Hausteskundeak eta Don Juan

 

        Aspaldiko urteetan baino garai haretan, 1936 aurretik, hauteskundeak sarriago izaten ziran. Mahaiko buru Don Juan izaten zan, Muxikan behintzat. Gaurko beste partidu ez zan orduan: Abertzaleak edo bizkaitarrak (Sabindarrak), karlistak eta monarkikoak (espainolistak). Muxika eta inguruetan azken honeek ziran nagusi, baina gero abertzaleak garaitu eben. Muxikan, Ibarrurin eta beste herri askotan abertzaletasuna zabaltzen lan asko egin eban Don Juanek. Lehenengo abertzalea edo abertzaletasuna zer zan ekiana bera izango zan. Gero laster egin zituan lagunak eta onak gainera. Hamabi ziran lehenengokoak. «Hamabi apostoluak» deitzen eutseen, eta benetako apostoluak izan ere. Hona heuren izenak: Damaso Uruburu, Juan Insunza, Martin Zaldunbide, Zelestino Uruburu, Gutierrez Insunza, Kepa Enbeita (aita), Eugenio Ugalde, Nikolas Uribe, Gabino Ealo (aitaginerraba), Juan Jose Lamikiz, Luis Basterretxea eta Jose Apraiz.

        Don Juan eta hamabi apostoluei esker, herriak abertzaletasunaren aldera gurpil haundia hartu eban. Hauteskundeak gaur baino garrantzi gehiagogaz egiten ziran. Orduan edozeinek ekian zeintzuk ziran norberenak eta zeintzuk bestearenak. Bakoitzak bere aldetik fin jokatzen eban. 1977ko hauteskundetan ez egoan holangorik, izan ere, ez zan erreza egoan nahaste-borrastea ulertzen: batzuk nori botoa emon behar jakon itauntzen, beste batzuk nori emoten eutsen ez ekiela. Batek ba daki zenbat klaseko porrusaldea zan.

        Gure Don Juan mahaiko egoten zan garaian beste gauzarik izaten zan. Gauza xelebre batzuk ba ziran orduan be, esate baterako, 1920tik 1925era bueltan botoak ordaindu egiten ebezan. Ohitura hori nire aititaren garaian ere ba zan. Baina benetako abertzalerik erosteko dirurik ez egoan, aitatzera noan gertaerak argi izten dauan legez:

        Hamabi apostoluetariko bat, Gabino Ealo, gorputzez haundia ez, baina izatez osoko gizona, ba joan botoa emotera. Kaziketariko batek, botoa beregandu nahian, dirua eskeiniz bidera urten eutson:

        — Gura dozak 300 pta.? (Garai haretan dirutza haundia). Gabinok, irriparre eginaz:

        — Dirurik ba daukazu gero!

        — Bai, lehen be gizonak erosi joaguz.

        Baina Gabino aurrera bere bidean. Geroago, kolejioko ateetan, beste kazike batek:

        — Gura dozak 400 pta.?

        Gabino, honeri be aurrekoari legez barre eginaz, barrura sartu zan eta Don Juaneri bere boto papera emon urnara sartu eian. Kanpora urtekeran, kazike bieri irriparrez esan eutsen:

        — Orain ez daukazue dirurik?

        Don Juanek jasokun honen barri jakin ebanean, gozatsu egin eban barre.

        Hurrengo hauteskundeetan gertaturikoa politagoa zan. Gabinok errentadore bat eukan, bata zein bestea ardura ez eutsona. Herriko kazikeek, beste asko legez, eroaten eben, botoa emon eta gero, ogia ardaua eta makailau errea emoten eutsoelako. Urte haretan Gabinok, hauteskunde aurretxoan deitu eta esan eutson:

        — Txomin Zuri, (gaitzizena) botoa nori emoteko ustea daukak?

        — Ez dakit ba, makailaua eta ogia egongo dala esan deuste eta...

        — Hara, egon hadi ixilik, ez inori esan, eta abertzaleeri emoteagaitik 25 pta. neuk emongo deuadaz.

        — Bueno...

        Gabino mahaiko laguntzailea zan. Gure Txomin Zuri han doa zuzen. Kolejioko ateetan egozan bere lehengo lagunak ez eben uste Don Juanen alderdira joango zanik, baina Jose Apraiz, abertzaleen aldekoari boto papela hartu eta Gabinok agindu eutson lekura bota eban. Don Juanek, barre eginaz, Gabinori:

        — Hire beharra izango zuan hori.

        Kazikeak ez ziran konforme, baina eginak eginda. Bera 400 ptagaz erosi ezin eta berak 25 ptagaz heurari bat kendu.

        Batak dirua baino Herriaren ona nahiago. Bestea tripa betetzeagatik nahi nora. Zoritxarrez holango asko izan doguz eta daukaguz gure Aberri gaixo honetan. Batzuk ez jakinak diralako eta beste batzuk, jakinaren gainera, Aberriaren saltzaile; eta, oraindik txarrago, ezjakina atzipetu (engainatu) eta honen lepotik bizi diranak. Noiz arte?

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus