10

 

        Kontu zehatza eraman nuen Martinsen ibileren gainean itzulerako abioia hartu gabea zela jakin nuenez geroztik. Kurtzekin ikusi zuten, eta Josefstadt Antzokian ere bai; banekien Dr. Winklerri eta Cooler koronelari eginiko bisitaldien berri, halaber, Harry bizi izan zen etxalderako lehen itzulerarena. Arrazoiren bategatik nire gizonak Cooler eta Anna Schmidten etxeen artean galdu zuen; jakinarazi zidan bidez bide noraezean ibili zela Martins, eta gure iritziz nahita saihestu zuen bere jarraitzailea. Hotelean harrapatzen saiatu nintzen baina txiripaz ihes egin zidan.

        Gertakarien norabideak aldaketa kezkagarria jasan zuen, eta nire irudirako beste elkarrizketa bat izateko garaia heldua zen. Azaltzeko asko zuen.

        Bion tartean lan-mahai zabal bat ezarri eta zigarro bat eskuratu nion. Beltzuri aurkitu nuen baina hitz egiteko gertu, neurri hertsien barne. Kurtzez egin nion galde eta egoki erantzuten zuela iruditu zitzaidan. Gero Anna Schmidtez galdegin nion eta emandako erantzunaren ondorioz atera nuen berarekin egona zela Cooler koronela bisitatu ondoren; horrek hutsuneetako bat betetzen zuen. Dr. Winklerrekin saiatu nintzen eta nahiko azkar erantzun zuen.

        — Dexente ibili zara —esan nion—. Eta zure adiskideaz zeozer aurkitu duzu?

        — Bai —esan zuen—. Begien bistan zenuten eta ez duzue ikusi.

        — Zer?

        — Hil egin zutela.

        Horrek ustekabean harrapatu ninduen: bolada batean suizidioaren ideiarekin jokatu nuen baina hori ere baztertu nuen.

        — Segi —esan nion.

        Bere istoriotik Kochi buruzko aipamen oro alboratzen saiatu zen, istripua ikusia zuen lekuko batetaz mintzo zenean. Horrek nahasi samarra bihurtzen zuen istorioa, eta hasiera batean ez nuen ulertu zergatik ematen zion hainbesteko garrantzia hirugarren gizonari.

        — Ez zen ikerketara agertu eta besteek gezurra esan zuten bera ez nahasteagatik.

        — Zure gizona ere ez zen agertu: ez dut ikusten horrek garrantzi handirik duenik. Benetako istripua izan bazen beharrezko froga guztiak han zeuden. Zergatik sartu beste tipoa istiluan? Beharbada bere emazteak hiritik kanpo zegoela pentsatzen zuen; beharbada lanetik baimenik gabe ateratako funtzionario bat zen: batzuek txangoak egiten dituzte Vienara baimenik gabe kanpoaldetik, Klagenfurtetik adibidez. Hiri handiaren lilura baliozkoa da gero!

        — Hori baino zerbait gehiago zegoen. Hori kontatu zidan tipo txikia ere hil egin dute. Bistan denez, ez zekiten zer gehiago ikusi zuen.

        — Orain bai! —esan nion—. Kochez ari zara.

        — Bai.

        — Nik dakidala zeu zara bizirik ikusi zuen azkeneko pertsona.

        Orduan galdetu nion, lehenago idatzi dudanez, jakiteko ea bazekien nire gizona baino iaioagoa zen norbait Kochenera jarraiki zitzaion eta izkutuka ibili. Esan nion:

        — Polizia austriarra zuri eransteko irrikitan dago. Frau Kochek kontatu zien zein larrituta zegoen bere senarra zuk egindako bisitagatik. Nork gehiago zekien horren berri?

        — Coolerri kontatu nion —esan zuen asaldatuta—. Eman dezagun ni etxetik irten eta berehala istorioa kontatzeko norbaiti hots egin ziola, hirugarren gizonari. Kochi ahoa itxi beharrean zeuden.

        — Cooler koronelari Kochena kontatu orduko gizona hilda zegoen. Gau horretan ohetik jaiki zen norbait entzunda eta eskaileran behera joan zen...

        — Orduan horrek kanpoan uzten nau. Ni Sacherrenean nintzen.

        — Baina bera oso goiz oheratu zen. Zure bisitaldiak buruko mina eman zion berriz. Bederatziak aldera jaiki zen. Zu bederatzi t'erdietan itzuli zinen Sacherrenera. Non izan zinen bitartean?

        Betilun esan zuen:

        — Noraezean ibiliz, gauzak argitu nahian.

        — Zure ibileraren frogarik bai?

        — Ez.

        Izutu egin nahi nuen, beraz ez nion zertan esan behar denbora guztian jarraika ibili zitzaizkiola. Banekien ez ziola Kochi lepoa moztu, baina ez nintzen ziur, agertu nahi zuen bezain errugabe zenik. Labanaren jabea ez da hiltzailea bera izaten.

        — Beste zigarro bat emango didazu?

        — Bai.

        Galdetu zidan:

        — Nola dakizu Kochenera joana nintzela? Horregatik ekarri nauzu hona, ezta?

        — Polizia austriarrak...

        — Ez ninduten identifikatu.

        — Zu Cooler koronelarenetik irten eta berehalaxe hots egin zidan berak.

        — Horrek orduan kanpoan uzten du. Bera tartean egon izan balitz ez zizukeen nire istorioa kontatu nahiko, Kochen istorioa esan nahi dut.

        — Uste zezakeen gizon zentzuduna zinela eta nigana etorriko zinela zeure istorioarekin Kochen heriotzaz jakin bezain laster. Hain zuzen, nola jakin zenuen?

        Berehalakoan kontatu zidan eta sinetsi egin nion. Orduz gero dena sinesten hasi nintzaion. Esan zuen:

        — Oraindik ezin dut sinetsi Cooler tartean egotea. Edozein gauza jokatuko nuke bere zuzentasunaren alde. Eginbeharraren benetako zentzua duten amerikar horietako bat da.

        — Bai —esan nuen—, holako zerbait kontatu zidan hots egin zuenean. Barkamena eskatu zidan. Gizarteko legearen sinesmenean hezitakoa izanak daukan txarrena horixe dela esan zidan. Bere burua itxurazale sentiarazten zuela esan zidan. Egia esateko, Coolerrek amorrua ematen dit. Noski, berak ez daki nik badakidala gurpilen tratuan dabilela.

        — Bera ere azpikerian sartuta, orduan?

        — Ez da oso serioa. Asko jota hogeita bost mila dolar edo izango ditu jasoak. Baina ni ez naiz hiritar prestu bat. Begira dezatela amerikarrek beren jendeaz.

        — Mila deabru! —esan zuen pentsakor—. Holako zeratan zegoen nahastuta Harry?

        — Ez. Hori baino zerbait kaltegarriagoa zen.

        — Aizu —esan zuen—, kontu honek, Kochen heriotzak, bihotzean hunkitu nau. Beharbada Harry makurkeriaren batean nahastuta zegoen. Beharbada uzteko asmotan zebilen eta horrexegatik hil zuten.

        — Edo beharbada —esan nuen— irabazietan puska handiagoa nahi zuten. Lapurrek borrokan bukatzen dute.

        Oraingo honetan inolako haserrerik gabe onartu zuen. Esan zuen:

        — Arrazoien gainean ez gatoz bat, baina uste dut gertaerak poliki aztertzen dituzula. Sentitzen dut lehengo egunekoa.

        — Ez kezkatu horregatik.

        Une batzuk izaten dira batek zirt edo zart erabaki beharrekoak: horietako bat zen hau. Zerbait zor nion berak emandako informazioaren ordainetan. Esan nion:

        — Limeren kasuarekin zerikusia duten hainbat egintza erakutsiko dizkizut, ulertzeko modua izan dezagun. Baina ez zaitez gero zeure onetik atera. Kolpe gogorra gertatuko zaizu.

        Nahitaez kolpe gogorra gertatuko zen. Gerrak eta bakeak (egoera honi bakea deitzen badiogu behintzat) azpikeria ugaritarako bidea ematen dute, baina, hau baino gaitzesgarriagorik bat ere ez. Janarien merkatu beltzean zihardutenek, azken batean, janariz hornitzen zuten, eta gauza bera gertatzen zen gai urriz gehiegizko preziotan hornitzen zuten beste azpimerkatari guztiekin ere. Penizilina trafikoa, ostera, bestelako kontua zen oso. Austrian penizilina ospitale militarretara hornitzen zen soilik; ez mediku zibilek, ez eta ospitale zibilek ere ezin eskura zezaketen legezko bideetatik. Trafikoa hasi zenean ez zen kaltegarria nolabait. Erizain militarrek penizilina lapurtu eta mediku austriarrei saltzen zieten dirutza handien truke: ontzitxo bat hirurogeita hamar libraraino ere hel zitekeen. Banaketa modu bat zela esan liteke, bidegabeko banaketa, alegia, gaiso aberatsak suertatzen baitziren onuradun, ez beste inor, baina jatorrizko banaketa ere ezin zitekeen bidezkoagotzat jo.

        Trafiko horrek ondo baino hobeto jarraitu zuen bolada batean. Noizean behin erizain bat atzeman eta zigortu egiten zuten, baina arriskuak penizilinaren prezioa garestiagotu besterik ez zuen egiten. Gero trafiko antolatua bilakatu zen: handikiek diruketa handiak ikusi zituzten bertan, eta jatorrizko lapurrak etekin urriagoak atera arren, nolabaiteko segurtasuna bereganatzen zuen horren ordez. Zerbait gertatzen bazitzaion haien babespean zegoen. Gizatasunak ere harrigarrizko arrazoi bihurriak ditu eta bihotzak horietaz ezer ez daki. Burua lasaitzen zien lapur txikiei ugazabarentzat lan egiten zutela sentitzeak: aurki edozein soldatapeko bezain duintzat hartu zuten beren burua; erakunde bateko kideak ziren eta errurik egotekotan beren buruzagiak ziren errudun. Azpikari talde batek alderdi totalitario baten antzera lan egiten du.

        Horri bigarren aldia deitu izan diot. Hirugarren aldia hasi zen antolatzaileek etekinak nahi adinakoak ez zirela erabaki zutenean. Penizilina legalki eskuratzea ez zen beti ezinezko gertatuko; diru gehiago eta diru azkarrago nahi zuten gauzak ondo zihoazen bitartean. Penizilina ur koloreztatuaz nahasten hasi ziren eta hareaz hautsezko penizilinaren kasuan. Museo txiki bat gordea daukat idazmahaiaren kaxoi batean eta Martinsi lagin batzuk erakutsi nizkion. Hizketaldia ez zitzaion Martinsi atsegin, baina esanguraz jabetu gabea zen oraindik. Honela esan zuen:

        — Horrek, ustez, indargabe utziko du sendagaia.

        — Hori besterik ez balitz —esan nion— ez ginen horrenbete kezkatuko, baina gogoan izan penizilinaren eragina inmunizatu egiten dizula. Onenean ere esan dezakezu nahasketa hau erabiliz gaixo bat penizilinaz tratatzeak eraginik ez duela gerora begira. Ez da txantxetako gauza, noski, gaitz benereoren batek jota bazaude. Gainera, penizilina behar duen zauri baten gainean area ipintzea ere... bada, ez da batere osasungarria. Modu horretan galdu dute gizon batzuek hanka bat edo beso bat edo bizia bera ere. Baina beharbada gehien hunkitu ninduena bertako haurren ospitalera egin nuen bisitaldia izan zen. Penizilina horretatik zerbait erosia zuten meningitisaren kontra erabiltzeko. Haur mordo bat hil egin zen eta kito, baina beste mordo bat erotu egin zen. Adimen-gaisoen pabilioira joan eta hantxe ikusiko dituzu.

        Idazmahaiaren beste aldean zegoen eserita, burua eskuartean, kopeta zimurtuta. Honela esan nion:

        — Ondo pentsatuz gero eramangaitza da, ezta?

        — Oraindik ez didazu inolako frogarik agertu Harryk...

        — Oraintxe dator hori —esan nion—. Lasai egon eta aditu.

        Limeren espedientea ireki eta irakurtzeari ekin nion. Hasieran aieru hutsetan oinarritutako frogak ziren, eta Martins urduritzen ari zen. Asko eta asko kointzidentziak ziren: agenteen txostenak esanez Lime halako tokian eta halako orduan egon zela; ahalbide ugari, halako jende batekin zituen harremanak. Behin protestatu zuen:

        — Baina froga berberak nire aurka ere erabili litezke, oraintxe bertan.

        — Zaude pixka bat —esan nion.

        Arrazoiren bategatik Harry Lime arduragabe bihurtu zen: berataz susmatzen genuela konturatuko zen eta asaldatu egin zen. Goi mailako kargua zeukan Laguntzazko Erakundean eta horrelako gizon bat aiseago asaldatzen da. Gure agenteetako bat erizain sartu genuen Ospitale Militar Britainiarrean: zegoeneko bagenekien gure bitartekoaren izena, baina inoiz ez genuen asmatu bide zuzenari jarraituz abiabururaino heltzen. Zena zela, ez dut orain irakurlea nekarazi behar, Martins orduan nekarazi nuen bezala, urrats guztiak kontatuz, hots, bitartekoaren konfidantza geureganatzeko izan genuen tirabira luzea; Harbin zeritzan gizon horri. Azkenean Harbin inguratu eta estutu egin genuen egia aitortu zuen arte. Polizi lan hori zerbitzu sekretuaren oso antzekoa da: zure erabateko kontrolpean edukiko duzun alde bietako agente bat bilatzean datza, eta Harbin zen gure gizona. Baina berak ere ezin Kurtz baino harantzago eraman.

        — Kurtz! —oihukatu zuen Martinsek—. Baina zergatik ez diozu eskua ezarri?

        — Benetako ordua jotzear dago —esan nion.

        Kurtz garrantzizko aurrerapauso suertatu zitzaigun, Limerekin lotura zuzena zuelako: lanbide txiki bat zuen kanpoaldean, nazioarteko laguntzarekin zerikusia zuena. Kurtzekin Limek idatziz jartzen zituen gauzak presatuta zebilenetan. Martinsi ohar baten fotokopia erakutsi nion.

        — Ezagutzen duzu hau?

        — Harryren eskuizkribua da —osorik irakurri zuen—. Ez dut ezer txarrik ikusten.

        — Ez, baina orain irakurri beste ohar hau, Harbinek Kurtzi bidalitakoa eta guk diktatu geniona. Begiratu datari. Hauxe da ondorioa.

        Bi aldiz osorik irakurri zituen biak.

        — Ulertzen, orain, zer esan nahi dudan?

        Ikusiko bazenu mundu bat amaitzera doala, abioi bat bere ibilbidetik irteten, ez dut uste berriketarako gogorik izango zenukeenik, eta Martinsi mundu bat amaitzera zihoakion benetan: adiskidantza errazezko, heroearenganako mirespenezko eta konfiantzazko mundu bat, hogei urte lehenago eskolako pasilu batean hasi zena. Oroitzapen guztiak, belar luzearen gainean etzanda emandako arrtsaldeak, Brickworth Commoneko ehizaldi legez kanpokoak, ametsak, ibilaldiak, elkarrekin bizi izandako esperientziak oro, denak batera kutsatu ziren, erradioaktibitateak jotako hiri bateko zorua bezala. Luzaroan ezingo zenuke segurantzaz hortik ibili. Anartean han zegoen eserita, eskuei begira eta ezer esan gabe. Armairutik whiski botila eder bat atera eta bi basokada leporaino bete nituen.

        — Hala —esan nion—, edan ezazu.

        Eta bere medikua banintz bezala obeditu zidan. Beste bat atera nion. Poliki esan zuen:

        — Ziur zaude burua bera zela?

        — Oraingoz bereganaino iritsi gara.

        — Badakizu? Begiratu aurretik salto egiten zuen.

        Ez nion kontrakorik esan, nahiz eta lehen bestelako iritzia eman Limeri buruz. Bere burua kontsolatzeko zerbaiten bila ari zen.

        — Eman dezagun —esan zuen— norbaitek bere aspaldiko ibilera makurren baten berri zekiela eta trafiko horretan sartzera derrigortu zuela, zuk Harbin alde bietako jokora derrigortu zenuen bezalaxe...

        — Baliteke.

        — Eta hil zutela badaezpada hitz egin ez zezan atxilotzerakoan.

        — Litekeena da.

        — Pozten naiz hil izanaz —esan zuen—, ez nuke nahi Harry salataritzat ikusi.

        Imintzio bitxia egin zuen eskuarekin belaun gaineko hautsa kentzeko bezala, «Kitto» esango balu bezala. Esan zuen:

        — Ingalaterrara itzuli behar dut.

        — Nahiago nuke oraindik ez joatea. Polizia austriarrak auzitara joko luke Vienatik orain alde egiten saiatuko bazina. Ulertzen? Coolerren eginbeharraren zentzuak jakinaren gainean jarri ditu horiek ere.

        — Ulertzen dut —esan zuen etsita.

        — Hirugarren gizona aurkitzen dugunean... —esan nion.

        — Hori bai pozik salataritzat ikusiko nukeela —esan zuen—. Sugekume halakoa. Sugekume malapartatu halakoa.

 

 

© Graham Greene

© itzulpenarena: Iņaki Ibaņez

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus