Donostiara heldu eta Aiete aldera jo nuen.

        Etxea nahiko urrundua zegoen Hernanira doan errepidetik, baratze zabalean. Inguruz inguru horma garai batek bere sabelean hartzen zuen baratze osoa.

        Horma bera baino askoz garaiago, ordea, altxatzen ziren arbolak. Gaztainondoek nire haurtzaro pobrearen oroitzapena ekarri zidaten, Zeberioko Intxauspe baserrian igarotako urteak, nire gorputza zaildu eta geroko nire lanerako horren osasungarri bilakatu zitzaizkidan urte latz haiek.

        Horma ezkerretara nuela ia etxeraino igon nintzen.

        Bidean gora Ondarreta aldetik zetorren eta lore askotako usain nahasiak zekarzkidan itsas haizeak bizkarraldea freskatzen zidan.

        Laster aurkitu nuen tresneria elektrikoz horniturik zegoen altzairuzko ate handia. Beribila bazterrean utzi eta zintzarria jo nuen.

        Nor nintzen esan eta durrunbada entzun zen. Atea ireki nuen.

        — Mesedez, itxi ezazu ongi berriro —esan zidan beste aldetik ahots lodi batek.

        Orduan izan nuen etxalde osoa ikusteko era.

        Baratzea batzuetan leunkiro eta bestetan txapaldaka, bideraino jaisten zen. Txoriz, argiz eta itzalez beterik zegoen.

        Behean, udaroko eguzkiak jotako Donostiak, egungo irudigile baten eskuz urturik balego bezala, altzairuzko magma zirudien.

        Bakan ikusi izan dut etxe baten bildurik, orduan ikusi nuen bezainbat lore.

        Han bromeliak eta ananiak, honantzago esparragera finak eta begoniak. Browaliak laranjondo ñañoen ondoan; hiazintoak eta hortentsiak soropil berezietan; berotegietan ezkerte zuriak, jasminak, lilipak, pikondo tikiak; zaingorriak gainezka egiten burdinazko lorontzi beilegietan...

        Gure amaz oroitu nintzen. Baserria lorez beterik edukitzen zuen; han horrenbeste klaserik izaten ez, ordea.

        Etxe hartan, bazen, naski, loreez ardura handia zeukan norbait.

        Eta azkenean etxea.

        Borobila zen. Joniar zutabez inguraturik eta abside apal batekin danbor handia ematen zuen edo Greziako elizattoa.

        Euskal Herrian gutxi holakorik.

        Aurrealde zuriaren gainaldean, antrazita eta onixez eginik, EIZAGIRRETARRAK irakur zitekeen. Etxe osoan harnabarraren naharotasun aidurra sumatzen zen.

        Ezkaratzean sartzerakoan, txori beltz batek bere hegaldi goganbehartsuz zerua marratu zuen.

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Alaba" orrialde nagusia