Lau zaharrenak

 

        Usparitxan ba ziran lau gizon, auzuneko zaharrenak, gatxizenez ezagutzen ziranak: «Pepillo», «Pota», «Txotxo» eta Alejo «Zerrari». Pepillo izan ezik, beste hirurak ardau zaletxoak ziran. Pepillo, ostera, gozo zalea. Egun baten heuren zereginetara Okara joan ziran. Oka Gorozikako auzategi bat da. Eginean ere Arbineko entzute haundiko tabernara

        joan ziran. Heuren traturen batzuk eukiko ebezan. Dana dala, zereginak amaitu ondoren, meriendatu behar ebela gogoratu jaken. Esan eta egin. Hiru ardau zaleak eta Pepillo, gozo zalea, hasi ziran jaten. Pepillok ardaurik ez eban edaten, baina besteak polito. Halango baten hiru ardau zaleei, Pepillo gozo zalea zan ezkero, ardau azukereaz gozotuta emon behar eutsoela gogoratu jaken. Pitxar bete, gozotuta, aurrean jarri eutsen. Lehenengoan atzerakadatxua egin ei eban, baina gero, txurrut eta txurrut, pitxarra utsitu. Gero kontuak. Gozotu bako eta gozodun, laurak polito, Arbinetik urten eben. Handik Usparitxara kilometro bi dagoz.

        Nik zazpi urte neukazan eta ez nekian nora joan ziran ez nortzuk joan ziran, baina aitak eta amak ondo ekien. Aita eta ni ganbaran genbiltzan artaburuei eragin bat emoten. Honetan gengozala, berbaroa entzun genduan. Aita konturatu zan eta esan eban:

        — Anda koñe, hemen datoz beste mutilok.

        Ganbarako leihora urten genduan. Halako espektakulorik! San Migel ermitaren aurreko zelaian proba-harri bat egoan. Txotxo haren gainean belanikatu zan eta besoak zabalik ebazala:

        — Ermita honeri lehenengo harria jarri eutsonaren arimeari Pater Noster bat. Aita gurea zeruetan zagozana...

        Potak, auzune guztiak entzuteko eran:

        — Jauna, emon eiguzu eguneroko ogia...

        Pepillok, intxaurraren arrimuan zutunik ostaz egoan lekutik:

        — A, koino, jentemodu koinoa. Ona jagok ermita horreri lehenengo harria jarri eutsona hire pater noster horreri begira bajagok. Jentemodu koinoa. Honekin inora!

        Alejo Zerrari erdi traketsa zan. Honek, ostera, bertsotan ekin eutson, baina beti bat esaten:

                — Ederki esan dezu

                hala det aditu

                Izarrak jo artian

                eingo al aiz handitu.

        Noz edo noz amaitu eben heuren espektakulo hori eta bakoitza bere etxeruntz abiatu zan. Pepillo, Txotxo eta Pota, etxeratu ziranean, atea edegi eta bakoitza bere tokian hartu ebezan; baina Alejo Zerrarik giltza atearen azpian eukan. Lehenago ere ez zan beti goizetik joango eta ba ekian giltzaren barri. Hartu giltza eta atea edegiteko zuloa aurkitu ezinik ebilela, etarteko oilo pertxatik, oilarra kukurrukuka hasi jakon. Orduan, bere moskortxuagaz, eskuan eukan giltza harrika jaurti eutson. Gero istiluak! Atea zegaz edegi ez eukan, eta Maitontxuri, atea edegi egiola esanez, deadarka hasi zan —Maitontxu etxeko ugazabandrea zan—. Atepean eukala giltza erantzun eutson. Eta Zerrarik:

        — Zelan egongo da atepean, oilarrari bota badeutsot.

        Azkenean ere, zelan edo halan, Maitontxuk barrutik edegi behar izan eutson. Lau peregrinoak gau haretan ez eben hotzik izan.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus