Gabon eguna
Egun hau guretzat apartekoa izaten zan. Ba zan lehenagokoengandik etorren halako ohitura polit bat. Gabonak baino hiru bat aste lehenago, goiko hareztira joaten ginan Gabon mukurraren bila. «Goiko arezti» izeneko baso horretan gaztainadia ere ba egoan, ederra gainera. Negu guztian janala gaztaina hartzen genduan. Urrian izaten ziran gaztaina batzeak. Gaztainak batzeko denbora horretan aukeratzen zan, Gabon mukurra egiteko hareitzik onena zein izango zan. Gaztainadi honek ba eukan bere zera. Aita eta ni izaten ginan gehienbat gaztaina batzen ibiltzen ginanak. Aitari ez jakon lapitza eta papera falta izaten. Gaztainei kakoaz golpe batzuk eta bertsoak idatzi. Behin baten, bezperan eta biharamon goizean eratsi genduzanak nire amak behingo baten batu euskuzan. Ama ez zan konforme egin genduan beharragaz, marmar ebilen eta aita adarra jotzeko asmoz honela hasi jakon:
Atzoko arratsaldea
ez da gaurko goiza
gaztainak eratsiten
gabiz blisti blasta
andreak batu hala
erastea kosta
Amak gaztaina azpitik:
Zulango behargina
ezetako ezta
Ba ditu hainbat bertso eder goiko harezti eta gaztainadi horretan eginak.
Aurrerago aitatu izan dodan Gabon mukur horren ohitura hori urtero egiten zan. Aititagaz ere inoiz joan nintzan mukur horren bila, baina aitagaz sarriago. Ohitura hau derrigorrez egin behar zan gauza bat legez hartzen genduan. Gabon bezpera arratsaldean eta Gabon goizean txikitzen zan Gabon mukur hori. Honen zatiekin egiten zan suaren beroan, gertetan zan Gabon apari pozezkoa. Aitak honela dino:
Mangutsik dinbi danba
aizkorotsean
mukur txikitzen gogor
dabiz ertzean
montorrak egiten dabez
eskaratzean
apari gertetako
gaur arratsean
Apaltzeko mahaia gertu jartzen zanean, danok aitaren goiko gelara joaten ginan, han egoan Jesusen Bihotza hartu eta aita aurretik zala, «Kristo Gure Errege» abestuz ekarten genduan.Gero afaria hasteko zutunik otoi egin, mahaia bedeinkatu eta, aitita mahai buruko zala, sendiko batasunik ederrenean pozezko gabonak ospatzen hasiko ginan. Aitita hil ostean, aita izaten zan mahai buru egun eder horretan. Ez zan ezeren faltarik izaten. Afal ostean danok alai. Aitita hasiko zan bertsoz, gabon abestiz... Aitak errespetua izaten eutson bere aitari eta leun leun erantzuten eutson. Gu ere ez ginan isilik egoten. Amuma, ama eta sendi osoak parte hartzen eban, bakoitzak ahal eban neurrian, benetako demokrazia baten barruan. Aititak ba eukan aparteko bat egun horretan: Lehenengo Marijesiak eta ondoren inoiz itziko ez eban beste hau:
De daigun de daigun
kanta ta dantzan
sein eder honen etorreran
guztiok geunkan gabonen poza
ikusiteko seinan jaiotza
baso ondoan botile motza
espentzietan Jose harotza
baina noz
gaur jestisian ondo gagoz
Jeremiasek dino, halan Isaiasek
jaioko dala Jesus dino Mikeasek
hau entzun ebanian, Txomin dendarixek
hartu ta zorrozturik bere artazixek
egiteko sein honi josteko osoa
burutik behatzera estaldutekoa
De daigun de daigun...
Baina noz
gaur jesusian ondo gagoz
Aita txiroekin errukiorra zan eta beti gogoratzen zan egiteko honegaz. Gabonetaz daukazan bertsoetariko batzutan dinoanez:
Biztoki biko etxe
zabal batean
sendi bi bizi dira
bake bakean
alde baten aberats
bat, ta bestean
umedun alarguna
ezer ezean
Umetxuak amari
esaten dautse
etxe onean bauke
nahi ainbat gauze
dinoe «gabon bonbon
bete ta ase»
hareik dana ganezka
gu barriz gose
Umetxoak heuren ezereztasuna ama alargunari esaten dagozala, mutiko bat otzara beteaz agertzen jake ta honela esan:
Mutikoak dirautso
alargunari:
Josuren izenean
amatxok neuri
emon daust bezuzadun
otzara hori
danok egin daizuen
gabon afari
Alargunak:
Mutikoai dirautso
samur maitetsu:
amatxori mila esker
esan eiozu»
ta bere umezurtzei
eginik mozu
dino: «errukitu da
gurekin Josu
poztu ba enetxuok
poztu bai poztu»
Gaur egun ere gabonak ospatzen ditugu, eta beharbada aukera gehiagoz, baina, euki bardinean, askoz aberatsagoak ginan lehengo gabon jaietan. Sendi batuaren gabonak ziran. Gaur egun, ostera, sendi zatituenak dirala esan leike. Orduko sinismena eta eraspena garbiagoa zala uste dot.
Holan izaten ziran gure Gabonak. Bakoitzak barruan eukana garbi ikusten zan, bai bertsoz eta bardin kantuz. Nahiz eta txurrut polito egin, biharamonean egindakoaren errenkurarik ez zan izaten.
© Balendin Enbeita