Don Juaneri omenaldia

 

        1933ko Garagarrilaren 10an, Muxikan, Udaletxearen aurreko Arana Goiri-tar Sabinen izena eroian enparantzan, herri osoak omendu eban Don Juan. 1 letan Meza Nagusia. Meza emoile Pedro Ojanguren, laguntzaileak Pedro Zalloetxebarria eta Julian Etxebarrieta, hizlari Uriarte jauna. Meza amaieran Iñaki Deunaren ereserkia abestu zan. 34 ikurrin agertu ziran batzoki, mendigoizale eta emakume abertzale batzakoak. Omenaldi haretan herri askok hartu eben parte. Ondoren, Sabin Aranaren enparantzan, bazkaria, zugaitz artean, eguraldi ederra eta giroa bardin. Don Juan Arrospide mahai buruko zala, bere jarraian lehenengo 12 abertzale apostoluak jarri ziran. Muxikako alkate Otazua eta Gernikakoa ere han ziran. Bazkaria Rufino Eubak, «Etxeko» tabernakoak, gertatu eban eta oso ederto gertatu ere. Bazkaldu eta jarraian,

        Don Juaneri eskeintza bat egin jakon: Gernikako margolari ospetsua zan Zaldunbide «Txaparrito»ren margo eder bat. Eskeintza hau, hitzaldi eder baten ondoren, Kepa Enbeitak egin eutson. Eta nor hobeto Kepa baino? Don Juanek abertzaletua zan eta une askoan alkarregaz ibiliak eta anaiak baizen maite ziranak. Holan hasi eban Kepak margoaren eskeintza:

        «Arratsaldeon. Aldi luzea igaro da. Eguraldia oso ederra dago. Edertasuna eta etorkizuna biak batera ikusten gagoz omenaldi honetan. Zugaitzak heuren igalietatik ezagutzen diran legez, Arana Goiri-tar Sabin bere jarraitzaileetatik ezagutzen dogu. Sabin ez genduan erdiz-erdizko gizona izan, gizon osoa baino. Abertzale bezela neurri bagea. Jon Arrospide, bere lehenengoetariko ikasle eta lagun, Sabinen irudi bera dogu: gizon, abertzale eta langile nagirik bagea arazo guztietan. Hemen eskeintzen deutsagun Zaldunbiden margo honetan baserri bat ikusten dogu, bere etarte zabalagaz: Arrospide baserritarra dala erakusten. Ondoan eleiza: Kristar bezela maite dauala agertzen. Eleizatik hurrean hareitz eder bat, Gernikako Zugaitzaren irudi, Askatasuna maite dauala esaten. Margoaren hegalean armarria: Arrospiden abertzaletasunaren beroa, ase ezinezko egarria abesten, bere askatasuna noiz ikusiko. Eta azkenez hiru margodun ikurrina: Arrospiden bihotzaren maiteena, itxaropenaren babesa.

        Abertzaletasunean, bardin Jel aldezko lanetan, geure irakasle zaitugu. Zuri eskerrak gaur Muxikan Aberriaren aldeko garaitza haundia daukagu. Lore barrien etorkizuna argitzen doa. Guzti honegaitik, Muxikarrok deutsugun maitasunaren ezaugarritzat, herri osoaren izenean, margo hau eskeintzen deutsugu».

        Hitzaldi honen ondoren, olerki bategaz amaitu eban Kepak berea:

 

                Gau baltz ondoren diz-dizka dator

                goitar eguzki argia

                Andere on bat gaixo agiri

                han doa osalaria

                Maitasun lanez osatu balei

                ama gaixoen zauria

                Seme horixe bai dala zintzo

                benetan omengarria.

 

        Honen ondoren Don Juan zutundu zan:

 

        «Ez dakit gaur egiten deustazuen omenaldi hau Muxika eta beste herrietatik etorri zareen guztiori zelan eskertu. Nire bihotza guztiontzat zabalik dago. Nik ez dot zuekin abertzaletasunean ezer egin; zeuek zeuen indarrez egin dozue. Gaur Muxikan izango da borondaterik haundienagaz otoi egingo dabenik jai honek ahal danik ondoen urten daian. Orain 39 une edegi ziran lehenengo euskaldun batzokiaren ateak. Handik gitxira, neu ikurrina jartzen nengoala, bidean joan emakume batek, geratu eta ikurrinari mosu bat emon eutson. Sabineri esan neutsanean, itxaropentsu erantzun eustan:

        — «Emakumeak Aberria maitatzen hasten badira, laster askatuko gara.»

        Gaur emakumeak askatasun bideetan aurrera doaz. Goralpenik haundiena heurak merezi dabe. Batak bestea maite izan behar dogu, egiazko batasun bat lortu, euskotar eta abertzale bezela, gure Euskadigazko itxaropenak hainbat arinen bete daitezan.»

        Arrospiden hitzak gogoz hartu ebezan omenaldira heldu ziranak. Batzuk, begiak malkoz, aita on bateri entzuten jakon eran; danak adi.

 

* * *

 

        Gaur, Don Juanen sendikoetariko bat bizi da: beran alaba Itziar, Don Frantzisko Alegria osagile zanaren alarguna, bere guraso eta neba Jonen antzera argi eta egizko euskalduna. Bere alaba eta suinagaz Gernikan bizi da. Aita, Ama, neba eta senarraren argazkiak bere etxeko egongelan jarrita daukaz; baita aitaginarreba, Don Domingo Alegria, Gernika eta inguruetan entzute haundiko osagilea zana eta Don Jose eta Don Klaudio, koinatu bienak ere. Egongela ingurua hildakoen oroigarriz ondo betea dauka. Bisitaldi batean zera esan eustan:

        — Argazki honeeri begiratuaz halako barruko poz bat sentitzen dot. Hil ziran, baina heuren izen ona herrian bizi da eta horrek nire atsekabe edo bakardadean lagundu egiten deust.

        Itziar margolaritzan zaletasun haundikoa izan da beti eta ba ditu margo eder batzuk, berak eginak. Beragaz hitz egitea pozgarria da. Gauza asko daukaz barruan gordeak. Ez da edozelan hitz egiten hasiko, baina ba dau historia luze eta gauza jakingarririk, bere aitarenak batez ere. Ez da harritzekoa.

        1952ko Maiatzaren 15ean, Isidro Deunaren egunean, hil zan gure Don Juan, 82 urte zituala. Gernikara joanda egoan, bere alaba eta lobakaz bizitzera. Euskera eta Aberria gogobihotz barruan ebazala, gure eusko gudari iraultzailea lozorro baten ixildu jakun, baina bere ekintzak bizi dira eta biziko. Barruz eta ekintzaz oso aberatsa zan, nahiz eta eukietan txiro bizi.

 

                Maitasunagaz jokatzen eban

                behartsuari laguntzen

                Bere lanaren ordainik

                sarri ez zuen eskatzen

                Hil ondorean Don Juan nor zan

                Herriak deusku aitortzen

                Naiz ta gorputza lurrak iruntsi

                ekintzak ez dira galtzen.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus