Kartzelako bizitza

 

        Esan dodan legez, zeldetatik pabeiloi haundi horreetara Abuztuaren 25ean atera ginduezan. Euskaldun eta espainiar, danetara, 6.700 ginan. Danon artean herri polita egiten genduan. 6.700 horretatik hiru mila euskaldun gitxi gorabehera.

        Kartzela hau, gu heldu ginanean, hutsa zan. Hangoa ez zala giza bizitza esan gura dot. Ez egoan alkarren arteko dedu ez konfiantzarik. Ez ziran alkarregaz konpontzen. Presozainek ezin eben gauza onik egin. Palua eta arrantza eguneroko soinua zan. Jakin ez bagenduan ere... argi ikusi genduan gaztelarrak eta euskaldunak ez ginala bardinak. Nahiz eta euskaldunei kultura bakoak ginala esan, hareen aristokrazia gurearen ondoan astokrazia zan: batak besteari ohostuten, burrukan... Jende hopeen artean sartu ginduezan hainbat mila euskaldun kulturadunak: ingineru, aparejadore, abogadu, osalari ospetsuak (Gimon, Borregero, Perez Andres, Iraragorri, Ramon Fdez de Castro, hau Mungiako osalaria Mungian hil zan, Iruarrizaga, Sabin Astelarra, gaur egun urdaileko arazoetan oso ospetsua, etab). Honez gainera, praile eta abade ikasten ibilitako hainbat euskaldun jator. Halan eta guzti ere, jendemodu askok gu euskaldunok adar gorridun animalia batzuk ginala uste eben. Hauxe da Gaztelako aristokrazia. Baina egia beti egia eta ezjakina beti ezjakin.

        Hango nagusiak behingoan kontuan jausi ziran nor giran, nahiz eta barruko kokoa gorde. Egun baten preso guztiei «patio general» deitzen eutsoen lekura dei egin euskuen. Patio honek ondo hartuko ebazan zortzi bat mila lagun. Honez gainera ba zituan beste patio batzuk: «patio talleres», «patio celdas», «patio enfermeria» etab. Kartzela oso haundia zan. Gure nortasuna ezin iruntsi eta kristau ikasbidea erakusten hasi jakuzan. Irakasle egiten ebenak «padre Lucas» eta «padre Medina» ziran, biak jesuitak. Leku onean sartu eben hankea. Horretan ondo ikasiriko euskaldun jator asko egoan eta urten eban eztabaida ikustekoa zan. Jesuitek, hau ikusi ebenean, bihar arte esan eta iges egin eben. Egunero etortzen ziran presoei hitzaldiak egiten, baina dotrina kontuan euskaldunekin ez ziran gehiago sartu.

        Ez dot esango gu bakarrik ginanik jakitun eta argiak. Baziran andaluzen artean ere «experto» esaten jakenak. Hau esaterakoan andaluz baten ausardia aitatuko dot. Larogei urte zituan andaluz honek. Palson deitzen eutsoen. Oso alaia eta txistosoa zan eta hogeitamar urteko zigorra eukan. Behin baten, bere txisteak entzun ondoren hogeitamar urteko zigorra emoteko zer egin eban galdetu eutsoen, eta berak erantzun:

        — «Pues mira, un día fui al molino con dos burros y uno de ellos no me quería correr. En una de estas le dije: Arre burro, eres más pesau que la toma de Madrid!! Y alguno me oyó y me denunció, y me llevaron detenido. En el juzgado, el señor juez me dió 30 años de condena. Yo le dije: Gracias señor juez, no pensaba vivir más que tres o cuatro años y usted me da 30. Y nada más, aquí estoy»

        Entzuten egozanak barre gozatsu egin eben.

        Danetarikoak egozan, asturianoak ere bai, oso mutil jatorrak. Sei mutil gaztek enfermerian egiten eben heuren lana, ondo egin ere. Gaixoak zaintzen ardura handiz saiatzen ziran. Gaixo honeek presoak ziran. Gure osalariak emoten eutsezan eginbeharrak borondaterik onenagaz betetan ebezan. Ba ziran katalan osalari bi ere. Gure osalariekin anai bezela jokatzen eben, eta gure osalari honeei eskerrak, gaixo asko sendatu ziran. Ez osatu bakarrik, heurak emoten eben animoak ez eban gitxi balio. Halan eta guztiz ere hainbat hil Aran, euskaldunak ere bai batzuk. Kartzela ez da etxea. Etxeko porrusalda hobea hango txuletak baino.

        Kartzela haretan, bertako administrazio gorabeheran ere euskaldunak egin ziran arduradun. Bertako zuzendariak dei egin eutsen, kartzela haretako ardurea hartu gura baeben esanaz, bai osalariak osalari legez eta beste batzuk zuzendariaren bulegoetan, ekonomatoan, pekulioetan (presoentzat etozen diruak jaso eta heurei banatzen eutsen bulegoa) e.a. Hango jende moduagaz ezin eban gauza onik egin, baina bai euskaldunak arduradun jarri ebazanean. Halan eta guztiz ere, ezer jazotzen zanean euskaldunen lepo izaten zan errua.

        Urtero egiten zan jai handi bat Merzedeko Amaren egunean, presoen zaindariaren egunean. Euskaldun presoak ziren jai honen egileak, baita katalan batzuk ere. Han izaten ziran soinujotzaile, pianista, sasofoi, korneta, biolin, gitarra e.a. Biolina jotzen ebana, Salinas donostiarra zan eta ez edozelakoa. Jai baten, biolina joten egoala, Bravo!! esanda, zuzendariak egoan lekutik bere txapela jaurti eutson. Jai horretara Cadizko gotzaina, gobernadorea eta goimailako jendea etortzen zan. Egun horretan jatekoa ere apartekoa izaten genduan. Ezin falta abeslariak, pailasoak... baina euskaldunak izan ez baziran ez zan halango jairik egingo. Mezea ere pianu eta biolinez abesten zan. Nork? Euskaldunak.

        Neguan eguraldiagatik hobeto ibiltzen ginan. Udan bero ikaragarriak egiten ebazan eta ez zan ardia (arkakusua) eta zorria falta izaten. Honeek holan dirala txintxeak ez Aran hobeak, eta hori egunero zelda guztiak uragaz garbitzen zirala. Orduan ez egoan gaur legez koko honeek hiltzeko botikarik eta gure ahaleginak alperrikoak Aran. Etxera heldu nintzanean kendu nebazan danak (neureak esan nahi dot).

        Gure osalariak (gureak esaten dodanean danagaitik esan nahi dot) mirariak egin ebezan preso gaixoekin eta jaiotzaz faltaren bat eukenekin. Ba genduan asturiar bat goiko ezpana falta ebana. Haginak ere, goikoak behintzat, ezpanáren faltara danak eukazan bistan eta ganora barik. Berbarik ere ez eban behar dan legez egiten. Oso itsusi emoten eban. Gimon bilbotarrak eta lagunak mutil gazte honeri ea ezpanak heurak eukezan eran ipintzea gura baeban esan eutsoen. Mutil honek adarra jotzen ebiltzala uste eban, baina ekin eta ekin baietzera bihurtu eben. Orduan, haginak danak atarateko esan eutsoen. Ba egoan Santandertar osalari bat, ahoak konpontzen ibilten zana, ona gainera. Askok ipintzen zituan hagin barriak eta holango ahoko gaixoak osatu ere egiten zituan. Gertatu eben gure asturiar hori, egin eutsoen operazioa, baita mutila ederto ipini ere. Ezpanak osatu ondoren agin barriak jarri eutsoezan. Mutil honek ez eukan lehengo antzik, izan ere mutil jagia eta gorputz ederrekoa zan. Zer uste dozue egiten ebala? Bere burua, aurpegia hain eder ikusirik ispiluaren aurrean dantzan egiten eban. Beste mutil bat zan gure Frantzisko asturiarra. Egunero eskerrak emoten egoan. Etxean ez ebela ezagutuko esaten euskun. Gauzak ondo egin ezkero, ondoren ona.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus