Don Juan Arrospide

 

        Don Juan nor zan eta bere ekintzaren barri zehaztasun guztiekin adierazteko beste ni ez nazala aitortu beharrean nago. Beran bizitzako eginkizun guztiak idatzi behar bagendukez idazti haundi samarra beharko litzakeelakoan nago. Beraz, hemen puntu batzuk bakarrik jarriko doguz, irakurlea bere gizontasunaz konturatu daiten: Apala, itzal haundikoa, ez jakin antzo agertzen zan argi eta jakintsuenetarikoa, ongile, langile eta txiroekin errukiorra.

        1869ko Urriaren 7an, Busturiko Eskibil baserrian jaio zan eta egun berean ugutzau (batetau) eben. Bere izen abizenak, Juan Bautista Arrospide Omagogeaskoa. Gurasoak, Jose Angel eta Maria Josepa. Aitabitxi Amabitxiak, Migel Zearra eta Ramona Arrospide, Busturiko seme alabak. Bateatu eban abadea, Mariano Amunategi.

        Sabin Aranaren lehenengotariko laguna zan, urteetan ere alde gitxikoa. Alkarregaz hartuemon haundia eukela jakiteko, Sabinek egiten eutsazan gutunak irakurtzea baino hoberik ez dago. Hona hemen, 1900eko urtarrilaren 13an Sukarrietatik Muxikara idatzitakoa.

        Gure Don Juan gaixoen arazoetan nagirik bakoa zan. Behin dei egin ezkero, laster joango zan gaixoa egoan tokira.

        Ez eukan gau ez egunik ez eguraldi txarrik. Ondo ez egoala ikusten baeban ez zan barriro dei egin beharrik izaten. Gaixoaren ona ikusi arte jarraituko eutson eta txiro samarra bazan, ulmadapean sariren bat itzi bank ez zan aldenduko. Begira behin Ibarruriko auzone baten zer egin eban:

        Ibarrurin ba da Gomeztei deitzen deutsoen auzone bat. Garai baten ospe haundikoa zan. Heuren idi eder eta burdi nagusiekin (Bolanteak deitzen jaken), Bermeoraino ikatza zein egurra eroaten eben. Gau baten, etxe ondoko tejabanan, Ramon «Kitanoa» deitzen eutsoen entzute haundi samarreko kitano bat bere karro, zaldi eta sendi guztiagaz sartu zan. Baina, Ramonen emaztea seina egiteko egoan antza, eta, suertez be, gau haretan larritu zan:

        — Ramon, sein barri honek ateak jo ditu eta ondo hartzeko laguntasuna beharko dogu.

        Ramon, bere zaldia hartu eta tximista bezain azkar, Don Juan bizi zan Muxika Astelarreko auzonera joan zan.

        Kax jo eban atea eta Don Juanen emazteak goiko leihotik: leihotik:

        — Nor da?

        — Ramon kitanoa.

        — Zer behar dozu ba?

        — Emaztea daukat seina egiteko eta mesedez Don Juan etorriko balitz...

        — Itxaron apur batean.

        Gizonarengana hurbildurik:

        — Juan, Ramon kitanoa.

        — Zer dino ba?

        — Emaztea seina egiteko daukala eta mesedez joango zaran.

        — Baietz esan.

        Ramon baietza entzutean, bere zaldiagaz pozik galapan joan zan. Don Juanek jagi eta bizkor Ramonen jarraian urten eban. Austin izeneko berebil txikitxo bat eukan, barruan lagun bi hartzen ebazana. Ibarrurira Ramon eta biak erdi batera heldu ziran. Pozik hartu eben. Seina egin behar eban ama lurrean egoan. Azpian, zaku batzuk, zaldi manta eta kitanoak erabilten dabezan erako jantzi batzuk. Don Juanek emazteari ondo begiratu ondoren, Ramoneri:

        — Oraindino ez dago priesarik eta ba noa, baina laster etorriko naz.

        — Nora?

        — Etxera, gauza batzuk ahaztuta itzi dodaz eta hemen naz behingoan.

        Esan eta egin,ordu erdi barru han zan Don Juan, manta eder bat izara bi eta bere emazte Juana Basabe lagun ebala. Gaixoa zelako premian egoan ondo ikusi eban. Seina egin behar ebana izara bien erdian eta manta ederra gainetik ebala dotore jarri eben. Hau egin ondoren, bai osagile, Juana emaztea eta Ramon, ondoan adi eukazan etorriko zan sein barriak kanpoko ateak noiz joko ete ebazan. Bere orduan heldu zan. Osagileak, mangutsik jarri, beso biak erremangatu eta egitekoak garbiro eginagaz, haurtxo barria eskuetan hartu eban. Jaio barria eta ama ondo egozala ikustean, Don Juan pozik, irribarrez, bereak baziran legez, kontu kontari hasi jaken. Ramonek ez ekian zer egin eta esku zabal agertu nahirik:

        — Don Juan, eskatu zenbat emon behar deutsudan. Don Juanek irribarrez:

        — Nirea eginda dago. Izarak eta manta zeuontzako, baina mesedetxo bat egin behar deustazu.

        — Zer da egin behar dana?

        — Jaio dan neskatotxo hau bihar goizean Ibarruriko Eleizan bateatu. Horixe da niretzako erregalurik ederrena.

        Hau esanagaz Don Juan bere emazte Juanagaz etxeratu zan.

        Biharamon goizean, esan eta egin, Ramonek, Don Juanek agindu eutson legez, bere alabatxoa eroan eta Miren Ibarruri izena jarri eutson. Bertako parroko zan Ozkozek bateatu eban. Beharbada Eleiza haretan bateatzen zen lehenengo kitanoa izango zan.

        Ramonek, ez eukan Don Juanek egindakoa ahaztuta. Ingurutik igarotzen zanean bisitatxoa egin barik nekez joango zan. Jazokun hau izan eta gero, gerra ostean, 1944ean, Ramonen alaba hau, 18 urte ebazala, kitanoak ibili ohi diran legez, eskean etorri zan gure baserrira. Don Juan ere bisitaldi bat egitera etorrita, etxean egoan. Etartean kontu kontari ginala, gure artera sartu zan. Bere aita legez, alabea be, euskaldun ederra zan. Don Juan itaun batzu egiten hasi jakonean, Ramon kitanoaren alaba zala esan euskun, Ibarrurin jaioa eta Miren Ibarruri izenekoa. Hau entzutean gure osagileak negarrari emon eutson. Orduan neskatoak:

        — Ene bada! Eta negar egiten dau.

        — Bai alabatxu, zu neure eskuetatik jaioa zara.

        — Hara! Orduan berori Don Juan da! Nire aitak sarri esaten dau, berari Muxikako Don Juan sendagileak egin eutson mesedea berak sekula ezin leikiola ordaindu.

        «Mesede egina nahi non eder.»

 

* * *

 

        Gaur be Don Juanen itzala, bera ezagutu gendunon artean, etxeko aita on baten hutsunea legez nabaritzen dogu. Ez zan bakarrik gaixoen osagilea, gogo bizien osagilea zan, nahigabetu, ezbehardunen euskarria. Herri minez, herri maitasunez ase ezinezko bihotza eukan. Lanetik bizi zan eta irabazten ebanagaz behartsuei zabaltzen ekian. Ramon kitanoagaz egin ebana nahikoa da jakiteko.

        Don Juanek Batxilergo ikasketak Busturin egin ebazan. 1890ean amaitu eta Zaragozara osagile ikastera joan zan. 1897an egin zan osagile. Handik hiru urtera, 1900eko zezeilaren 3an, San Blas egunean Dña. Juana Basabegaz ezkondu zan. Gernikarra zan, irakaslea, emakume argi eta langilea. Don Juanek, berak behar eban moduko emaztea emon eutsola Jaungoikoak esaten eban. Gabaz nahiz egunez, gaixoak bisitatzera joaten zanetan, joateko eran baegoan behintzat, Don Juaneri laguntzen joango zan eta etxeren baten ezer falta bazan, mesede egiteko aurrenengo jarriko zan. Don Juan baino urte batzu aurrerago hil zan. Hilotzik egoan Juanaren gorpuaren aurrean, Astelarran, bera bizi izan zan etxean, begiak malkotan ebazala, emakume batek honela esan eutson:

        — Ai Juana gurea! Hamaikatxu esturaldietatik atara gaituzu zure limosnak direla bide. Nire legez beste askoren gose asetzaile izan zaitugu.

        Holakoxea genduan gure Juana Basabe.

 

* * *

 

        Don Juanek, ezkondu aurretik, Muxika eta Ibarruri bere ardurapean hartu ebazan. Benetan hartu ere: 50 urtean hemen izan genduan, gerra ostean herbesteratu eben arte. Santanderko «Corrales de Buelna»ra bialdu eben, bere bizitza gaixoen eta txiroen ona nondik egingo beste amesik erabili ez eban gizon esku-zabal, bardingabea. Herbestean denbora zati bat egin ondoren, lehengo bere txokora, Muxika Astelarreko lehen bizi zan etxera, etorri jakun. Baina bidean, etxera baino lehen, Bilbon kalean etorrela, bere seme Jonegaz topo egin eban. Hainbat denboran ikusi barik eukan bera baizen seme jator eta osagile goi mailakoa, makinatxo bat mesede egiten egoana, osagile legez eta behartsuekin bere esku zabalez. Topo egin eban bai, kale erdian, eta zelan? Guardiazibil biren erdian eta alkarregaz hitzik egin ezin. Bere semea halan ikusi ebanean, gure Don Juan zelan geratuko zan, berak bakarrik jakingo eban.

        Jon sarritan sartzen eben kartzelan. Sartu-urten bakoitzean diru zati bat kendu eta bitartean amenazua ugari. Noiz edo noiz gure Jon aske itzi eben, baina eukazanak kenduta. Bere eginbeharretarako hara-hona erabili behar eban berebila ere eroan eutsoen. Bilbon, Basurtuko gaixo-etxean eukan kargutik kanpora itzi eben eta ez eukan bertan sartzerik. Baina Jon osagile eta gizon legez ospe haundikoa genduan. Herriak maite eban eta gaixoak ba ekien Jon errukior, apal eta kontzentzi haundikoa zana. Beragana joazan gaixoak oso maitaki eta apal hartzen ebazan. Txiroa bazan, esku zabal agertuko jakon. Begira gaixo bategaz zer egin eban: Abade gazte bat zan eta abade honek neuri esana da.

        Birietako gaixoagaz nahiko txarto jausi ei zan abade hau. Honetan, Jonengana jo eta Jonek zelan egoan ikusi ebanean, bere kontura hartu ei eban. Osakai batzukaz eta emon eutsan erregimenagaz hobarantza joala ikusi ebanean, Arabako Laguardiara joan behar ebala agindu ei eutson, urtebete han egiteak mesede haundia egingo eutsola eta. Esan eta egin, guztiz osatu zala inoan, eta orduan Joneri esan eutsola:

        — Jon, orain, nigaz egin dozuzan lanak, osakaiak etab. ordaindu egin behar deutsudaz.

        — Nigaz ez daukazu zorrik.

        Eta oraindino sakelera eskua sartu eta diru papel txorta bat emon ei eutson.

        Jon holako asko egina zan. Gaixoetatik aparte, Euskera eta Herriaren alde zenbat mesede egin eban Jaungoikoak daki. Batek honela esan eustan:

        — Jon osagilea hil dala dinoe eta hutsune haundia itzi deuskula, baina osagile haundi hori galdu izatetik aparte, gizona galdu dogula sinistu daigun.

        Egi biribila benetan.

 

* * *

 

        Don Juan Astelarrako lehengo bere etxera etorri zala esan dogu. Hainbat urtean alai eta baketsu bizi izan zan lekura pozik sartu zan. Eskaratzeko eta gela inguruetako bazter guztiak arakatu ebazan, baina ez eban ezer aurkitu. Etxean itzi ebazan gauzarik gehienak, osagile arazoetarako tresnak etab. eroan egin eutsoezan. Bai Muxikara eta Ibarrurira gaixoak ikustera joateko behar beharrezkoa eban berebila ere kendu eutsoen eta gure Don Juan oinez ibiltzen zan. Ibarrurin Meumera eta joan behar ebanetan, asto burditxoan joaten zan. Honetarako ba eukan mutil gazte bat, Patxi Arbe, Ariatzako Ordorika-goikoa deitzen dan baserriko seme bizkorra. Honek, urrun joan beharra eukanetan, bere asto eta burditxoagaz eroaten eban. Gaixoak pozik hartzen eben gure Don Juan. Maite eben, baina berak ere maite ebazan Muxika eta Ibarruriko baserritarrak.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus