Beribila gauez geure bebarru ondoan uzten dut, espaloi ertzean.

        Ateak ixterakoan ohartu egin nintzen, beste auto bat hurbilean zegoela, hura ere Bilboko matrikularekin.

        Neure gogoetetan murgildurik nengoen, ostera, eta ez nintzen hartaz axolatu.

        Zangoa bebarruan ezarri bezain laster, ordea, gizona atera zen itzaletatik, bidea galarazten zidala.

        Gizon belabeltz, zangoluze, sagail, latz, indartsu zen, 100 kiloko zaku bat irin lepoan inongo kezkarik gabe eraman zezakeena.

        Jakaren idun-hegalak jasoak zituen, paparra erdi zabalik, gorbataren korapiloa lasaitxo eta zigarroa ketan ezkerreko eskuko behatz tartean.

        Eskuinean automatikoa zeukan mehatxuka.

        — Daukadan guztia har ezak oraintxe berton —esan nion goxoki.

        — Ibilalditxo bat egin behar duzu gurekin. Goazen!

        Mintzakidearen ezkerreko soinburu gainetik Beribila ikusi nuen. Metraileta baten muturra biraoka ari zitzaidan atzeko leihotik, gehienetan odoltsu ziratekeenak; orduan, ordea, zurbiltsu, urduritasunez, aurki.

        Haren aurpegian zerriaren eta otsoaren hazpegiak nahasirik zeuden. Noiz behinka begietara so egiten zidan eta zurrunbiloren batek irentsi behar ninduela begitantzen zitzaidan.

        Kanpoan Bilboko gauaren isilak hartua zuen ordurako bere izate gaiztoa.

        Deustuko Zubitik aurrera, Erandiorantz jo genuen, ezkerretara ibaia genuela. Luzaro gabe Avenida del Ejercito atzean zen. Autoa abiadura handitan zihoan. Bidearen bi alderdietara zeuden etxeak nire larriaz ohartzeke zeuden.

        Kaleetako inguru bihurgunetsuek aurpegi latz eta beltza erakusten zidaten.

        Lutxana aldera hurbildu eta gero eta etxe urriago, zenbait eremuk basamortu zirudiela. Desierto de Erandio izenak berak hango bakartasuna adierazi zidan.

        Inor ez zen mintzo. Gero eta susmo txarrago hartzen ari nintzaion auziari.

        — Ez ote duzue behar ez zen txoria harrapatu? Niregatik ez luke inork ogerleko bat ere emango, bizirik edo hilik.

        — Hori geuk esango dugu.

        Nire ezkerrekoak esan zuen hori, bere masailtzar koxkodunekin zaunga egiten zuela.

        Bizkarraldean izerdia ateratzen hasi zitzaidan.

        Goialdean izarren lausoa itsas ibaian ispilatzen zen zilarrezko dardara luzeetan. Urak behera zihoazen isilik berunezko lasterrean. Inguruetan gauaren itzalek ikuzia, dena zen mutu eta lasai, dena goibel. Noiz behinka Beribilen batek gurutzatzen gintuen, beren argiez agurtuz. Gero berriz ere iluna, hutsa eta isila.

        Pistolaz autoranzko keinua egin zidan.

        — Sar zaitez aurrean.

        Haren begirasun latzean txantxetako ihardespenentzat tokirik ez zegoela antzeman nion. Ahotsa ere larderiaz ateratzen zitzaion; hitz egiterakoan burua gora eta behera erabiltzen zuen, saingaka ariko balitz bezala.

        Sartzerakoan atzean zegoen gizonari begi-kolpea egiteko modua izan nuen: burusoil, sabel hanpatu, kokots aldeko bizartxoarekin. Beraren begiak gogor ziren, kristalezko kanikak bezalakoak.

        Kasko alboetan, berriz, bi ile motots zituen, menditik jaitsi zeneko Moisesen bi adartxoen antzekoak.

        Ttiki itxura izanagatik, niregana zuzendutako Beretta metrailetak zen baino metro erdi bat luzeago egiten zuen.

        Zangoluzeak eskuburdinak atera zituen sakelatik.

        — Luza eskuak.

        Nire eskuak lotu eta nire aldeko atea itxi zuen. Gero bestaldera igaro eta gidagailua hartu zuen eskuetan.

        Beribila martxan jarri zenean, atzean zegoena, setazko ahotsez oso lasai mintzatu zitzaidan:

        — Ez begira gibelerat. Eta kontuz, gero, zure azpijokoren bat egin gabe, gazte.

        — Tira, mutilak! Zein dantza mota da hau? Nor zarete?

        — Hemen geu gara galderak egiteko —zangoluzeak.

        — Egin!

        — Isilik! —esan zidan atzean zegoenak.

        — Bake saindua emango duzu laster —bota zuen nire aldamenekoak, irri maltzurrez ahoa okertzen zitzaiola.

        Ardoaren eraginez, aurpegian zain handituak zeuzkan.

        — Sudurra behar ez den tokietan sartzen duzu, horra hor. Zureak egin du! Kotxe ezbehar asko gertatzen da hemengo inguruetan.

        Mehatxua entzun orduko, hotzikarek bernak milizkatu zizkidaten eta bizkarrean gora egin, lokietan ere eztenkadak sumatzen nituela. Oldartu zitzaidan bizi-mina oihuka adierazi behar nuela iruditzen zitzaidan, hain zen handi eta indartsu.

        — Nireak egin duela! Orduan zigarrotxo bat emango didazue, ez da?

        — Zer zigarro, zerri hori!

        Eskuineko eskua gidagailutik kendu eta ukabila potortuz, kolpe handia eman zidan ahoan.

        — Utziok baketan, Berto —esan zion atzekoak—. Hoa aitzinera. Hemen batzuetan guardia zibilak ibiltzen dituk.

        Bideak, ordea, hilerria zirudien, abuztuko hautsetan lo.

        Nire adimenaren begia estutasun hartatik onik ateratzeko lan bizkorrean ari zen.

        — Niri, ostera, honen antzeko gizaki ausartak jotzea gustatzen zaidak. Ausarta zara zu, ez da, Jon?

        Barre egin zuen. Irria zaldi-irrintziaren antzeko zen, zorrotz, bitxia.

        — Ez didazula erantzuten?

        Beste kolpea tira zidan, baina burua okertu eta masailean hartu nuen. Itsas ibaitik igotzen zen petrolioaren kiratsa sudurretatik gora sartu zitzaidan, ia goragalea emateraino. Burumuinak txinpartaka hasi zitzaizkidan, norbaitek garunetan su eman balit bezala.

        Amorruak dena arriskatzeko kemena eman zidan. Eskuineko zangoa autoaren aurrealdean finkatu eta ezkerreko belaunaz ahal nuen kolperik bortitzena eman nion gidagailuari.

        Bide batez gorputza eskuinetara okertu eta sorbaldaz beste kolpe handia eman nion ateari.

        Autoak bortizki ezkerretara egin zuen. Ni kanpora indarrean atera eta bide bazterreraino iraulka joan nintzen, burua esku tartean gordetzen nuela.

        Beribilak ez zuen bazterra jo. Bide horren beste tokitan bezala, han ere horma desegin eta ez dute berriro jaso. Jauzi egin zuen ibaira munstroa balitz bezala, bere begi argitsuez figura fantasmagorikoak egiten zituela, uretan itzali arte.

        Lurrean ahozpez egon nintzen segundo batzuez. Jiratu nintzenean, ilargia aurpegian bete betean itsatsia neukan; gorputz atal guzietan, berriz, gaua, burdina baino astunago. Nire jantziak ez dakit nik zenbat tokitan puskaturik zeuden.

        Kanpoko mugimendu nahasiak sumatzen hasi nintzen, harat-honanzko soinu-itzalak.

        Zutitu eta autostop egiten saiatu nintzen. Bospasei Beribil igaro arren, bat ere gelditu ez.

        Azkenean bai. Sekula ez zait itzaliko harentzat sentitzen dudan eskerrona.

        Hain zuzen ere, diruaren ordez beren gorputza saltzen duten horietako neskatxa bat zen, oso gaztetxoa.

        Txit harritu zen odola eta nire esku-bilurrak ikusirik.

        — Poliziaren ihesi?

        — Ez. Beste auzi txiki bat izan dut neure bi lagunekin.

        — Non daude?

        — Orainez gero, oso gustura lo egiten. Ez dut uste inork iratzarriko dituenik.

        — Poliziari adarra jo diozula jakingo banu, poz handia hartuko nuke —esan zidan, aurrerantz serio-serio begiratuz.

        — Oraingoz ezin dizut poz hori eman. Nire lagunak ez ziren poliziak.

        — Non utziko zaitut? Eritegian...

        Ezetz esan nion. Fernandez del Campo kalera eramaten banindu...

        Hantxe esan genion elkarri agur, laztan handiaz. Fernandez del Campoko 8. zenbakia etxe zaharra da eta ez du goragailurik. Ez dakit nola heldu nintzen laugarren bizitzara.

        Gogoratzen zaidan gauza bakarra, nire urrats nekatuak eta nire itxurazko lasaitasuna da.

        Tirrina jo eta bost minutu iraun behar izan nuen atearen kontra zain.

        Azkenean han agertu zen Arrate.

        — Baina, Jon, zer daukak?

        Konortea galdu aurretik «Ez dei sendagilea» esateko nahiko indarra izan nuen.

        Gero lau horma ezagun haien artean dena goitik behera amildu zen. Azalezko laxapena etsipen egin zen, erabakitasunak ahuleziari egin zion tokia.

        Berriro neure onera etorri nintzenean, moketaren gainean nengoen etzanda. Arrate ez zen gauza 95 kilo sofara edo ohera arrastaka eramateko.

        Masailak hezeak nituen, jogurt eta laranja usaina zuten musuez.

        Galtzarpetik heldu eta sofan esertzen lagundu zidan.

        — Zer duk, Jon? Sendagilea ekarriko diat.

        — Ez. Utz baketan sendagileak. Beste sendagile klase bat behar dinat nik. Lotsaturik nagon.

        Arrate oso izuturik zegoen. Maiz izutzen zen. Izu horren puska bat, hain zuzen ere, edertasun bihurtzen zitzaion.

        — Ez daukak lotsatu beharrik.

        Arratek hitz guztiak emetasunez bustitzen ditu.

        — Bai, heugana, laguntza behar dudanean bakarrik etortzen naizelako.

        — Noizko dira, bada, lagunak?

        — Beharraldietarako, baina bai eta zorionaldietarako ere.

        Arratek burdin zerra ekarri eta esku-bilurrak laxatu zizkidan. Bainuontzia ur beroz paratu, niregana etorri eta poliki-poliki arropa guzia erantzi zidan.

        — Noiz utziko duk lanbide hau?

        — Beste bat hobea ematen didatenean.

        — Orainez gero, aurkituko hukeen, nahi izan balu. Bainuan sartu nintzen.

        — Badakik non daukaan ohea. Betiko tokian. Loak hartu aurretik, pentsatu nahi izan nuen, baina, gantzutu gabeko makinak bezala, ene buruak ez zuen lanik egiten.

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Alaba" orrialde nagusia