Saragia eta aittitte Bixenti

 

        Txotxo Jeuritzaz idazterakoan Ariatzako jaiak aitatu dodaz. Jai honeek inguruan oso ospetsuak dira, batez be bere saragiagaitik. Histori luze eta mardula dauka saragi honek. Urtero «Itxupiko» laban, jaien bezperan, makailau janagaz jaiotzen da eta, hurrengo igandean, jaien amaieran, ohorez eta errespetoz hobiratzen dogu. «Saragiaren Entierru» hau urtero ezbardina izaten da. Honetaz nire loba Deunorok liburu bat egiteko aina datu eta histori baturik dauka. Nik, labur labur, bere sorrera aitatuko dot.

        Irailaren hamalaua, Gurutze Deunaren eguna, Ariatzako jai nagusia da. Antxina, Meza nagusiaren ostean, eleizako bankua eleizaurrera atara eta bertan.alkatea, aguazila eta parrokoa jezartzen ziran. Ondoren zaharren aurreskua hasten zan. Gazteak alkateari, aguazilari, parrokoari eta aurreskulariei ardaua ekarri behar izaten eutseen, heuren pitxartxuak hartuta, Prantziskaren tabernatik. Gero jaietako aurreskuak hasten ziran, aurretiz besa eskatuta euken ordenan, eta aurreskulari bakoitzaren lagunek bardin ardaua ekarri behar izaten eben. Baina Prantziskaren taberna plazatik ehun eta berrogeitamar bat metrotara egoan eta bidea luze egiten zan.

        1989 garren urtea zan. Gazteek hainbat joan etorriekaz nekaturik, saragia bertara ekartea hoba izango zala pentsatu eben. Batu ziran plaza mutilak eta alkatearengana joateko batzorde bat sortu eben. Alkatea ezezkora egoan. Prantziskaren tabernak galtzea izango ebala, auzonean bakea behar zala... etab. Aran bere arrazoiak. Baina gazteak hain gogor ikusirik, udaletxeko plenoan erabagiko zala eta erantzuna berak ekarriko ebala esan eutsen. Hurrengo goizean lau gazte, Bizente Bilbao, Nikolas Uribe, Ziriako Sardui eta Damaso Uruburu, han egozan udaletxearen aurrean, erabagiaren zai. Ezezkoa emon eutsenean, Ariatzara etorri eta sarreran dagon «Montorgane» izeneko tontorrean alkateari itxarotea erabagi eben. Udaletxea Ugarte auzonean egoan eta alkatea, tsizenLe unuaoarrena IGCICL eta «****atxu» ezizenez, Ariatzako «Ordorika goikoa» auzokoa zan. Etxera joateko Montorgane igaro beharra eukan. Agertu zanagaz batera harrika hartu eta bere etxerarte aurretik eroan eben. Etxean sartu ondoren leihora urten eutsen esanaz:

        — Neuk astinduko zaituet zuek bihar. Mikeleteei deitudeutset.

        Mutilak erantzun:

        — Guri baietza emon arte ez dozu etxe horretatik urtengo eta ezin izango deutsozu inori deitu.

        Alkatea konturatu zan eskaria serioa zala eta arratsalde haretan baietza emon eutsen. Holantxe sortu zan gehiago etenik izan ez dauan Ariatzako Saragiaren jaia. Ariatzar guztiok, zahar eta gazte, ama baten moduan, bere inguruan batzen gaitu anaitasun eta alaitasunez.

        Inoiz ez dauala etenik izan esan dot eta egia da. Jairik egin ezin izan danean be bezperadako makailau janik, saragiko ardauagaz, ez da Itxupiko laban faltatu. Urte gatxetariko baten gertatutakoa edesiko deutsuet. Gerra denbora zan. Ariatzatik, zahar bat edo bi izan ezean, guztiak gerran ebiltzan. Santakurtze bespera zan. Ariatzako «Marineruena» izeneko tabernan gizon bat nahikoa goibel egoan. Gizon hau Ariatzako historian pixu haundia izan dauanetarikoa zan, ariatzar guztiok asko maite genduana eta beti gogoan daukaguna: Bizente Bilbao, auzotar guztiontzat «Aittitte Bixenti». Une haretan herriratu zan eta taberna berean sartu ahaztu ezin dogun beste gizon jator bat: Nemesio Undabarrena. Alkar ikustean, zer esan ez ekiela gelditu ziran eta besarkada luze baten ondoren, hasi ziran azkenean barriak kontatzen. Honetan egozala, Bixentik:

        — Nemesio, gaur Santakurtze bezpera dogu eta gure laban makailau jana egiteko ez daukagu inor.

        — Bai, Bixenti, holan da; baina makailaua ba daukagu eta ogia ta ardaua hartu eta biok zuen laban, ariatzar danen izenean, beti ospatzen dogun jai anaikor honeri eutsi behar deutsagu.

        Biak bietara, zeremoni baten antzera, afaria amaitu ebenean, Bixentik esan eutson:

        — Ba dakizun Nemesio, egin dogun hau garrantzi haundikoa dala?

        — Bai, egia Bixenti, orainarteko kordelari etenik barik eutsi deutsogu. Egin doguna ariatzarrak ontzat hartuko deuskuela uste dot.

        Holantxe iraun dau eta gaur ere Ariatzan aurrera diardu saragiaren oiturak.

        Aitatu dodan gure «Aittitte Bixenti» 86 urtegaz hil zan. Festazalea zan. «Beti gazte» esaten geuntzon. Hamaika bertso zahar ba ekian eta abestu ere oso ondo egiten eban. Beti umore onean ebilen. Bere ogibidea zestogintza zan eta horretarako erabiltzen eban laban egiten zan, eta gaur be egiten da, bezperadako makailau jana. Etxearen izena «Itxupi». Ariatzarrontzat «Itxupiko Laba» sakratua da.

        Iluntzetan sarri alkartzen ginan edo Anjelen tabernan edo Pedroren (Ajuria) tabernan. Ardau apur bat edan eta bertso zaharrak abestuten genduzan. Ez zan umore ona faltatzen, baina gure Bixenti ez zan berandu zalea eta etxerako ordua heltzen zanean, gelditu arazteko ahalegin guztiak alperrik izaten ziran. Bertso hau izaten zan beti bere agurra:

 

                Gure etxean lau oilo dagoz

                lautatik hiruk failua

                Bostgarrentxua kukurrukuka

                tantaian gora dijua

                Adio Jaunak beste bat arte

                juan zan dibersiua.

 

        Bere gizontasuna argi itzi euskun heriotz aurreko jaietan. Santakurtziak ba etozan hurreratzen eta gazteak, aittitte Bixenti hain gaixo ikusirik, bezperadako makailau jana bere laban egin edo ez zalantzan egozan. Bixenti gaixorik baina zuhur egoan eta, bere seme Patxikoren bitartez, saragiko arduraduneri dei egin eutsen. Mutilak ez euken birritan esan beharrik beti ondo hartzen ebazan aittitte Bixentigana joateko. Inguratzean hauxe esan eutsen:

        — Gero, urtero gure laban egiten dan makailau jana ez itzi egin barik. Orain arteko eran ospatuko dozue, alai, baketsu eta anaitasunez. Baina mesedetxu bat egin behar deustazue: Saragia hasten dozuenean, lehenengo ataraten dozuen ardaua Pitxertxuan hartu eta ekarri.

        Eguna etorri zanean eta gazteak saragiko ardaua eroan, oratu eutson esku biakaz pitxertxuari eta trago bat egin ondoren:

        — Hau da ardau bedeinkatua. Eskerrik asko mutilak. Ez itzi jaiak egin barik.

        Holakoxea gendun gure «Aittitte Bixenti». Bere seme Patxiko, «Patxiko Itxupiko», itzi euskun ordezko. Aita legez zesterua, gizon osokoa, abesti eta bertso zalea; nahiz eta urteetan luze, espirituz gazte eta umoretsua. Zelango hareitza, halango sospala. Urtero, Santakurtz besperadarako, laba inguruak argi eta garbi eukiten ditu.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus