Gabino Ealo

 

        Aitaginerraba aitatu dodan ezkero, beratzaz zeozer esan barik ezin naiteke gelditu. Amaginerraba ez neban ezagutu. Nire emazte Klarak hamar urte eukazala hil zan. Gabino Ealo Ereño zan aitaginerraba, arratiarra, Ereño-ko semea. Amaginerraba, Maria Antonia Beaskoetxea, gaur bizi garan Ormaetxe baserriko alaba.

        Gazterik alargundu zan Gabino Ealo. Berba gitxiko gizona zan, egizko euskaldun fededun eta abertzale zintzoa. Ni Ormaetxera ezkondu orduko bere bakardadeko bizitzaren gorabeherak izango ebazan. Hainbat urteko etxe-bizitzaren jardunaldiak ez zituan lora hutsezkoak izango. Ezkondu aurretik bere izakeraren barri gitxi neukan, baina ezkondu ezkeroztik ondo ezagutzeko beste denbora izan neban. 26 urte alkarregaz egin genduzan, gerra eta lau urteko gartzela tartean zirala. Hitzeko gizona zan, sekula berba bat bestea baino gorago esango ez ebana. Bere biraorik haundienak «porreta» eta «karamelo berdea» izaten ziran. Ba dauka bere historiala. Nik gerra ondorengoa aitatuko dot.

        1935ean, ezkondu nintzanean, gugaz pozik bizi zan. 1936an gerra sortu zan. Handik hiru hilabetetara, Urriaren 24ean, Kepa, lehenengo semea, jaio jakun. Aita pozik egoan iloba berriagaz, baina pozak ez ziran luzarorako izan. Semea jaio eta seigarren hilabetean, 1937ko Jorrailaren 26ean, Frankotarrek Gernika erre eben, eta 27ean alde egin beharra izan genduan. Aita eroatea kosta jakun. Ez eban bere etxea itzi gura. Ordurarte ez neban inoiz negarrez ikusi, baina egun haretan begi biak malkoz bete jakozan. Ez zan gitxiagorako. Etxeko traste batzuk eta behiak kamioi baten hartu eta urten egin genduan. Aita Loiun geratu zan behiekin. Emaztea eta ni, semetxoagaz, Bilbora joan ginan. Aita bigarren aldiz bakardadean. Lehen hainbat urte alargun eta orain bere alaba, suin eta hain maite eban ilobatxoarengandik aparte, behi-zain, morroi bezela. Berak bakarrik jakingo eban bere nahibakoen barri.

        Emaztea semetxoagaz Bilbon itzi eta frentera joan nintzan. Lau urte baino gehiagoan ez neban aitarik ikusi, baina bereak igaro ebazan. Loiu aldean bonbardeo gogorrak izan ziranean, obus batek bera egoan etxeko orma zati bat bota eban. Une haretan kortan egoan behiekin eta bere kolkorako esan ei eban:

        «Neure etxekorik ez daukat, baina etxeko behiak hemen daukadaz. Hiltzen banaz ere, etxeko abereen ondoan hil naitela.»

        Bagilaren 14ean, gitxi gora behera, sartuko ziran Loiun. Itaun gogorrak egin eutsoezan: nongoa zan etab. Hain estimedu eukan bere anai batek erregalaturiko urrezko erleju bat kendu eutsoen. Dirurik ez eutsoen kendu ez eukalako. Hala ere behiak salbatu ebazan. Nahiz eta inguruan tiroteo gogorrak izan, berari ez jakon ezer jazo. Fazistak sartu ziranean, ostenduta egozan jauntxoek, «Viva el ejército español» diadarka urten ei eutsoen bidera. Gaur ere batzuek beste horrenbeste egiteko inoren beharrik ez dauke.

        Muxikako Ormaetxe bere baserrirako aske egoala ikusi ebanean, nahiz eta etxeko bere sendia nondik nora ebilen jakin ez, behiak aurretik hartuta oinez urten eban. Loiutik Muxikara 26 bat kilometro egongo dira. Nahikoa da 62 urteko aita zahar batentzat. Ez da norbera bakarrik etortzea, behiak ere ekarri behar ebazan, baina Ormaetxeko baserrira sartu zanean ez egoan hasarre. Jaunari eskerrak emon ei eutsozan, nahiz eta famelikoak noiz etorriko ziran jakin ez. Behiak kortara sartu ebazanean, lotzeko katerik ez egoala konturatu zan. Joan zanean itzi ebazan, baina baten bat bera baino bizkorrago ibili zan. Etxea bera lepoan eroateko astuntxua nunbait eta lehengo lekuan egoan, baina barrua utsik aurkitu eban, ez oherik ez ezer.

        Aita etxeratu eta bigarren egunera heldu zan emaztea 8 hilabeteko Kepa semetxoagaz. Bereak igarota etorren. Ni zaurituta jausi nintzala jakitean, gaixo-etxera joan ziran, baina han ez nengoen. Beste zauritu batzukaz batera Santanderrerantz eron ninduela esan eutsoen. Maxi Egileor, gero Edurnegaz ezkonduko zana, txofer zala eta bere semetxoa besoetan harturik, Santanderrerantz abiatu zan, nire arrebakaz batera. Castro Urdialesera heltzean, bonbardeo ikaragarri bat jasan eben. Zuhaitz baten ondoan makurturik, semea besapean ebala, une garratzak igaro ebazan. Hainbat hilda edo zaurituta gelditu ziran arren, heurei, zorionez, ez jaken ezer gertatu. Handik Anpuerora joan ziran, baina ez zan inundik gure aztarrenik. Gainera, ez eben inogandik erantzun patxadazkorik hartzen. Behin baino gehiagotan burla egin eutsen. Santanderreraino heltzerik ez eben izan. Patxitarrak eraso bizian etozala eta Bilborantz itzultzeko abixua emon eutsen. Mila ostopo igaro ondoren Sopuertara iritxi ziran. Lehenengoan eskaratzean hartu ebezan, baina hurrengo egunean, Patxitarren bildurrez, kortan ezkutatuta egon behar izan eben, euskaldunengaitik botaten ebezan maldezinoak entzuten. Semea gaixorik eukan eta zer emonik ez. Farmakotegi bakarra Sopuertan egoan eta bera erreketeen alderdian.

        Han egozala Maxik joan beharra izan eban. Umea besoetan eta maletak lepoan ebazala, gure Klara bilborako bidean jarri zan. Aurpegia begietako malkoz eta bideetako hautsez maskara bihurturik, soinekoak gorputzeko izerdiz haragian josita, eta nekearen gainetik, senarra nun zan ez jakitearen arantza barruan. Zallan orduetan geldi egon beharra izan eban aleman, moro, italianu eta abarrek osaturiko gudarosteak igaro arte. Handik Sodupera eta Sodupetik Bilbora. Eta hau dana oinez. Bilbon be trenik ez egoala eta Usansoloraino barriro oinez etorri beharra izan eban. Usansolotik Lemoara trenean, Lemoatik Zornotzara oinez eta Zornotzatik Muxikara trenean. Eta guzti hau gitxi balitz, semea gaixorik eta osagilerik ez. Errezegi esaten da. Aitak zelango harrera egingo eutsen ez da erreza ausnartzen. Aita zaharra eta alaba gaztea semetxoarekin, Nazareteko Sendi Deunaren antzera, etxe hutsean sartu ziran. Eskerrak uda zana, bestela ez euken zerekin estaldu ez non lorik egin. Aitak hauxe esan ei eban:

        «Guk etxea ere ba daukagu eta non behar egin ere bai. Beste asko etxe barik aurkitu dira eta sendiak apurturik. Asko sekula ez alkartzeko eran. Gu behintzat hiru alkartu gara, laugarrena ere etorriko dan itxaropenean. Jaunari behar egiteko osasuna eskatu daiogun eta jateko beste egingo dogu. Kanpoetan geratu diranen alde otoi egin eta ahal dan bestean lagundu.»

        Etxera heldu eta handik lasterrera, aguazilaren bitartez, Gernikara joateko deia izan eban. Behiak eta gurdia harturik eskonbroak edo zikinak garbitzera joan behar eban. Aitaren antzera beste batzuei ere deitu eutseen.

        Erre eta apurtzeko beste batzuek ziran, baina garbitzeko ba ekien nori dei egin. Gorriak behar ebezan. Honeek erre ei eben. Nahiz eta guzurra izan, ixilik entzun behar esaten eutsoena. Hitler-ek esaten ei eban, guzurra zenbat eta haundiagoa izan hobeto eta errezago sinesten dala. Guk ez genduan sinesten, baina ba ziran guzur hori egitzat hartzea komeni jakenak. Honeek agintari egozanak ziran. Agintzen ebena errespetoz agindu ere: txapel gorria jantzi, karabina bat lepoan hartu bildurra sartzeko... Zertarako? Baserritar agure zaharrei lan eragiteko. Honeek ahal ebena egiteko ez euken agindu beharrik. Baina «la cruzada»ko demokraziak hori agintzen eban eta ixilik egon behar. Ze erremedio! Indarra justizi. Lan hori ordaindu baleutse behintzat, zeozer irabaziko eben; baina, bai zera! Gorriak egindako kalteak ordaindu behar ziran eta hor konpon!

        Noz edo noz amaitu jakozan Gernikarako joan etorriak eta pozik. Etxean ere ba eukan nahikoa. Eskerrak berari. Etxearen euskarri sendoa izan genduan aita. Gerorantza lobak ere gehitzen joazan eta ba eukan poz apur bat nork emon, baina inguruko jenteagaz konfiantza gitxi eukan. Alaia zan, baina serio jartzen ere ba ekian. Barriketa gitxikoa, behar zan lekuan ez zan atzeratuko, ez eta arrazoi barik berbetan hasiko. Don Juan Arrospide osalariaren lagun kutuna zan, eta Don Juan ez zan edozeinegaz batzekoa izan: Nahiz eta edonori harrera ona egin, nogaz ibili ba ekiala esan gura dot. Aitaginerraba eta Don Juan anaiak legez maite ziran. Biak egizko euskotar, abertzale, Herri eta Euskeraren aldeko langile aspertu ezinak. Don Juan Arrospide hil zapean esan eban:

        «Ni abertzaietu ninduana eta nire lagunik haundiena joan da baina ni ere laster noa eta han alkartuko gara.»

        9 urte geroago hil zan. Biak hil ziran larogeitabina urtegaz, izan ere nire aitaginerraba 9 urte gazteago zan. Don Juan 1952ko Maiatzaren 15ean, Gernikan, hil zan, eta aitaginerraba 1961eko Urtarrilaren 29an, Muxikan, bere Ormaetxe baserrian. Hilgo zan bezperan Sabin Astelarra osalariari honela esan eutsan:

        «Lehenengo gauzak ondo pentsatu eta gero bizkor ibili.»

 

                Negar malkoak dira

                arin legortuko

                Hilobiko larrosak

                dira zimelduko

                Baina gure ekintzak

                Jaunak dauz hartuko

                Betiko ona ez da

                Sekula galduko

 

        Egia da bai, negar malkoak eta lorazko hitzak uda azkenean jausten diran orri igarren antzekoak dira. Ekintzak, ekintza onak, dira bizi emoile. Egia esan, gaur egun Herrigazteria asko aurreratu da; batez ere emakumeetan ikusten dogu aurrerakadarik haundiena, gerra aurretik hona behintzat. Ez lehen gazteri jatorrik ez egoelako. Ba ziran idazle, olerkari, bertsolari, hizlari, gudari, langile... eta heurei eskerrak iraun dau bizirik herriak. Halan da be, lehendik hona ehuneko asko irabazi dauala esango neuke, batez be emakumeetan. Arana Goiri tar Sabinek esan eban, emakumea Herri iraultzan hasten zanean askatasuna hurrean izango zala.

        Baleiteke Euskal Herriaren itxaropen haundienetariko bat izatea. Emakumea dogu seaskako haurtxoaren bizi emoile eta haurrak dira biharko Herriaren bizitza. Emakumearen lanik haundienetariko bat hor dago: Haurrari euskeraz erakutsi, euskal giroan hazi, nongoak eta nor garan azaldu... Euskal Herri osoa euskaldundu ezkero ez genuke metrailetarik beharko. Euskera bera dogu armarik onena gure askatasuna lortzeko.

 

                Euskadi ez da Euskal-Herria

                bere hizkuntzarik gabe

                Eta etsaiak argi ta garbi

                gaur hori ikusten dabe

                Euskotar orok Euskeran alde

                lan egin dagigun trebe

                Euskereagaz egingo gara

                askatasunaren jabe

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus