Usparitxako auzunea
ez daukat ahaztuta izteko

 

                Mendipe baten dago

                Uspitxa Jauregi

                Nere txikitxutako

                jolasen lantegi

                Pozik egingo neukez

                idazten urte bi

                Zenbat maite zaitudan

                azaldu banegi

 

        Bost etxe eta zazpi bizileku ditu Usparitxak. Jeuri, bizitza batekoa; Auzokoa, bikoa; Aurtenetxe, batekoa; Pelipena, batekoa; Goenengoa, bikoa. Zazpi bizileku honeetan, nire ume denboran, 18 urtetik beherakoak 42 ginan. Hau 1915garren urtean zan. Mordo ederra benetan. Hortik aparte beste hogei: 14 sasoiko senar-emazte eta 6 zaharrak. Guztira 62 lagun. Herri txikitxu bat, baina ondo betea, eta auzune baketsua. Batek ezbeharren bat ebala edo gari ebateak zirala edo bedar zikuak.. auzune guztia mogitzeko eupada bat egitea nahikoa zan. Egin behar zana egin ondoren, danak alkartu eta merienda apurren bat egingo zan sendikoak baziran legez. Umeak, batzuk olgetan,haunditxoagoak gurasoei lagun

        tzen, hamalau urte bueltakoak otsein. Domekea helduko zan eta gizonezkoak, arratsaldean, tabernara joango ziran. Emakumezkoak lehenengo Usparitxako ermitan errosarioa errezatuko eben (auzune honek ermita polit bat dauka), gero zelaiko intxaur zabalaren azpian batuko ziran, mahai zabal bat

        jarri eta patxadan jokoan egingo eben. Ilunabarrean, olgetan ebizan neskato mutikoei dei egin eta, nire amak, gehienetan, panderoa hartuko eban eta Laudiana auzokoak abestu, eta gaztetxuei dantzan irakasten ahaleginduko ziran. Beste andrazkoak ere pozik, neskato-mutikoei begira, alkarreri esanaz:

        — Horrexek dantzaria urtengo jona! Bai! Aita eta ama be onak jozana eta, ara!

        Abemaritakoak joteko orduan, Ariatzako kanpairik entzuten ez bazan, San Migel ermitatxuko kanpaia joko eben, hiru agur-mari errezatu, gabon esan eta bakoitza bere kabira. Gizonezkoak ere sasoiz helduko ziran, kojoren bat izan ezik. Etxe barruko lantxoak egin, errosarioa errezatu —hau derrigorrezkoa zan—, afaria: taloa eta esnea edo morokila ontzi batetik, eta negua bazan gaztaina eta gainetik morokila.

        Ondoren ohera, eta ez gaur eguneko koltxoi apatzen gainera, arto kapatzaz egindako lastamarragien gainera baino. Alboko gelakoak entzuteko eran ataraten eben kapatzak zarata, baina halan behar zala eta pozik.

 

* * *

 

        Usparitxan, nire umetzaroan, 10 gizonezko ziran eta, bakoitza bere izakeran, oso alaiak. Heuretariko bat, guztiok gogoko genduana, Patxi izenez deitzen geuntson Frantzisko Solaegi zan. Patxi, Goenengoa, Kubako gerran sei urte gudari egina zan, Alfonso XIII.aren denboran. 1870 inguruan jaioa zan. Auzune guztiak gogoko eban gure Patxi. Kubako gerrako gauzak kontetan hasten zanean, berari entzuten adurretan egoten ginan. Izan ere xelebrea zan eta gauzak esaten gatza eukan. Frente batetik bestera kubanuen deiadarrak entzuten ei ziren:

        — Cubita, Cubita libre!

        Eta Españaren kontrako hitz gogorrak:

        — Españoles, traidores.

        — Cubita es nuestra.

        — Marchaos de aquí.

        Barre eragiten euskun, baina bai negar ere. Heurak igaroten ebezan mixeriak, anaiak hiltzen ikusteak, ez bakarrik tiroz, gaixorik ere hemengo asko jausten ei ziran.

        Patxi berau ere, nire aitak esaten ebanez, gizon galdua heldu zan. Eskerrak Jon Arrospide osalariari. Sei hilabete luze egin zituan apur bat seneratu orduko. Nire aitagaz anai bat legez izaten zan. Patxi, aita baino zortzi bat urte zaharragoa zan. Aita ikusten ebanean, bere harrera «Kaixo Periko» izaten zan. Ez genduan sekula kejaz ikusten. Gazte zalea zan eta Usparitxako gazteok maite genduan Patxi. Taberna zalea ez zan.

        Idiak eukazan eta alogerean ibiltzen zan. Gure etxeko lugintza gehienak ere honek egiten ebazan. Itaurrekoa ni izaten nintzan eta pozik ibili ere. Ez eustan sekula haserrerik egiten. Aitaren bildurrak arduratzen ninduan. Patxik lantzen ebazan solorik gehienak aitak sagazti eginda eukazan eta sagarrik urratu edo apurtzen bazan, errua nirea izaten zan. Sagar ondora heltzen ginanean, han ibiltzen nintzan idien adarreri oratuta, dindilizka. Arratsalde baten, sagardia goldatu ondoren etxerako gengozala, bere esakera honegaz inostan:

        — Mekauela Segobia, munduan ez jagok hi lango itaurrekorik!

        Jakina, Patxiren bildurrik ez neukan, baina aitaren bar

        dameak ikaratzen ninduan. Honek zaindu eragiten eustazan sagar eta idien adarrak. Etxeratu ginanean aitari esan eutson:

        — Oes! Periko, honeri errazino doblea emon behar jako.

        — Ondo portatu da?

        — Holango itaurrekorik ez dago munduan.

        Lanak egin eta gero nire amak afaria gertatzen eban. Patxi etortzen zanean, hau ere hobatxoagoa izaten zan. Afaldu on

        doren gure Patxi, bere aparteko jazagaz, bizitzan izan zituan gertaerak kontatzen hasten zan, eta gu pozik berari entzuten. Etxekoa ez zanik ez genduan uste izaten. Maite genduan benetan. Gazterik hit zan, 58 urte zituala, sei seme-alaba itzirik. Bere emaztea, Karmen, emakume ixila eta ona benetan. Bai Patxi eta bai Karmen senar-emazte zorionekoak ziran. Auzoekin matraka gitxi izango eben.

 

                Auzoen ondo nahia

                nahi dozu agertu?

                Eta edonorako

                laguntzeko gertu?

                Bakea eta poza

                zugan daiten sortu

                Patxiren bizitzea

                gogo onez hartu.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus