Preskue eta Antonio Calle

 

        Okan, ba zan gizon xelebre bat, bere gauzetan zuzena, «Preskue» gaitzizenez deitzen eutsoena. Kamineroa zan eta bere egin beharrak ondo betetan ekian. Nire aitak esaten eustanez, kaminoetako araudiak ondo ekizan eta danak neurri berdinagaz juzgatzen ebazan. Lehenago ez zan gaur legez berebilik izaten, baina ba ziran zalburdi edo landoi ederrak, eta jakina, orduan be gabaz argi barik ibiltzea galazota egoan. Kamineroak izaten ziran, bakoitza bere lekuan, zaindari egoten ziranak. Urriko astelehen bat zan. Bizkaiko Diputazioko lehendakaria, Gernikan zan bere zereginen batean eta Bilbora bihurtzeko berandu egin jakon. Baina lehendakaria zanez ez eukan multaren beldurrik. Bere landoi ederrean argi barik Okara heldu zanean han egoan zain gure Preskue eta argi barik ikustean:

        — Zer arraio, alto! Kotxeroak:

        — Ba al dakizu barruan nor doan? Don Antonio Calle, Diputazinoko lehendakaria da gero...

        — Niri bardin deust. Hemen danentzako lege bardinak dagoz. Hemendik ez da inor multa ordaindu barik igaroko, eta bost pezeta da.

        Preskue ez egoan parkatzeko eta lehendakariak ordaindu beharra izan eban.

        Gero izan ziran kontuak. Don Antonio Calle, ikusten danez, jauntxu haundia zan eta kaminero zistrin batek berari multa kentzeagaz iraindurik, handik hile batzutara kaminerotzatik jaurti egin eban. Orduan ere jauntxoak nagusi. («Ondo eginaren pague ate ondoan palue»).

        Handik lasterrera hil zan Don Antonio Calle, baina gure Preskue oraindino bizi zan. Heriotz honen berri jakiterakoan, Preskuen lagun bat beregana joan zan esanez:

        — Preskue! Hil da Don Antonio Calle.

        — Hil da Don Antonio Calle? Hil bada Don Antonio Calle, sartu daitela inpernuan praile eta betiko bertan egon daile.

        Preskue entzutetsua zan, erdi bertsolaria eta testulari aparta. Gaur ere beran izena ez dago ahaztuta.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus