Oka

 

        Oka aitatu dot eta, labur labur, zer zan eta zer gertatu jakon azaldu gura neuke. Garai haretan entzute haundikoa zan eta oso polita gainera. 18 etxe, 75 biztanle inguru, etxeen bitartetik erreka haundi bat eta «Edurtzako Ama» ren eleiza polit bat auzunearen erdian. Sei errota ba ziran bostehun metroren barruan. Beherengo egoanak «Ertzile» eukan izena, eta gorengo egoanak «Arbiñe». Etxe hau fama haundiko etxea zan. Errota, taberna eta dendako gauzak ere ba eukazan.

        Harrobiak ere ba ziran. Etxe-hormak egiteko harri asko atarat,en eben. Hamaika bagoi bete zan. Trenak bertan eukan bagoi hutsak itzi eta beteak hartzeko geltokia. Bere ondotik bide barria, goratxoago auzo ikastola, beheruntza «Olatxu goikoa» goikoa eta «Olatxu behekoa» izeneko errota bi, beheratxuago eleiza eta «Txuriena» baserria, jarraian okindegia, Tabernatxu, Torrebarri, Soldaduena, Indianoena, Pa

        goeta goikoa eta behekoa, Anjeltxuena, Beheko errota, Barrentze, Preskuena, Ertzile, Okarena eta Etxetxu.

        Benetan polita eta entzutetsua zan Oka, baina, zoritxarrez, nik hogeitahiru urte nituela, eurite haundi batek Arbiñeko mendia leher egin eban. Auzo ikastola, Arbiñe baserria... aurrean eroan ebazan. Beheratxoago argi indarra emoten eban zentral txikitxu bat egoan. Hau ere non egoan seinalerik itzi barik eroan eban. Hainbat gorabehera eta tratubide erabili eban Arbiñeko baserri ederraren errazturik ere ez eban itzi.

        Aitagaz ikustera joan nintzan eta Domingo, Pagoeta baserriko aitita zaharragaz topo egin genduan, eta honela esan euskun:

        — Gure Oka hondatu da.

        Begi biak malkoz bete jakozan.

        Mendiaren jauste hori egun bi aurrerago ezagun zan. Ondotik joian kaminoa eta bardin trenbidea ere arrakalatu egin ziran. Orduan parte emon eben eta etxe hareetatik hainbat lasterren urtetako agindu. Ikara egin eta egun bi iraun ebazan guztiz jausten. Etxeko gauzak atarateko denbora izan eben, nahiz eta errota eta beste balioko edo atara ezinezko gauzak bertan itzi.

        Oka garai haretan oso polit, alai eta entzutetsua izan bazan ere, uholde harek zeharo hondatuta itzi eban. Gaur basamortua dala esan leiteke. Lehen 18 etxe ondo beteak baziran, gaur 9 etxetan ez da inor bizi. Lehen ikusi ebenak esan leikie Oka zer izan zan, baina gaurkoek ezin leioe antzik emon.

 

* * *

 

        Okako «Edurtzako Ama»ren jaiak Abuztuaren 5ean izaten ziran. Oso jai ederrak egiten ziran. Eta jaien barruan, eskolako ikasleen sariketak, notarik onenak ebezanentzako; dantzarien sariketak etab. Agure zaharrena izaten zan meza osteko aurreskua egiten ebana, eta ondo egin ere gainera.

        Ikustekoa izaten zan Dagonilaren 5ean Okako «Edurtzako Ama»ren eguna.

        «Edurtzako Ama»ren eleiza barriztatu, abade-etxe eta eskola egin eta irakasle eta eskolako gastuak ordaintzen ebazana, Basilio Elgezabal zan, Txuriena baserriko semea eta Bilbon bizi zana.

        Abade etxea eleizari ezarrita egoan: Behean eskola eta goian abadearen bizi-lekua. Abadeak berak ikastaldiak emoten ebazan. Goizean meza, 9etan eskolarako sarrera, 12etararte. Arratsaldean, ordu bietatik bostetara. Ni ere eskola horretan urte bi inguruan ibilia naz. Don Pedro zan abadearen izena, baina gehienak «Garratza» abadea deitzen eutsoen. Lumoko semea zan eta jaio zan baserriak «Garratzena» eukan izena. Hortik etorkion «Garratza» izen-ordea. Abade jatorra zan, euskal zalea eta egiazko euskotarra. Okan egon zan arte gauza eder asko egin ebazan. Bere ikasleak maite ebazan eta gizon eta euskaldun ataratzen ahalegintzen zan. Okan urte batzuk egin ondoren, Muxikako San Bizente eleizara etorri zan. Handik urte batzutara, Gernikan, Merzedeko monjen kapeilau sartu zan Espainiako matxinadararte. Frankoren otseinak, gorria zala esanaz, salatu eben eta Harora desterratua izan zan. Handik lasterrera, bakardadean, sendikoengandik aparte, hil zan. Bere azken agurra egiteko ere ez eukan inor onduan. Gaisorik txarto egoala abisua hartu ebanean, berak hain maite eban koinetu Balendin Alberdi joan jakon, baina hilda aurkitu eban. Aurrerago ere bisitatzen eban, baina Gernikagaz gogoratzen ei zan eta triste aurkitzen eban Balendinek.

        Egia eta Euskal Herria maite ebazan, batez ere bere Gernika. Azkenez atzerriko lurrak iruntsi eban, baina bere espiritua gaur ere Euskadin bizi da.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus