LIBURUAK BURUAN
IDAZTEN ZITUEN GIZONA

 

E. Taylor Cheeverek liburuak buruan idazten zituen, inoiz ez paperean. Hil zen garairako, hirurogeitabi urte zituela, hamalau liburu zituen idatziak eta ehun eta hogei pertsonaia sortuak, berak behintzat gogoan oso zehatz zituenak guzti-guztiak.

        Hona nola gertatu zen: Cheeverek nobela bat idatzi zuen hogeita hiru urte zituela, Betirako desafioa izenekoa; Londreseko lau argitaldarik atzera bota zuten. Cheeverek, Brightoneko egunkari batean argitaratzaile-ordea bait zen garai hartan, hiru edo lau kazetari eta kritikari laguni erakutsi zien eskuizkribua, eta guztiek esan zuten, Cheeveren iritziz Londreseko argitaldarien gutunetako tonu zakar berean, «Pertsonaiak borobildu gabeak... elkarrizketa artifiziala... gaia ez da argia... Egia eskatzen didazunez, ausartuko naiz esaten ez dudala uste honek argitaratzeko esperantzarik duenik ez eta berriro landuko bazenu ere... Hobe duzu hau ahaztu eta beste bat idaztea...» Cheeverek bere denbora libre guztia nobelan eman zuen bi urtez, eta emaztetzat nahi zuen neska, Louise, galtzear ibili zuen, ez bait zion ia jaramonik egiten. Nola edo hala ezkondu egin zen Louisekin, nobelari buruzko iritzi ezezkorren zaparrada eta aste batzuk geroago. Ondo urruti zeuden emazte ezkonberriari eskeini eta ezkontzan abiatu asmo zituen gailentasun haiek.

        Cheeverek bazuen diru-iturri txiki bat, eta Louisek handixeagoa. Cheeverek ez zuen lanbide baten beharrik. Aldizkariko lanpostua uzteko asmoa zuen (lehen nobelaren argitaratzea zela medio), nobela berriak eta liburu kritikak idatzi, eta agian liburu komentario sail bat ere bai Brightoneko egunkarirako, gero handik The Times edo Guardianera igotzeko. Brightoneko Beaconen liburu kritikari bezala sartzen ahalegindu zen, baina han ez zuten hartuko finko geratzeko. Horretaz gain, Louisek Londresen nahi zuen bizi.

        Udalaren etxe bat erosi zuten Cheyne Walken eta bien familiek emandako altzari eta tapizez hornitu. Bienbitartean Cheever beste nobela batean ari zen pentsatzen, eta borobildua eduki nahi zuen paperean hitz bat ipini aurretik. Hain zen ezkutuzalea, non ez zion izenburu edo gaiaren berririk eman Louiseri, ez eta pertsonaiak komentatu ere, nahiz eta Cheeverek garbi izan buruan bere pertsonaiak —haien bizi-historiak, arrazoiak, zaletasun eta itxura begi koloretaraino. Hurrengo liburua erabakiorra izango zen gaiari zegokionean, pertsonaiak hezur eta mamizkoak, elkarrizketa zehatza eta esanahigarria

        Ordu luzeak ematen zituen Cheyne Walkeko etxeko estudioan eserita, hain zuzen gosariaren ondoren altxa eta han egon ohi zen bazkalordurarte, gero berriro hara itzultzeko te edo afalordurarte beste edozein idazlek ohi zuen bezala; baina mahaian nekez idazten zuen oharrik, noiz-behinkako «1877 + 53» eta «1939 - 83» edo antzekoak izan ezik, pertsonaia batzuen adina edo jaiotzeko urtea mugatzearren. Marmarrean bere gisa aritzea atsegin zuen burutaziotan zebilenean. Liburuak, Jokuaren Galerazlea jarri zion izena (ez zuen munduan beste inork ezagutuko izenburu hori), hamalau hilabete hartu zizkion pentsatu eta gogoan idazteko. Garai honetarako, Everett gaztea jaioa zen. Hain ederki ezagutzen zuen Cheeverek nora zihoan liburuarekin, ezen lehen orria osorik zuen pentsamenduari itsatsia inprimatuta ikusiko balu bezalaxe. Bazekien hamabi kapitulu izango zituena, eta bazekien zer zegoen haietako bakoitzean. Elkarrizketa sekuentzia osoak emanak zizkion oroimenari, eta nahi bezala ekar zitzakeen gogora. Cheeveren ustez hilabete baino denbora laburragoan idatz zezakeen liburua. Idaz-makina berria zuen, Louisek azken urtebetetzean opariz emana.

        «Azkenean prest nago», esan zuen Cheeverek goiz batean ez ohizko poz itxuraz.

        «A, bai ederki, maitea» esan zuen Louisek. Tentu handiz, ez zion inoiz galdetzen nola zihoan lana, Cheeverek halakorik ez zuela atsegin antzematen bait zion.

        Cheever The Timesi begiratu bat eman eta lanera joan aurretik lehenengo pipa betetzen ari zen artean, Louisek lorategira irten eta hiru larrosa moztu zituen, ontzi batean ipini eta gelara eraman zizkion. Gero, alde egin zuen isilik.

        Cheeveren estudioa atsegina eta erosoa zen; lan mahai zabal bat zuen, argia ona, erreferentzia liburuak eta hiztegiak eskura, larruzko sofa berdea lo kuluska egiteko modukoa nahi izanez gero, eta lorategira bista. Cheeverek larrosak antzeman zituen lan mahai ondoan zuen mahaitxo gurpildunean eta irribarre egin zuen, estimaturik. Lehen orria, Lehen kapitulua, pentsatu zuen Cheeverek. Louiseri eskainiko zion liburua. Nire emazte Louiseri. Soil eta garbi. Abenduko goiz gris bat zen eta Leonard...

        Gerorako utzi, eta beste pipa bat piztu zuen. Paper orri bat zuen jarria idaz-makinan, baina izenburu-orria zen, eta ez zuen ezer idatzi oraino. Bapatean, goizeko hamarrak eta laurdenetan, aspertuta zegoela konturatu zen —itomenezko asperdura, paralizatzailea. Berak liburua ezagutzen zuen, osorik zuen gogoan eta zergatik idatzi orduan?

        Hurrengo hainbat astetan teklak mailukatzen aritu beharraren pentsakizunak, ezagunak zituen hitzak berrehun eta larogeita hamabi orrialdetan (Cheeveren ustez) ipintzeak adore guztia kentzen zion. Sofa berdean etzan eta hamaikak arte lo egin zuen. Freskorik eta buruan ideia berri bat zuela esnatu zen: izan ere, liburua egina zegoen, eta ez egina bakarrik, erabat borobildua baino. Zergatik ez beste gauzaren batekin jarraitu?

        Gurasoen bila dabilen umezurtz bati buruzko nobelaren ideia zebilkion buruan Cheeveri azkeneko lau hilabeteetan. Horren inguruko nobela batean hasi zen pentsatzen. Egun osoz egon zen mahaian eserita, marmarrean, paper orriei begira, hutsik gehienak, arkatz hori baten muturreko borragomarekin jolasean ari zen bitartean. Sorkuntzan ari zen.

        Umezurtzaren nobela pentsatu eta bukatu zuen garairako, semeak bost urte zituen.

        «Geroago ere idatz ditzaket nire liburuak» esan zion Cheeverek Louiseri. «Liburuei tajua ematea da garrantzitsuena».

        Louise desilusionaturik zegoen, baina ezkutatu egin zituen bere sentimenduak. «Aita idazlea duzu», esan zion Everett gazteari. «Nobelaria. Nobelariak ez du lanera irten beharrik besteek bezala. Etxean egin dezake lana».

        Everett txikia eskolaurrean zebilen, eta aitak zer egiten zuen galdetzen zioten haurrek. Everettek hamabi urte zituenerako, egoera ulertu eta barregarria iruditu zitzaion oso, batez ere aitak sei liburu idatzi zituela esan zionean amak. Liburu ikustezinak. Garai hartan hasi zen hain zuzen Louise Cheeverekiko jarrera aldatzen, tolerantzia eta laissez-faire batetik errespetu eta miresmenera. Gehienbat, eta jakinaren gainean, Everetti eredu bat ematearren egiten zuen hori. Komentzionala zen heinean sinestuta zegoen, semeak aitari errespetua galduz gero, semearen izakera eta familia bera ere desegin zitezkeela.

        Everettek hamabost urte zituenerako, aitaren lanak ez zuen libertitzen, aitzitik, lotsaturik eta noraezean uzten lagunak bisita egitera etortzen zitzaizkionean.

        «Nobelak?... Ezer onik?... Ikus al dezaket bat?» galdetu zuen Ronnie Phelpsek, hamabost urteko mutila bera ere eta Everetten heroia. Ronnie Eguberri oporretarako etxera ekarri ahal izatea sekulako suertea izan zen Everettentzat, eta kezkati zebilen gauza guztiak behar bezala atera zitezen.

        «Oso lotsatia da horretan», erantzun zuen Everettek. «Gelan edukitzen ditu, badakizu».

        Halako estuasunean kausitu zen Everett, ezen Ronnie ere zeharo larritu eta hiru egun geroago bere familiarengana itzuli zen Kentera. Everettek jateari utzi egin zion ia, eta bere gelan geratu zen; han aurkitu zuen amak bitan negarrez.

        Cheeverek ez zekien ezer hortaz. Louisek etxeko ardura orotik, eten orotatik gerizatzen zuen. Baina oporrak ia hilabetez ari ziren luzatzen eta hain egoera txarrean kausitzen zen Everett, ezen tentu handiz nonbaitera itsas bidai bat egitea proposatu zion Cheeveri, Canarietara beharbada.

        Cheever hasieran harriturik geratu zen. Oporrak ez zituen gogoko, ez zituen behar, sarritan esaten zuen. Baina hogeitalau ordu geroago, ideia ona zela bidaia erabaki zuen. «Han ere aritu naiteke lanean», esan zuen.

        Itsasontzian, orduak ematen zituen Cheeverek zubi gaineko aulkian eserita, arkatza eskuan zuela batzuetan, ezer gabe besteetan, zortzigarren nobela lantzen. Ohar bat bera ere ez zuen egin hamabi egunetan halere. Louisek, aldamenean eseririk, Cheeverek hasperen egin eta begiak ixten zituenean, atsedenaldi bat hartzen zuela esan zezakeen. Egunaren bukaera aldera, bazirudien sarritan Cheeverek libururen bat zuela eskutan eta orriak iraulkatzen ari zela, eta Louisek bazekien Cheever buruz ezagutzen zuen lana ari zela hausnartzen.

        «Ja, ja», barre txikia egiten zuen Cheeverek, pasadizo batek libertitzen zuenean. Beste norabait joan, irakurtzeko itxurak egin eta marmariatu: «Um, um. Ez dago gaizki, ez».

        Everettek amaren bestaldeko aulkian eseririk, haserre bizitan jarri eta alde egiten zion aitak halako poz marmarioak botatzen zituenean. Everettentzat bidaia ez zen erabateko arrakasta izan, ez bait zegoen bere adin bereko jenderik neska bat izan ezik, eta bai gurasoei bai ontziko laguntzaileari agertu zien Everettek ez zuela neska hura ezagutzeko desiorik batere.

        Baina gauzak hobetu egin ziren Everett Oxfordera joan zenean. Aitarenganako zuen jarrera behintzat libertimenduzkoa bihurtu zitzaion berriz ere. Aitak nahikoa ezaguna egin zuen Oxforden, adierazi zuen Everettek. «Gutxik du poema bizi bat aitaren lekuan!», esan zion amari. «Errezitatuko al dut...!»

        «Mesedez, Everett», esan zion amak aurpegitik irribarrea berehala desagertarazi zion hoztasunaz.

        Berrogeita hamar urte pasatxo zituela, hilko zuen bihotz gaixotasunaren ezaugarriak azaldu zitzaizkion Cheeveri. Inoiz baino irmoago idazten zuen bere buruan, baina sendagileak lan orduak laburtu eta egunean bitan etzateko agindu zion. Louisek esana zion sendagileari —sendagile berria beraientzat, bihotzeko espezialista— zer nolako lana egiten zuen Cheeverek.

        «Nobela bat ari da tajutzen», esan zion Louisek. «Hori idaztea bezain nekagarria izan liteke, noski».

        «Bai noski», konforme agertu zen sendagilea.

        Cheeveri bukaera iritsi zitzaionean, Everettek hogeita hemezortzi urte zituen eta seme eta alaba gazteak. Everett zoologoa zen. Everett, ama, eta bost edo sei senide ospitaleko gelan bildu ziren; Cheever oxigeno-denda baten azpian zetzan. Cheever zer edo zer marmariatzen ari zen, eta Louise hurbilera Joan zitzaion.

        «... hautsa zara eta hauts bihurtuko», zioen Cheeverek. «Atzera!»... «Argazkiak debekaturik...» «Tennysonen hurrengoa?» Azkeneko hau ahots altu eta mehe batez «... giza irudimenaren monumentua...»

        Everett ere entzuten ari zitzaion. Aita nolabaiteko hitzaldia ematen ari zela zirudien orain. Eulogia bat, pentsatu zuen Everettek.

        «... Jende eskerdunak miresten duen txokoa... Kanka!... Kontuz!»

        Bapatean Everettek aurrera egin zuen barre ikara batean. «Westminster Abatetxean ari da bere buruari lur ematen!»

        «Everett» esan zuen amak. «Isilik».

        «Ja, ja, ja!» Everetten estuasuna algaratan lehertu zen, gelatik irten balantzaka eta sarrerako eserleku batean erori zen, ezpainak estutuz bere buruari eusteko ahalegin etsi batean. Gelan zeuden amaz beste guztiek egoera ez ulertzeak are barregarriago bihurtzen zuen hura guztia. Bazekiten Everetten aitak liburuak idazten zituela buruan, baina Poeten Txokoari ez zioten batere estimaziorik!

        Geroxeago, Everett bere onera etorri eta gelara itzuli zen. Aita marmarioka ari zen, lanean ari zenean sarritan egin ohi zuen bezala. Lanean ari ote zen oraindik? Everettek amari begiratu zion, nola makurtzen zen gaixoari aditu ahal izateko. Nahasturik ote zegoen, edo Land of Hope and Gloryren izpiritua ote zen Everettek oxigeno-dendatik zetorrela aditzen zuena?

        Bukatu zen. Gelatik irteterakoan, gurasoen etxera joan behar zutela hileta bazkaritara iruditzen zitzaion Everetti, baina ez ordea: hiletak oraindik ospatu gabe zeuden. Aitaren boterea ohiz kanpokoa zen, zinez.

        Handik zortzi bat urtetara, gripe baten ondorengo neumoniaz hiltamuan zetzan Louise. Everett ondoan zeukan Cheyne Walk-eko etxeko logelan. Ama aitaz ari zen hizketan, nola ez zituen jaso inoiz zor zitzaizkion izena eta errespetua.

        «Azkeneraino», esan zuen Louisek. «Poeten Txokoan dago lurperatua, Everett: ez duzu ahaztu behar...»

        «Bai», esan zuen Everettek, nolabait hunkituta, ia-ia sinesturik.

        «Lekurik inoiz ez han emazteontzat, noski; elkartuko nintzaioke bestela», xuxurlatu zuen.

        Eta Everettek ez zion esan aitarekin elkartu egingo zela, familiak Brightondik kanpo zuen hilobian. Egia al zen hori ordea? Ezinezkoa ote zen beste hilobiren bat aurkitzea Poeten Txokoan? Brighton esan zion Everettek bere buruari, errealitatea goitik behera desegiten hasten zitzaiola. Brighton, bihurtu zen berera Everett. «Ez naiz horren ziur», esan zuen. «Antolatzea izango dugu agian, ama. Ikusiko dugu».

        Begiak itxi zituen, eta irribarre arin bat agertu zitzaion ezpainetan, Everettek aitaren aurpegian ikusitako irribarre bera, oxigeno-dendaren azpian zetzanean.

 

 

© Patricia Highsmith

© itzulpenarena: Koro Navarro

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus