Aita, «Urretxindorra»

 

        Don Juan Bizkaian herri askotan ibilia zan, euskeraz hitzaldiak eginaz, Euskal Herria zer dan eta Euskaldunak zer eskubide daukagun herriari adierazten. Bera izango zan Gernika inguruetako herrietan abertzaletasuna zabaltzen hasi zan lehenengotarikoa. Nire aita Kepa «Urretxindorra» ere honek abertzaletua zan. Nire aitak 25 urte eukazanarte ez ekian mitina zer zan. Hona hemen berari entzuna: Hogeitabost une eukazala Getxon bertso-sariketa bat izan eben. Nire aitari garai haretan «Gernika» deitzen eutsoen. Getxoko sariketa hortara bost bertsolari batu ziran, lau giputz eta Bizkaitik bera. Aitak Getxon ba eukan lagun bat, Zelaia izenekoa, Lumoko semea. Hau ere bertsolaria zan eta honek eroan eban nire aita giputzen aurka jokatzeko, Bizkaiko ordezkari legez. Bertsolariak honeexek ziran: Txirrita, Pello Errota, Frantzesa, Aizarna eta Gernika (aita). Bertso saioa hasi aurretik, giputzetariko batek, Bizkaiko bertsolaria zer esan ez ekiala laster itziko ebela esan ei eban. Orduan aita eroan eban lagunak, Zelaiak, hauxe esan eutson:

        — Kepa, ez hadi presentatu. Ez joat gura lotsatuta gelditzerik.

        — Zergaitik? Gehiago egingo deuste, baina zer esan ez dakidala ez nabe itziko.

        Hasi zan bertso-sariketa hori. Aitari Aizarnagaz tokatu jakon. Aizarnak, bertso baten, urtebete eta erdi bako semea eukala esan eutson, eta semearentzat emaztegaia behar ebaIa. Hona hemen aitaren erantzuna:

 

                Zenbat pertsona diran

                hainbeste jenino

                Aizarnan arrazoia

                haundi dok orraino

                semeantzat nobia

                behar daula dino

                urte bete ta erdi

                ez ei dauz ondino

                zopak hobe leukezak

                nobixia baino

 

        Bertsolariak hartu eben bertso hau eta herriak «Gora Gernika» esanaz, osoan txalotu eban. Hemendik aurrera, giputzei eder eutsela eta, entzuleek, txalo artean «Gernika»ri lehenengo saria emoteko esaten eben. Epaimahaiak ere holan erabaki eban:

        — Gernikari lehenengoa eta Txirritari bigarrena.

        Hau jazo ondoren, Bilboko Bidebarrieta kaleko Batzokian sartu ziran eta bertan zera esan eutsoen:

        — Hauxe, «Gernika» izango litzake ona mitinetan berba egiteko.

        Aitak baietz erantzun eutsoen eta nahi ebenean dei egiteko. Reran izen abizenak hartu ebezan: Pedro Enbeita Renteria

        — Muxika.

        Handik laster hartu eban eskutitz bat, Bermeora mitin baten hitz egitera joan behar ebala esanaz. Aita estu egoan. Ez ekian mitina zer zan, eta, idazkia eskuan ebala, hor doa Don Juanengana. Hau etxean egoan:

        — Zer dakark Kepa?

        — Idazki bat hartu dot Bermeora joan behar dodala esanaz. Mitina dagoela eta bertan berba egin behar dodala.

        — Ederto mutil! Neu be ba najoak.

        — Bai, baina mitina zer da?

        — Ez dok inoiz inor plaza baten ikusi gizon aldra haundi baten aurrean berba egiten, eta danak berari adi adi entzuten?

        — Bai, baina honek neuk egiteko dino.

        — Egingo dok. Neuk emongo deuat hasierako zerbait idatzita eta gero atonduko dok.

        Esan eta egin. Heldu Aran Bermeora. Don Juanek egin eban lehenengo hitzaldia. Ondoren, Kepa Enbeita aurkeztu eben. Don Juanek emandako errezetatxoa laster amaitu eban eta ondorengoaz nahiko zer egin izan eban, baina ez ei eutson hain txarto urten. Egun horretan hasi zan ospe apur bat hartzen, eta, Don Juan irakasle ebala gure Euskal Herriko kondaira arakatzen. Euskadiko hegalak ondo arakatu ebazan. 25 urtetik 45 urterarte ez eban etxean egote askorik egingo. Ez nire aita zalako, baina Euskadik haulango profeta gutxi izango eban. Eztarri onekoa zan, dohai haundiko bertsolari eta gizon osoa. Lohi usaineko bertsorik ez eutson inork hari entzungo. Aitaren garaian ez zan altabozik eta, horregaitik, sarritan eztarria ahulduta etxeratzen zan.

        1911n, Gasteizko Obispaduak eratutako ibilaldi baten, Lurdesera joan zan. Hara joan ziran euskaldunak, aita ikusi ebenean, pilare baten gainera jaso eta bertsotan jarri eben. Atzerritar asko egoan entzuten eta zer esaten eban itauntzen. Orduko argazki bat ere ba daukagu eta bertan eztarriko zanak bistan daukazala abestuten ageri da.

 

* * *

 

        Mitinak egiteko, joan ahal izan ezkero behintzat, Enbeita beharrezkoa zan. Herria begira egoten zan hizlariak noiz amaituko zain, Enbeita entzuteko pozez. Lekuan jartzen zanerako txaloka hasten jakozan. Bertso askotan, barriz, bertsoa amaitu baino lehen txaloka eukazan. Kantari hasten zanean, hegaz egin behar ebala esan zeitekean. Ez zan egongo, ez, gaurko bertsolariak legez, eskuak sakelean, eperdi gainean edo garrian sartuta. Horretarako ez eukan adorerik. Bizia zan. Benetako «Urretxindorra». Kepa izan zan bertsolaritza tabernatik plazara atara ebana. Bertsoari merezi dauan jitea emon eutsona, esan nahi dot. Ondoren, Basarri izan dogu gure aitaren eskolari jarraitu deutsona. Eskertzekoa da berak egin dauan lana, eta bakoitzari berea emon behar jako.

        Don Juanek aita sarritan eroaten eban Gernikako BatzarTokira, Zuhaitz zaharraren txokora, hemengo liburuak arakatu eta asaba zaharrak zelan jokatzen eben ikastera, gero Euskadin zehar bertsoz abestu egian. Honela dino bere bertso batek:

 

                Zugaitz deun baten azpian oi zan

                asaben batzar-tokia

                herri bakoitzak eukirik hantxe

                bere aldunen aulkia

                han eiten ziran lagi guztiak

                han hartu erabagia

                ondoren zelan zainduko eben

                heuren euskaldun herria.

 

        Sabinen lehenengotariko laguna zan Don Juan. Sukarrietan lehenengo Batzokia edegi zanean lagun Aran eta urteetan ere alde gitxikoak: Sabin, 1865eko eta Don Juan 1871 koa. Batzoki hau edegi ebenean, Don Juanek esaten ebanez, Sabinek hitz honeek esan ebazan:

        — Gaur Euskadirentzat egunik ederrena. Aberriaren berbizkundea.

        Batzokia edegi eta egun gutxitara, Don Juan balkoitik behera Ikurrina eskegiten egoala, emakume batek, azpitik igarokeran, esku biekin oratu eta mosu bi emon eutsozan. Bera, harriturik, Sabinengana joan zan eta zera esan:

        — Sabin, gure Ikurrina eskegi dodanean, emakume batek, azpitik igarokeran, esku biekin oratu eta mosu bi emon deutsoz.

        — Zeuk ikusi dozu?

        — Bai, Sabin, neuk ikusi dot.

        — Orduan, emakumeak horretan hasten direnean... Euskadi laster askatuko da.

        Nire aitak, nahiz eta Don Juanen lagun handia izan, ez eban Sabin ezagutu. Baina maixu ona zan berantzat Don Juan, Sabin nor zan eta zelako gizona zan azaltzeko. Lagun bi honeek egin eben lana eta erein eben hazia, bere frutuak emoten dago. Maite eben herria, batez ere euskara. Nire aitak euskaldun bateri sekula ez eutson erdararik egingo. Edonon eta edonori lehenengo euskaraz egingo eutson. Ulertzen ez baeban, orduan, erdaraz hasiko jakon. Begira zer dirautson Deun Mikeleri ere bertso baten:

 

                Ezpata zorrotz hori harturik

                Deun Mikel agurgarria

                etor zakiguz kentzeko hemen

                daukagun erdalkeria

                berai jagokon tokian jarri

                daigun euskera garbia

                bestela zelan esango dogu

                hau dala Euskal Herria.

 

        Aita 1878an jaio eta 1942an hil zan. Esan leiteke lehengo belaunaldiko gizona zala, baina orduan ere gaurkoa zan. Aitaren orduko bertsoak eta esaerak gaur egun ikusten doguzanen bardinak dira. Argi ageri da, gaurko gizona zala. Gaur kondizino hareetako gizonak mesedegarri litzakez herriarentzat.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus