6
Detektibe afizionatuak abantaila hau dauka profesionalaren aldean, lanordu finkorik ez daukala, hain zuzen. Rollo Martins ez zegoen zortzi orduko lanegunera mugatua: bere ikerketak otorduetan eten beharrik ez zuen. Berak egun bakar batean aurrerapen handiagoak egiten zituen nire gizonetako batek bi egunetan baino, eta gure aldean abantaila hau zeukan hasieratik, Harryren adiskidea zela, hain zuzen. Nolabait esatearren, barrenetik egiten zuen lana; guk, ordea, ingurutik atximurka.
Dr. Winkler etxean zen. Beharbada polizi ofizial batentzat ez zen etxean izango. Martinsek berriro erantsi zizkion txartelari azti hitzok «Harry Limeren adiskide bat».
Dr. Winklerren itxaron gelak antigoalari denda bat oroitarazi zion, erlijiozko arte gaietan berezituriko antigoalari denda bat. Ezin konta ahala gurutze zeuden, XVII. mendeaz geroztikorik bat bera ere ez segur aski.
Zurezko eta marfilezko irudiak. Erlikia ugari: hezur zatitxoak santu izenez adieraziak eta eztainu paperezko hondo baten gainean biribil antzeko markuetan ezarriak. Egiazkoak baldin baziren, hura harrigarrizko patua, pentsatu zuen Martinsek, Santa Susanaren eri atal batek Dr Winklerren itxaron gelan hala bukatu beharra. Bizkar garaidun zizeilu zatar haiek ere, behinolako kardinaleen jarleku izanak ziruditen. Gela aireztatu gabe zegoen eta batek intsentsu usaina espero zuen. Urrezko kutxatila baten barruan Gurutze Santuaren ezpal bat zegoen. Usin batek Martins asaldatu zuen.
Dr. Winkler Martinsek egundaino ikusitako medikurik txukunena zen. Txikia eta apaina zen oso, frak beltzez eta iduneko gogor garaidunaz jantzia; bere bibotetxo beltza pajarita bat bezalakoa zen. Berriro beste usin bat egin zuen; beharbada hain garbia zelako hoztu zen. Esan zuen:
Mr. Martins?
Dr. Winkler zikintzeko gogo biziak eman zion Martinsi. Esan zion:
Dr. Winkle?
Dr. Winkler.
Oso bilduma interesgarria duzu hemen.
Bai.
Santu hezur horiek...
Oilasko eta koneju hezurrak dira.
Dr. Winklerrek sudurzapi zuri handi bat atera zuen mahukatik, prestidigitadore bat bailitzan bere herriko bandera agerraraziz, eta bi bider zintz egin zuen garbiro eta arretaz, sudur zuloak banaka estaliz. Batek espero zuen sudurzapia botako zuela behin erabiliz gero.
Arren esango al didazu, Mr. Martins, zure bisitaldiaren helburua? Gaixo bat zain daukat.
Gu biok Harry Limeren lagunak ginen.
Neu bere sendagile aholkularia nintzen zuzendu zuen Dr. Winklerrek eta temati itxaron zuen gurutze artean.
Beranduegi ailegatu nintzen ikerketarako. Harryk zerbaitetan lagun niezaion gonbidatu ninduen hona etortzera. Ez dakit ondo zertan. Ailegatu arte ez nuen jakin bere heriotzaren berri.
Tamalgarria benetan esan zuen Dr. Winklerrek.
Jakina, gauzak horrela, ahal dudan guztia jakin nahi nuke.
Ezer esatekorik ez dut zuk ez dakizunik. Kotxe batek harrapatu zuen. Hilda zegoen iritsi nintzenerako.
Bere senean egoteko modurik bai?
Une labur batez egon zela ulertu nuen, etxera zeramaten bitartean.
Oinaze handitan?
Ez derrigor.
Ziur ziur zaude istripua izan zela?
Dr. Winklerrek eskua luzatu eta gurutze bat zuzen ipini zuen.
Neu ez nintzen bertan. Nire iritzia heriotzaren kausara mugatzen da. Bestela uste izateko arrazoirik baduzu?
Afizionatuak beste abantaila bat dauka profesionalaren aldean: ausarta izan daiteke. Alferrikako egiak kontatu eta zentzugabeko teoriak proposa ditzake. Martinsek esan zion:
Poliziak oso azpijoko makurretan ibiltzea leporatu dio. Iruditzen zait agian hil egin zutela edo bere buruaz beste egin zuela.
Iritzi bat emateko eskumenik ez dut esan zuen Dr. Winklerrek.
Cooler izeneko gizon bat ezagutzen duzu?
Ez dut uste.
Bertan zegoen Harry hiltzerakoan.
Orduan ezagutu behar dut, noski. Ileordea erabiltzen du?
Hori Kurtz da.
Dr. Winkler Martinsek inoiz ezagututako medikurik txukunena ez ezik zuhurrena ere bazen. Adierazpen hain mugatuak egiten baitzituen, ezin zenuen haien egiatasuna inolaz ere zalantzan jarri. Esan zuen:
Bigarren gizon bat zegoen bertan.
Elgorri kasu bati buruz diagnostiko bat eman beharko balu, sumatzen zenuen, bakar-bakarrik adieraziko zukeen arregorria nabaria zela, tenperatura hura edo bestea zeta. Inoiz ez luke ikerketa batean okerrik esango.
Luzaroan izan zinen Harryren medikua? Harryk hautatua izateko ez zirudien gizon egokia.
Nolabaiteko ausardia zuten gizonak gogoko zituen Harryk, okerrak egiteko gauza ziren gizonak.
Urtebetez gutxi gorabehera.
Bada, milesker harrera egiteagatik.
Dr Winklerrek agur egin zion. Gurtzearekin batera krak txiki bat entzun zen, bere alkandora zeluloidezkoa balitz bezala.
Ez zaitut zeure gaixoengandik gehiago bereizi behar.
Dr Winklerri bizkarra ematean aurrez-aurre topatu zen beste gurutze batekin; iltzaturiko irudiak buru gainetik zeuzkan besoak: El Grecoren agoniako aurpegi luzatua.
Ezin gurutze bitxia den hori! esan zuen.
Jansendarra komentatu zuen Dr. Winklerrek eta ahoa hitzetik hortzera itxi zuen, informazio gehiegi emateagatik damu hartuko balu bezala.
Ez dut hitz hori behin ere aditu. Zergatik dauzka besoak buru gainetik?
Dr. Winklerrek desgogara erantzun zuen:
Beraiek diotenez, hautatuentzat ez beste inorentzat hil omen zelako.
© Graham Greene © itzulpenarena: Iņaki Ibaņez