Satur

 

                Saturnino Ugalde Uribe,

                Usparitxa-Auzokoa baserrikoa

 

        Satur, 1908an, Otsailaren lln, Usparitxa-Auzokoa baserrian jaio zan eta 1977an, Bagilaren 25an, Barakaldoko «Cruces» gaixo-etxean hil. Tronbosis batek eroan eban betikotasunera.

        Bere bizitza guztian inork gaixorik ikusi bako gizonak bat batean agur egin euskun. Oso xelebrea zan. «Txako» eta «Boske» ebazan bere bateo barriko izenak. Eskola askorik ez eukan, baina berez argia zan. Izan ere eskolak ikasteko ez eban erarik izan. Hamalau urte eukazala aita hil jakon, zazpi seme alaba itzita, eta zazpiretatik zaharrena berau zan. Laudiena, ama, zazpi umegaz alargun geratu zan eta Saturrek, umetatik gehiago, etxean lan egin beharra izan eban. Beran idiakaz, etxe eta kanpo, hamaikatxo lan egindako gizona. Gizona dinot. Langilea bazan, gizona ere bai. Hitzez eta egitez danak aintzat hartzen ebena zan gure Satur. Baserrian jaio eta baserrian bizi, mesede egiteko beti gertu eta beti alai, danok maite genduan osoko gizona.

        Mendata-Albizko Petra Albizugaz gazterik ezkondu zan. Seme-alaba bi itzi zituan: Jose Luis eta Lurdes. Semea dauka etxera ezkonduta eta, honek ere, hiru seme-alaba ditu.

        Satur xelebrea zala esan dogu. Etxeko lanetatik aparte, Kontzesino bueltan hasi eta, baserririk baserri txarri hiltzen ibiltzen zan. Usparitxa eta Ariatza inguruko harakina genduan, eta harakin ona gainera. Makina bat gertaera xelebre ba dauz, baina ezina da danak idaztea. Bi edo hiru aitatuko dodaz:

        Ariatzako «Iturriondo» baserrira txarria hiltzen joateko dei egin eutsoen. Han joan zan gure Satur aiztoa eta gantxoa hartuta. Iturriondo baserrian eskaratzean egozan harakinaren zain, baina ate ondoan txakurra. Txakur hau guztiz okerra zan, hamaikatxo txakur-errieta egina eta txakur batek ere gehiago egin bakoa. Katean egoten zan. Inor ondoratu ezkero eta haginak sartu, askatzeko ugazaba behar izaten zan. Behin, Ariatza-Ordorikako Baleriano Elgezabal txarrikume bat lepoan ebala txakur honen ondotik pasatukeran, golpe egin eta txarriari belarritik oratu eutson. Txarria kendu eutson, baina txarriaren belarria txakurrak eroan eban. Txakur hau kontuz ibili beharrekoa zan.

        Esaten hasi nazenari jarraituz, heldu zan gure Satur Iturriondo baserrira eta atera hurreratzean, txakurrak oso osoan salto eutson. Gure harakina gantxoa sartzen ondo ikasita egoan eta, etorrela, musturraren azpitik, txarriari legez sartu eutson. Txakurraren alaruak haundiak ziran, baina Saturrek ez eukan izteko gogorik, eta oraindik gantxoan eukala etxekoeri esan eutsen:

        — Boske! Zein da hil behar dana? Txarria ala txakurra? Mekauen dos! Txakur demoninoa!

        Halako baten itzi eutson eta gantxoa atareagaz batera txakur hori ostendu zan. Handik aurrera Saturren berbea entzuten ebanean txakurrik ez zan agertzen.

 

* * *

 

        Orain ez dira ikusten baina lehenago praileak eta bardin mojak baserri guztietara eskean etortzen ziran. Gure Saturen baserrira ere heldu zan karmeldar praile bat zorroa lepoan

        ebala. Kask, kask jo eban atea eta, eginean ere, Satur-ek berak edegi eutson:

        — Egunon.

        — Hola, egunon. Zer behar dau?

        — Indabea batzen nator.

        — Indabea batzen? Zein solotan erein dau ba?

        Praileak irri-barre egin eutson, baina bere kolkorako esango eban: «ez daustak ziri makala sartu».

 

* * *

 

        Eiztaria ere ba zan eta sarritan alkarregaz joaten ginan. Egun baten gure sagardietara urten genduan. Udazkena zan. Kanpo-txori asko ebilen, batez ere piku-okerrak deitzen jakenak. Txori honeek kalte asko egiten eben. Heuren piku okerrekin sagarrak zulatu eta barruko aziak jaten eutsezan. Hauetariko bat han ebilen sagar gainean, zulatu eta hazia jan gelditu bank. Gure Satur-ek, «Mekauen dos» esanda, nahikoa urruntxotik tiratu eutson; baina txoria, aurrera bere lanean. Jaurti eutson bigarrena eta piku-okerrak, orduan, ihes egin eutson. Satur-ek, hau ikustean:

        — Mekauen dos! Horixe txori gogorra, koino!

 

* * *

 

        Beste egun baten, Satur-ek eta biok, eskupetak lepoan genduzala urten genduan. 1928ko urtea zan, Gabon ostetxoa, eta edurte haundiak egozan. Usparitxatik kilometro bat ingurura Ordorika-goikoa dago, bost baserriko auzunea: Munuguren, Pixelena, Ikeri,Torrekoa eta Garaikoa. Pixelena baserrian txakolina egoten zan,ederra gainera. Biok sartu ginan. Bertako ugazaba Luis Basterretxea zan. Txakolin apur bat eskatu geuntson eta baita pozik emon ere. Apur baten han egon ondoren, txori batzuk hil behar genduzala eta, urten genduan. Ordorikatik behera gentozala, sagar azpietan lurmena egoan eta heuretan hainbat zozo sagar ustelak ja

        ten ebilen. Bata batetik eta bestea bestetik, zozoengana hu

        rreratzen hasi ginan, baina alperrik, danak ihes egiten euskuen. Sagarretatik berrehun bat metrora, solo barrenean, sasi moltzo haundi bat egoan. Sasitzara hurreratzen ginoiazala, Satur-ek zozo bat ikusi eban bertan. «Geldi» esan eta tiroa jaurti eutson. Sasitza haretatik ez dakit zenbat zozo ihes joan zan. Antza zanez, guri ihes egin euskuen zozoak bertan sartuta egozan. Satur han joan zan berak tiratu eutsona sasian baegoan ikusten. Han egoan bai. Hasi zan zozoak hartu eta hartu.

        — Satur, zer darabilk?

        — Zer darabildan? Zozoen minea jagok hemen.

        Zozo bateri jaurti eta bost hil ebazan.

 

* * *

 

        Satur Usparitxako itxartzailea zan. Goizean goizetik jagiko zan. Hotz egon arren besoak erremangatuta, alai, danei egun-onak emonaz ibiliko zan. Laguntzeko beti gertu. Inogaitik barriketa gitxi. Guztientzat bihotz zabala.

        Gazterik hil zan, 69 urte ebazala. Gaur ere ez dago ahaztuta. Sarritan bere esaera xelebreekin gogoratzen gara. Lagun haundiak ginan. Goian bego.

 

                Agur ta erdi Satur

                Baina ez betiko

                Egunen baten berriz

                Gara alkartuko

                Nahizta lurrak iruntsi

                Aldi baterako

                Zure espiritua

                Ez da ustelduko

                Zer da gure bizitza

                Hori ez baleko.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus