Bertsotan

 

        Nire bertso mundua oraindik ume nintzala hasi zan. Bost urte inguru neukazan aitagaz Bizkargin ikasitako bertso bat abestu nebanean. Bardingotan, Ariatza eta Astelarreko tabernetan aititegaz ibilten nintzan bertso kantari. Plazetara urten nebanerako hamazortzi urte nebazan. Lehenengo urtenaldia Eibarrera izan zan, Espinosa mendigoizalearen omenaldira. Ez nintzan ondo ibili. Nire nerbioak ez ziran zutunik egoteko gauza eta aulki baten patxadan jezarrita ipini ninduen. Handik lasterrera nire anai Sabin ere hasi zan plazatara urtetan. Bertsolari zorrotza zan, inoren bildurrik bank ibiltzekoa; baina gerra ostean itzi egin eban.

        Herrietako jaietatik aparte, hauteskunde garaian, ez nintzan gelditu ere egiten. Behin, egun berean, sei mitinetan parte hartu beharra izan neban. Aita, Uriarte eta ni izaten ginan gehienetan bertsolari, eta Agirre, Lauaxeta... etab. hizlari.

        Hogeitahiru urte nebazala, Mungian txapelketa bat eratu eben. Sei bertsolari batu ginan: Uriarte, Bartolo, Zarraga, Kastrejana, Ormaetxe eta ni. Ni neu geratu nintzan txapeldun eta Uriarte bigarren. Hurrengo urtean Getxon izan genduan beste sariketa bat. Orduan ere lehenengo geratu nintzan eta Aizarna, Eibartarra, bigarren.

        Baina zoritxarreko gerra etorri jakun eta bertsoa delitu bihurtu zan. Niri neuri hamabi urtetako kartzela zigorra leporatu eusten, naiz eta lau bete. Halan da be, gerra aurrean zein gerra ostean, euskerazko aldizkari gehienetan idatzi dot.

 

* * *

 

        1955ean hasi nintzan barriro bertso kantari. Nire koinetu Pedro Ajuria eta Urrufino Sardui lagun nituala Bergarara joan nintzan. (Bi honeek historian behin sortzen diranetarikoak ziran. Heuren gizontasuna eta euskaltasuna azaltzeko liburu bat gitxi litzake). Egun horretan Bergarako pelota-lekuan bertsotan egin behar ebenak Basarri eta Ustapide ziran. Gu heurei entzutera joan ginan. Garai haretan bertsolariei entzuteko zaletasun haundia egoan. Bergarako pelotalekua ondo bete zan. Pozik ginan heurei entzuten. Ba zan txalo eta algara ugari. Egun berean, gabaz, bertsolariak afaltzen egozan tokira joan ginan. Jantokia betea egoan. Basarri lehendiko laguna neban, gerra aurretik alkarrekin ibiliak, eta ikusi ninduanean hatz egin eban esanaz:

        — Horra gure aspaldiko Enbeita.

        Besarkada bero bana alkarreri emon eta gero, ondoan jarri ninduan, baina ez zan geldi egoterik. Txoko haretan hainbat bertsolari ziran eta nik ere ez neukan beste erremediorik egin beharra baino. Ezin neban bertsorik ondo osotu. Lotsatu egin nintzan. Hainbat urtean bertsotan egin barik! Donostiar batek esan eustan:

        — Enbeita, zuk aspaldi ez dezu bertsoketarik egin.

        — Ez. Egia. 36ko gerratik hona ez dogu erarik izan.

        — Ezagun daukazu, baina ez utzi eta jarrai aurrera.

        Bergarako joan etorriak mesede haundia egin eustan. Orduan hasi nintzan, barrien barri, lagunarteko jatorduak zirala etab., etxe eta kanpo, astirik neukanetan. Aukerarik ez neban galtzen. 1955ean zala uste dot, Arantzazun, Gipuzkoan, Euskaltzaleen bilera bat egin zan eta bilera haretan nahiko bertso abestu neban. 1956an. Bilboko «Coliseo Albia» antzokian, R. Ma de Azkue zanaren omenaldian, izan neban bigarren ateraldia. 1958an Bizkaiko bertsolari txapelketak hasi Aran, Nazario Oleaga eta Alfonso Irigoienen zuzendaritzapean. Bilboko arenalean, sei bertsolari batu ginan:

        Juan Ormaetxe, Meñakarra

        Zarraga eta Kastrejana, Leioarrak

        Alberdi, Mañaritarra

        Bidaurrazaga, Getxotarra

        Ni, Muxikarra

        Neu geratu nintzan txapeldun, Ormaetxe bigarren eta Alberdi hirugarren. Bilboko arenalean ba zan nork bertsoak entzun. Jendetza haundiagorik bertsolariei entzuten ez dot ikusi. Orduko izparringiak 12tik 14 milara egongo zirala esaten eben. Nire bizitzako egunik ederrena ha izan zan, hainbat urtetako ixiltasunaren ondoren hainbat mila lagun eta euskaldun toki batean ikustea. Egia esan, neu ere pozik nintzan neure bertsolari txapelagaz, baina hortik aparte halako egarri haundi bat ikusten zan, Herriak zeozer gura ebala.

        Bizi ginala erakusten eban. Bertso saioa amaitu eta gero, «Gernikako Arbola» abestu zan. Hainbat mila zutunik, txapelak eskuetan ebezala, hainbeste urtetako ixiltasunaren atzetik askatasuna heldu zala esan eitekean.

        Txapelketa honen ondoren herririk herri hasi ginan. Alfontso Irigoienek antolatzen zituan herri askotako bertso saioak, eta eskerrak berari. Bizkaian behintzat Irigoien izan genduan erdi lotan egoan bertsolaritza berbiztu ebana. Ba eukan lagun on bat; Nazario Oleaga, Euskaltzaindiko idazkari zana. Bertsozale bi honeri esker, bertsolaritzak asko irabazi eban.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus