Don Juanen olerkiak
Euskaldunak zatozte ba gaur
Sarako zelai aldera
hartu txapela eskuan eta
jatsi belaunak lurrera
eta pozaren pozez pozarren
begiraturik ortzera
didar: Axular, Axular, zatoz!
jai hontan geure artera
Horra hor laino zuri eder bat
agertutzen dan ortzean
eta mendian zehar hor dator
Axular dakar gainean
Axularrek eskutik atso
zahartxu bat eri antzean
ama semeak dirudiela
eritegira bidean
Agur Axular herritar zintzo
eta mintzale onena
agur Axular hala behar ta
herriko seme maitena
agur Axular Euskal idazle
bikainenetan irtena
Axular zure Geroko Gero
betiko beti aurrena
Zeu eta zeure Geroko Gero
Euskararen oin sendoa
erosoaren erosoz
zure mintzaeraren gozoa
eztian legez gozoan gozoz
gozatutzen dun gogoa
baina xular lagun hoi nor dan
beronek erran dijoa
Ene semea ni naiz zure ta
Euskaldunaren Euskara
eta zuekin Euskal egunak
ospatzen nator Sarara
umeak aski berrikin berri
atsegintsu jai hontara
Hala ez naute sarturen inoiz
heriotzaren lezara
Nire bularrak iturritxo bi
beti beti txirtxi baten
uda ta negu gau eta egun
Euskaldunari ematen
baina neronen seme alaba
batzuk dakustaz joaten
amaz ahaiztuta erdal amean
ugatzetatik edaten
Ilea zuri aurpegia tximur...
... hau benetan da itzala
Ugatzak ikol, sabela sakon
hau da belaimen makala
ene gaixoa, neure burua
oinari adi dodala
baina gogoa oso pozarren
Axular zala ta dala
Horra gaur nire buruko baratz
honetan egin dan lana
lorarik lora lorategian
aratuarren dan dana
ondo ageri dago nik txorta
hoberik ezin dodana
eutsi ba berau bihotz bihotzez
ene Axular laztana
Itxartu da Bizkaia
lehor ta itxaso
huri eta baserri
haran, mendi, baso
aberats eta txiro
ume ta guraso
Sabinen ujujuak
itxartu eraso
Aupa gagoz Bizkaian
eta Gipuzkoan
aupa dagoz Araban
eta Naparroan
aupa Laburdin eta
aupa Zuberoan
Euskadiren mugarra
ez dau Bidasoan
Itxartuta jagirik
gaur gure zantzora
agindu nahi dozuna
eta edonora
su ta gar, hil nahiz bizi
lagi zaharrak gora
gora Euskadi gora
edo geu zulora
Itxartu Euskotarra
aupa eta jagi
eta bustarri honi
ediak ebagi
Euskadi Euskotartu
ekandu ta lagi
lan honetan anaiak
ez ibili nagi
© Balendin Enbeita