Urretxindorraren heriotza

 

        1942an Hazilaren 11an, usterik gitxien genduanean gaixotu egin zan. Benetan gaixotu ere. Min haundiz oheratu jakun. Osagileek ez ekien ondo min hareek zerenak Aran eta kontuan jausi ziranerako gaixoak egitekoak eginda eukazan aitaren gorputz ahulduan. Txarto joiala ikusi genduanean, Bilbora eroatea erabagi genduan. Esan eta egin. Bilbon, Gimonen klinikara sartu baizen laster Gimonek dei egin eta zera esan euskun:

        — Aita oso txarto daukazue. Uremiagaz josita dago. Ez dauka osatzerik. Orain hilabete hemen izan banu, beharbada, gaur arriskutik kanpora egongo zan.

        Aita osagileak zer esango eban adi egoan. Gimonek ahaleginik nahiko egin eutson, baina danak izan ziran alperrikoak. Aita laster konturatu zan gauza onik ez egoala eta ez eban Bilbon gelditzerik nahi. Etxera joatea gura eban, Usparitxako «Jeuri» baserrira. Beran azken arnasa hementxe emon nahi eban, bera jaio zan tokian, bere aita, ama eta aurreko Enbeitatarrak hil Aran txokoan. Gimonek 24 orduko bizia bakarrik eukala esan euskun, baina lau egun bizirik egin ebazan. Orduan, sendiko ginanok etxera ekartzea erabagi genduan. Aurrerago esan dodanez, aita zuhur egoan eta honela esan euskun:

        — Zer erabagi dozue nitaz?

        — Etxera eroatea.

        — Zer ederto!

        Hartu genduan anbulantzi baten eta Bilbotik urtekeran hauxe esan euskun:

        — Bidean zein herritan goiazan, herri bakoitzaren izenagaz esango deustazue.

        Galdakaora heldu ginanean adierazi geuntson:

        — Aita, Galdakaon zehar goaz.

        — Eustakio Eulia, nire bertsolari lagun zaharra hil zan herria. Otoi bat bere alde.

        Ba gentozan aurrera. Zornotzan bardin ziran itaun erantzunak. Bere hainbat lagun aitatu euskuzan. Autzaganeko aldatzean gora gentozala, konturatu egin zan nondik etorren eta etxera hurreratuz halako indar berri bat hartzen joiala esan eitekean. Ariatzara heldu ginanean, esan geuntson:

        — Aita Ariatzan gagoz.

        Eta zer uste dozue egin ebala? Etzunda egoan lekutik jezarri egin jakun. Osatzera joiala esan eitekean. Zurtz eginda geratu ginan. Gaua zan baina Ariatzako jendea ez egoan lo. Han egozan, farolak eskuetan ebezala itxaroten, Don Zoilo, Ariatzako abadea,lagun ebela, lau gazte, aita Ariatzatik Usparitxa Jeurira lepoan eroateko.

        Seirehun bat metro egongo dira. Gaur bide ederra dago berebilez igoteko, baina orduan basabidea zan. Ariatzarren portakizuna parebakoa izan zan. Heldu ginan baserrira. Ama zain egoan. Ezin leike azaldu aitak amari egin eutson harrera. Amak ezin eban berbarik egin, baina aitak ez eban negarrik egiten. Gozotasunik haundienaz hitz egiten eutson, amari pazientzia nondik emongo. Bere gelara sartu eta ohean jarri genduanean, ez eukan ezeren faltarik. Berehala hauxe esan eban:

        — Oraintxe nago zeruan. Neure denboran Jaunari azken arnasa neure jaiotetxe honetan emoteko zoria izan dagidala beti eskatu deutsat, eta eskatua emon deustala ikusten dot.

        Ariatzatik igon ebenak eta Usparitxa auzuneko beste batzu ere han egozan laguntzen, Pedro Jeurik zer esango ete eban begira —Kepa esaten dogu, baina Ariatza eta Usparitxa inguruetan «Pedro Jeuri» deitzen eutsoen.

        Mutilok gau osoa bertan egiteko gertu egozan, baina aitak, eskerrak emonaz, honela agurtu ebazan:

        — Gabon danori, eskerrik asko eta bihar arte Jaungoi

        koak nahi badau.

        1942garren urteko Lotazilaren 8an zan hau. Gau guztian erdi ametsetan ebilen. Begiak zabaltzen ebazanean gela guztira begiratzen eban. Ondoan ginala ikusten ebanean, irriparre gozoz esaten euskun:

        — Ba dakit nekatuta zagozena. Ondoen egingo dozuena da, batzu lotara joan eta besteak hemen nire ondoan gelditu. Holan txandaka hobeto ibiliko zaree. Baina bakarrik ez itzi.

        Lotazilak 9 goizean, hamarrak inguruan lozorrotik itxartzean:

        — Hemen zagoze?

        — Bai aita, hemen gagoz.

        — Zer ederto!

        Ondoan, horman eskegita egoan egutegiari orri bat kendu neutson. Bere aurreko aldean, eguneko santuaren izentzat, San Pedro jartzen eban eta aitari esan neutson:

        — Aita, gaur San Pedro eguna da.

        — San Pedro Bagilaren 29an izaten dok.

        — Baina egutegian Pedro jartzen dau.

        — Beste Pedroren bat izango dok.

        Apur baten ixilik egon ondoren, bertsoz erantzun eustan:

 

                San Pedro egunean

                oiaren ganean

                lanik ezin lei egin

                makal dagonean

                lan egin behar dogu

                beti ahal danean

                damu izan ez daigun

                gero azkenean.

 

        Honetan gangozala, hain maite eban Don Juan Arrospide heldu jakon bere emazte Juanagaz. Pozik hartu ebazan senar-emazte biak. Eskua luzatu eta bostekoa emonaz dirautse:

        — Eskerrik asko etorri zareelako.

        Don Juanek eta bere emazteak negarrari emon eutsoen. Aitak ez eban negarrik egiten, eta han ebilen senar-emazteok trankildu ezinik. Guztiok gengozan harrituta aitaren adoreaz. Don Juanek, ixilean, honela esan euskun:

        — Zuek ez dakizue aitak zelango minak daukazan eta harrituta nago hain eroapen handiagaz zelan daroazan bere heriotzaren azken orduetako une gogor honeek.

        Egia zan. Une batzutan, begiak itxi eta aurpegia izerdiz busti egiten jakola ikusten genduan. Arrospide osagilea ere bertsolaria genduan eta holango bertsoak jarri eutsozan:

 

                Agur Kepa on ona

                len gure Txindorra

                baina gaur oge hortan

                dirudik Mingorra

                jaunari opalduta

                bizitzako zorra

                pozik daruak heure

                azkeneko lorra

 

                Agur Txindor maitea

                zakiguz geznari

                Sabinegaz batera

                eskatzen jaunari

                gaizkatu dagizkula

                betiko Euskadi

                eta aintza ta aintza

                beti jaun onari

 

        Lotazilak hamar. Egun hau bisita eguna izan eban. Nik ez dakit zenbat, baina, gazte eta zahar, hainbat lagunegaz hitz egin beharra izan eban. Danentzako eukazan bere aholku edo kontsejuak. Iluntzerako nekatuta geratu zan. Ez nekatuta bakarrik, amaitzera joiala ikusten zan, hurreratzen joiakola bere bizitzaren azkena. Bertan behera gelditu jakon lo zorro baten balego legez. Honela jarraitu eban gau osoan.

        Lotazilak hamaika. Goizean, halango argi une bat izan eban. Danori begiratu euskun. Amari, ixil samar, indar gitxiko ahotsez, zera zirautson:

        — Agur, Benita emazte maite horreri, ba noa jaunagana. Otoi nire alde. Nire hutsak barkatu. Eta zuek, seme alaba, suhin-errain, loba... Euskaldun izaten jarraitu eta Abe-

        rriaren alde lan egin. Nik ahal izan dodana egin dot. Zuek zaree ondorengoak. Aurrekoekaz ez ahaztu. Euskeraz bildur bank egin. Euskera bank ez dago benetako Euskal Herririk.

        Honetan egoala, bertan behera gelditu jakun. Ez eban gehiago hitzik egin. Hemendik lau bat ordutara hil zan. Ixildu zan gure Urretxindorra. Usparitxa lutuz jantzi zan. Biharamonean bere hiletak. Garai txarra zan baina milaka lagun ziran hilerriraino lagundu eutsoenak. Usparitxatik hilerrira lau kilometro dagoz gitxi gorabehera, eta lau gaztek eroan eben lepoan. Goian bego.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus