Santoñatik Puerto de Santa Mariara

 

        1938ko Dagonilaren 15ean, Begoñako Amaren egunean, Duesotik atara ginduezan, Puerto de Santa Mariara eroateko. Santoñatik Ciceroko geltokira, autobusez, eta han trena harturik Puerto de Santa Mariara. 1.500en bat ginan. Ez ginoiazan laguntza barik. Ba zan nork agindu, armadun jendea ondoan genduan, nahiz eta gu esku hutsik joan. Ciceroko geltokian, gu eroango ginduzan trenari itxaroten gengozala jazotakoa da esango dodan hau: Jose Intxaurraga, «Troko» ezizenez danok ezagutzen genduan mutil jatorra zan, benetan, Euskadiko batailoi baten teniente izandakoa, eta agintari legez gizon ausarta, trebe eta bildurrik barik, buru onez, jokatu ebana. Bere konpainian ibili ziranak holan autortzen dabe. Nigaz hiru urte egin ebazan espetxean, eta nik legez beste euskaldun askok ikusi eben zelan gizontasunez eta ekintzaz egiazko gudalburua zan.

        Gure «Troko» erretzailea zan eta atsegin jakon pipan erretzea. Ba eukan pipa haundi bat. Zelangoa uste dozue? Bera gordetako estutxe edo kutxak pistola baten itxura eukan eta atzeko partikeran erabiltzen eban. Ciceroko geltokian, txapel-okerrok ez eben uste izan ba pistola eukala? Han joakoz bi eta dinotsoe:

        — ¿Qué llevas ahí en el bolsillo? «Troko»k, zera baino trankilago:

        — ¿Aquí? Una pipa.

        — Saca inmediatamente.

        Atara eban bere estutxe hori. Han eukazan zuhur hegira zerk urten behar ete eban. Edegi eutsen eta hara non agertzen dauan pipa haundi bat. Eskerrak txapel-oker batek pipa zahar hori ikusi ebanean barreari emon eutsona! Honetan gengozala heldu zan itxaroten genduan trena, abereak erabiltzeko bagoi zaharrez osatua. Han sartu ginduezan, bagoi bakoitzean berrogeiren bat. Batzuek etzun behar baeben, besteak zutik egon behar, lekurik ez egoalako.

        Abuztuaren 17an heldu ginan Puerto de Santa Mariara. Bidean ginoiazala gure tren zahar hori, geltoki baten geratu egin jakun. Ez genkian non gengozan. Bagoi bakoitzak leiho txiki bakar bat baino ez eukan, eta ezin geuntson inguru hareri antzik emon. Geltoki haretan, ordu bete bat egingo genduan. Baina, umorerik ez zan falta eta abesten hasi ginan: «Un inglés vino a Bilbao...» zan abesti hori. Honetan gengozala, han dator sarjento tripa erre bat eta dino;

        — ¿Todavía están cantando, con lo que está pasando en el Ebro? iCerrar todas las ventanillas!

        Egun hareetan izan ziran Ebroko erasoaldirik gogorrenak, eta Patxitarrak galtze haundiak izan ebezan, baina guk ez genduan errurik. Gu, leihoak itxi eta hero ikaragarri haretan estu gengozan, baina geltoki haretatik halan urten beharra izan genduan.

        Handik lasterrera, beste geltoki batera heldu ginan. Hemen ere beste ordu erdi bateko geldiunea geunkan. Ezin genduan hainbesteko beroan iraun. Honetan, gauzak aditzen dabezanak ere ba dira eta, deadar bat entzun genduan, ez presoena, kanpokoa baino:

        — ¿Quién ha cerrado las ventanillas?

        — iAbrir todas las ventanillas, y dar a los presos todo lo que pidan, menos la libertad!

        Edegi euskuezan, eta barruak zerbait zabaldu jakuzan. Morroi hori, «guardia de asalto»ko tenientea zan. Ez zan bakarrik leihoak edegitea. Geltoki haretan ba genduan zer janik. Hango nekazari txiroak igali ugari euken saldu guran. Gu, barriz, pozik erosteko, nahiz-eta diru askorik ez; baina batek eukana danentzako zan. Ez dot uste geltoki haretan gauza haundirik geratu zanik. Mesede galanta txiro hareentzat, baina ez zan txikiagoa gugaz egin ebena. Bizi barri bat izan zan guretzako. Mila esker teniente hareri. Ez uste, gero, trenetik urten genduanik. Leihotik barrura jaurtitzen euskuezan, eta guk heurei dirua, bardin.

        Puerto de Santa Mariara heldu ginanean, danok zeldatara sartu ginduezan. Zeldak, gizon bakarrentzat eginak ziran, baina ez dakit zelango gizonentzat. Gu, baten lekuan hamar sartu ginduezan. Abuztuan, han ere ez eban hotz haundirik egiten. Bidekoak bideko zirala, zortzi egun hareek ez ziran laburrak izan. Kontuak atara baino ez dago, zortzi egun, hamar lagunek zelda hareetan zelan egingo genduzan, ogia janari, ura edari, eta norbere zereginetarako tresna bat, nahiz eta zer egin haundirik izan ez. Baina, hemendik ere urten genduan presoentzat gertatutako pabeiloi batzutara. Miguel Primo de Rivera-ren garaian egindakoak ziran.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus