Usparitxako San Migel
ermitaren historia

 

                Gaur San Isidrorena bada ere, lehenago

                San Migelena zan Usparitxako ermita.

 

        Ni jaio nintzan baserriaren izena Jauregi, (Jeuri) da. Lehenago dorre edo jauregi haundi bat ei zan. Usparitxaren izena hortik dator. Usparitxa-Jauregi. beraz, ni jaio nintzan baserria, eta inguruetan diran beste ehun bat baserri ere Usparitxa auzategiari dagokiozan lurretakoak dira. Muxikak hiru auzategi ditu: Usparitxa, San Roman eta Ugarte.

        Usparitxako jauregi honetan bizi ziranak, ikusten danez, haundikiak ziran. Senar-emazteak ziran. Senarrak Mikel eukan izena. Emaztearen izenik ez dakigu. Mikel hau emaztea baino urte asko lehenago hit zan. Orduan emazteak, senarraren oroigarritzat, ermita bat egin eban eta bertan San

        Migel, senarraren izeneko santua, jarri. Andre honeri Usparitxa-Jeuriko «Señorea» deitzen eutsoen.

        Señora honek bere otseinak eukazan eta nahinora joan beharren bat eukanean, zaldi gainean joaten zan.

        Ziortza, «Colegiata de Cenarruza» deitzen jakona, Bizkaiko lehenengo seminarioa ei zan, eta lehenengoetariko eleiza. Señora hau, igande guztietan, bere zaldi gainean, meza entzutera joaten zan. Ziortzako kolejiata horretan bere aparteko kapila eukan eta bera joan arte kapeilaua begira egoten zan.

        Kolejiata horretan izana naz eta gaur ere bere kapila han dago, eleizan. Kapila haretako aldaran ere San Migel dago. Hortik aparte, atean sartu eta laster, eleizaren barruan, sepultura bi dagoz, Usparitxa-Jauregiko ezaugarriekin. Harri losa haundi bik estaltzen ditue.

        Zenbat urte daukazan? Ez dakigu. Izan ginan jakin nahirik, baina gu joan aurretik kolejiata hori erre egin zan. Hango papel batzuk aratu genduzan baina urteen errasturik ez genduan hartu. Dakiguna da, orain dala hirurehun bat urte, Usparitxa-Jauregi jausi egin zala eta Enbeitatarrak gaur dagoen baserri hori jaso ebela. Ordutik hona Enbeitaren abizenak, inoiz aldatu barik, jarraitu dau. Aurrerako jarraia ere izan daiala. Bertara ezkonduta dagoen nire anai Sabinek ba ditu seme bi.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus