Barriro Santoñara

 

        Gasteizera eroan ninduen txapel-okerrak nahiko ondo portatu jatazan. Gasteizeko presozainari zera esan eutsoen:

        — Aquí entregamos a Valentin Enbeita, hombre bueno y de confianza. Dentro de ocho días tiene que salir de nuevo para Santoña. Dejadle telefonear a su familia, para que le vean al pasar por Bilbao.

        Baietz erantzun eutsen, baina baietz hori txakurrak jan eban. Etxebarriko alkatea eta biok, esku banatatik alkarri lotu ginduezan, eta ez genduan batak besteagaz hitz egiterik. Mirandatik bueltan ekarri ginduezan. Ez neban ezagutzen nire lagun hori, baina aurkitu genduan hitz egiteko era. Mirandan, beste tren bati itxaron beharra egoan. Bitarte horretan, lagun asko batu zan geltoki inguruan. Hemen ere izan genduan beste sorpresa bat: Ezkurdia gernikarra, baina Mungian bizi zanaren emazteaz topo egin genduan. Honek bere senarra Burgosen, kartzelan, eukan, heriotz zigorrez. Senar-emazteok lagunak nebazan, urte askotan ezagutzen ginan. Lotuta ikusi ginduzanean negarrari emon eutson. Bazterren batera hiltzen garoiezala uste eban. Zelan edo halan hurreratu ginan. Ez zan erreza, baina hitz egin genduan. Edasi neutsan gurekin jazotzen zana, eta hamabi urteko kondena neukala. Orduan aprobetxatu neban Etxabarriko alkateagaz berba egiteko. Jose zan bere izena. Heriotz zigorra eukala esan eustan, eta erratuta eroan ebela Gasteizera; beste bat zala eroatekoa, beran izen-abizen bardinak eukazana. Jose hau Larrinagan egoan. Kartzelan ordu estuak igaroten ebezala esan eustan. Gauero baten batzuk Deriora eroaten zituela eta heurena noiz izango ete zan estu egoten zirala. Gero, Larrinagatik Burgosera aldatu ebezala uste dot. Ondoren, Ajuriagerra eta beste batzuekin indultatuak izan ziran. Harrezkeroko barririk ez dakit.

        Bilbon zortzi egun egin genduzan. Hemen, etxean negoala uste neban. Lagunen bisitak, etxeko emazte eta sendikoak, egunero izaten nebazan. Indautxuko polizian nengoan. Ez nintzan bakarrik izan. Ba ginan 30en bat. Hamabi, Santoñarakoak. Sei txapel-okerrek zaintzen ginduezan. Eskerrak txapel-oker honeei, aske eroan ginduezalako.

        Heldu ginan Santoñara. Hemen itzi nebazan lagunak laster inguratu ninduen, nire ibileraren barri jakin nahirik. Zer jazo jatan eta zelan erabili ninduen zehaztasunez edasi neutsenean, barre eta negar egin eben, batez ere, Losadaren anaiarena azaltzerakoan. Lauaxetaren heriotzaren barri emotean harrituta geratu ziran. Ez zan gitxiagorako.

        Heurak ere ba euken albiste mingarri bat, Gasteizetik nintzan bitartean jazorikoa: neure ondoan lo egiten eban 24 urteko mutil gazte ederra, eusko gudari jatorra, arratiarra, Igorreko semea, Mugerza izenekoa, niri dei egin eusten antzera, gaueko 10etan atara kanpora eta nora joan zan arrastorik gehiago ez genduan izan. «Arratia» konpainiako gudaria zan. Arratia osoak nahigabe haundia hartu eban mutil honen galtzeaz. 40 une dira, baina gaur izan balitz legez daukat gogoan. Fernando Egileor zan konpainia honetako kapitana, aurrera egiteko beti gertu egoana. Gudan gogor ebilela, bala batek aurpegia batetik bestera zulatu eutsan, baina osatuta gero ere, Santoñan entregatu arte bildurrik barik jokatu eban bere konpainia iraultzailegaz. Fernando honek maite eban Mugerza. Ez eutson on haundirik egin gazte honen galtze mingarriak. Sarritan gogoratzen zan.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus