1

 

        Batek inoiz ez daki kolpea noiz hartuko duen. Rollo Martins estraineko aldiz ikusi nuenean honako ohar hau idatzi nuen berari buruz segurtasuneko neure polizi artxiboetan: «Egoera normal batean inozo alai bat. Gehiegi edaten du eta arazo txikiren bat sorraraz lezake. Emakume bat pasatzen den bakoitzean begiak jaso eta komentarioren bat egiten du, baina buruak ematen dit nahiago duela lasai utz dezaten. Heldu, inoiz ez da benetan heldu eta arrazoi horregatik beharbada miresten du Lime». Esaldi hori idatzi nuen «egoera normal batean» Harry Limeren hiletan topatu bainuen estreinako aldiz. Otsaila zen, eta enterradoreek nahitaez zulagailu elektrikoak erabili behar izan zituzten lur izoztua zarrakatzeko Vienako Hilerri Nagusian. Bazirudien natura bera ere ahalegin guztiak egiten ari zela Lime arbuiatzeko, baina azkenean eraitsi genuen eta lur piloak adreiluak bailiran haren gainera erortzera utzi. Lurperatuta zegoen, eta Rollo Martinsek bizkor alde egin zuen bere hanka luze eta meharrek korrikari eman nahian bezala, eta mutiko baten negar malkoak irristatzen ziren bere hogeita hamabost urteko masailetatik behera. Rollo Martinsek adiskidetasunean sinesten zuen eta horrexegatik geroago gertatu zenak zirrara gogorragoa eman zion berari, zuri edo niri eman ziezagukeena baino (zuri, irudikeria iritziko zeniolako eta niri, arrazoizko azalpenen bat —okerrekoa bazen ere— berehala bururatuko zitzaidalako). Orduantxe nigana kontatzera etorri besterik ez zuen, eta zenbat arazo ez ote genukeen galaraziko.

        Istorio harrigarri, triste samar hau uler dezazun, gutxienik zer ingurunetan kokatzen den, halako irudi bat izan behar duzu: Viena hiria, suntsitua eta hitsa, zonaka zatitua Lau Potentzien artean: zona errusiarra, britainiarra, amerikarra eta frantziarra, kartel adierazle soilez banakatuak, eta erdialdean, Ringek inguratua, hango eraikuntza publiko astunekin eta hango estatua sail jauzkariekin, Barne Hiria, aldi berean Lau Potentzien kontrolpean. Behinola dotore omen zen Barne Hiri honetan potentzia bakoitzak hilabeterako «buruzagitza» deitzen dioguna bere gain hartzen du txandaka, eta bertako segurtasunaren arduradun bilakatzen da; gauez, zure schilling austriarrak kabaret batean xahutzeko bezain ergela baldin bazara, seguru asko Nazioarteko Patruila jardunean ikusiko duzu: lau polizia militar, potentzia bakoitzetik bat, elkarrekin beren arerioaren hizkuntza amankomunean komunikatzen, baldin eta komunikatzen baziren. Bi gerrarteko Viena ez dut inoiz ezagutu eta gazteegi naiz Viena zaharra oroitzeko, bertako Strauss musikarekin eta bertako axalezko xarma merkearekin; niretzat duintasunik gabeko hondakinez beteriko hiri bat baino ez da, otsailean ikaragarrizko elurtegi eta izoztegi bihurtuak. Danubioa ibai arre, geldo eta lohitsu bat zen, han urrutian Bigarren Barrutian zehar zihoana, alegia, zona errusiarrean, bertan Praterra suntsiturik, soildurik eta barrabas belarrez josirik zegoelarik; Noria Handia bakarrik ari zen astiro jira-biraka, bazterrera utzitako errotarriak bezalako tiobibo zimentarrien gainetik; inork kendu ez zituen tanke birrinduen burdin herdoildua, izotz beltzak erretako belarrak elurraren azala mehea zen tokietan. Ez dut honenbesteko irudimena behinola izan omen zen bezala begiesteko, are gutxiago begiets dezaket Sacher Hotela ofiziale britainiarren paseko hotel bat ez bezala, edota Kärntnerstrasse modako denda kale bat bezala ikus, bataz beste begien pareraino bakarrik existitzen duen kale baten ordez, lehen bizitzaraino eraberritua. Larruzko gorroaz jantzitako soldadu errusiar bat pasatzen da fusila lepotik zintzilik, andragaldu batzuk zuznan ari dira Informazio Bulego Amerikarraren inguruan, eta zamarraz jantzitako gizon batzuek sasi kafea zurrupatzen dute Viena Zaharreko leihoaz bestaldean. Gauez onena da Barne Hiritik edo hiru potentzien zonetatik ez irtetea, nahiz eta hor ere bahiketak gertatu —nahiko bahiketa zentzugabeak batzuetan, gure aburuz—: neska ukrainar bat pasaporterik gabe, agure bat gaitasun adinaz pasatakoa, noizean behin, noski, teknikaria edo traidorea. Viena horretaraxe gutxi gorabehera heldu zen Rollo Martins iazko otsailaren zazpian. Gertaera ahalik eta hobekien hariltzen saiatu naiz neure artxiboak eta Martinsek kontatutakoa oinarritzat hartuta. Ahal izan dudan zehatzena da; ahalegindu naiz elkarrizketa lerro bat bera ere ez asmatzen, nahiz eta Martinsen oroimenaren bermea ezin eman. Istorio negargarria da neska albo batera uzten baduzu: hitsa; iluna eta arrunta, Kontseilu Britainiarreko hizlariaren pasadizo absurdoagatik ez balitz.

 

 

© Graham Greene

© itzulpenarena: Iņaki Ibaņez

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus