Muxikako probak

 

        Muxikan pasatu da,

        hau da komedie

        teile posture egin da

        joan Bizkargire.

        Handikan bueltatu ta

        Taberna-barrire

        probia armatu da

        jira eta bire

 

        Hamabi ta erdietan,

        ha zan tertzioa!

        gizonak eukiteko

        ona juzioa.

        Agustin alkatie

        Lupariakoa,

        kontrarioa barriz

        Markez Jaurikoa.

 

        Posture armatute,

        bai ere jokatu,

        irabazi ebanak

        ezin leiken galdu.

        Harro dabilenari

        zer jakon gertatu

        galdu eta berandu

        gero akordatu.

 

        Lumo aldetik jaku

        kontrakoa agertu,

        Joakin Agerrekoak

        posture zarratu.

        Baina haren esanaitik

        ez gendun pentsatu

        Astelarre-n eingo zan

        probarik jokatu.

 

        Esandako berbie

        han eban kunplitu

        bai eta sasoirako

        idiek plantatu.

        Lenen Muxikarrari

        jaken suertatu,

        bigarrenak arraiek

        ez zitun zarratu.

 

        Lumo baino gorago

        dago Erregoiti

        kontrarioa, barriz,

        parte orretati.

        Axio ta Txordoa

        orroaka beti:

        «ez dirala ikaratzen

        klase zuriaiti». [1]

 

        Kaitano Erregoiti-tik

        Pedro Muxikatik

        Lizentzia ekarteko

        Gobernu aurretik.

        Ez eben ezer lograu

        aleginakaitik,

        bakea hoba zala

        Jaungoikoagatik. [2]

 

        Bake, bat egitea

        genduan pentsatu,

        Gernika-ko frontoian

        bai ere juntatu.

        Baina idi jabeak

        ziraden gogortu,

        «proferzaz» [3] ein behar zala

        proba hori jokatu.

 

        Elgoibar-era parte

        genduan bialdu,

        hango alkate jaunak

        euskun kontestatu:

        paratuko bidean

        eiteko segitu,

        berak eingo ebala

        plazia libratu.

 

        Hurrengo zapatua

        zan seinaladue

        Elgoibarren ikusteko

        idi indartsue.

        Lau joan ziran eta

        bat egon notaue:

        Muxika-ko idi txiki

        gorri apaltxue.

 

        Atsalderako Aran

        zuri beilegiek

        ederto hasitakoan

        egiten arraiek.

        Baina azkenerako

        ilundu begiek,

        gehiau izan zirala

        aurreko txikiek.

 

        Axio eskumatatik

        Txordoa besteti

        larri ibili zituen

        hogeta hamabi.

        Gehiago ezin eben

        aleginagaiti,

        baina ondo kunplituek

        hogetamaika t'erdi.

 

        Erregoitiar majuek

        non dozuez begiek

        sekula ez ezautzeko

        holango idiek.

        Ondo edukiaitik

        okelaz josiek,

        gehiago izan zirala

        aurreko txikiek.

 

        Errigoitiar majuek

        ez zaize ikeratu

        galdutako diruek

        bozuez pagatu.

        Bi joan ezketino

        batek behar galdu,

        galdu ta beranduan

        ohi da akordatu.

 

        Horra hamabost bertso

        ditugun jarriten

        ejenplugarritzako

        atareak aurten.

        Borondate onagaz

        ditugu egiten,

        gura daunak erosi

        Txakur haundi baten.

 

        [1] Zuriak Muxikarrak ei ziran.

        [2] Bilbo aldian bazkari ederra jan probalarien kontura eta etxera ezer egin barik.

Holako asko egiten zan orduan eta.

        [3] Erderaz «por fuerza» izan behar dau «proferzaz» horrek.

 

* * *

 

        Aitita gizon eta barriketa gitxikoa zala esaten eban nire aitak. Oso alaia zala, baina errespeto haundikoa, borondatez ugaria eta beharrizana eukanari laguntzekoa. Nik ezagutu nebanean edo ezagutzera heldu nintzanean, ba ebazan hirurogeitazortzi bat une. Oraindino gizon sendoa egoan. Hamabi urte nebazan orduan. Baina bere sasoian ezagutu ebenak, itzal haundiko gizona zala esaten eben. Ariatzako eleizan, bizi guztian izango zan abeslari. Abots ederrekoa zan, hori nik ezagutu neban sasoian. Ez zan gaztetan makala izango!

        Nire aitita sasoikoa zala, Ariatzan Don Bruno deitzen eutsoen abade bat egoan. Mezatan aste guztiko gorabeherak, jaiak eta abar esaten ebazan orduko abadeak. Don Bruno hori hasi zan hitz egiten. Aitita, aurreko bankuan, zer esango ete eban adi.

        Abadeak: «Aste honetan ez dago egunik»

        Aititak: «Hamaikatxu lo ba dogu egiteko»

        Abadeak: «Ez, erratu egin naz, aste honetan ez dago jairik pekatu mortalpean gorde behar danik»

 

        Baserritarra nekez izan da diru askoduna. Ariatzan, Ordorikako «Etxenagusi-barrenengo» baserriko Lorentzok bere seme Lorentzotxu nire aititarengana bialdu eban esanaz:

        — Zoaz Jeurira eta papeltxu hau Txotxo Jeuriri emon egiozu, baina etxean ez badago, ez inori papel hau emon eta etxera etorriko zara.

        Esan eta egin. Ez eban Txotxo aurkitu eta Mari, nire amumari itandu eutson etxean ete egoan. Amumak:

        — . Ez ba, kanpotik da eta berandu etorriko da.

        — Orduan etxera joan beharko dot.

        — Zertarako behar dozu ba?

        — Ez, aitak, etxean ez badago, ezer ez esateko esan deust.

        Aitita etxeratu zanean, amumak jazo zana esan eutson. Aitita «laster etorriko naz» esanda, han doa gaueko hamabietan Etxenagusi baserrira. Jo dau atea eta barrutik:

        — Nor da?

        — Txotxo.

        Edegi atea eta dinotsoe senar emazteak:

        — Joseus, Juan Antonio, sasoi honetan etorriko zinanik ez genduan uste.

        — Zer behar dozuen jakitera nator.

        — Hara ba,etxearen errentea ordaintzeko host hogerleko falta izan doguz eta horrexegaitik bialdu dot semea.

        Orduan aititak hamar hogerleko emoten deutsez.

        — Bostegaz be pasatuko gara —dinotso Lorentzok.

        — Ez, gastuak be egoten dira eta hartu. Zeuk ahal dozunean emongo dozuz. Nik eskatuko deutsudazan bildurrik ez izan.

        Gabon esanaz agurtu eta han doa kilometro biko bidean bere Jeuri baserrira. Halango asko egina zala esaten eban nire aitak. Hamar hogerleko garai haretan, orain laurogeitamar urte, ez ebazan edozeinek eukiko.

 

* * *

 

        Aitita osasuntsua zan, sekula osalariak pultsurik hartu bako gizona, heriotz egunetararte. Laurogei urte ebazala, Santakurtz jaietan, Ariatzako plazan aurreskua egin eban. Gogoan daukat zelan ikusle asko txaloka euki ebazan. Kanpotar batzuk, ondo eukiak ziran antza, berebil eder baten heldu ziran. Ondo eukiak izan behar, garai haretan berebilagaz ibilteko. Aititaren bizkortasuna eta jasa ikusi ondoren, zenbat urte eukazan itandu eben. Laurogei eginda egoala. Harriturik, joan eta eskua emon eutsoen.

        Irailaren hamalaua zan aurresku hori egin eban eguna. Handik hilabete eta erdira hil zan. Zelan hil zan? Belaunburuan zauri bat eukan, ez dakit zelan eginda, eta zauri honetatik kangrenea sartu jakon. Osasuntsua izan bazan be, heriotza gogorra izan eban. Oheratu eta host bat egun egingo ebazan bizirik. Jon Arrospide zan herriko osalaria eta penak kentzeko indezino batzuk agindu eutsozan. Aitak orratza besotik sartu eutsonean:

        — Ai, koino koino... laurogei urteko gizona penakaz ezin egon eta oindino orratza sartzen deutsoe besotik.

        Aitak berba leunez dinotso;

        — Baina aita, orain arte Jaunak osasun ederra emon deutsu eta pazentzi apur bat.

        Aititak bizi-bizi:

        — Zer balio jeustak orain artekoak? Orain behar joat osasuna, orain.

        Noizik noizera esaten eban:

        — Jauna eroan nagizu hainbat arinen trantze honetatik.

        — Nora eroatea gura dozu, ba?

        — A, koino, ni lango gizon bat edonora eroango dabela uste dok, ala?

        Gero, tarteka, niri dei egiten eustan:

        — Nire loba maitea...

        — Zer gura dozu aitita?

        — Zer gurako joat ba, penak kentzea.

        Nire eskuan egon bazan laster kenduko neutsozan. Maite neban aitita, baina ez berak neu beste.

        Orain ikusten dot, aitita eginda nagoen ezkero, aititak maite izaten dituala lobak. Eta nik ere maite ditut. Nire aititaren erakutsiak eta beran izakerak gizon izaten asko lagundu deuste. Gorputzaren sendotasunean ez dago gizon izatea, ekintzetan baino. Nire aitita, egia esan, osasunez sendoa zan eta gizontasunez behar bezalakoa. Beran odolaren frutua seme-alabengan loratu zan: Kepa «Urretxindorra» , Imanol, Garbiñe, Santiago eta Gregoria, giza-bizitzan ondo sustraituak. Leandro, Pantxike eta Antolin ez nebazan ezagutu. Ezagutu nebazanak oso alaiak ziran. Heurengan beti zan Udabarri. Anaitasun eta bakearen iturri zirudien, bai sendian eta bai herriaren aurrean. Herri maitale, euskerazale eta egiazko euskotar agertzen ziran heuren eginkizunetan.

        Aitita Karlista zan, lehen esan dodan legez, azkeneko karlistadan sarjento ibilia. Gerra horren osteko hauteskundeetan, karlisten aldetik, boto bila ibilten zan. Orduan botoa ondo ordaintzen ei zan. Nire aitak esaten ebanez, eskaratzeko mahai gainean dirupapel txortak eukiten ebazan botanteei ordaintzeko. Bakoitzari zenbat emon, goikoen aginduz izentatuta eukiten ei eban. Botazino ostean, sobratzen zana ziur entregatzen eban. Nahiz eta gizon haundi-gurako horreei zati bat ostutea pekatu izan ez, zehaztasun osoagaz eroaten ebazan diru-sobra guztiak.

        Nahiz eta kontzientziz aberatsa, eukiz txiro bizi zan. «Bakoitzari berea» esaten eban. Hona hemen beran azkeneko hitzak: «Otoi eta ezin dauanaren erruki izan...»

        Hauxe zan Joan Antonio Enbeita, «Txotxo Jeuri», maite neban eta maite ninduan nire aitita. G.B.

 

                Bilosik jaio eta

                biharrean bizi

                Ondo egiten dana

                geroak ikusi

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus