Ondo zainduak

 

        1956garren urterako baserria itxuran jarri genduan. Itxaso hasarrean, galdu-gordean, dabilen untzia porturatzen danean poztutzen dan antzera, gu ere estura aldietatik, edo gogorrenetatik, bizitza egokiago batera heldu ginan. Bizi izaten hasi ginan.

        Baina gure baserria ondo zaindua izan dogu. Sarritan, gabaz, ateak jo deuskuez kanpoko txakurrek eta edegi egin behar barrura sartu daitezan. Lehenengoz sartu ziranean, su izkiluak eskuan ebezala, etxe guztia behetik gora ondo ikusi ondoren, semerik zaharrena heurakaz eroan euskuen eta Larrinagan sartu. Hemen denbora zati bat egin ondoren, bere lagun batzukaz Madrilera aldatu eben. Hamalau hilabetean ez epaitu ez ezer egin barik euki ebezan, gero zergaitik giltzapetuak izan ziranaren aztarrenik barik libre izteko. Frankismoaren legeak horrela aginduko eban eta ixilik egon behar.

        Orain esango dodana be legearen barruan egongo da.

        1964ean, semea espetxean egoala, Ariatzako Santakurtz jaietan, bertako eskolan, kanpoko hormatik zintzilika, ikurrin haundi bat agertu zan. Eskolaren barruan hainbat eratako idazkunak. Irailaren 17a zan, jaiak amaitu eta hurrengo goiza. Nik ez nekian ezer eta ez beste ariatzarrek ere, baina laster hartu neban Ariatzako eskolara joateko abisua. Han neukazan txapel oker bi, kapitaina eta kaboa, herriko sekretarioa lagun ebela, itxaroten. Han idatzita egoanak zer esan gura eban galdezka hasi jatazan. Nik ez nekiala erantzun neutsen, ez nekiala gainera halan idazten. Orduan kapitainak:

        — Cómo que no! Tú lo has hecho. Hoy hace un año que encarcelaron a tu hijo y lo habeis hecho para celebrarlo. Mereces que te fusilen con todos los hijos.

        Baina ez zan honegaz amaitu. Kapitainak arratsaldeko sei eta erdietarako Gernikako kuartelara joateko esan eustan. Ez nintzan bakarrik izan. Hamasei urteko vire seme bat eta bere bost mutil lagun ere deituak izan ziran. Ni, esanda legez, sei eta erdietarako joan nintzan. Beste sei gazteak han egozan. Heldu nintzala ikusi ebenean, txapel okerrak barrura sartzeko dei egin eusten. Sei gazteak kanpoan geratu ziran. Honeek aurrerago deklaratuta egozan. Sartuagaz batera kapitainak esan eustan:

        — Ha llegado la hora de decir la verdad.

        — Pues señor, a la mañana le he dicho todo lo que tenía que decir.

        Oratu esku ezkerragaz paparretik eta besteagaz sekulako ikubilkadea emon eustan, baina ez ninduan bota. Bera ere putz eginda botateko moduko txiki erre bat zan izan be.

        Honetan gengozala, Gernikako Aurrezki Kutxako zuzendari zan Garaioak beragaz lan egiten eban La Fuente izeneko gazte bat kuartelera bialdu eban. Gazte hau lehenago Gernikan guardiazibil egondako baten semea zan. Kuartelera sartu eta bereala kapitainari aparteko toki batera dei egin cutson. Gazte hau ezaguna neban eta Garaioa, zuzendaria, nire aita Kepa zanetik hasi eta gehiago adiskide haundia. Mutil hau ikusi nebanean itxaropen apur bat hartu neban. Amurruzko txapel okerren artetik etxerako bidea hartuko genduan itxaropena. Horma kontran zutunik nengoala, mutil gazte haren hitzak entzun nebazan:

        — Sabe usted, capitán, lo que está haciendo? Está en un

        Orduan, ni zaintzen egoan guardiak kanpora urtetako agindu eustan, semea eta bere lagunak egozan tokira. Gero barruan zer erabili eben ez dakit.

        Nik ez nekian mutilak deklaratuta egozanik, baina heuretatik bi ederrak hartuta egozan. Ba euken ni be joko ninduen bildurra. Kanpora urtenagaz batera semeak esan eustan:

        — Aita, jo egin zaitue?

        — Ez.

        — Nik ederrak daukadaz ba.

        — Jo egin zaitue?

        — Bai, Iñaki eta ni ondo markatu gaitue.

        — Eta zer esan deutsue?

        — Barriro joan behar dogula eta baietz deklaratu arte ez dogula urtengo. Gainera, lehen baino haundiagoak hartu beharko doguzala.

        — Ez bildurtu, ordu erdi baino arinago urtengo dogu.

        Orduan poztu ziran gure mutilak. Heurena arrazoia, makilada hareek ez ziran amak emoten dauazan eperdikoak.

        Esan eta egin. Ordu laurden bat barru, danok barrura joateko esan euskuen. «Firmes» ipini ginduezan. Trumoia lango bekokiz amenazu gogorrak emon ondoren, zuzen etxera joateko agindu euskuen, inungo taberna ez beste tokitan sartu barik. Baina, sermoia gora behera, Gernikako Nekazari tabernan sartu eta edontzikada bana gustora edan genduan. Premina apur bat ere ba zan. Kuarteleko golpe eta arrantzak baino bigunago sartzen zan. Tabernan egozanak ba ekien jazo zanaren barri eta anai modura hartu ginduezan. Nahi genduana nork ordaindu ba genduan. Nahiz eta txapel okerrek etxera oinez joateko agindu, taxi baten bialdu ginduezan. Lagun hareen eginkizunaz asko poztu ginan.

 

                Guzurra zirudian

                jazo zan guzia

                Baina sinistu behar

                geugan ikusia

                Hango amurru eta

                hango garraisia

                Gizona bihurtu lei

                holako piztia?

                Otsoa beti otso

                betiko gauzia

 

        Honela amaitu zan Ariatza eta Gernikako erromeria. Ez genduan barriro deirik izan. Eta deirik egin baeuskuen ere alperrik izango zan. Guk ez genkian ezer, ez eta nor izan eitekean erresturik ere. Gainera, egin ebenak ez ziran «Geuk egin dogu» esaten etorriko.

        Hau jazo eta lasterrera, semea kartzelatik etxeratu eta behingoan, aurrerago etorri ziran antzera, heldu jakuzan gabeko txakurrak. Lehenengoan egin eben faena berdina egin euskuen: Goitik behera etxea sakabanatu eta Kepa, seme zaharrena, hartu eta eroan. Ez genkian ez nora ez zer egin eutsoen.

        Seigarren egunean, «Puente del Arzobispo» deritxon herritik bere idazkia hartu genduan. Kalean itzi ebela inoan «Puente del Arzobispo» hartan, bera konpontzeko eta egunero kuartelean aurkezteko esanaz. Ez janik, ez lanik, ez dirurik. Bere lehenengo lana kuartelera, guardia zibiletara, joatea izan zan, eta gero lo egiteko ostatu bila. Eskerrak ostatuko ugazaba eta bere emaztea onak aurkitu ebazana.

        Idazkia hartuagaz batera, diru apur bat bialdu geuntson. Lana be laster aurkitu eban, baina 100 pta jornala eta 122 ostatua. Azkenerako danakaz lagun egin zala esaten euskun. Eskerrak horreri, dana ez zan hutsa. Hilabete han egin ondoren, etxeratzeko askatasuna emon eutsoen. Ez genduan jakin, ez berak eta ez etxekoek, zergaitik eroan eben. Seme honen antzera, hurrengoak ere, Abelek, gartzela zer dan behin baino gehiagotan ikusi dau, zoritxarrez. Herriarenganako maitasuna oraindik delitua da. Esku onetan jagok «España Grande». Justizia ala injustizia? Biak, baina heuren alderako. Gorrotoa eta indarra dagoan lekuan ez dago bakerik.

 

                Bakezko bizitza

                lortu nahi badozu

                Bakoitzari berea

                emon eeiozu

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus