Txapelketak onuragarri

 

        Txapelketea dala bide, Euskal Herri osoan, bertsolaritzak sinistu ere ezin leiteken gorakadea egin eban. Bertsolariak egozan plazetara jendetza haundia joaten zan. Gaur egun zaletasun hori asko jatsi dala esango neuke. Txapelketei heuren indarra emon behar jakela uste dot. Bertsolaritza beste edozein kirol bezalakoa dogu. Gure pelotariak ere txapelketarik jokatzen ez badabe, herriak ez dau izaten hainbesteko ilusinorik. Bertsolaritza sendotzeko, ezezagun eta barriak plazaratzeko, txapelketa dogu biderik onena. Arbola zaharrak kentzen diraneko ondoan gazterik ez badago, ez dago fruturik. Gaur, sasoiko bertsolariak, toki danetara dabiltzanak, banaka bat dira. Euskal Herrian bertsolari asko daukagu, baina plazetan oso gitxi ikusten dira. Hain gitxi ikusten diranez, dabiltzan banakak baino gehiago dagoenik ere ia ez daki Herriak. Gainera, geldi dagoen gurdia ugertu egiten dan legez, ixilik dagoen bertsolariak, nahiz eta jatorriz ona izan, ez dau gauza haundirik egingo. Hautsagaz estalita dagoen suak ez dau berotasun haundirik botako. Hautsak kendu eta txingarrak bistan jarri behar dira lapikoa berotuko bada. Bertsolariak hauts artetik atera eta biztutzeko txapelketa lango surik ez dago.

 

* * *

 

        Hona arteko lerroak bete nituala ba da urtebete. Denbora luze xamar honetan geldi egon naz. Beharbada mesedegarri izango neban. Bertsolaritzaz esanda neukazan guztiak egi bihurtu jatazala esango neuke, eta Herriak nik bezela ikusten dauala. Aspaldiko partez egin dan txapelketa nagusia da arei-biderik onena.

        Danok dakigu orain dala bost hilabete egin zan txapelketa nagusiaren barri, Arrasaten hasi, Gernikan jarraitu eta Donostian, Balda pelota-lekuan amaitu zana. Goi mailako bertsolari batzuek txapelketa hau ez egitera egozan eta ez eben bertan parterik hartu. Nagusitzako egozanak hutsa emoten baeben, bertsolariei entzutera jendetza eskasa batuko zalako surrumurruak izan ziran. Baina ez, bestera urten eban eta harritzeko eran gainera. Inork ez eban uste Herriak halan erantzungo ebanik. Hautsaren azpian egoan txingarra bertso txapelketaren egarriz egoala ikusi zan. Musturra agertu zaneko, herri bertsozalea mugitu egin zan, erruz gainera. Arrasate eta Gernikako jardunaldiak Herria biztuta eta pozez zoratzen jarri eben. Bertsolariak hain ederto moldatuko ziranik ez eban inork uste. Hamasei ziran Arrasate eta Gernikan parte hartu ebenak eta hamasei honeetatik zortzi Donostiarako aukeratuak.

        Esan eta egin. Han giran Balda pelota-lekuan. Aspaldiko urte honeetan bertsozaleok egun ederragorik ez genduan igaroko. Bertso saio ederragorik ere ez genduan entzun izango. Hainbat txapelketa ikusi ditut, baina azken hau bezelakorik niretzat ez da izan. Erdi ilunetan egozan bertsolari batzuk goi mailara iritxi ziran. Ziur nago, txapelketa hori izan ez bazan, gaur be Herriak ez ebala jakingo erdi ixilean horren bertsolari onak genduzanik.

        Txapelketak bertsolaria, lehenez gainera, dohaiz aberastu egiten dau, hobetzera behartu eta nortasun baten jaube egin. Herri-kontzientzia sortu arazoten deutso, eta hau herri baten aurrean abestu behar dauan bertsolari batentzat garrantzi haundikoa da.

 

                Bertsolaria ez da bakarrik

                kopla batzuk kantatzeko

                Artzain bat legez ikusten dogu

                euskal sendia batzeko

                Nor garan eta nongoak garan

                ezjakinai azaltzeko

                Ohiturak biztu, Euskara indartu

                lo daudenak esnatzeko

                Bertsolaria lango artistarik

                ez da Herriarentzako.

 

        Hona hemen txapelketai buruz jarri ditudan nire eretxi batzuk. Bertsolari eta Herriaren izakerari begiratuta, ez dot uste errakuntza haundirik izango dodanik.

 

                Euskera bertsolariaren bizitza

                Bertsolaria Euskeraren arnasa.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus