Olerki sariketak

 

        1914garrena zan. Buenos Airesko Nekoetxea bazkunak Euskal olerki-batzaldi bat eratu eban. Kepa lehenengo geratu zan eta «Euskadi» saria irabazi. Beste batzuren artean, Imanol Enbeita, Errenderi... sarituak izan ziran. Usparitxa Jeurin dago gaur be, orduan atara eban urrezko domina ederra. Alde batetik holan dino: «Euskadi Jaungoikoa eta Lege Zarra». «Zazpiak Bat».

        Handik lasterrera, Baztan aldean uholde ikaragarri bat izan zan. Orduan ere, uholde horreri buruz biribilduriko olerki ederragaitik, diploma bat eskuratu eban. 1921eko Irailaren 4ean, Euskaltzaindiak, Astarloaren omenez, Durangon Euskal jai batzuk eratu ebazan. Aita, «Astarloaren maitia» izeneko lanagaz, olerki sariketan lehenengo geratu zan. 1924ean,

        Gure Herria»k, gai askoren artean, «Poesias Nacionales» eritxona eratu eban. Lehenengo saria aitak irabazi eban, bere jarraian Klaudio Sagarzazu, Jon Garbizu, Jon Ezenarro eta Manuel Arregi geratzen zirela.

        Kepa, Euskal bihotzari hamaikatxo zirkin eragindako bertsolari eta olerkaria genduan. Aita nora, jendea hara joaten zan.' Toreruak legez, sarritan, lepoan atara eben. Hainbeste barren ilun argitzen eben haren bertso aberkoiak. Ibiltze larregiak, nahiko gazte zala, hondatu eban eztarritik. Makaltze haundia sortu eban, bera ezagutzen eben herrietan. Hainbat mila abertzale egin zituan Urretxindorraren ahotsa, goizetik gauera makaldu egin zan. 1919ko urtea zan Laguardiara osasun bila joan zanekoa. 41 urte ebazan. Ez zan eztarrikoa bakarrik beran gaixoa. Ezkerreko birian mantxa bat eukan eta honek bildurtzen ebazan Don Juan eta bere beste osalari lagunak. Honetatik ondo osatu zan, baina eztarritik sekula ere ez. Eta bertsolariak daukan dohairik onena eztarri ona da, batez ere gure aitaren denboran. Gaur altabozak asko janzten gaitue. Lehen eztarria zan altaboz. 41 urtetik 63 urtera bitartean oso gitxi ibili zan. Izan ere, ez zan garai egokia. Miguel Primo de Riveraren zazpi urteko ditadura ere bitarte honetan izan genduan.

        Ba dauka «Kepa Enbeita Urretxindorra» izeneko bertso liburu bat, aita Onaindiak eta nire seme Kepak bilduriko bere bertsoekin, Argentinako Buenos Airesen argitaratua. Baina ez uste izan, beran bertso guztiak liburu horretan dagozenik. Baztango uholdea dala eta egindako olerkia, beste batzuren artean, ez da agertzen liburu horretan, nahiz eta geroago aita Lino karmeldarrari esker eskuratu dogun.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus