Anjeltxu

 

        Aititak ba eukan beste anai bat Anjeltxu deitzen eutsoena. Aitita baino urte batzuk zaharragoa, erdi bertsolaria, eta, hortik kanpo, flauta eta dultzaina joten gitxi langoa. Bere aitak, juergistatxoa zala eta apur bat baretu eiten, «Oka Zapateruena» deitzen eutsoen baserriko emakume alargun gazte bategaz ezkontza ipini eutson. Baina ez ziran konpontzen nonbait eta, ezkondu eta hamargarren egunean, barriz Usparitxara, aitarengana, jo eban. Aitak ikusi ebanean, harriturik:

        — Zer jazoten dok seme?

        — Haregaz andra demoninoagaz ezin bizi leiteke eta iges egin deutsat.

        — Mutil, hori ezin leiteke egin. Hori lotsagarria dok, bai zuretzat eta bai etxeko guztiontzat.

        Aitak buru gehitxoago eta ondo esanean hartu eban bere seme Anjeltxu:

        — Hara seme, bihar zapatua dok eta biok joango gozak ilunabarrean. Neuk ordainduko joat kantera bat ardau. Gauza honeek sagraduak dozak eta zelan edo halan atondu egin behar dozak.

        Esan eta egin. Han doaz Okako Zapateruaren baserrira kantera ardau hori hartuta. Dan, dan, jo dabe atea eta andra alargun harek, Anjeltxuren emaztea zanak, urtetan deutse atera eta harrera onez hartu ere.

        Eskaratzean sartu ziranean patxaran jarri ziran eta, autumutuetan ebiltzan bitartean, Anjeltxuren emazteak afari ederra jarri eutsen. Afaria janez ardaua ere polito baten garbitu. Garai haretan ez zan edonon ardaurik edango. Txurrut eta txurrut, hasarreak amaitu ziran, baita bakeak egin ere, ezer jazo ez balitz legez. Aita, semea alargun haregaz itxita, etxeratu zan, pozik gainera, bere kantara ardauak milagroa egin ebala eta.

        Gizonaren espiritua indartsua izango da, baina bai ardauarena ere. Ez ziran sekula gehiago banandu. Hil arteraino alkar maitatuaz bizi izan ziran. Emaztetzat hartu eban alarguna gero ere alargun geratu zan. Anjeltxu 84 urte ebazala hil zan. Emaztea ere handik lasterrera.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus