Gasteizko Karmelon zortzi egun gogoangarri

 

        Karmelora heldu eta bigarren egunean, arratsaldean, Karmeloko baratzera atara ginduezan. Ordu beteko egotaldia egiten genduan preso guztiak, heriotzez zigortuak izan ezik. Han ibili ginan bata bestea ezagutu eta zer modutan gengozan eta abar alkarri itaunduaz. Holan genbiltzala, baratzeko atera heldu ginan, kanpora urtetako eukan atera. Ha zan sorpresa! Atezain egoana, Muxika Jauregin, nire jaiotetxean, egon zan Jazinto Beaskoetxea zan, Francotarrek, gogoz kontra, gudari eukenetariko bat. Ikusi ninduanean, Balendin! deadar egin eustan. Etorri eta besarkatu egin ginan. Minutu bat edo gehiagoan ez genduan batak ez besteak hitzik egin, nahiz eta bihotzak, ixilean, alkarregaz, negar malkoz azazkatu. Alkarrizketa anaikor bat izan genduan. Ihes egin nahi izan ezkero, atea zabalik neukala esaten eustan, berak ez eustala altorik botako eta. Honetan gengozala, txapelgorri bat ondoratu jakun, bihotz baltza euken errekete horreetariko bat. Nik ezin neikean ezer esan, baina Jazintok honela erantzun eutson:

        — Este hombre ha sido mi señor, y siempre nos hemos llevado como padre e hijo. No tomarás a mal que nos saludemos y dialoguemos un momento.

        Txapelgorriak orduan:

        — Pues, basta ya!

        Eskua emon eta maitekiro alkar besarkatuz aldendu ginan. Ez zan ordu erdi izango, txapelgorri horrengana joan nintzan txixa egiteko baimena eskatzen, derriorrezkoa zan eskatzea. Esku bat boltsikoan eroan nebalako belarriondoko ederra emon eustan, ha bazan edukazinoa esanaz, eta ukatu egin eustan. Handik hamar bat minutura dei egin eustan. Badaezpada, eskuak «firmes» neukazala joan nintzan:

        — Ya puede ir al servicio, pero que no se descuide otra vez.

        Bakar-gelatik urtekeran, mutil gazte bategaz topo egin neban. Erdalduna zan. Hurreratu egin jatan, esanaz:

        — ¿Tú eres nuevo aquí?

        — Sí, vine hace dos días.

        — ¿De dónde?

        — De Santoña.

        — Pues yo allí tengo un hermano.

        — ¿Cómo se llama?

        — Francisco Losada.

        Hau entzutean, mututua gelditu nintzan. Berak ere igarri eustan zerbait jazotzen zala. Zerbait baino gehiago zan jazorikoa, aurrerago esan dodan bezela.

        — ¿Y no sabes nada de él?

        — No. Sé que le metieron en Santoña, Dueso, y no tengo ninguna noticia.

        Barriz ere mutu nengoan. Orduan, esan eustan:

        — Te veo muy extraño. Sé que ha pasado algo y dime todo lo ocurrido.

        Jazo zan guztia edasi neutson, ezertxo ere gorde barik, Santoñako gora-beherak dinodazan orrietan idatzita dagoan legez. Negarrari emon eutson. Ez zan gitxiagorako izan. Anai bat txakur bat balitz legez erailtzea...

        Azkenez, honela esan eustan:

        — Estoy conforme si ha muerto así. Tenemos un mártir más.

        Bihotza erdi bi eginda itzi ninduan gazte harek. Gehiagoko barik agurtu ginan, besarkada anaikor bat emonaz. Geroko barririk ez dakit. Barrurako korneta jo eben eta bakoitza bere zeldara sartu ginduezan. Zelda edo gela bakoitzean sei lagun ginan. Egoera negargarria benetan. Zorria eta ardia ez zan falta. Norbere gauzak egiteko tramankulu bat. Kanpora eroateko ordua egoten zan, eta itxaron egin behar ordua heldu arte, agua kolonia usainetan. Hiru euskaldun eta hiru erdaldun gengozan. Erdaldunak, bilbotarrak; beste hirurok, bi giputzak, eta ni hirugarrena, muxikarra. Ondo konpontzen ginan. Beti itxaropentsu, baina egun tristeak ere igaroten genduzan: lagunen bat hil ebela entzuten genduanean eta abar...

        Lauaxeta, gure olerkari haundia eta euskotar jatorra, zelan eta non afusilatu eben ere, bertan jakin neban. Asko mindu nintzan. Nire lagun haundia zan. Hainbat herri arakatu genduan alkarregaz, Lauaxeta hitz egiten eta ni bertsotan. 31tik 35era bitartean, geldi egote askorik ez genduan egin. Lau urte horreetan izan ziran hauteskunde eta Estatuto gorabeherak, eta gure lana propaganda izaten zan. Ez dot ikusi oraindino Lauaxeta baino euskerazko hizlari ederragorik. Gazterik hil eben. 30 bat urte izango ebazan. Bere jaiotza-lurra maite eban, eta aberriaren alde odola ixuri. Gehiagorik ezin daiteke egin. Goian bego.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus