12

 

        — Mamuetan sinesten duzu? —galdetu zidan Martinsek.

        — Eta zuk?

        — Orain bai.

        — Nik ere sinesten dut mozkorrek gauzak ikusten dituztela... batzuetan arratoiak, besteetan okerragoak.

        Ez zitzaidan berehala etorri bere kontuarekin: Anna Schmidten balizko arriskuak ez bestek itzularazi zuen nire bulegora, itsasoak ertzera egotzitako zerbaiten antzera, txima jario, bizarra egiteke, ulertu ezin zuen esperientzia batek aztoratuta. Esan zidan:

        — Aurpegia bakarrik izan balitz, ez nintzen kezkatuko. Harryrekin pentsatzen aritua nintzen eta aise konfundituko nukeen arrotz batekin. Argia berehalaxe itzali zen, aizu. Erdizka baino ez nuen ikusi eta korrikari eman zion gizonak kalean behera, gizona baldin bazen behintzat. Ez zegoen beste kale muturrik tarte luze batean, baina hogeita hamar urratsetako aldea eman nion, hain izututa bainengoen. Iragarki kiosko horietako batera jo zuen eta bat-batean begi-bistatik desagertu zen. Bere atzetik korrika joan nintzen. Han ez zegoen inor. Kalea hutsik zegoen. Ezin atari batean sartu nik ikusi gabe. Aienatu egin zen.

        — Berezkoa dute hori mamuek bai, edo irudikeriek.

        — Baina ez dut uste horren mozkortuta nengoenik!

        — Zer egin zenuen gero?

        — Beste zeozer edan behar izan nuen. Zainak airean nengoen eta.

        — Horrek ez zizun mamua agerrarazi?

        — Ez, baina Annarenera itzularazi ninduen.

        Nik uste lotsatu egingo zela nigana kontu absurdo horrekin etortzen, tartean Anna Schimdten aurkako atentatua egon ez balitz. Nire teoria, bere istorioa kontatu zidanean, hauxe zen, alegia, zelatariren bat egon bazegoela, nahiz eta edanak eta histeriak gizonaren aurpegian Harry Limeren antza ikusarazi. Zelataria Annari eginiko bisitaldiaz ohartu eta telefono bidez taldekidea —penizilinaren taldekidea— jakinaren gainean jarri zuen. Gertakariak gau horretan bizkor joan ziren. Gogoratuko duzuenez Kurtz zona errusiarrean bizi zen, Bigarren Barrutian zehazki esateko, Prater Platzera jaisten den kale zabal, huts eta hondatu batean. Horrelako gizon batek influentziazko harremanak lortuko zituen ziur aski. Errusiar batentzat galmena zen amerikar edo britainiar batekin adiskidantzazko harreman onetan inork ikustea, baina austriarra balizko aliatua zen eta edozein kasutan ere inor ez da beldurtzen galtzaile eta garaituen influentziaz.

        Ulertu behar duzue garai honetarako mendebaldeko aliatuen eta errusiarren arteko lankidetza ia-ia, nahiz eta ez erabat, etenda zegoela.

        Vienako aliatuen artean zegoen polizi hitzarmenak herri bakoitzeko polizia militarra (pertsonal aliatuari zegozkion delituez arduratzen zena) norbere zonara mugatzen zuen, baldin eta beste potentzia baten zonara sartzeko baimena ematen ez bazioten behintzat. Hitzarmen horrek ondo funtzionatzen zuen mendebaldeko hiru potentzien artean. Aski zitzaidan aldez aurretik zona amerikar edo frantziarreko neure lankideari telefonoz deitu eta neure gizonak bidali atxiloketa bat burutzeko edo ikerketa batekin jarraitzeko. Okupazioaren lehenengo sei hilabeteetan nahiko ondo funtzionatu zuen errusiarrekin: beharbada berrogeita zortzi ordu igaroko ziren baimena eskuratu aurretik, baina praktikan oso bakan behar izaten da azkarrago lan egin. Gure herrian ere susmagarri bat atxilotzeko miaketa agiria edo buruzagien baimena ezin daiteke beti lehenago eskuratu. Gero berrogeita zortzi orduak astebete edo hamabost egun bihurtu ziren eta gogoan dut nire lankide amerikarrak halako batean artxiboei gainbegiratu bat eman eta berrogei kasu aurkitu zituela hiru hilabete baino gehiago atzeratuak eta eskariei erantzunik ere eman gabeak oraindik. Geroago arazoak sortu ziren. Errusiarren eskariak baztertzen edo ez erantzuten hasi ginen, eta batzuetan baimenik gabe bidaltzen zuten polizia, eta gorabeherak gertatu ziren... Istorio hau gertatu zen garaian mendebaldeko potentziek gutxi gorabehera utzia zioten eskariak bidaltzeari edo errusiarrenak erantzuteari. Horrek esan nahi zuen Kurtz atxilotu nahi izatekotan hobe nukeela zona errusiarretik kanpo harrapatu, nahiz eta, jakina, bazitekeen bere ekintzek errusiarrak mindu eta berauen zigorra guk ezarriko geniona baino azkarragoa eta zorrotzagoa izatea. Bada, Anna Schmidten kasua, gorabehera horietako bat izan zen: Martins goizaldeko lauretan mozkor eginda Harryren mamua ikusi zuela esatera Annarengana itzuli zenean, atezain batek, izutu eta berriro lokartzerik izan ez zuenak, jakinarazi zion Nazioarteko Patruilak berekin eraman zuela.

        Hona zer gertatu zen. Errusia, gogoratuko duzunez, buruzagitzan zegoen Barne Hiriaren esparruan, eta Errusia buruzagitzan zegoenean espero izatekoa zen halako istiluren bat gertatzea. Oraingo honetan, patruilaldiaren bide erdian, polizia errusiarrak bere lankideei pegadizo bat egin eta kotxea Anna Schmidt bizi zen kalerantz zuzendu zuen. Polizia militar britainiarra gau hartan hasi berria zen eginkizun horretan: ez zen konturatu, bere lankideek esan zioten arte, zona britainiarrean sartuak zirela. Alemanez pixka bat egiten zuen eta ezer ez frantsesez, eta frantziarrak, paristar ziniko eta axolagabe bat, uko egin zion hari azaltzeko ahaleginari. Amerikarrak bereganatu zuen zeregin hori.

        — Niri berdin zait —esan zion—, baina zuri ere berdin al zaizu?

        P.M. britainiarrak errusiarraren sorbalda ukitu eta beronek bere memelo aurpegia itzuliz hitz parrastada ulerkaitza jaulki zion eslavieraz. Kotxeak aurrera jarraitu zuen.

        Anna Schmidten etxaldearen aurrean amerikarrak eskua tartean sartu eta alemanez guzti hari buruzko argibideak eskatu zituen. Frantziarrak, kapotaren gainean etzan eta Caporal kirastun bat piztu zuen. Ez zuen Frantziarekin zerikusirik eta Frantziarekin zerikusirik ez zuen ezerk ez zeukan benetako garrantzirik berarentzat. Errusiarrak alemanez zenbait hitz ahoskatu eta paper batzuk inarrosi zituen eskuan. Ulertu ahal izan zutenez, nazionalitate errusiarreko bat bizi omen zen han, polizia errusiarrak bilatzen zuena, paper egokirik gabe. Gora igo ziren eta errusiarra Annaren atea zabaltzen saiatu zen. Krisketaz hertsia zegoen, baina sorbaldarekin jo eta krisketa erauzi zuen etxekoari barrura sartzen utz ziezaien aukerarik ere eman gabe. Anna ohean zegoen, baina ez dut uste Martinsen bisitaldiaren ondoren loak hartuko zuenik.

        Komedia itxura handia dute egoera hauek tartean sartuta ez bazaude. Europaren erdialdeko terrore giroa ezagutu behar duzu, hala nola, alderdi galtzailearen partaide izan zen aita bat, etxe miaketak eta desagerketak, beldurrak komedia gaindi dezan. Begira, errusiarrak ez zuen gelatik irten nahi Anna janzten ari zen bitartean; britainiarrak ez zuen gela barruan geratu nahi; amerikarrak ezin zuen neska bat babesik gabe utzi soldadu errusiar baten aurrean; eta frantziarra, bada, nire ustez frantziarrak pentsatu behar zuen hura irrigarria zela. Imajinatzen duzue eszena hura? Errusiarra bere eginkizuna betetzen ari zen eta denbora guztian neskari begiratzen zion, sexuzko irrika arrastorik gabe; amerikarra, gizontasunez bizkarra emanda zegoen, baina adi, ziur naiz, edozein mugimenduri; frantziarrak bere zigarroa erretzen asko larritu gabe pozik begiratzen zion armairuko ispiluan isladatuz jazten ari zen neskaren irudiari; eta britainiarra pasiluan geratu zen zer egin behar zuen bere artean galdezka.

        Ez dizuet pentsarazi nahi polizia britainiarra egintza hartatik hain baztertua zegoenik. Pasiluan, gizontasunaren kezkarik gabe, pentsatzeko beta izan zuen eta bere pentsaketak aldameneko pisura eraman zuen telefonoz deitzera. Zuzenean nire etxearekin komunikatu eta goizaldeko lozorro sakonetik iratzarri ninduen. Horregatik Martinsek ordubete geroago hots egin zidanean banekien jakin zerk asaldatzen zuen; horrek nire eraginkortasunean konfiantza merezigabea baina oso baliagarria eman zion. Gau harez geroztik ez nion sekula entzun poliziei edo sheriffei bestelako burlarik egiten.

        Poliziaren prozeduraz beste xehetasun bat azaldu beharrean nago. Nazioarteko Patruilak atxiloketa bat burutzen bazuen, hogeita lau orduz eduki behar zuten presoa Nazioarteko Kuartel Nagusian. Epe horretan erabakitzen zen zuzenbidez zein potentziak eska zezakeen presoa bere gain hartzea. Arau horixe hausten zuten errusiarrek errazenik. Gure artetik errusieraz inor gutxik zekienez eta errusiarrak beren ikuspuntua ozta-ozta azaltzeko gai direnez (saia zaitez zeure ikuspuntua ondo ez dakizun hizkuntza batez inori azaltzen... ez da bazkaria eskatzea bezain erraza) errusiarrek hitzarmen bat bortxatzen dutenean gurariz eta gaiztakeriaz egina dela uste izateko joera dugu. Nik uste beraiek seguraski ulertzen zutela auziren bat zuten presoei ez besteri zegokiela hitzarmen hau. Egia da beraiek atxilotutako gehientsuenek auziren bat zutela, baina beraien aburuz auzirik ez zen, eta errusiar bat baino bere buruarekiko zuzen uste handiagokorik inor ez dago. Bere aitorpenetan ere errusiarrak zuzentzat dauka bere burua: bere adierazpenak botatzen ditu baina ez du bere burua desenkusatzen, desenkusatu beharrik ez du eta. Hori guztiori kontuan hartu beharra zegoen ezer erabaki baino lehen. Aginduak eman nizkion Starling kaboari.

        Annaren gelara itzuli zenean liskar bat piztua zegoen. Annak amerikarrari esana zion paper austriarrak zituela (egia zena) eta zuzen zeudela (egiatik pixka bat saihestea zena). Amerikarrak aleman mordoiloz esan zion errusiarrari Austriako herritar bat atxilotzeko eskubiderik ez zutela. Annari paperak eskatu eta erakutsi zizkionean errusiarrak eskutik brastakoan kendu zizkion.

        — Hungariarra —esan zuen Anna seinalatuz—. Hungarriara —eta gero, paperak inarroziz—: txarra, txarra.

        Amerikarrak, O'Brien zeritzanak, esan zion:

        — Itzuli iezazkiozu paperak andereari —eta, jakina, errusiarrak ez zion ulertu. Amerikarrak eskua pistolaren gainean ezarri eta Starling kaboak goxoki esan zion:

        — Uztazu, Pat.

        — Paper horiek zuzen ez badaude ikusteko eskubidea dugu.

        — Uzteko esan dizut. Kuartel Nagusian ikusiko ditugu paperak.

        — Kuartel Nagusira iristen bagara. Txofer errusiar hauetaz ez dago fidatzerik. Beraien zonara eramaten ez bagaituzte, pozik.

        — Ikusiko dugu —esan zuen Starlingek.

        — Zuek britainiarrek arazo bat duzue, inoiz ez dakizue planto egiten.

        — Ongi da —esan zuen Starlingek; Dunkerken egondakoa zen baina bazekien noiz isilik egon.

        Berriro kotxean sartu ziren Annarekin, berau aurrealdean eseriz bi errusiarren artean, beldurrak akabatzen. Bide laburra eginak zirela amerikarrak sorbaldan ukitu zuen errusiarra:

        — Okerreko bidea —esan zion—. Kuartel Nagusia hortik da.

        Errusiarrak bere hizkuntzaz marmarka adostasun imintzio bat egin zuen eta aurrera jarraitu zuten.

        — Zer esan dizut? —adierazi zion O'Brienek Starlingi—. Zona errusiarrera daramate.

        Annak ikaratuta beeiratzen zuen aurreko kristaletik.

        — Ez izan beldur, andere —esan zion O'Brienek—. Neuk erakutsiko diet, bai, bidea.

        Bere eskua berriro pistola haztatzen ari zen. Starlingek esan zion:

        — Aizu, Pat, kasu hau britainiarroi dagokigu. Ez duzu zertan eskua sartu beharrik.

        — Zu berria zara joko honetan. Ez dituzu ezagutzen sasikume hauek.

        — Ez du merezi istilu bat pizteak.

        — Jainkoarren! —esan zuen O'Brienek—. Ez duela merezi... neskatxa horrek babesa behar du.

        Amerikarren gizontasuna beti, nire irudirako, arreta handiz bideratua dago: ikusteko dago oraindik zein santu amerikarrek musu emango dien legenardunaren zauriei.

        Txoferrak bat-batean frenatu zuen: bidean oztopo bat zegoen. Zera, nik banekien postu militar honetatik pasatu behar zutela baldin eta Barne Hiriko Nazioarteko Kuartel Nagusirako bidea hartzen ez bazuten. Burua leihatilatik sartu eta errusiarrari bere hizkuntzaz trakets esan nion:

        — Zer ari zarete zona britainiarrean?

        «Aginduak» zirela ihardetsi zidan purrustaka.

        — Noren aginduak? Erakutsi iezaizkidazu!

        Sinadura erreparatu nuen: informazio baliagarria zen. Esan nion:

        — Hemen dioenez hungariar bat harrapatu behar duzu, gerrako kriminala dena eta zona britainiarrean paper faltsuekin bizi dena. Utzidazu paper horiek ikusten.

        Azalpen luze bati ekin zion, baina ikusi nuen nola paperak sakelean agerian zituen eta kendu egin nizkion. Pistola ateratzeko keinua egin zuen eta muturreko bat jo nion; gogoz beste egin nuen baina haserre dagoen ofizial batengandik jokaera hori espero dute eta horrek zentzarazi zuen: horrek eta hiru soldadu britainiar ikusteak argipera inguratzen ari zirela. Esan nion:

        — Paper hauek zuzen daudela iruditzen zait, baina aztertuko ditut eta ondorioei buruz txosten bat bidaliko diot zure koronelari. Berak, noski, badauka andre honen estradizioa edozein momentutan eskatzea. Bere ekintza kriminalen frogak besterik ez ditugu nahi. Izan ere, guk hungariarrak ez ditugu errusiartzat jotzen.

        Sor eta lor geratu zen (nire errusiarrera nahiko ulerkaitza zen seguruenik) eta Annari esan nion:

        — Irten zaitez kotxetik.

        Errusiarra aldamenean zeukanez ezin zuen irten; hortaz, hura atera behar izan nuen lehenbizi. Gero zigarro pakete bat eskuan sartu eta esan nion:

        — Ondo erre dezazula.

        Besteak eskuaz agurtu nituen, lasaitasunez hasperen bat egin, eta istilua amaiturik zegoen.

 

 

© Graham Greene

© itzulpenarena: Iņaki Ibaņez

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus