Barriro etxean

 

        41ean, esan dodan legez, lau urte giltzapean egin ondoren, bizi naizen Ormaetxeko neure txokora heldu nintzan. Hasarre ez nintzan, baina bai bihotz minbera. Hainbat anai barruan itzi nebazan, heuretariko batzuk gehiago ikusiko ez nituanak. Han, atzerriko lurrak iruntsi ebazan, heuren lurra aldeztutea beste pekaturik ez euken gure anai euskotarrak. Ezkonduak heuren emazte-sendiagandik eta ezkongaiak gurasoengandik urrun betirako ostendu ziran. Heuren kutunekin hitz egiteko erarik ez eben izan. Bakardadean hil ziran, edo hobeto esanda, hil ebezan Herriaren zinopa.

        Ixuri eben odola ez da alperrikoa izan. Gaurko gudazantzoa lehen ixuritako odolaren berotasuna dogu. Noiz arte? Bakoitzari berea emon arte. Zer gauza ederra dan bakoitzari berea emotea! Eta euskaldunok geurea eskatzen dogu. Ez gara inoiz besteen lurrakaz jaubetzera joan. Geurea nahi dogu, geuri kendutako lurrak eta ondasunak. Baina, hau dok itzala! Geurea eskatzen dogulako, «terrorista» deitzen deuskue. Eta ez hori bakarrik, «asesino», «criminal» eta ez dakit zer gehiago. Heurak «La Cruzada»ko aingeru zuriak dira, bakea nahi daben santulazioak.

        Baina bakea, heurak nahi daben modukoa, eta bake hori lortzeko besteen lurrak menperatu, herriak bonbaz apurtu, erre eta herritarrak hil Gernikan bezela; meza emoten dagoela eliza bonbardeatu eta abadea eta hainbat lagun hil Durangon bezela. Hainbat abade afusilatu, sendi osoak hondatu... etab. etab. Baina hau ez da terrorismoa, hau «La Cruzada» da.

        Guzti hau noren errua ete da? Pekataririk haundienak eskuak garbitzen ditu. Gero, herriaren aurrean pekatu hori disimulatzeko, pekataria paliopean eleizara eroan eta Jaungoikoaren lekuan jarri, herri katolikoak bera gurtu daian.

        Euskal Herria beti egiazko Jaungoiko zale eta gurtzaile izan da, eta «jaungoiko» barririk ez eban ontzat hartu. Bestalde, «jaungoiko» barri horregaz konforme egozan Teologia ikasitako asko bere lagun egin ziran, indarraren lagun. Lehengoagaz geratu ziranak, batzuk hil, besteak atxilotu... Barri-zaleak honeri ez eutsoen jaubetasunik egin. Zergatik? «Jaungoiko» barri honek aukeran bizi izateko indar haundiagoa eukalako. Eta zer jazo zan? «Jaungoiko» barriagaz konforme ez egozan askok eleizara joateari itzi egin eutsoen. Bestela, Euskal Herriko eleizetara euskotar gehiago joango zan. Norena errua? Ba dakie, baina Pilatos zanak eskuak garbitu.

        1942an geure baserrian solo barriak egiten hasi nintzan. Hemengo baserritar batzuri atxurtuteko destajura emon neutsezan. Ez neukan dirurik eta prestamoekin hasi nintzan. Etxean emaztea,gerran jaiotako lau urteko umetxoa eta aitaginerraba nebazan lagun.

        Kartzelan lau urte eginda etorri arren, inguruetan ez egoan erruki haundirik. Ondo zaintzen ninduen.

        Solo barriak egin eta patatak erein genduzan. Hartu be ondo egin genduan. Gerra osteko urteak onak izan ziran eta patateagaz ondo irabazten zan. Ni, barriz, pozik zorrak ordaintzeko beste atarako baneban, baina pozak laster amaitu jatazan. «Abastos» izeneko erakundeak lege barri bat jarri eban, eta nik ez nekian Abuzturarte patatarik ezin eitekeanik atara. Bagilean atara nebazan eta kamioiagaz Eibarrera eroan eta saldu. Batzuk ez ziran lo egon. Lagundu beharrean, salatu egin ninduen eta nire irabaziak hutsean geratu ziran. Eginkizun honek asko mindu ninduan. Norberan herritarrak hori egin beharra...

        Handik bigarren urtera, indaba gorria entregatu beharra zan. Nik ez neukan indabarik eta ez neban entregatu, baina ez eusten parkatu. Barriro ere multa ordaindu beharra neukan, eta, gainera, indabea erosi eta Abastos-era eroan. Neure kolkorako esaten neban: «Onak gajagozak batasun baten geure Herriaren alde joateko».

        Ezin eitekean sinistu geu euskaldunok batak bestea saltzen zelan ibili geintekezan. Ezjakintasunak, haundigureak eta diruzaletasunak itsututa bizi zan jendea. Baserrietan agurtza erderaz, euskal izenagaz bateatuari erderaz deitzen, euskeraz egiten ebenei barrez... Eta hori, erderaz ez ekienak gehienak.

        Esaera bat da, txistea bada ere, «vascos» izenak basoko esan nahi dauala. Basatikeri nahikoa ebilen ibili ere, 41etik 54erako bitarte haretan. Bai, benetan, gu Tarzan-en antzera bizi ginanak, eta besteak, Tarzan harrapatzen ebiltzan basapiztiak. Tarzan lekutik kendu eta honen ondasunak nondik harrapatuko ebiltzan bela eperdi-baltzak, uso zurien lumakaz, lehengo soinekoak aldatuta. Baina bela beti bela.

        41etik 54era bitartean, gauza askotan ixilik ibili beharra egoan eta sarritan hoba ixilik egotea berritsua izatea baino; baina ez ginan geldi egon. Lehengoaz gainera, bitarte horretan, beste sei seme-alaba ba genduzan: bost seme eta alaba bat. Semeetariko bat hiru hilabetegaz hil jakun. Gaur sei dira bizirik doguzanak, seirak ezkonduta eta sendi jabe. Txiki ziran bitartean zeri begiratu ba genduan, ez multak ordaintzeari bakarrik. Hortik aparte lurrari eragin beharra egoan.

        Hainbat ginan jateko eta gitxi lanerako, baina apurka apurka oztoporik txarrenak gainditu egin genduzan. Gauzak be apur bat aldatzen hasi ziran, etxe barrutik kanpora urtetako, berba apur bat egiteko... etab.

        53an herriarentzat antzerki bat euskeraz egin genduan. Antzerkiaren izena «Jesusen bizitza» zan. Bere egitarauak ordu eta erdi irauten eban eta dana bertsoz egina zan. Antzeztu genduan herrietan pozik ikusi zan. Bigarren aldiz eskatu eta antzeztu genduanak ere ba ziran.

        Esaera zaharra da: «Aurreak erakusten du atzea zelan erabili». Guri be, lehen begi bakarragaz begiratzen euskuenak, biekin begiratzen hasi jakuzan. Batzuek betaurreko baltzakin, baina tira, ez genduan entzuten «habla en cristiano» eta gorri adardunak ginanik eta abar. Apurka apurka, guztientzat antzerako neurriko zapatea ba etorren. Lehen, iturria batzuentzat bakarrik egoan zabalik, eta besteentzat itxita. Orain bakoitzari giltzak jartzera etozan. Solte ohituta dagoen txakurra katean lotzen danean ausika hasten dan legez, hainbat txakur txiki alaruka hasi ziran; baina txakur haundiak solte itzi ebezan. Honeentzat neurriko katerik ez zan, ondo gizenduta egozan eta.

 

                Garbi gura dabenak

                edonora agertu

                Jauntxukerizko indarrez

                ez inor baztertu.

 

        48an, zeozer egin behar genduala eta, etxe barria egiten hasi ginan. Zaharra adabatzea baino hobeto izango zala barria egitea eta lehengoaren ondoan egin genduan. Garai haretan egina ez dogu damu izan. Etxea amaituta ikusi ebanean pozik egoan aitaginerraba. Enparaukoak ere ez ginan hasarre.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus