beltza zen, baina nahikoa jatorra. Askoz okerragoa ere izan zitekeen, komentario maltzurrak egin ohi dituzten horietakoa, baina oraingo hau ongi hezia zen.

        Gogoratu zen baita ere Fran egun berean Harvey Colhenenera joan zela, eraikuntza berean bizi zena, eta Harveyek kontatu ziola inspektoreak sarreran geratu zuela eta Covak anderearen osasunaren berri galdetu ziola. Harveyk esan zion ahalik eta gehien exajeratu zuela, Covak anderea oraindik herrenka zebilela esanez, noizean behin janari dendara joaten zela, bakarrik bizi zenez gero beharrezkoa zitzaiolako, baina ez zirudiela oraindik lanera joateko moduan zegoenik. Gizon jatorra Harvey hori, pentsatu zuen Franek. Judutarrek badakite gauzak egiten. Bizkorrak ziren. Bihotz-bihotzez eskertu zion hura Franek Harveyri.

        Baina orain? Ze demonio gertatu zen? Jane Brixtoni deituko zion, eta guzti hura komentatu. Jane emakume zuhurra zen, Franek baino hamar urte gehiago zituen (erretiratutako irakaslea zen), eta Frani on egiten zion beti harekin hitzegiteak. Jane apartamentu zoragarri batean bizi zen, antigualeko haltzariz betea, Mendebalde-11. kalean.

        «Ja, ja» barretxo bat egin zuen Janek, Franen historia entzutean. Franek xehetasun osoz kontatu zion dena, baita ere emakumeak esandako hura, kirol entrepresak bere kupoa betea zuela, eta Janek esan zion, «Horrek esan nahi du hartu dituztela behar zituzten beltz guztiak, eta zuri bat pozik sartuko luketela ahal duten artean». Janek hegoaldeko azentu arin bat zuen hitzegiterakoan, nahiz Pennsylvaniakoa izan.

        Fran lehendik ere nahikoa ziur zegoen emakumeak horixe adierazi nahi zuela.

        «Lanera joateko gogorik ez baduzu oraindik, ez zaitez joan» esan zuen Janek. «Bizitza...»

        «Gu guztiok behin esan genuen bezala, gogoan baduzu, urte guzti hauetan sartu dudan dirua hartu besterik ez naiz egiten ari. Eta gauza bere ospitalari dagokionean. Aizu, Jane, ezingo duzu noski paper bat edo zer edo zer sinatu, esanez masaje-tratamendu pare bat eman didazula bizkar-hezurrerako?»

        «Ba... kualifikaziorik ez dut, badakizu. Beraz, ez dakit zer balio lukeen halako paper batek.»

        «Egia da» Frani iruditu zitzaion bere arazo fisikoei buruzko beste paper batek pisua erantsiko ziola bere argudioari, lanerako gauza ez zela oraindik. «Bazatoz Marjen festara larunbatean? Hala espero dut.!

        «Jakina. Bide batez, iloba hirian dut, etxean. Nire ilobaren semea da, egia esan, baina iloba deitzen dut. Eraman egingo dut.»

        «Zure iloba! Zenbat urte ditu? Nola du izena?»

        «Greg Kaspars. Hogeitabi bat urte dauzka. Allentownekoa. New Yorken lan egin dezakeela uste du, altzari diseinatzaile bezala. Nola edo hala, zortea probatu nahi du.»

        «Hau emozioa! Jatorra al da?»

        Janek adineko izeba baten moduan egin zuen barre. «Baietz uste dut. Zeuk ikusi larunbatean.»

        Telefonoa eskegi, eta hasperen bat bota zuen Franek, hogeitabi urte zituela imajinatuz, New Yorkeko mundu zabalean zortea probatzen zuela. Telebista ikusi zuen hain ona ez zen aparailuan. Aparailu zahar bat zen, pantaila gaur egungoek dutena baino txikiagoa zuen, baina Franek ez zuen berri bat erosten dirua xahutzeko asmorik. Ongi enfokatzen zen saio bakarra txarra zen oso, konkurtsoren bat. Aurretik prestatua dena, jakina. Baina nola zitekeen pertsona nagusi bat hainbeste larritzea berrogeita hamar dolar edo hozkailu bat irabaztearekin?

        Telebista itzali eta oheratu egin zen, kojinak eta estalkia sofatik kendu ondoren, eta irikitzen zen metalezko aparailu astunari tira eginda gero, erabiltzeko prest zeuden manta eta maindireak agerian geratu ziren; burukoak zulo erdi-zirkular batean zeuden, tapizatua goiko aldean, eta oso apaina gertatzen zena; eserlekua ere bazen, sofaren ertz batean, sofa bezala erabiltzen zenean. Azkeneko National Geographicari begira egon zen ohean,.niarrazkiei hegira soilik; izan ere, telefonoak behin eta berriz jotzen zuen, bere pentsamenduaren haria etenez artikuluren bat irakurtzen saiatzen zenean. Franen anaia zaharrak, albaitaria San Franciscon, National Geographic-en harpidetza bidali ohi zion urtebetetzeko opari moduan.

        Franek argia itzali zuen, eta loak hartu berria zuenean, telefonoak jo zuen. Ilunpetan hartu zuen, batere haserretu gabe esnatu zutelako.

        Sareko bat zen, Verie deitzen zena (Vera zen), eta oso gaizki zegoela esan zuen, deprimitua benetan. «Kartera galdu dut gaur.»

        «Zer? Nola?»

        «Ordaintzen ari nintzen supermerkatuan, mostradore gainean jarri dut ordaindu eta kanbioak hartu eta gero, paperezko poltsak betetzen ari nintzelako, badakizu, eta berriro begiratu dudanean, ez zegoen han. Uste dut nire atzean zegoen mutilak... Oh, ez dakit.»

        Franek bizkor egin zizkion galderak. Ez, Veriek ez zuen inor ikusi korrika ihes, lurrean ez zegoen, ezinezkoa zen mostradorearen atzekaldera erortzea (kaxako neskak hartu ez bazuen behintzat), baina izan zitekeen bere atzeko tipoa, Veriek deskribatzen ez zekien jende klase horretakoa, zuria, ez bait zirudien bereziki zintzoa edo gaiztoa, baina edonola ere gutxienez hirurogeita hamar dolar galdu zituen. Fran guztiz atsegin agertu zitzaion.

        «On egiten du horretaz hitzegiteak baina, badakizu? esan zion adikor Franek ilunean. «Bizitzako gauzarik garrantzitsuena hori da, komunikazioa... Bai... Bai... Garrantzia duen gauza bakarra, komunikazioa. Ez al da hala?

        «Eta lagunak edukitzea», erantzun zuen Veriek, ahotsa apur bat negarti.

        Are sakonago ukitu zuen horrek Franen bihotza, eta marmariatu zuen «Verie, badakit berandu dela, baina etorri nahi al duzu hona? Gaua hemen igaro dezakezu. Nahikoa zabala dut ohea. Hobeto sentitzen bazara...»

        «Eskerrikasko, hobe dut ez joatea. Bihar lana dut. Diru gehiago egin behar.»

        «Etorriko zara noski Marjen festara.»

        «Jakina. Larunbatean.»

        «Ah! Janerekin hitzegin dut. Bere iloba eramango du. Edo bere ilobaren semea» Franek hartaz zekien guztia kontatu zion Verieri.

        Zoragarria zen, larunbat arratsean, Marjenean aurpegi ezagun guztiak ikustea. Freddie, Richard, Verie, Helen, Mackie (tipo animatu bat, handia, Madisoneko diska denda bat zeraman eta edozein gauza elektroniko moldatzeko gai zen) eta Elaine bere emaztea, hau ere oso pertsona adiskidetsua, begiak oker samarrak zituena, gauza handia jendea besarkatu eta aurrez-aurre zermoduzka agurtzea. Baina Franentzat festa hura bereizten zuena tartean norbait berri eta gaztea egotea zen, Janeren iloba. Nahikoa era formal batean, piska bat herrenka, edarien mahai aldera abiatu zen Fran, Jane panazko traje batez eta jertze lepoluzez jantzita zegoen mutil gazte batekin, hizketan zegoen lekura. Ile ilun kizkurra zuen eta irribarre apur bat dibertitua; Franek ziuraski defentsazkoa izango zela pentsatu zuen.

        «Kaixo, Fran. Greg duzu hau» esan zuen Janek «Fran Covac, Greg, gure taldeko bat.»

        «Zer moduz, Fran?» Gregek eskua luzatu zuen.

        «Zer moduz zaude, Greg? Hain da pozgarria Janeren senide bat ezagutzea! Zer iruditzen zaizu New York?» galdetu zion Franek.

        «Izana naiz hemen.»

        «A, jakina izan zarela! Baina hemen lan egiteko asmotan zabiltzala entzun dut.» Bapatean Franen burua Gregi laguntza eman ziezaioketen ezagunen bila hasi zen. Richard, diseinatzailea zen baina antzerkirako batez ere. Marj, honek ezagutu zezakeen baten bat Macyko altzari departamentuan, eta honek eraman zezakeen Greg norbaitengana, eta norbait horrek...

        «Fran! Nola dabil nire neskatoa?» Jeremyren besoak Franen praka-trajez jantzitako gerria inguratu zuen, eta atzekaldean jo zion jostari. Jeremyk berrogeita hamabost bat urte zituen eta ile zuri ugaria.

        «Jeremy! Primerako itxura duzu!» esan zuen Franek. «Nola atsegin dudan zure alkondara more hori, hain eroa!»

        «Zer moduz bizkarrezurra?» galdetu zuen Jeremyk.

        «Hobeto, eskerrik asko. Denbora behar. Egon al zara Gregekin? Janeren iloba da.»

        Egon gabea zen Jeremy, eta Franek aurkeztu egin zion. «Nolako lan asmoak dituzu, Greg?» galdetu zion Franek.

        «Ez dut lanaz hitzegin nahi gaur» erantzun zuen Gregek, irribarrez eta galdera saihestuz.

        «Horixe da nik pentsatzen nuena» Fran Janerengana joan zen bere ohizko era serio eta garbian, telefonoan hitzegin zion bezain atsegin mintzatu bazitzaion ere. «Ezagutzen dugun jende guztiaren artean, izango gara gauza noski Gregen alde zer edo zer egiteko. Baliagarri litekeen lekura eramateko, ezta? Altzari diseinatzailea zarela dio Janek, Greg.»

        «Beno, bai. Nire bizitzaren historiaren berri nahi baduzu, arotz batentzat aritu naiz lanean urte bete pasatxo. Eskuz egina bait zen dena, gauza gutxi diseinatu nituen han nintzenean. Armairu bereziak.»

        Franek eskutara begiratu zion, eta esan zuen «Apostu egingo nuke indartsua zarela. Mutil jatorra da, ezta Jeremy?»

        Jeremyk baiezko keinua egin zuen, eta bere whiskyari eragin zion.

        Janek esan zuen «Ez kezkatu Gregekin. Marjekin hitzegingo dut agian arratsalde honetan.»

        Franen aurpegia argitu egin zen. «Horixe bera ari nintzen pentsatzen ni ere. Macyko baten bat...»

        «Ez dut Macyn lan egin nahi» esan zuen Gregek atsegin baina firme. «Nahikoa independientea naiz.»

        Franek ama-irribarrea erakutsi zion. «Ez dugu esan nahi Macyn lan egin behar duzunik. Utz iezaiguzu guri.»

        Musika eta dantza saiotxo bat izan zen hamaikak inguruan, baina ez auzoak kexatzeko adinako zaratarik. Marj hamalaugarren bizitzan bizi zen (hamairugarrena benetan) nahikoa dotorea zirudien apartamentu-etxe batean, East Fortiesen, eta gau-ta-eguneko atezaina zuen. Franek arratsaldeko lauretatik gauerdirarte besterik ez zuen atezaina, eta horrek esan nahi zuen ez zela batere segurua berarentzat gauerdia pasata etxera zea, beheko giltza erabili beharko zuenean etxean sartzeko. Honetan pentsatzeak Susie ekarri zion gogora, ez bait zuen ikusi East Vilageko esperientzia ikaragarri harez geroztik, hiru bat aste lehenago.

        Susie, emakume garaia, ederra, hogeitamalau urtetsukoa, aldameneko gela batean aurkitu zuen Franek, ohe bikoitz batean eserita Richard eta Verierekin hizketan. Franek hitz batzuk esan behar zizkion lehenbizi Verieri, jakina, galdutako karterari buruz.

        «Nahiago dut ahaztu» esan zuen Veriek. «Jokuaren parte da. Eta jokua arratoi lasterketa da. Arratoiez inguratuta gaude.»

        «Aizu, aizu!» esan zuen Richardek. «Baina denak ez dira arratoiak. Beti ere gu gaituzu!»

        «Horixe!» esan zuen Franek, bigun sentituz orain, gutxitan edaten bait zuen alkoholik, eta edan zuena barrukaldea berotzen ari bait zitzaion. «Esaten nion Verieri aurreko gauean, bizitzan gauzarik garrantzitsuena, maite duzun jendearekin komunikatzea dela. Ez al da egia?»

        «Egia» esan zuen Richardek.

        «Badakizu, Veriek deitu zidanean kartera zela eta...» Fran inork ez ziola entzuten ohartu, eta Susieri mintzatu zitzaion zuzenean. «Susie, maitea, ari al zara zuzpertzen? Badakizu, ez zaitut ikusi East Villageko harez geroztik, baina izan dut zure berririk.»

        Sareko guztietatik, Susie izango zen gutxien hotsegiten zuena, eta ez zion Frani eman ez eta aurrez-aurreko deskribapen bat. Veriek eta Jeremyk eman zioten informazioa Frani.

        «Oh, ongi nago» esan zuen Susiek. «Sudurra hautsia nuela uste zuten, baina ez nuen hautsi. Soilgune bat besterik ez buruan, baina orain ez da is ikusten, ilea luzatzen ari zait-eta.» Susiek ondo zaindutako burua makurtu zuen, Franek soilgunea ikus zezan, ezkutatua ia, egia zen, ile nabar-gorriskaz.

        Ziztada batek zeharkatu zuen Fran. «Zenbat puntu?»

        «Zortzi, uste dut,» esan zuen Susiek irribarrez.

        Susie eta lagun bat, Susiek bere autoan etxera eraman zuena, beltz handi batek erasotu zituen lagunak aurreko ateko giltza atera bezain laster. Harrapatuta geratu ziren kanpoko atearen eta itxita zegoen ate nagusiaren artean; beltzak dirua hartu zien, erlojuak eta eraztunak («Zorionez eraztunak atera egin ziren», gogoan zuen Franek nola kontatzen zuen Jeremyk Susiek esandakoa, «izan ere, horietako batzuek hatzak mozten dizkizute eraztunak ezin badituzte atera, eta tipo hark labana bat zuen»), eta orduan beltzak lurrean etzateko agindu zien bortxatzeko asmotan, baina bitartean Susiek, nahikoa luzea bait zen, gogor egin zion borroka eta ez zen lurrean etzan. Beste neskak oihu egin zuen, eraikuntzan bizi zen norbaitek aditu zuen azkenean, eta garrasi egin zuen atzera poliziari deituko ziola, eta orduan beltzak («festa izorratu zitzaiola pentsatuz agian», esan zuen Jeremyk) tresna astunen bat atera eta burua zanpatu zion Susieri harekin. Odolak hormak eta sabaia zipriztindu zituen, eta horregatik behar izan zituen puntuak. Fran hunkituta zegoen beraietako batek benetazko borroka egin zuelako, armarik gabe, basatien aurka.

        «Ahaztu nahiko nukeen gauza» esan zion Susiek Franen aurpegikera galdekorrari. «Judo eskolatara noa orain, halere. Izan ere, hemen bizi beharra daukagu.»

        «Baina inork ez du East Villagen bizi beharrik» esan zuen Franek. «Denetatik dago han, badakizu, beltzak, Puerto Ricotarrak, jamaikarrak, denetatik. Ez duzu inor ikusten etxean gauean berandu!»

        Garai honetarako buffet mahaiko urdaiazpiko erre handia, roast beef-a eta patata entsalada ongi aprobetxatuak zeuden. Fran inoiz baino biguinago sentitzen zen, Marjen bi logelatako batean (hori elegantzia) ohe gainean eserita, Sareko zenbaitekin. New Yorki buruz ari ziren hizketan, zerk egon arazten zituen han, dirutik aparte. Richard Omahakoa zen, Bostonekoa Jeremy. Fran Zazpigarren Hiribidean jaioa zen, 53. kalean. «Eraikuntza garai guzti horiek egin aurretik» esan zuen Franek. Bere jaiolekua (bulego eraikuntza orain) hiriaren bihotzat zeukan, nahiz eta izan zitezkeen noski beste bihotzak hirian, horretan pentsatzen jarriz gero: Mendebalde-11. kalea, Gramercy Park, baita Yorkville ere. New York zirikagarria eta arriskutsua zen, aldatzen ari zen beti —onerako eta txarrerako—. Europak ere onartu beharra zeukan New York zela orain munduan artearen ardatza. Lastima zen gizarte-laguntzak Amerikako okerrena erakartzen zuela, ez beti beltzak edo Puerto Ricotarrak, aprobetxatu nahi zuen jendea baizik. Amerikak asmo onak zituen. Konstituzioari begiratu besterik ez zegoen, nola agoanta zezakeen edozer gauza, baita Nixon ere, eta irabazian atera. Ez zegoen duda egiterik Amerika zuzen abiatua zela...

        Fran esnatu zenean biharamunean, ez zen oso ondo gogoratzen nola etxeratu zen, salbu eta ziur zela Susie jatorrak eraman zuela etxera bere Cadillacean (modeloa zen Susie eta ondo irabazten zuen), eta Verie ere autoan zela uste zuen Franek. Jakaren sakel batean —ez zuen eskegi aurreko gauean, aulki baten atzekaldean utzi besterik ez zuen egin— ohar bat aurkitu zuen. «Fran maitea. Tricolorreko Carli deituko diot Gregi dagokionean, ez kezkatu beraz. Esan diot Janeri. Musu bat, Richard.»

        Ez al zen zoragarria Richard! «Banekien zerbaitekin etorriko zela» esan zuen leunki bere baitarako, irribarrez.

        Telefonoak jo zuen. Fran telefono aldera mugitu zen, pijamatan oraindik, eta kafe-mahai gaineko ordularian ikusi zuen bederatziak eta hogei zirela. «Esan?» marmariatu zuen Franek.

        «Kaixo, maitea, Jane naiz. Gregek hamaikak inguruan eraman diezaizuke haragia. Konforme?»

        «Jakina, hemen izango naiz. Eskerrik asko, Jane.» Fran zer edo zer gogoratzen zen haragiaren aginduaz. Jendeak oraindik ere jatekoak ematen zizkion, egunik okerrenetan egin ohi zuten bezala, erosketak egiteko gauza ez zenean. «Greg ikaragarri jatorra dela uste dut. Nortasun nabaria du.»

        «Richarden lagun bat ikustera doa gaur goizean.»

        «Tricolor. Badakit. Hatzak gurutzatuak edukiko ditut.»

        «Marjek ere norbait ezagutu dezan nahi du. Ez du zer ikusi zuzenik Macyrekin, ulertu dudanez.» Esan zuen Janek.

        Beste minutu batzuz aritu ziren hizketan, festari buruz, eta telefonoa eskegi zuenean, bat-bateko kafea egin zuen, eta laranja zukua lata izoztu batetik. Ohea tolestu, eta jantzi egin zen, tartean halako gauzak marmariatuz bere baitan «Hartu al ditut artritis pildora horiek? Ez, hartu behar ditut. Hau jaso piska bat. Ez, lekuak ez du itxura txarrik izango, uste dut...» Eta telefonoak noski bitan edo hirutan jo zuen, egiteko guztiak atzeratuz, eta entzun zuen hurrengo gauza behetiko dei bat izan zen; Franek hamaikak eta bost zirela ikusi zuen.

        Greg zela pentsatu zuen eta atea irikitzeko botoia sakatu zuen. Ez zuen mikrorik behekoekin hitzegiteko. Apartamentuko tinbreak jo zuenean, ateko zulo borobiletik so egin eta Greg zela ikusi zuen.

        «Greg?»

        «Neu naiz» esan zuen Gregek.

        Gregek eltze gorri astun bat zekarren, ongi estalia.

        «Hementxe utzi behar zela esan dit Janek eta horrela zuku guztia izango duzu.»

        «Primeran Greg. Eskerrik asko.» esan zuen Franek, eltzea hartuz. «Zure izeba Janek haragi egosi zoragarriena egiten du, bezperatik prestatzen du, badakizu?» Sukalde estuan utzi zuen eltzea. «Eseri, Greg. Nahi al duzu kafetxo bat?»

        «Ez, eskerrik asko. Zita bat dut minutu gutxi barru.» Greg egongelan zebilen bueltaka, gauza guztiei begira, eskuak igurtziz.

        «Zortea opa dizut, Greg. Zu hemen edukitzeko eskeintza egin nuen, badakizu. Janeri esan nion. Zorakeria dirudi, berak leku gehiago dauka eta. Baina inoiz basoaren alderdi honetan bazabiltza, nik badaukat lagun bat bertan eta gera naiteke berarekin. Zu hemen egon zintezke. Ez dago inolako eragozpenik.»

        «Zuek guztiok ni haur bat bezala ez tratatzea nahi nuke» esan zuen Gregek. «Gela bat hartzera noa. Nire kasa moldatzea atsegin dut.»

        «Ulertzen dut. Normala da.» Baina Franek ez zuen ulertzen. Lagunengandik apartatzea horrela? «Ez zaitut umetzat hartzen, benetan!»

        «Edozein itotzeko modukoa da. Espero dut ez nauzula pertsona zakartzat hartuko, hau esatean. Pandilla bat bezalakoa da. Atzo gaueko taldea esan nahi dut.»

        Franen irribarre kunplitua, babeslea zabaldu zen. Ia-ia esan zuen, Konforme, abia zaitez bakarrik, baina bere buruari eutsi zion bere ustez jarrera egokia eta gainetikakoa zen hura hartuz. «Badakit. Mutil hazia zara.»

        «Ezta mutila ere. Nagusia naiz.» Burua markutu zuen, esandakoa baieztatuz edo agur eginaz, eta atera egin zuen. «Agur, Fran, eta haragia gozoa izatea espero dut.

        «Zortea, Greg!» esan zion atzetik, eta eskilaretan behera joaten entzun zuen. Sei pisu ziren.

        Bi egun igaro ziren. Franek Janeri hotsegin zion Greg zer moduz zebilen galdetzeko.

        Janek barre txiki bat egin zuen. «Ez oso ondo. Beste leku batera joan zen...»

        «Bai, esan zidan aldatu behar zuela.» Franek hotsegin zion noski Janeri haragia zein gozoa zegoen esateko, baina ez zion aipatu Gregek aldatu egin behar zuela esan zionik.

        «Ba, lapurtu egin zioten gau hartan bertan, herenegun gauean.»

        «Lapurtu?» Zur eta lur geratu zen Fran. «Zauritu egin al zuten?»

        «Ez, zorionez. Zera...»

        «Non gertatu zen?»

        «Hogeita hamaika eta hogeita hamar inguruan goizeko ordubatak aldera, esan zuen Gregek. Gosaria ematen duten taberna horietako batetik atera berria zen. Badakit ez zebilela mozkor, ez bait du ia garagordorik ere edaten. Ba, gela duen lekurantz zihoala...»

        «Non du gela?»

        «Ekialde Hemeretzigarrenean nonbait. Bi tipo hurbildu eta jaka buru gainetik jarri zioten, badakizu nola, eta lurrean eseri zuten zahar jendearekin egin ohi duten eran, espaloian, eta zeraman dirua hartu zioten. Zorionez hamabi bat dolar besterik ez omen zituen, esan zuen.» Janek barre egin zuen emeki berriro.

        Baina Fran mindu egin zen sakonean, gertaera lotsagarri, ilun hura bere familiako norbaiti gertatu balitzaio bezala. «Onena da lezio bat izango duela. Ezin du kaleetan bakarrik ibili hain berandu gauean, gaztea eta indartsua bada ere.»

        «Berak ere borroka egin ziela esan zuen. Eta saihetsa ubeltzea lortu du. Baina okerrena da ez zuela ikusi nahi izan Marjek ezagutzea nahi zuen gizona, era guztietako arotzak ezagutzen dituen beste erosle bat. Gregek bazuen ongi ordaindutako lanen bat hartzerik, bukaera lanak behintzat.»

        Sinestezina zen hura Franentzat. «Porrotera doa zuzen-zuzenean,» adierazi zuen Franek handikiro.

        Franek Jeremyri hotsegin zion Gregen berri kontatzeko. Jeremy Fran bezain harriturik geratu zen Gregek ez ziolako Marjen laguntzari jarraitu.

        «Mutil horrek asko ikasi beharra du oraindik» esan zuen Jeremyk. «Eskerrak dolar gutxi zeramala. Beharbada ez zaio berriro gertatuko, kontuz ibiltzen bada.»

        Franek ziurtatu zion Jeremyri horixe bera esan ziola berak Janeri. Franen bihotza, amatasunak bete gabea, kalterik okerrenak ari zen pairatzen Janeren berriez geroztik.

        «Margolari pare bat ezagutzen ditut Sohon» esan zuen Jeremyk. «Saio bat egingo dut han, galdetu armairu lanik behar ote duten. Ba al dakizu non aurkitu dezakedan Greg zerbaitekin etorriko banintz?»

        «Ez, baina ziur naiz Janek jakingo duela. Ekialde Hemeretzigarren kalean dago nonbait.»

        Minutu batzuk geroxeago, eskegi zutenean, kalera irten zuen Franek eta eraikuntza pare batez ibili zen gaisotasun txekea bankuan uzteko eta gauzatxo batzuk hartzeko beheko supermerkatuan, eta itzuli zenean, telefonoa deika ari zen. Hartu egin zuen nahiz eta ordurako jotzeari utzia izan behar zuen, pentsatu zuen Franek, eta Richard zela jakin zuen.

        «Tricolorreko jende horrek ez zuen ezer Gregentzat» esan zuen Richardek. «Senditzen dut, baina pentsatuko dut beste zerbaitetan. Zer moduz dabil? Ba al dakizu?

        Franek egunera jarri zuen. Zigarro bat piztu eta luze hitzegin zuen sofa ondoko telefonoan, bere filosofia adieraziz, bide guztiak saiatu beharra alegia, eta norberaren mugak ongi ezagutzea. «Ez dut esan nahi Greg; harroa denik. Hain da heldugabea...» Benetan esan nahi zuena zen beren taldearen babespera etorri beharra zuela, ez ziotela ihes egiten utzi behar, edo hegan egiten areago, hondamendi ziur batera. «Ez ote zenuke zuk hitzegin beharko berarekin, Richard, badakizu, gizaseme artean? Entzungo lizuke beharbada, Janeri baino areago.»

        Ostiralean, Franen garbiketa emakumea bi ordu egitera etorri zenean apartamentura, Janerekin zitatu zen Fran eltzea itzultzeko. Franek oso maite zuen Janeren apartamentua Ekialde-11.ean. Altzari ederrak, zur gotorrezkoak zituen Janek, garbituagatik beti distiratsu, liburu ugari eta benetazko tximinia. Tea egina zuen Janek, eta zer edo zer esan zuen bigarren te bat vodkaz bustitzeaz, nahi izanez gero. Franek Greg nola zegoen galdetu zionean, hatz bat jaso zuen ezpainetara Janek.

        «Ixo, hemen dago eta» xuxurlatu zuen Janek, logela baten atea seinalatuz.

        «Ondo al dago?»

        «Izorratu samarra. Ez dut uste inor ikusi nahiko duenik» esan zuen Janek irribarre lasai batez. Janek azaldu zion nola aurreko gauean, Greg etxera itzuli zenean gaueko filme bat ikusi ondoren, bere etxera sartuak zirela aurkitu zuen eta gauza guztiak lapurtu zituztela, idazmakina, jantziak, oinetakoak, dena.

        «Horixe gauza ikaragarria,» xuxurlatu zuen Franek, aurrerantz makurtuz.

        «Uste dut gehien mindu duena bere aitaren gemeloen kutxatila galtzea izan dela. Nire iloba, Gregen aita, duela bi urte hil bait zen. Eta eraztun bat edo, Allentowneko andregaiak eman ziona. Egun txarra dauka Gregek.»

        «Oh, uler dezaket...»

        «Lastima, zeren nik proposatu bait nion baliozko gauzak nirekin hemen uztea. Etxe honetan ez da inoiz lapurretarik izan, zura ukitu.» Halaxe egin zuen Janek.

        «Eta Gregek zer egin nahi du orain?»

        «Berriro saiatuko da, badakit. Minduta dago baina ez du etsiko.»

        «Lagundu egin behar diogu.»

        Janek ez zuen ezer esan, baina Franek ikus zezakeen bera ere pentsatzen ari zela. Jane altxa eta vodka botila hartu zuen.

        «Uste dut nahikoa eskarmentua izan duela» esan zuen Janek.

        Bai gauza ona zela, pentsatu zuen Franek, Jane bezalako lagunak edukitzea.

        Telefonoak jo zuen. Tximinitik hurbil zegoen, eta Franek entzun zezakeen Jeremyren ahots lakarra Janeri galdegiten ziola Greg nola aurkitu ba ote zekien.

        «Hemen dago, baino to dagoela uste dut. Egun gogorra izan du gaurkoa. Zerbait esatea nahi duzu?»

        Jeremy mintzatzen ari zela, Janek arkatz bat hartu zuen eta irribarre egin zuen. «Eskerrik asko, Jeremy. Horrek... guztiz egokia dirudi. Esango diot, esnatzen den bezain azkar.» Eskegi zuenean, esan zion Frani «Jeremyk jakin du Sohoko Paul Ridleyk apal pila bat jartzea behar duela, eta pareta oso bat beteaz gainera. Badakizu zeinen handiak izan ohi diren hango estudioak. Gregen aukera dirudi horrek.»

        «Beti bezain jatorra, Jeremy hori!»

        «Eta Ridley... oso ongi dabil orain. Honek beste gauza batzutara eramango du, ziur naiz. Bere kontura. Horrelaxe nahi du lan egin Gregek.»

        «Espero dezagun ez dezala utzi gugandik etorri zaiolako,» marmariatu zuen Franek.

        «Ja! Ikasiko ahal zuen zerbait. Gazte guztiek dute ikasi beharra» Janek bere ile luze, liso, grisaska aurpegitik kendu zuen eta bere vodka hartu.

        Fran bapatean zibilizatua sentitu zen. Horixe zen hartarako aurki zezakeen hitz bakarra. Eta indartsua. Eta gotorra. Eta guzti hura Jane bezalako jendearengatik, guztia komunikatzeagatik. Fran zorionez beteta itzuli zen etxera. Zortzigarren kalerako autobusa hartu zuen. Metroak zarata egiten zuen bere apartamentuko espaloi azpian, metro sarrera bat zegoen hantxe bertan, baina Franek ez zuen inoiz metrorik hartuko. Autobusak garbiagoak eta seguruagoak ziren, eta sarritan «egunerako ibilaldiak» erosten zituen, berak eta bere adiskideek deitzen zituzten bezala, dolar bat eta hamar ordez hirurogeita hamar xentimo balio zuten hiru bidaietako txartelak, goizeko hamarretatik arratsaldeko laurak bitartean erabiliz gero, ez ordu larritan. Eta astean behin Arte Modernoko Museoa dohain zen, nahi zena ordaindu, edo ezer ez bestela. Fran bi egunez itxaroten saiatu zen Janeri telefonoz deitu aurretik, Greg nola moldatu zen jakiteko.

        «Maitea, ezin hobeto» esan zuen Janek, ohi zuen mantsotasunez. «Hurrengo sei hilabetetarako lana dauka eta txori bat bezain pozik dabil. Hango informaltasuna atsegin du oso. Eta uste dut Sohokoek bera ere atsegin dutela.»

        Franek irribarre egin zuen. «Esaiozu... Jane, zorionak eman behar dizkiozu nire partetik, ez? Ez zait axola nire zorionak nahi ez baditu, esaiozu halere.» Franek barre egin zuen pozaren pozez.

        Gregi buruzko berri on haiek Jane kezkarik gabe sentiarazi ere egin zuten, eta baita ziur ere hurrengo goizean hamaikak aldean izan behar zuen Columbia Fire asegurutako inspektorearen bisitaldiaz. Columbia Fire-rako egiten zuen lan, baina itxura zenez Con Ed-ek Columbia Fire enplegatzen zuen. Gregen arrakastak Frani bere buruarekiko konfidantza handia eman zion.

        Fran herrenka hasi zen hurrengo goizean eta inspektore beltza bere apartamentu garbi eta txukunera sarrarazi zuen, baita kafetxo bat eskaini ere.

        «Denbora behar» esan zion Franek «baina doktoreak dio espero zitekeen bezain ongi noala. Sinets ezazu, esango diot Con Ed-i lanerako moduan aurkitzen naizenean berriro. Ez da oso entretenitua ezer ez egitea egun bat bestearen atzetik.» Balia zaitez sistemaz, pentsatzen zuen Franek. Ez saiatu kontra egiten, utz ezazu zure alde egin dezan. Jasotzen ari zen diru guztia eman zuen berak lehen, beraz zergatik ez erabili orain, zeren nola zekien berak bizirik egongo ote zen...?

        «Konforme, Covak anderea, izenpetuko al duzu hau, arren? Ni banoa... Pozten nau zu hobeto ikusteak!»

        Hura deskantsua bakarrik egotea berriro! Telefonoak jo zuen. Verie. Gregen berri eman zion Verieri. Gero komodako kajoiak hustu eta txukundu egin zituen; hilabetetan zen ibilia ideia horrekin. Seietan atea jo zuten, eta ateko zulotik ikusi zuen Franek Buddy zela, atezaina, bisera buruan eta alkondaratan, ohi zuen bezala.

        «Loreak, Covak anderea.»

        Franek atea iriki zuen. «Loreak?»

        «Bai. Behera iritsi berriak. Baina igo egin ditut. Urtebetetzea?»

        «Ez» Fran berokitako sakelak miatzen zebilen, berrogeita hamar xentimoren bila Buddyri emateko. Bi laurdeneko aurkitu zituen. «Eskerrik asko, Buddy... Politak dira, ezta? Paper finean zehar lore arrosak ikus zitzakeen.»

        «Agur ba» esan zuen Buddyk.

        Loreekin batera gutunazal txiki bat zegoen, eta ohar bat barruan. Gregek izenpetzen zuela ikusi zuen Franek mezua irakurri aurretik. Honela zioen: «Barka ezazu zakar samarra izana. Estimatzen dut zure amabilitatea. Ni ere lagun nauzu. Greg.»

        Fran arin joan zen gladiolo zuztar luzeak zeukan lorontzirik handienean jartzera, sofaren parean zegoen kristalezko kafe-mahai gainean ipini zuen, gero telefonora egin zuen Jeremyri hotsegiteko.

        Franek esan zuen: «Uste dut Greg gutako bat dela orain. Bai, primeran, ezta?»

 

 

© Patricia Highsmith

© itzulpenarena: Koro Navarro

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus