2

 

        Britainiako herritar bat bidaiaz joan daiteke oraindik ere baldin eta atzerrian gastatzerik ez dituen bost libra ingeles besterik ez eramatea aski bazaio, baina Rollo Martinsek Limeren bitartez Nazioarteko Errefuxiatuen Bulegotik gonbiterik jaso ez balu, ez zioten Austrian sartzen utziko, oraindik ere lurralde okupatutzat jotzen baita. Limek iradoki zuen Martinsek artikulu bat idatz zezakeela nazioarteko errefuxiatuen laguntzarako lanari buruz, eta Martinsek bere ohizko arloa ez bazuen ere, baiezkoa eman zion. Horrek oporraldi baterako aukera emango zion eta oporraldi baten premia larrian zegoen Dublingo ustekabearen ondoren eta Amsterdameko beste ustekabearen ondoren; burutik uxatu nahian, emakumeak «ustekabe»tzat jotzen zituen beti, berak hala nahi gabe berez gertatzen zitzaizkion gauzak, adurrekoak, aseguru agenteen hitzetan. Itxura zurbila zeukan Vienara ailegatu zenean eta bizkar gainetik begiratzeko ohitura, horregatik hasiera batean susmo txarra hartu nion, harik eta konturatu nintzen arte beldur zela bat edo bat, demagun, sei pertsonaren artetik bat-batean azalduko ez ote zitzaion. Hala-hola esan zidan edariak nahastu zituela, esateko beste modu hori ere bai baitzuen.

        Rollo Martinsen ohizko arloa paper azalezko western merkeak idaztea zen, Buck Dexter ezizenarekin. Irakurle ugari zituen baina irabazi urriak. Ez zukeen Vienara etortzeko baliabiderik izango baldin eta Limek haren gastuak ordaintzeko bere burua eskaini ez balu, ilun samar deskribatutako propaganda fondoren batetik dirua erdiesten zuenean. Limek halaber, esan zidanez, bafs txartelak eskuratuko zizkion, hotel eta klub britainiarretan erabili ohi zen penike batetik gorako diru mota bakarra, alegia. Horrelaxe, bada, ailegatu zen Martins Vienara, aldean erabili ezinezko librako bost billete besterik ez zuela.

        Ustekabe harrigarria gertatu zitzaion Frankfurten, bertan Londonetik zetorren abioiak ordubetez lurreratua egon beharra izan baitzuen. Martins hanburgesa bat jaten ari zen kantina amerikarrean (aire konpainia atsegin batek hirurogeita bost zentaboko balioa zuen janari txartel bana ematen zien bidaiariei) eta orduan gizon bat, kazetaria zela bost metrora igarri ziona, mahaira inguratu zitzaion.

        — Mr. Dexter al zaitut? —galdetu zion.

        — Bai —erantzun Martinsek, ezustean harrapatuta.

        — Argazkietan baino gazteagoa ematen duzu —esan zuen gizonak—. Adierazpenik egin nahiko zenuke? Hemengo indarretako prentsaren ordezkaria nauzu. Jakin nahi genuke zer iritzi duzun Frankfurti buruz.

        — Hamar minutu besterik ez dira lurra hartu dudala.

        — Tira, bada —esan zuen gizonak—. Zer diozu orduan Ameriketako nobelagintzaz?

        — Ez ditut irakurtzen —erantzun zion Martinsek.

        — Famatua den umore garratza —esan zuen kazetariak.

        Ile urdineko gizaseme txiki bat seinalatu zuen, bere hortz irtenekin ogi pusketari kosk egiten ziona:

        — Ba al dakizu hango hura Carey ote den?

        — Ez. Zein Carey?

        — J.G. Carey, noski.

        — Ez dut sekula bere aditzerik izan.

        — Zuek idazleak beste mundu batean bizi zarete. Egia esan, bera da nire helburua.

        Eta Martinsek ikusi zuen nola zihoan aretoan zehar Carey ospetsuarengana, beronek azaleko irribarre faltsuaz agurtu zuela, ogi koskorra mahai gainean utziz. Dexter ez zen gizonaren helburua, baina Martinsek ezin eutsi zion halako harrotasun bat sentitzeari: inortxok ere ez zuen egundaino idazletzat tratatu; eta harrotasun eta ospe sentsazio horrek lagundu zion Lime aireportuan bere zain ez egotearen nahigabea arintzen. Behin ere ez gara ohitzen onartzera gutxiago garela besteentzat, besteak guretzat direna baino; Martinsek beharrezko ez izatearen eztenkadatxoa nabaritu zuen, autobuseko ateondoan zutik zegoela, ari zuen elur bisutsari begira, hain xehe eta mara-mara ezen hondakin artean zeutzan pilo handiek iraunkortasun itxura hartzen baitzuten, betiereko baileuden, jauste armaren poderioz ez baina atergabeko elurtearen parte bat bezala.

        Ez zegoen Limerik ere bere zain Astoria hotelean, ez eta mezurik utzi ere: ohar asmagaitz bat baizik ez zegoen Mr. Dexterrentzat, Crabbin zeritzan ezezagun batek idatzia. «Biharko abioian zentozelakoan geunden. Bertan egon mesedez. Oraintxe noa. Hoteleko gela hartuta». Rollo Martins, ostera, ez zen bertan egoten diren horietakoa. Hotel bateko itxarongelan bertan egoten bazara, goiz edo berandu ustekaberen bat gertatuko zaizu; batek edariak nahasten ditu. Oraindik entzuten diot Rollo Martinsi niri esanez «Ustekabeak kitto. Besterik ez», anartean ustekaberik larrienean murgildu gabe zegoela. Kinka larria zegoen beti Rollo Martinsen baitan: batetik ponteko izen absurdoa, bestetik abizen holandar irmoa (lau belaunaldi aurretikoa). Rollok pasatzen ziren emakume guztiei begiratzen zien eta Martinsek uko egiten zien betiko. Ez dakit bietarik zeinek idatzen zituen westerrak.

        Martinsek bazekien Limeren helbidea eta Crabbin zeritzan gizonaz batere jakinminik ez zuen; begi-bistakoa zen gaizki aditzeren bat gertatu zela, nahiz eta oraindik Frankfurteko elkarrizketarekin loturarik ikusi ez. Limek idatzia zion bere etxean bizi zitekeela, Vienako aldirietan apartamendu handi bat baitzeukan, haren jabe naziari errekistu ziotena. Heltzerakoan Limek ordainduko zion taxia, beraz zuzenean joan zen hirugarren zonan (britainiarrean) zegoen etxalderaino. Taxia itxaroten eduki zuen hirugarren bizitzara igotzen zen bitartean.

        Berehalakoan erreparatzen du batek isiltasuna, baita elurra atergabe ari duen Viena bezalako hiri isil batean ere. Martins bigarren bizitzara iritsi gabea zen eta ordurako etsita zegoen ez zuela Lime han aurkituko; isiltasuna, ordea, ausentzia bera baino sakonagoa zen: iduri zitzaion Lime ez zuela Vienan inon ere aurkituko, eta hirugarren bizitzara iritsi orduko ateko kirtenetik zintzilik dolu-begizta beltza ikusi zuenean ez eta mundu osoan ere, inon ez. Jakina, hildakoa sukaldari bat izan zitekeen, neskame bat, edozein, Harry Lime izan ezik, baina bazekien —hogei eskailera maila beheragotik jakin uste zuen— Lime, hogei urte lehenago eskolako pasilu ospelean, kanpai zartatua otoitz ordua jotzen ari zela, estreinako aldiz topatu zuenetik heroetzat miretsi zuena, zendua zela. Martins ez zegoen oker, ez guztiz oker behintzat. Txirrina joka behin eta berriz aritu ondoren aldameneko beste etxe batetik gizon txiki batek haserre aurpegiaz burua atera eta doinu zakarrez honela esan zion:

        — Alferrik ari zara. Ez dago inor. Hil egin da.

        — Herr Lime?

        — Herr Lime, noski.

        Martinsek geroago hauxe esan zidan:

        — Hasieran ez nien hitzoi esanahirik hartzen. Informazio pixka bat besterik ez zen, The Timeseko «Albiste Laburrak» izeneko pasarte horietako bat bezalakoa. Honela galdetu nion:

        — Noiz gertatu da? Nola?

        — Kotxe batek harrapatu zuen —azaldu zion gizonak—. Lehengo ostegunean.

        Bekozko ilunez, bere kontua ez balitz bezala hau gaineratu zuen:

        — Gaur arratsaldean lurperatu behar dute. Oraintxe joan dira.

        — Zeintzuk?

        — Zerak, adiskide pare bat eta zerraldoa.

        — Ez zegoen ospitalean, ala?

        — Ez zuen zentzurik ospitalera eramateak. Hemen behean hil zuen, bere atari aurrean, bat-batean. Eskuineko guardabarrosak sorbaldan jo eta lurretik iraulka bota zuen koneju bat bezala.

        Une horretantxe, Martinsek kontatu zidan, gizonak «koneju» hitza aipatu zuenean berpiztu zitzaion Harry Lime zena, txikitan eskopeta batekin, norbaiti nola eskatu Martinsi erakutsiz; mutiko bat azaldu zen Brickworth Common-eko koneju zulo luze eta hareatsuen artetik garrasika «Botaiok, babo horrek, botaiok! Horra!» eta konejua herrenka gordelekura, Martinsen tiroak zauritua.

        — Non lurperatu behar dute? —galdegin zion ezezagunari mailburuan.

        — Hilerri Nagusian. Nahiko lan izango dute dagoen izotzarekin.

        Ideiarik ere ez zuen nolaz ordaindu taxia, ez eta, noski, non aurkitu ere Vienan logela bat bost libra ingelesekin bizitzeko modukoa; arazo hori, ostera, gerorako utzi beharra zegoen Harry Limeren azken agurra ikusi arte. Zuzen jo zuen hiritik landa Hilerri Nagusia zegoeneko bazter auzora (zona britainiarrean). Haraino iristeko zona errusiarra zeharkatu behar zenuen eta lasterbide bat hartu zona amerikarretik, ezagutzen oso erraza zena, izan ere, izozkitegiak kale guztietan baitzeuden. Tranbiak Hilerri Nagusiko harresi garaietan zehar zihoazen eta trenbideaz bestaldean bi kilometrotan edo, marmoldegiak eta lore saltzaileak ilaran jarrita: etengabea zirudien hilobi katea jabeen zain eta koroak hiletarien zain.

        Martinsek ez zuen asko uste Limerekin azken topaketa izango zueneko parke elurreztatu hau hain itzela izango zenik. Bazirudien Harryk mezu bat utzia ziola «Hyde Parken topatuko gaituk», Akiles estatua eta Lancaster Gate bitartean toki jakin bat zehaztu gabe; hilobiz betetako ibilbideak, izen eta zenbaki banarekin, gurpil eskerga baten adarren antzera luzatzen ziren; taxia kilometro bat edo mendebalderantz ibili, gero biratu eta beste kilometroren bat iparralderantz, ondoren hegoalderantz bira eman... Itzelezko famili hilobi arranditsuei elurrak komedia irrigarri airea ematen zien; elurrezko txapela bat irristaka aingeru aurpegiaren albo batetik, santu batek bibote zuri mardula zeukan, eta elurrezko kapela bat alboka mozkor erara okertuta Wolfgang Gottmann zeritzan funtzionario zibil goreneko baten irudiaren gainean. Hilerria bera ere zonaka banatuta zeukaten lau potentziek: zona errusiarra gizon armatuen gustu txarreko estatua handiengatik nabarmentzen zen; frantziarra, berriz, zurezko gurutze izengabeak lerroz-lerro ipinita eta hiru koloretako bandera zarpail akituagatik. Gero Martinsi gogora etorri zitzaion Lime katolikoa zela eta seguraski ez zuten zona britainiarrean lurperatuko, beraz, alferrik ari ziren hor bilatzen. Bira eman zuten, bada, eta baso baten barrenetik ibili ziren, eta hor hilobiak otsoen antzera zeutzan zuhaitzen azpian, begi txuriak keinuka betiereko berdetasunaren gerizpetik. Halako batean hiru gizonetako talde bat agertu zen zuhaitzen azpitik, hemezortzigarren mendeko jantzi harrigarriak zituztela, beltzak eta zilarreztatuak eta adar biko sonbrairuak, gurdi antzeko zerbait bultzaka: hilobi basoaren argiune bat zeharkatu eta atzera desagertu ziren.

        Txiripa hutsez aurkitu zuten ehorzketa garaiz; parke eskergaren lur zati batean elurra bazterrera garbitua zuten eta talde txiki bat bilduta zegoen, agi zenez oso eginkizun pribatu batean baitaraturik. Apaiz batek hitz egiteari utzi zion; bere hitzak isil-misilean iristen ziren elur xehe eta geldoan zehar, eta zerraldo bat lurrazpira eraitsia izateko gertu zegoen. Bi gizon kale janzkerarekin zutik zeuden hilobiaren ondoan; batek koroa bati heltzen zion, zerraldo gainera botatzea ahantzi bide zuena, zeren bere lagunak ukondoaz jo eta bere onetara asaldaturik itzultzean loreak erortzera utzi baitzituen. Neska bat zegoen harantzago, eskuez aurpegia estalita, eta neu hortik hogei metrora nengoen beste hilobi baten ondoan, Limeren azken agurra lasaitasun handiz ikusten eta bertan zeudenak arretaz aztertzen: gabardinaz jantzitako gizon bat baizik ez nintzen ni Martinsentzat. Niregana hurbildu eta honela galdetu zidan:

        — Mesedez, nor ari dira lurperatzen?

        — Lime izeneko tipo bat —esan nion, eta harri eginda gelditu nintzen arrotzaren begietan negar malkoak ageri zirela ikustean: ez zirudien negar egiteko gizona zenik, ez eta Limek negar egingo zion adiskiderik izan zezakeen gizon klasea ere, benetako adiskiderik benetako malkoekin. Neska ere han zegoen, noski, baina batek beti salbuesten ditu emakumeak horrelako jeneralizazioetatik.

        Martins han egon zen, amaitu arte, nire aldamenean. Geroago esan zidan, bera adiskide zaharra zenez ez zuela berriekin nahastu nahi: Limeren heriotza beraiena zen, beraientzat izan zedila. Limeren bizitza —hogei urtetan bederen— berea izan uste zuelako oroimina zuen. Hura amaitu bezain laster —ez naiz fededuna eta halako egonezina nabaritu ohi dut beti heriotzaren inguruko ospakizunetan— Martinsek urrats sendoak emanez alde egin zuen, beti elkarri kateatu beharrean ziruditen bere hanka luzeekin, atzera ere taxi aldera. Ez zuen inorekin mintzatzeko ahaleginik egin, eta oraingo honetan negar batean zegoen, behintzat gutako bakoitza geure adinean isurtzeko gai garen negar malko zeken eta bakan horiekin.

        Poliziaren fitxa bat, dakizunez, inoiz ez da erabat osatzen; auzi bat inoiz ez da bukatutzat ematen, ez eta ehun urteren buruan ere, partaide guztiak hilik daudenean. Beraz Martinsi jarraitu nion: beste hirurak ezagunak nituen: arrotza nahi nuen ezagutu. Bere taxiaren ondoan harrapatu eta esan nion:

        — Joateko modurik ez daukat. Eramango nauzu mesedez hiri barruraino?

        — Bai, noski —esan zuen.

        Banekien nire jeeparen txoferrak irteterakoan ikusi eta atzetik segika zuhurki joango zitzaigula. Aurrera gindoazela ohartu nintzen Martinsek ez zuela behin ere atzera begiratzen: ia beti gezurrezko adiskideak eta gezurrezko maitaleak izaten dira azken begirada bat botatzen dutenak edota andenetan musuzapiak astintzen gelditzen direnak, azkar alde egin ordez, atzera begiratzeke. Beharbada beren buruak hainbeste maite izanik besteen begi-bistan, baita hildakoenean ere, egon nahi dutelako ote da?

        — Calloway dut izena —esan nion.

        — Martins —esan zidan.

        — Limeren adiskidea zinen?

        — Bai.

        Azken aste honetan gehienek zalantza egingo zuten horrelakorik ametitu baino lehen.

        — Aspalditik zaude hemen?

        — Gaur arratsaldean heldu naiz Ingalaterratik. Berarekin egoteko eskatu zidan Harryk. Ezertxo ere ez nekien.

        — Ez zenuen zarraztada makala hartuko!

        — Begira —esan zuen—. Edateko premia larria daukat, baina sosik gabe nago, bost libra esterlina izan ezik. Edatera gonbidatu eta gogotik eskertuko dizut.

        Nire txanda zen «Bai noski» esateko. Pixka bat pentsatu eta Kärntnerstrasseko taberna txiki baten izena adierazi nion txoferrari. Uste izan nuen ez zuela oraindik gogoko izango jendez gainezkako taberna britainiar batera agertzea, paseko ofizialak euren emazteekin egonik. Taberna honek, aldiz —beharbada neurriz gaineko prezioak zituelako—, oso bakan edukitzen zuen bikote bat baino gehiago, bere artean lanpetuegia, ordu honetan. Arazoa zen edari bakarra zutela —txokolatezko likore gozo bat, tabernariak, eskupeko batekin, koñakarekin hobetzen zuena— baina buruak ematen zidan Martinsek ez ziola inolako edariri muzin egingo, baldin eta oraina eta iragana aldi baterako burutik kentzen laguntzen bazion. Ateondoan ohizko iragarkia zegoen esanez seietatik hamarretara zabalik zegoela, baina atea bultzatze hutsarekin lehenengo gelatxoen aurretik barruratzen zinen. Gelatxo oso bat genuen geuretzat; bikote bakarra aldameneko gelatxoan zegoen, eta tabernariak, ezagutzen ninduena, biok bakarrik utzi gintuen kabiarrezko sandwich batzuekin. Zorionez biok genekien gastutarako kontu bat neukala.

        Martinsek bere bigarren kopakada azkar edan ondoren honela esan zidan:

        — Barkatu, baina inoiz izan dudan adiskiderik onena zen.

        Nik gogoari eutsi ezinik, nekiena jakinda, eta bera zirikatzeko irrikitan nengoelako —asko ikasten da horrela— hauxe bota nion:

        — Horrek nobelatxo merke baten doinua dauka.

        — Nobelatxo merkeak idazten ditut —berehala erantzun berak.

        Zerbait ikasi nuen. Hirugarren kopakada edan zuen arte hitz gutxikoa zelako irudipena izan nuen, baina nahiko ziur sumatzen nuen laugarren kopakada edan ondoren aspergarri jartzen diren horietakoa zela.

        — Zutaz hitz egidazu —esan nion— eta Limez.

        — Begira —esan zuen—, beste kopa baten premian nago, baina ezin dut ezezagun baten lepotik edaten jarraitu. Bizpahiru libraren trukea egingo dizut bertako diruarekin.

        — Ez kezkatu horregatik —esan eta tabernaria deitu nuen—. Gonbidatuko nauzu Londonen baimenaz joaten naizenean. Limeren ezaguera nola egin zenuen kontatu behar zenidan ezta?

        Txokolatezko likorearen basoa kristalezko bola bat izan zitekeen, ikusirik nola begiratu zion eta batera eta bestera eragin.

        — Aspaldi izan zen. Nik bezala ez dut uste inork ezagutzen zuenik —eta gogora etorri zitzaidan nire agenteen informeez beteta bulegoan neukan paper sorta lodia, denek gauza berbera baieztatuz. Neure agenteengan konfiantza osoa daukat; arreta handiz aukeratu izan ditut.

        — Zenbat denbora?

        — Hogei urte, edo gehixeago. Eskolako lehenbiziko urtean ezagutu nuen. Orain ere tokia ikusten dut. Orain ere arbela ikusten dut eta bertan idatzita zegoena. Orain ere kanpai hotsa aditzen dut. Ni baino urtebete zaharragoa zen eta bazekien hango berri. Gauza askoren jakinean jarri ninduen.

        Kopari zurrutada arin bat eman eta berriro kristalezko bola okertu zuen, barruan zegoena argiago ikusi nahiz bezala. Jarraitu zuen:

        — Gauza bitxia. Ezin dut hain ondo gogoratu inongo emakumerik lehenengo aldiz ezagututa.

        — Buru argia zen eskolan?

        — Ez beraiek nahi zuten bezala. Baina, hark asmatzen zituen gauzak! Planak egiten mundiala zen. Ni askozaz hobea nintzen Historian eta Ingelesean Harry baino; hutsaren hurrengo, ordea, aurrera eramateko orduan.

        Barre egin zuen: zurrutaren eta berriketaren laguntzaz heriotzeagatik hartutako zarraztadaz suspertzen hasita zegoen. Esan zuen:

        — Beti ni harrapatzen ninduten.

        — Horixe komeni zitzaion Limeri.

        — Zer arraio esan nahi duzu? —galdetu zuen. Alkoholaren sumindura areagotuz zihoakion. Ez al da hala?

        — Nire errua zen, ez berea. Ni baino azkarragorik aurkituko zuen nahi izanez gero, baina ni nahi ninduen.

        Egiatan, pentsatu nuen, nolako haurra, halako gizona; izan ere, nik ere eraman handiko iritzi bainion Limeri.

        — Noiz ikusi zenuen azkeneko aldiz?

        — Ba... orain dela sei hilabete Londonera joan zen medikuntza kongresu batera. Mediku titulua zuen, aizu, nahiz inoiz aritu ez. Bere-berezkoa zuen hori Harryk. Gogoko zuen gauza bat egiteko kapaz ote zen ikustea eta gero interesa galtzen zuen. Baina esan ohi zuen askotan baliagarri gertatzen zela.

        Eta hori ere egia zen. Harrigarria zen zein antzekoak ziren berak ezagututako Lime eta nik ezagututako Lime; berak, ostera, bestelako ikuspuntu batetik begiratzen zion Limeren irudiari, edo bestelako argi batekin. Esan zuen:

        — Harryrengan umorea zen gustatzen zitzaidan gauza bat —irri zabala bota zuen, bost urtee gazteago eginez—. Neu barregarria naiz. Gustukoa dut tontoarena egitea, baina Harry zorrotza zen benetan. Aizu, ahalegin txiki bat eginez gero musika arineko konposatzaile punta-puntakoa izan zitekeen.

        Doinu bat txistukatu zuen: ezagun samarra zitzaidan.

        — Gogoan dut beti. Ikusi nuen Harryk nola idatzi zuen. Minutu pare batean, besterik ez, kartazal baten atzealdean. Doinu bera txistukatzen zuen beti buruan zerbait zerabilenean. Bere ezaugarria zen.

        Doinua bigarren aldiz txistukatu zuen eta orduan jakin nuen zeinek idatzia zen: Harryk ez noski. Esateko zorian egon nintzen, baina zertarako? Doinua moteldu eta erabat isildu zen. Basoari begira geratu zen, azken hondarra hustu eta honela esan zuen:

        — Mila deabru! Horrela hil dela pentsatzea ere!

        — Gaitzerdi horrela gertatu izana —esan nion.

        Behingoan ez zen nire esanahiaz jabetu: edanagatik pixka bat moxkortuta zegoen.

        — Gaitzerdi?

        — Bai.

        — Oinazerik ez zuela izan esan nahi duzu?

        — Horretan ere zorionekoa izan zen, bai.

        Nire hitza ez baina nire ahotsaren doinua gertatu zitzaion deigarri Martinsi. Bihozkiro eta arriskugarriro galdetu zidan, eskuineko ukabila nola estutzen zuen ikusten nuela:

        — Zer adierazi nahi duzu horrekin?

        Ez dago zertan uneoro adorea erakutsi beharrik: aulkia pixka bat atzeratu nuen, bere ukabilaren irispidetik kanpo egoteko lain. Esan nion:

        — Esan nahi dut bere fitxa osoa dudala komisaldegian. Istripuagatik ez balitz, giltzapean denbora luzea, dexente luzea, eman beharko zuen.

        — Zer dela eta? .

        — Hiri honetako bizibiderik lardatsena zuen azpikaririk gaiztoenetakoa zen.

        Ikusten nuen bion arteko tartea neurtzen zuela eta erabaki bera eserita zegoen lekutik ezin ninduela atzeman. Rollok jo nahi zuen, baina Martins burutsua zen, zuhurra. Martins, konturatzen hasita nengoen, arriskutsua zen. Neure artean galdezka ari nintzen azken batean huts borobila egin ez ote nuen: ezin nuen Martins ikusi Rollok agertutako gizarajoa bezala.

        — Polizia zara? —galdetu zidan.

        — Bai.

        — Betidanik gorroto izan diet poliziei. Zerriak edo ergelak dira beti.

        — Holako liburuak idazten dituzu?

        Ikusi nuen nola poliki bere aulkia alboratzen zuen niri irteera galarazteko. Tabernariari begiradarekin adierazi nion eta esanahia ulertu zidan: abantailatxo hori dauka elkarrizketak egiteko beti taberna berbera erabiltzeak.

        Martinsek axaleko irriñoa egin zuen eta adeitasunez esan zuen:

        — Nik sheriff deitu behar diet.

        — Ameriketan izan zara? —elkarrizketa alua zen.

        — Ez. Hau zer da, galdeketa bat ala?

        — Jakinmina, besterik ez.

        — Nola Harry holako azpikaria zen, orduan nik ere izan behar dut. Beti elkarrekin aritu gara.

        — Esango nuke zu erakundean nonbait sartzeko asmotan zebilela. Ez nintzen harrituko zu euren mutila bihurtzeko asmoa izateaz. Jokabide hori zuen eskolan; hala kontatu didazu, ezta? Zuzendariak, berriz, zeozer susmatu zuen.

        — Dagoeneko antzeman dizut. Suposatzen dut azpijokoren bat zegoela gasolinarekin eta inortxo ere harrapatu ez duzunez hildakoari leporatzen diozu. Polizien betiko jokoa. Egiazko polizia izango zara, gutxienez?

        — Bai, Scotland Yardekoa, baina koronel uniformea janzten didate zerbitzuan ari naizenean.

        Ni eta atearen artean zegoen orain. Ezin nuen mahaitik urrundu bere esparruan sartu gabe. Ez naiz borrokalaria eta hamabost zentimetrotako abantaila zuen nolanahi ere. Esan nion:

        — Ez zen gasolina.

        — Gurpilak, sakarinak... zergatik poliziek ez duzue hiltzailerik behingoz harrapatzen?

        — Bada, esan daiteke hilketa ere azpijokoaren parte bat zela.

        Mahaia esku batekin irauli eta bestea niri luzatu zidan; edanak kale eragin zion. Berriz saiatu baino lehen nire txoferrak besoez helduta zeukan.

        — Ez iezaiok tratu txarrik eman —esan nion—. Gehiegi edan duen idazle bat baino ez duk.

        — Mesedez, jauna, lasai egon! —esan zion nire txoferrak. Polizi sena neurriz gainekoa zuen. Limeri seguraski «jauna» deituko zion.

        — Aditu, Callaghan, edo ez dakit zer izan arraio...

        — Calloway, inglandarra naiz, ez irlandarra.

        — Barregarri utziko zaitut, Vienako babo arraiorik handiena bezala. Hildako gizon bat dago eta horri ez dizkiozu gaiztakeria guztiak bizkarreratuko.

        — Zeuk aurkitu behar didazu, orduan, benetako gaizkilea, ezta? Zure istorio merke horietako bat dirudi.

        — Utzi lasai askatzen, Callaghan. Nahiago dut zaren babo arraio hori barregarri utzi begiondoa ubeldu baino. Begi ubelduarekin nahikoa zenuke egun batzuk oheratuta egon. Baina zurekikoak bukatzen ditudanean Viena utzi beharrean aurkituko zara.

        Libra pare bat balio zuten bafs txartelak atera eta jakaren goiko poltsikoan sartu nizkion.

        — Gaur gauerako nahikoa izango duzu —esan nion— eta arduratuko naiz bihar Londonera itzultzeko abioian eserleku bat izan dezazun.

        — Ezin nauzu kanpora bota. Paperak legez dauzkat.

        — Bai, baina hau bestelako hiria da: hemen dirua behar duzu. Libra esterlinak merkatu beltzean trukatzen badituzu hogeita lau ordu baino lehen barrura sartuko zaitut. Aske utzi ezak!

        Rollo Martinsek arropak txukundu zituen.

        — Milesker edanagatik —esan zuen.

        — Ez horregatik.

        — Pozten naiz eskerroneko agertzeko beharrik ez izateaz. Gastutarako kontuan sartuko dituzu, ez da hala?

        — Bai.

        — Hemendik astebetera edo aste pare bat barru ikusiko zaitut berriz, informazioa jasotakoan.

        Banekien amorratuta zegoela. Orduan ez nuen sinetsi zinez ari zela. Pentsatu nuen itxurak egiten ari zela bere buruaren onespena berreskuratzeko.

        — Agian joango naiz bihar agur esatera.

        — Nik ez nuke denbora alferrik galduko. Ez naiz egongo han.

        — Hona Paine, Sacher hotelera bidea erakutsiko dizuna. Ohea eta afaria izango dituzu bertan. Hori nire esku.

        Albo batera egin zuen tabernariari bidea utziz bezala, eta gainera oldartu zitzaidan. Ozta-ozta itzuri nuen baina mahaiarekin estropezu egin nuen. Berriro saiatu baino lehen Painek muturreko bat jo zion. Ziplo erori zen mahai artera eta jaiki zenean odola zerion ezpaineko ebaki batetik. Honela esan nion:

        — Ez borrokatzea agindu ez didazu ba?

        Odol pixka bat besoarekin garbitu eta ihardetsi zidan:

        — Ez zera, esan dut nahiago dudala zaren babo hori barregarri utzi. Ez dizut esan begiondoa ubelduko ez nizunik.

        Oso egun luzea izan nuen eta Rollo Martinsez aspertuta nengoen. Paineri esan nion:

        — Eraman ezak onik Sacherrenera. Etzak berriro jo txintxo portatzen bada.

        Eta bioi bizkarra emanez taberna barrura joan nintzen (beste kopa bat merezi nuen). Entzun nuen nola Painek jipoitu berria zuen gizonari begirune handiz honela esaten zion:

        — Hemendik jauna, hor bertan dago.

 

 

© Graham Greene

© itzulpenarena: Iņaki Ibaņez

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus