Nire aitita irakasle

 

        Gaztetxutatik hasi eta aititagaz izaten nebazan nire hartuemonak. Bere kontuak eta bertsoak entzuten pozik egoten nintzan. Bertsolari ona zan eta bertso asko ikasi nebazan beragandik. Gaurik gehienetan beran sukaldera joaten nintzan. Abots ederra eukan eta abestuten ekiana zan. Nire aita eta amagandik aparte bizi Aran. Etxe baten baina sukalde bitan.

        Aititari asko zor deutsat. Berau zan bertsoetarako sena emon eustana. Nire aitak ez eban astirik izaten. Gehienetan kanpotik, eta etxean ere bere arloak izaten ebazan.

        Hamar bat urtegaz hasiko nintzan aititagaz bertsotan. Muxikako tabernetan, erdi lotsaz, baina zer edo zer egiten nebalakoan ibilten nintzan. Aititak barre egiten eustan eta animua emon. Hamalau urterako zerbait moldatzen hasi nintzan eta lotsak ere jaurti nituan. Aititak, ni bertsotan ikustearren, irribarre eginaz, «ia rapaiz» esaten eustan. Izen hau ez dakit nondik edo zelan hartuta eukan. Katalunian hiru urte egina zan gaztaroan eta han hartutako katalan erako hitzen bat zan.

        Aititak ba eukan ezizen bat: Txotxo Jeuri, eta hau da ezii horren jatorria:

        Birritan ezkondua zan. Lehenengoz hamazazpi urtegaz, 1867an, Maria Paz Gomezagaz, baina, zoritxarrez, urtebetegarrenan hil jakon. Sendia jaiokeran, bikotxak izan zituan eta, emaztea eta ume biak hil jakozan. Lehenengoz ezkondu zanean jarritako gaitz izena zan Txotxo. Begira zelan:

        Lehenago herriko parrokian egiten ziran ezkontzak. Juan Antonio Enbeita, nire aitita, eta Maria Paz Gomeza ere Muxikako San Bizente parrokian ezkondu Aran. Elizaren aurreko «Arno» baserrikoa zan Maria Paz eta aitita Usparitxako «Jeuri» baserrikoa. Ezkondu eta elizpera urten ebenean, aititari bere gazte lagunak pelotan jokatzeko desafioa bota eutsoen. Gure aitita horretan ona izan eta aitaginerrabagaz emaztea itzirik, jokatzera joan zan, baita partidua irabazi ere. Aitaginerrabak ez eutsan eginkizun honeri ondo eritzi eta dinotso:

        — Txotxo, ezkondu eta andrea itzirik umeakaz pelotan jokatzen? Hi beti «Txotxo» izango haz.

        Bizi guztian jarraitu eutson izen horrek.

        Ezkondu eta zortzigarren egunean emaztea etxean itzi eta Gernikara, feriara, joan zan. Etxera orduko goizaldeko ordu biak. Etxean ez zituan itxaroten euki. Lo egozan. Gari ebateak ziran. Goizean, egun sentiagaz batera, aita, ama eta emaztea bizkor soloratu Aran, baina «Txotxo» lo, aitaginerrabak dei egin arte. Halako baten heldu zan eta, lanean hasi eta laster, aitaginerrabak dinotso:

        — Atzo non egon haz sasoi horretararte?

        — Hara, Berrizko txistularia euki dogu aurreskua eta erregela zaharrak erakusten.

        Aitaginerrabak, bera izan dantza zalea eta, dinotso:

        — Ikasi dok ezer?

        — Apur bat bai.

        — Ea ba.

        Aitaginerrabak oratu eskutik eta han doa gure Txotxo soloan zehar, aitaginerrabak abestu eta berak ankea gora, grabiletea eginaz zirt eta zart, ebagita eukezan gariak ere aurrean erabiltzala.

        Honetan ebizala, amaginerraba, amarretako ederra otzaran ebala heldu jaken solora eta, erromeri ha ikusirik bere senarrari dirautso:

        — Baina gizona, horrek juiziorik ez badauko ere, zeuk apur bat...

        — Hara andrea, honen aurresku eta puntepioak gari guztiak baino gehiago balio jona. Aurrera «Txotxo».

        Aurresku hori amaitu ebenean, sagarpera joan, jarri patxadan eta hamarretakoa jan eben. Gaur egun izan balitz...

 

* * *

 

        Hemendik urtebetera hil jakon Maria Paz bere emaztea. Orduan emaztearen baserria, Arno, itzi eta Usparitxa Jeurira, jaio zan baserrira, etorri zan. Aitaginerrabak jarritako «Txotxo» gatx-izen horrek hemen ere jarraitzen eutson eta pozik entzuten eban. Izen hau entzutean bere lehenengo emazteagaz gogoratzen zala esan eitekean. Usparitxan, aita eta amaren ondoan, ondo bizi izan arren, beti triste aurkitzen zan, ezin zan bere emazteagaz ahaztu.

        Honetan ebilela erabagi bat hartu eban: Burutasun honeek apur bat arintzeko urrun batera iges egin behar ebala. Esan eta egin. Kataluniara joan zan hango ikatz meategietan lan egiteko asmoz. Beragaz batera ba'eukan beste napar euskaldun bat lagun.

        Denbora zati bat Katalunian egin ondoren, lagun bi honei Espainia eta Frantziak muga egiten eben lekura joan-etorri bat egin behar ebela gogoratu jaken. Muga horretara heldu ziranean, aititak bere napar lagunari dirautso:

        — Ba dakik zer pentsetan nagoan?

        — Zer? Parisera joan behar dogula?

        — Hara, Frantzia aldetik anka bat eta Espainian bestea jarri eta bien batera txisa egitea.

        Lagunak barre eginaz:

        — Eta hori zertarako?

        — Bizi bagara, noraino heldu garan eta zer egin dogun zahartzaroan lobei kontetako.

        Eta egia, holan kontetan euskun. Gogoratzea ere nahikoa da.

        Katalunian ere ez ebazan suerte guztiak izan. Meategietan ebilela, bagoiak ankako behatz nagusiaren punta kendu eutson. Orduan ez zan segurorik. Luzarotxu lan egin barik egon beharra izan eban eta aurreratuta eukazan txanpon apurrak ere amaitu jakozan osatu orduko. Orduan aitari idatzi eutson bagoiak anka arrapatu eutsola, behar barik egoala, eta bera ikusten buelta bat egin eiala esanez. Bere aita ere ez zan leloa eta esan eban:

        — Badaezpadan diru apur bat eroan beharko dot. Bere semea ezer barik aurkituko ebala susmatu eban. Heldu zan Kataluniara eta bera egoan lekuko ostatura heltzean, ea Juan Antonio Enbeita egoan ostatua zan itaundu eban. Baietz, baina alboko tabernan egoala. Ba doa taberna haretara eta, atean sartuaz batera, han aurkitzen dau «Txotxo», mahai baten gainean jarrita, gitarra joten beste lau bat gazte aurrean dantzan daukazala. Aita ikustean, itxi bere gitarra hori eta negarrari emoten deutso. Aitak dirautso:

        — Zer jazoten dok seme?

        — Gauza haundirik ez.

        — Anka bagoiak arrapatu deuala ez dok idatzi ba?

        — Ez, behatz nagusiaren punta kendu eustan, eta hainbat denbora lan barik.... zortxu batzuk eginda nago.

        — A, seme, seme, horretarako etorri haz Kataluniako puntaraino? Hartu daukazuzan trasteak eta neugaz etxera.

        Aitak arrazoia diru apur bat eroateagaz. Zorrak ordaindu eta han datoz biak etxera. Baina etxera heldu baino lehenago ba zan Gorozikako Zugastietan taberna bat Erramon Indarra deitzen eutsoena, eta han sartu barik etortea lotsaria izaten ei zan. Tabernan sartzeko dirua behar eta aitak dirautso:

        — Hemen kanpotik datozanak ordaintzea izaten dok ohiturea eta eutso ogerleko bat. Heuk ordainduko dok.

        Sartu ziran. Taberneruak gure aspaldiko «Txotxo» ikusi ebanean aparteko harrerea egin eutson. Orduan aititak, aitak emon eutson ogerlekoa bota mostradoraren gainera eta:

        — Atara pitxar bete ardau. Taberneruak hau ikustean,

        — Bola, nik beti esaten dot kanpotik datorrenak dirua dakarrela.

        Eta aitak bere kolkorako,

        — A, koino, bahenki nire moduan.

 

* * *

 

        Aitita 25 urte ebazala ezkondu zan bigarren aldiz. Bigarren emaztea Maria Rementeria zan. 1872an Usparitxako Jeuri baserrira ezkondu ziran, abuztuaren 30ean. Biak ziran urteetan bardinak. Emazte honegaz zazpi seme-alaba izan ebazan: Antolin, Frantziska, Gergoria, Leandro, Kepa «Urretxindorra», Imanol eta Santiago.

        Aitita azkeneko karlistadan «sarjento primero» ibilia zan, baina gerra honetako gorabeherarik ez euskun inoiz aitatu. Muxikan sei urte egin ebazan alkate. Alkate hautatu eta lehenengo aldiz udaletxera sartu zanean, eta lehenengo sesinoa hasi, idazkariari herriko gorabeheren barri emon eiola esan eutson. Idazkariak, herriko artxiboetan zor batzuk agertu zi-rala erantzun eutson. Orduan aititak:

        — Zor horreek zelan eginak dira?

        — Karlistadako gerratean.

        — Ordaintzeko sasoia da eta herriak ba daukaz basoetan hainbat arbola. Bota batzuk eta ordaindu.

        Baina ondoan eukan parroko jauna, ordurarte udaletxean agintzen ebana, eta aititak basoko zuhaitz kontu hori aitatuaz batera, kontra gogor urten eutson. Eta aititak:

        — Zu noiztik zara udaletxeko?

        — Orain arte ere hemen parte hartzen izan dogu.

        — Baina noren botoagaz urten dozu kontzejal?

        Abadea gogorrago. Orduan alkatea berotu zan eta bere esakera honegaz erantzun:

        — «Me valga Dios» Aguazila, edegi ate hori eta atara kanpora.

        Baina abadea geldi egoan. Hau ikusirik, alkateak, zutunduta:

        — «Rápido me valga Dios» Edegi balkoiko ateak. Hemendik urten nahi ez badau, neuk jaurtiko dot balkoi horretatik plazara.

        Abadeak, hau ikusi ebanean, egoan lekutik jagi eta, isilik, iges egin eban. Abadearen udaletxeko aginpideak orduan amaitu ziran.

        Sei urte alkate egin ondoren bere aginpidea itzi egin eban.

        Herria zorrak ordainduta eta diruagaz itzi eban. Herritarrek aurrera egitea nahi eben, baina baeukazan beste zeregin batzuk eta ez eban jarraitu nahi.

 

                Artzai ona behar da

                ardiak batzeko

                eta alkate ona

                Herria zaintzeko.

 

* * *

 

        Aititak idiak eukazan eta bolante bat idiakaz erabilteko. Idi eta bolante honegaz joaten zan Somorrostroko meategietaraino. Muxika inguruetan egiten ziran zestoak eroaten ebazan Somorrostroko meatzarientzat, baita txakolinak ere. Lau bat egun egiten ebazan joan-etorrian. Ba ebazan Somorrostroko meatzari milonario batzuk lagun, «Txorrotxak» deitzen eutseenak, eta honeek erosten eutsoezan zesto eta txakolinak.

        Somorrostrora bideko tabernak zeintzuk ziran eta non egoazan, idiak ondo ekien. Behin Manuel bere semea eroan eban, berak Somorrostron geratu beharra eukala eta, idiak honegaz etxera bialtzeko. Somorrostron honantza urtetako dagoela, semeari dirautso: «Jarri bolantean eta heurak eroango zaitue etxeraino, biderik erratu barik». Urten eban eta handik kilometro batzutara, idiak geldi. Begiratzen dau eta taberna bat: «Nire aitaren lehenengo geltokia izango da». Apur baten egon eta idiak aurrera. Etxera bitartean hainbat geltoki izan ebazan, eta idiak danetan heuren egotalditxoa.

        Txorrotxatarrakaz hartuemon asko eukan aititak. Behin, herrian alkate zala, eskutitz bat heldu jakon zuzenbide honegaz: «Señor Txotxo Alcalde de Mugica». Aitita etxeratu zanean amumak dinotso:

        — Hor karta bat daukazu; baina horrek seinak jarri dauzanak, zure izen-abizenik ez daki ala?

        Amumak ez eban atsegin izaten Txotxo esatea. Aititak barre eginda edegi eban eskutitz hori, irakurri eta boltsiloan sartu. Amumak «Señor Txotxo Alcalde de Mugica» norena zan jakin nahi eban eta:

        — Zer dino, ba, karta horrek?

        — Datorren zapatuan Bilbora joateko.

        — Zertarako?

        — Hotel Torrontegin Txorrotxatarrakaz bazkaltzeko.

        Heldu zan zapatua eta han doa dotore «Txotxo Jeuri». Heldu zan bazkaltzeko lekura, baina Txorrotxatarrak, aititaren lepotik barre egin gura eta, hoteleko neskameari esan eutsoen gizon bat helduko zala traje baltza barrutik eta brusa baltza gainetik ebala, saman zedazko painelu bat gorbata modura jarrita, eta Txorrotxatarren itaunez hasiko jakola; baina heurakana ez izteko sartzen. Esan eta egin, Txorrotxatarrak non ziran itandu eutsonean, han egozala baina hareekana ezin zeitekeala joan erantzun eutson. Aititak baietz, besteak ezetz, gogor hasi ziran eta aititak, neskamea halan ikusirik, dinotso:

        — «Me valga Dios, nik heurakana joan behar dot»

        — Ene bada! Itxaron egizu apur baten heurak zer dinoen iakiteko.

        Neskame horrek dinotse:

        — Zer egin behar dot gizon horregaz? Derrigor etorri behar dauala dino.

        — Holan bada, datorrela esan egiozu.

        Sartu zan baina bai igarri ere adarra joteko gogoa eukela. Mahaian patxadan jarri zanean dirautsoe:

        — Zer jaso jak neskame horregaz?

        — Arrazoia euki dau, ni lango baserritar bateri hemen dagozan kapeladunen artera sartzen ez izteagaz.

        Besteak barre eginaz dirautso:

        — Hemen bostehun pezeta. Zeuk ordainduko dozu hemengo gastua eta neskame horreri hamar hogerleko emongo deutsazuz eskupeko.

        Aititak, bostehun pezetagaz Rotxil baizen aberats ikusten eban bere burua. Bazkaria amaitu zanean neskameari dirautso:

        — Ekarri egizu kontua.

        Neskamea, harriturik, Txorrotxatarrei hegira jarri zan. Txorrotxak:

        — Kontua, eskatu deutsunari ekarri egiozu.

        Bostehun pezetakoa emon eutson eta bueltak ekarri eutsozanean, esanda legez, hamar hogerlekoko eskupekoa neskameari. Orduan ziran kontuak. Sartzen ez eutson itzi nahi izan, baina gero igurdi nahikoa izan eban.

        Txorrotxak karlistak ziran, aititak esaten ebanez, eta aitita bera ere bai. Garai haretan karlistak eta liberalak Aran. Etxerako egozala bertso bat botateko agindu eutsoen. Hemen jartzen dogu berak esaten eban legez.

 

                Karlista ta liberal

                zuri eta baltzak

                danak egiten dabe

                bakotxak beretzat

                Unidade karidade

                projimuarentzat

                Ez dago gauza hoberik

                erlejinoentzat.

 

* * *

 

        Ba zan Ibarrurin, Egizabal auzunean, «Txankan» deitzen eutsoen bertsolari bat. Txankan hau abade ikasten ibilia zan. Gero ezkondu eta Egizabal auzune honetan bizi zan. Aititak esaten ebanez, besteei adarra jotea gustetan jakona ei zan. Behin baten aitita idiekin bere bolanteagaz joiala, bidera urten eutson:

        — Egun on «Txotxo».

        — Egun on.

        — Bertso bat botatearren puro bat emongo deuat.

        — Bota behar bada, bota be egingo dogu.

        Aititak aurreko egunen baten «Txankan» hori neskatxa;n bategaz basoan ikusita eukan eta dirautso:

 

                Lengo batean bilatu nuan

                Dama gazte bat basuan

                Gonea eukon pizkat altzauta

                Kaparra eukon zankuan

                Hau kenduteko zaldun gazte bat

                Jarrita eukon albuan

 

                Dama gazteak eukon tenplantza

                ta besteak esperantza

                Gonea eukon pizkat bustita

                jarrita bertan egonda

                Ha sikatzeko haize pizka bat

                harentzat komenitzen da

 

        Lehenago hiru puntuko bertso asko egiten zan. Txankaneri bota eutsozanak ere hirukoak dira. Txankanek ez ekian aititak jazokun horren barri ekianik eta dinotso:

        — Eutso puro hau eta joan hadi hortik.

        Egia beti minbera.

 

* * *

 

        Aititari idi probetara joatea ere gustatzen jakon. Gainera taberna-gizona zan eta tabernan izaten dira posturarik gehienak. Muxikan, Taberna-Barrin egozala, postura bat egin eben: teila bi eskuan dindilizka hartu eta Bizkargi mendira joan-etorria eskutik teilak jausi barik egin baietz. Postura hori egin ebanak, irabazi egin eban. Baina horregaz ez zan amaitu. Horren ondoren idi-proba bat armatu eben eta ez edozelangoa. Hona hemen, hori dala bide, aititak jarri ebazan bertsoak.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus